Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Bizimodu xixtrinetik askatzen hasteko

Markos Zapiain 2009/09/30 08:42

Thoreauk bizimodu filosofiko bat mamitzeko bide bat erakutsi digu, berea. Gizarte industrialaren eta modernitatearen kritika du oinarri. Lehen aipatu dugu Thoreauk Harvarden 20 urte zituela idatzi zuen hitzaldia: “Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain”. Bere obra osoaren ernamuina dugu.

Bertan dioenez, gure garaia teknikarien garaia da, ingeniari, bankari eta merkatariena, eta horrek bizimodu sakon eta ederretik urrutiratzen gaitu. Thoreauk ez ditu hiriak gogoko, ez sosa, ez salerosketa, ez industria; nahiago du landa, basoa, buruaskitasun naturala. Kontsumoak eta aberasteak gidaturiko ekoizpena zentzugabea iruditzen zaio eta maiz identifikatzen du filosofia “bizimodu-ekonomiarekin”: era soilean bizitzeko behar duguna ekoiztera behar dugu mugatu, horixe da ezinbestekoa den lan bakarra. 

Thoreauk ezagunak zituen John Adolphus Etzler-en ikuspuntuak, utopista ekologista teknofilo bati dagozkionak: aurrerapen teknikoak lanaldia murriztea ahalbidetuko digu, orobat sufrimendua; teknikari esker lorategi eta paradisu bilakarazi ahalko dugu gure Lur hau... Thoreau ere ekologista duzu, baina teknofoboa: ez dugu puntako teknologiak saltzen dizkigun aparailuen zinezko beharrik; hegazkinek, igogailuek, hirietako argiteria artifizialak ez gaituzte barrutik hobetzen; industria-iraultzak ez gaitu zoriontsuago egingo, alderantziz baizik; nolanahi ere, Thoreauk ez du federik inongo iraultza orokorretan, indibiduo zehatzen erreforma moral eta espirituala zaio iraultza ernai eta egingarri bakarra, ez baititu aintzakotzat hartzen gizabanako partikularrak baino.

Thoreaurentzat bizimodu xixtrina da gurean nagusi. Gizartea, politika zein Estatua, kontrako eztarrian gelditu zaigun okela ustela dira, goitika eginarazten diguna. Erdipurdiko bizitza tentelak bizi ditugu, konformitate koldarraren menpeko. Ondo begiratuz gero, “lasaitasun” deritzoguna ez baita desesperazioa baizik. Bizimodu xixtrin honek balio faltsuen bila bultzatzen gaitu: dirua, ohoreak, agintea, jabetza, ospea. Era berean, kontsumo-gizarteak dakartzan bizio eta gurpil zoroetan katramilatzen gaitu: apeta, erosi, poseditu, kontsumitu, ostera ere apeta… Xixtrinak gara orobat besteekiko harremanetan, itxura hutsean eta axalkerian amilduak baititugu harreman horiek: irribarre hipokritaren azpiko gorroto lehiakorra, zapatu gauetako mozkor tristea, hitzontzikeria eta ergelkeria hutsala… Oro har, bere buruarekin harreman sakonak ez dituenarena da bizimodu xixtrina.

Putzutik irteten hasteko ez da txarra filosofia. Thoreauk, haatik, filosofia-irakasle franko dugula dio, baina filosofo bakar bat ere ez. Filosofo izatea ez baita gogoeta korapilatsu eta sotilak adieraztea, ezta filosofia-eskolak sortzea ere, baizik jakinduria maitatzea eta honen araberako bizimodu sinple eta independentea mamitzea; eta bizitzak dakartzan arazoen arteko batzuk konponbidean jartzea, ez soilik teorian, praktikan baino. Ezin da akademiara mugatu filosofia, egunerokora behar da ekarri: alegia, bizitza pentsatu eta pentsamendua bizi.

Bide egokiaren bila, botika eupeptiko bat errezetatzen digu Thoreauk, bizitzaren digestioa ederki eramateko pilula filosofiko batzuk. Aurrena, bizitze hutsak dakarren atseginaz gozatzen ikasi beharra dago, egunsenti bakoitzaren distira berriagatik zure burua zoriondu. Gainera, zure baitako muzinaren eta laiotzaren etengabeko azpilanari aurre egin behar diozu, zorion eta gozamen-nahi sendo baten bidez. Zoriona eraiki egitn behar baita, ez zaigu berez etortzen. Ordea, gure gizarteotan ez gara gure buruaren jabe, makina bilakarazten gaituzte; Thoreauk, aitzitik, jabetza hori beharrezkotzat jotzen du, alienazioa gainditu beharra dago, zure burua behar duzu zure bizitzaren erdigunean kokatu, ez, ohi bezala, aberastasuna, lana edota prestigioa. Halakoen bila gabiltzala galtzen baitugu bizitza, oharkabean joaten zaizkigu egunik ederrenak. Etorkizunerako uzten dugu beti benetako bizitza, halako batean hiltzen garen arte, ia beti itxarondako etorkizun hori heldu baino lehen. 

Thoreaurentzat, ez dago nork bere burua asmatu eta eraikitzea beste biderik, bizimodu osasuntsu, neurritsu eta soila sortzea besterik. Erromatarren “otium”ak, aisialdiak, behar luke nagusi. Ikasi beharko genuke, halaber, negatiboan onuragarria bilatzen, hasiera batean kaltegarri zaigunaren irudiarekin lan egiten, harik eta atsegin bilakatuko zaigun arte, estoikoek erakutsitako bidetik.

 

Thoreauk bere bizitzan hainbat bider asmatu zuen lehen begiratuan zalantzarik gabeko zoritxartzat jo beharrekoa azkenik atsegin-iturri gisa gozatzen. Esaterako, “Desobedientzia zibila”n kontatzen digun espetxealdia Concord eta mundua begi berriez maitatzeko akuilu bihurtu zuen. Beste behin, lagun batekin oihanean zela, janaria erretzeko sua piztu, inguruko adaxka batzuk hartu eta zabaldu egin zen ustekabean, istripu larria; baina Thoreau eta laguna muino batera igo eta suzko paisaia bikain batez gozatzeko aukera gisa aprobetxatu zuten, zuhaizti kiskalien jabeek ez bezala ziur aski. Haratustela eta sarraskia bizitzaren garaipen gisa ikusarazten zizkion bere buruari. Eta bere eguneroko ibilaldia oztopatzen zion ekaitza, ostera, bedeinkazio moduan naturarentzat.

 

Azkenik, hilzorian zela, bizitzako une trinkoak inoiz baino sakonkiago sentitzeko bultzada sumatu zuen, eta, esan bezala, uko egin zien analgesikoei, agoniari dagozkion uneak goitik behera bizi nahi izan baitzituen, agoniaren sentsazioak poliki nabaritu. Sentsazio horiek bizitzari lotuz gero, hilzoria eta agonia bigarren mailan gelditzen dira. Ez da pentsatu behar “hil behar dut”, heriotza etorkizunari baitagokio eta ez dugu zertan etorkizunaz itsutu; baizik eta “bizirik nago oraindik”: horrek orainaldia oparitzen baitizu, bizia sentitzeko eta gozatzeko aukera luzatu. Thoreaurentzat bizitza ospakizun alai bat da funtsean, jai handi maitagarri bat.

Thoreauren bizitza

Markos Zapiain 2009/09/29 08:34

David Henry Thoreau 1817ko uztailaren 17an jaio zen, Concord-en, Bostondik iparralderantz, Kanadako mugatik hurbil. 2.000 biztanle zituen orduan. Oihan, muino, arboladi, erreka eta aintzirek inguratzen dute herrixka, natura zoragarriak. Thoreauren haurtzaroa txango, ibilaldi, kanoa, belar biltze eta bainuek edertu zuten. Txabolak eraiki, zuhaitzetara igo, behin zuhaitz puntan zango artetik mundua nola ageri den begiratu, arrantza…

 

Haurtzaroko askatasun hori iraunarazi nahia nabari da Thoreauren filosofian, baserri giroko ume askok sentitu izan duten oztopo gabezia eta libertate basatia du Thoreau helduak ere helburu. Helduaroan ere bere gisa bizi nahiko baitu, helduen mundu modernoa mespretxatu eta gorrotatu egingo du.

 

Bere bizialdi ia osoan misantropo gogorra izan zen. Guraso filantropoak zituen ordea, abolizionistak, etxean militanteak ez ezik esklabo iheslariak ere hartzen zituztenak. Kanadan debeku zen esklabotza eta iheslariek AEBtik Kanadara jotzen zuten. Bidean, abolizionista batzuek lagundu egiten zieten, etxean ezkutatuz, jaten emanez… Thoreauk ez zuen gogoko gurasoen etxean horrenbeste jende ibiltzea atzera eta aurrera. Abegikortasuna kritikatu egin zuen, bere betixutasuna azpimarratu.

 

Ikasketei dagokienez, txikitandik atera zituen nota bikainak. Oso gazte hasi zen grekeratik eta latinetik ingelesera itzultzen. Hala ere, maiz egiten zuen eskolatik piper anaia Johnekin, eta mendira joaten ziren benetan ikastera. Gero, lau urte eman zituen Harvard-eko unibertsitate ospetsuan, eta hogei urte zeuzkala ikasketa-amaierako hitzaldia idatzi zuen: “Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain”. Bertan aurki daitezke bere gai nagusi batzuk: espiritu komertzialarenganako gorrotoa, dirua jainkotzearen eta mekanizazioaren kritika eta idolo moderno horien aurkako erresistentziaren goraipatzea.

 

Thoreau “David Henry” bataiatu zuten, baina berak ordena aldatu eta “Henry David” bilakarazi zuen. Ez zuen jasotako deus bere horretan onartu nahi, izena bezala bizitza ere berak aukeratua eta asmatua nahi izan zuen. Oso gazte zela ekin zion “Egunkari” bat idazteari. 20 urte geroago amaituko zuen: 14 liburuki. Bertan oharrak jaso zituen,  hitzaldien zirriborroak, liburuen iruzkinak, aldarte-aldaketak eta sentimenduak, gogoetak, belar biltzeak… (Thoreau beti zebilen belarra biltzen, txapelapean zeraman, mikroskopioz aztertzen zuen.) Dena den, Thoreaurentzat idaztearen funtsezko xedea bere burua hobeki ezagutzea eta horrenbestez libreago bizitzea zen, liburua eratzeaz batera bere burua ere egituratzea.

 

Maisu jarri zen Concordeko eskola publikoan, baina ez zituen ikasleen aurkako zigor fisikoak onartu eta dimisioa eman zuen. Hurrengo urtean eskola bat ireki zuen anaiarekin batera, eta pedagogia naturazale libertario bat erabili zuten: mendira irteerak goizalban; belarra, zuhaitzak, errekak eta animaliak ezagutu eta aztertu, ilunabarra gozatu; zigor fisikorik ez… Ikasleek esku hartze aktiboa zuten zigorgintzan eta diziplina-prozesuan.

 

1839an anaiarekin kanoan ibiltzera abiatu zen aste beterako, Merrimack ibaian barrena. Liburu txiki polit batean jasoko zuen gerora egun haien berri.

 

Anaia hil ondoren, ordurako laguntzen hasia zitzaion Emerson filosofo transzendentalista ospetsuak New Yorkera bidali zuen Thoreau, haren ilobaren tutore; literatur munduan izen bat egitera ere bultzatu zuen. Zortzi hilabete eman zituen New Yorken. Behin Concordera itzulitakoan, aurkakotasun teoriko garbi bat ezarri zuen: New York zibilizazioa da, lilura faltsua eta itxurakeria, aurrerapen teknologikoaren erlijioa, bankaria, sal-eroslea eta kazetaria, hitzontzikeria; aldiz, Concord natura da, benetakotasuna, bizimodu filosofiko eta jakintsua, indiarra, egurgilea eta nekazaria, isiltasun argia.

TXABOLA ETA ESPETXEA

Thoreauren bizitza osotik bi gertaera iritsi zaizkigu oroz lehen, bi ekintza nabarmendu izan dira: batetik, bere eskuez txabola txiki bat eraiki zuela basoko txoko batean, Walden aintziraren aldamenean, eta bertan bakartuta bizi izan zela. Bestetik, zergak ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu zutela. Kartzelaldi hau dugu hain zuzen “Desobedientzia zibilaz” testuaren sorburu.

 

1845ean ekin zion Thoreauk, Emerson filosofoaren lur eremu batean, Walden lakuaren ertzean, txabola bat eraikitzeari. Txabola aintzira ondoan ez zuen jaso soilik praktikotasunari begira. Thoreauren haurtzaroan gurasoek maiz aldatzen zuten bizilekuz. Behin batean, Thoreauk lauzpabost urte zeuzkala, Bostondik Concordera joan ziren. Baso-zelaiak zeharkatu zituzten, Walden aintzira ingurukoak. Liluratuta gelditu zen Thoreau umea. Bestalde, amonaren lorategitik erreka bat abiatzen zen, Merrimack ibaira zihoana, eta Merrimack horrek inguruko lakuak ureztatzen ditu, Walden barne. Hain zuzen, anaia hil berriarekin Merrimacken eta inguruko ibaietan egin zituen kanoa-txangoak. Alegia, txoko hura toki zehatz bat ez ezik Thoreauren ume-ametsetako paisaia zoragarria ere bazen. Proustek biziki gustuko zituen Thoreauren obra eta jarrera.

 

Thoreauk Walden aintzira hondorik gabe irudikatzen du, ur sarrera eta irteera barik, mitologiko, betiereko. Bekatuak garbitzeko ura omen du. “Egunkaria”n aintziraren kolore mugagabeen aldaketa eta ñabardurak jaso zituen, baita ur-mailaren igoera-jaitsierak, piztiaren arnasaldiak bailiran. Thoreau egunero-egunero bainatzen zen bertan, nahiz ikaragarri hotza izaten den maiz. Jelatuta zegoenean etzan egiten zen biluzik izotz-plakaren gainean. Psikoanalista batzuek amaren altzora itzuli nahi amorratua sumatu dute ohitura horretan.

 

Txabola txikia zen: 3 bider 4,5 metro, 13 metro koadro. Altzari soil batzuk zeuzkan eta tximinia; kanpoan baratzea.

 

“Walden edo bizitza basatiaz” liburuak eragin handia izan zuen hippiengan. 80ko hamarraldian hondarribiar bat baino gehiago bakartu zen Jaizkibel inguruan Thoreau eredu. Baina Thoreauren bakarraldia idealizatu eta esajeratu egin da. Azken batean, 1845eko uztailaren 4tik (AEBen Independentzia eguna) 1847ko iraila arte baino ez zen bizi izan bertan, 26 hilabetez. Gainera, bi egunean behin Concordera joaten zen, filosofo transzendentalisten bileretara, amatxok prestaturiko anoaren bila…; eta txabolan nekazariak hartzen zituen, baso-mutilak, filosofoak, bidaiariak, esklabo iheslariak… Hori bai, ez zituen hiru aulki baizik, egundo ez zuen taldea eta jendetza gustuko izan. Lagunen bisita atsegin zuen, baina atseginago bisita eza.

 

Espetxealdiari dagokionez, gau bakarra eman zuen barruan. Waldenen bizi zela, 1846an, Concordeko zapatagilearengana zihoala poliziak geldiarazi eta espetxeratu zuen, ez baitzuen ordaintzen gobernuak esklabotzari eusteko eta Mexikoren aurkako gerra elikatzeko erabiltzen zuen bere zergen zatia.

 

Ezaguna zuen kartzelaria: fidantza ordaindu nahi izan zion berehala, baina Thoreauk ez zion utzi, espetxera nahi zuen. Biharamunean bertan ezezagun batek fidantza ordaindu eta Thoreau askatu egin zuten. Zenbait biografok uste du Thoreauren izeko bat izan zela. Azkenik, bere zapata berreskuratu eta mendira joan zen, ahabiak biltzera (oso ona ei da ahabia ikusmena bizkortzeko). 1849an argitaratuko zen espetxeratze hori abiapuntu izan zuen “Desobedientzia zibilaz”.

 

Txabola utzita Waldenetik Concordera itzuli ondoren, lanbide apalen bitartez bizi izan zen: etxeak pintatu, lorategiak zaindu, lurra neurtu, aitari arkatzagintzan lagundu…

 

Bere buruarentzako askatasuna sortu, hori nahi izan zuen beti: lan finkorik ez, kontsumoa funtsezkora mugatu, alferrikakoa zeharo ezabatu, loturak ekar ditzaketen emazte, ume edo sendirik ez, ezta adiskide inbaditzailerik ere: ahal bezain libre bizitzeko antolatu zuen bizimodua. 

 

Biografoek, hala ere, haustura bat nabarmendu dute Thoreauren bizitzan, politizatze gogor batek bizi izan baitzuen azkeneko urteetan. Ziaboga hori Anthony Burnsen eta John Brownen kasuek erabaki zuten.

 

Burns esklabo iheslari bat zen. Bostonen atxilotu zuten. Abolizionistek bere fidantza ordaindu zuten arren espetxean atxiki zuten. Protesta-manifestazioa zapaltzeko lanetan zebilen polizia bat hil egin zen. Haserre, Estatuak lege berri bat aldarrikatu zuen, AEBko hiritarra esklabo iheslariak salatzera behartuz. Thoreauk ezin izan zuen jasan eta abolizionisten alde engaiatu zen. Orduan, aurreko bizimodu filosofikoa, txabolan bakartuta eta naturarekin bat eginik bere buruaren bila, interesik eta baliorik gabekotzat jo zuen.

 

John Brown kapitain bat zen, zuria, abolizionista, dozena bat militanterekin batera komando bat osatu zuena. Brownek hitzaldi bat eman zuen Concorden 1857an; Emerson eta Thoreau entzuleen artean zeuden. Behin batean, Kansasen, Brownek esklabotzaren aldeko bost lagun garbitu zituen. Beste batean, Virginian, Brown armategi batez jabetu zen, esklaboak armez hornitzeko asmoz. Berehala harrapatu zuten ordea, espetxeratu eta urkatu. Thoreauk 1859an  “John Brown kapitainaren aldeko alegatua” idatzi eta Concordeko enparantza batean ozenki irakurri zuen. Urte hartan bertan “John Brownen martiritza” argitaratu zuen. Eta 1860an “John Brownen azken egunak”.

 

1854an, “Walden” argitaratu zuen urtean, tuberkulosia harrapatu zuen. Hiltzera zihoala jakinda, bere liburuen argitalpena apailatu zuen. Uko egin zien analgesikoei: une guztiak sakonki bizi nahi izan zituen, azkenekoak barne. 1862ko maiatzaren 6an hil zen, 44 urte zituela.

Thoreau

Markos Zapiain 2009/09/28 15:44

Deleuzek zioenez, AEBek nazio-gatazkak immigratze unibertsalaren bidez konpondu zituzten (Marxen ustez proletarizatze unibertsalak klase-desberdintasunak gaindituko zituen bezalaxe). AEBeko hiritar ugari europar iraganera begira bizi da, Las Vegasen Koliseoaren eta Partenoiaren kopiak dituzte. Aldiz, Thoreauk azpimarratu zuen AEBk baduela bere iragana, europarra baino miresgarriagoa: indiarrak. New Yorketik Mendebaldera begiratu beharrean, Paris, Erroma eta Atenasera, hobe Ekialdera jo, indiarren lurraldeetara. Hauen kultura benetakoagoa zitzaion gurea baino, lurrean eta haizean sustraituagoa. Jarri zibilizatua eta jarri indiarra, basamortuan edo oihanean, zein orientatuko ote den hobeki. Elikadura osasuntsuagoa zuten, kolesterolik ez. Ausarkiago egiten zioten aurre oinazeari.

AEB zibilizatua indiarren genozidioaren gainean eraiki zen, eta Thoreauk ez zuen inoiz ahaztu, bere garaian inork aintzat hartzen ez zuen arren. AEBko etorkin zuriek aspaldi akabatu zituzten indiarrak. Baina gaur egun oraindik ezikusia egiten diote haien edozein aztarna eta oroitzapeni. Michel Onfrayk idatzi du ederkien Thoreauri buruz (Contre-histoire de la philosophie-ko seigarren liburukia: Les radicalités existentielles, “Henry David Thoreau et ‘le bonheur parfait’”Grasset, Paris, 2009, 43-175 orr.), berari ostu dizkiot datozen ideia guztiak. Onfrayk kontatu du badela New Yorken mundu osoko arte indigena jasotzen duen museo erraldoi bikain bat, “Metropolitan Museum” delakoa, bost kontinenteetako edozein bazterretako obrak aurki ditzakezu bertan, baina ez daukate Ipar Amerikako indiarren pieza bakar bat ere.

Era berean, europarrok nekez sartzen dugu amerikarren bat Filosofiaren Historian. Thoreau, gehienez ere, literaturgile gisa dugu ezagun (Albert Sánchez-Piñolen iturri nagusietako bat da, indiarretik franko zuten Kafka eta Henry Miller-ekin batera). Are eskandalagarriago, Thoreau filosofoak nahiago ditu indiarra, egurgilea eta brahmana, pizgarriagoak baitziazkio bizimodu libre bat asmatzeko orduan, Platon, San Agustin eta Kant baino (inoiz ez ditu aipatzen).

Thoreauk ez zuen natura bere bulegoan eserita goraipatzen; aitzitik, harreman fisiko ezin hurbilagoa zeukan harekin: hegal galduaren edo belar izpiaren xehetasunak aztertzen zituen, oihaneko aldaketak neurtu eta idatziz jaso, zuhaitzera igo habia begiratzera… Naturak irakasgai ugari dauzka gordean; gozatu egiten zuen Thoreauk gordeleku horietan barneratzen, eta sekretu horiek gidari hartuta saiatu zen bere bizimodu filosofiko librea asmatzen.

Ezinezkoa zitzaion ordea nortasun eta bizimodu libre hori zibilizazio industrialean gauzatzea. Umearengan naturaren presentzia eta kulturaren absentzia maite zuen. Natura kontrakultura gisa erabili zuen. Natura ezeztatuz eraiki baitugu gure zibilizazioa, bietako batera hurbiltzeak bestetik urrutiratzea dakar. Edonola ere, soilik naturak senda gaitzake kulturatik. Gure kulturak makina motordun bilakarazi gaitu, dirua dugu errege, ezertarako balio ez duten trasteak erosteko grinak itsutsen gaitu, borondatez onartzen dugu bizimodu esklaboa (ordutegi zitalak, besteak beste), gure arteko harremanak penagarriak dira, ametsik gabeko bizimodu zekena eta etsipen otzana dira nagusi. Thoreauk ez du etsiko, eta naturarekin bat eginda sortutako bizitza bikain baten bila ibiliko da.

Thoreaurentzat, “Indarkeriarik gabeko 500 ekintza” liburuko hitzaurrean Mabel Cañadak idatzi duenaren aurka, ez gara libre sorkuraz, askatasuna ez dagokigu berez, asmatu beharra dago, sortu. Nork bere moduan: Thoreauren jarraitzaile izatea ez da basoan txabola eraiki eta bertan bakartzea, egunero lau orduko ibilaldia eta aintzira izoztuko bainua errepikatzea, baizik nork bere ahalmenak eta askatasuna ahal bezain sakonki eta ederki mamitzeko moduko bizimodua bilatzea, inertzia gorabehera, normaltzat jotzen dena eta bestek zugandik espero duena gorabehera.

Autoritate eskasa. Adibide bi

Markos Zapiain 2009/09/27 18:27

1-Hondarribiko Institutuan 1978 inguruan Don Joséren semeak ematen zigun Soinketa. Don Josék falangista izateagatik eskuratu zuen postua. Eta semeak, berriz, Don Joséren seme izateagatik. Gimnasioan besaulki bat zeukan jarria. Bertan eseri, zigarro-purua piztu eta ke-lainoen atzetik begiak ñarrotuz agintzen zigun: “Venga, 50 flexiones”. Puruaren errautsa Gimnasioko oholen gainean botatzen zuen. “Ya lo recogerán las de la limpieza, que para eso les pagan”.

 

Hondarribian garai hartan bazen taberna bat beti jendez gainezka; jabea droga-trapitxeoan zebilen. Behin batean arrantzale batzuk joan zitzaizkion: “Venimos a darte de hostias”. Gameluaren erantzuna, herrian ospetsu bilakatuko zena: “No, porque tengo a quien se da de hostias por mí”. Ordezko hori gure soinketa-irakaslea izaki, Don Joséren semea. Jipoi galanta jaso zuen Faro inguruan, hamar mila pezetaren truke. Astelehenean igeltsoa besoan eta ubelduak edonon etorri zitzaigun Institutura. Denok genekien gertatuaren berri, baina hala ere jakin-min eta erruki faltsuz galdetu genion. Erantzun zigun Cauteretseko eski-pistak kaka zahar hutsa zirela.

 

                

2-Banindoan herenegun goizeko zortziak aldera Institutura eta Iban Laka bizilagun eta ikaslea gerturatu zitzaidan atzetik erdi lasterka. Bere aurpegia nirera izugarri hurbildu eta zerri-gripe zerriaren sekulako eztul eta birus-festa zikina irentsiarazi zidan. Irakasleoi autoritate-estatusa aitortzea ez da aski. Jokabide batzuk behar bezala zigortzekotan heriotza-zigorra berrezarri beharko lukete. Zelako makalaldia atzokoa eta gaurkoa! Harrapatu diat nik ere.

 

Patata eta autoritatea

Markos Zapiain 2009/09/25 08:54

Gure ikasle batek bere andereño adeitsuaren autoko ihes-tutuan patata mardul bat sartu du berriki.   

 

Esaten da irakasleen autoritatea bereziki ondo ezartzen dela Finlandian, Suedian eta oro har iparraldean. Espainiatik, Italiatik, Euskal Herritik lan-taldeak bidaltzen dituzte dohai hori ezagutu eta geureganatzeko asmoz. Gehienek uste dute ikasketa-egitasmo eta pedagogia-hausnarketarik egoki eta aurreratuenak edukitzeak dakarkiela arrakasta hori.

 

Baina baliteke ez izatea hotza baizik. Bob Dylan Kanadako mugan jaio zen eta dio hango hotzak matxinadarako edozein tentaldi desaktibatu eta izozten ziela.

 

Historia azaltzeko orduan, autoritatearen historia adibidez, faktore ideologiko eta filosofikoei garrantzi handiegia eman izan zaie beharbada, eta gutxietsi egin dira faktore klimatikoak, geologikoak, elikadurari dagozkionak…

 

XVIII. mendeko Frantzian Erret autoritateari eta Elizarenari indarra kentzeko orduan Rousseauren “Gizarte-hitzarmena” aipatzen da, entziklopedisten idazki ilustratzaileak, eta abar.

 

Alta, Alexis Philonenko ziur da Frantziako Iraultzan Rousseau baino eragingarriagoa izan zela patataren absentzia. Frantzian patata ezagutu izan balute eta ordurako behar bezain zabalduta egon izan balitz, gose gutxiago zuketen eta horrenbestez grina iraultzailea ere epelago.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.