Bizimodu xixtrinetik askatzen hasteko
Thoreauk bizimodu filosofiko bat mamitzeko bide bat erakutsi digu, berea. Gizarte industrialaren eta modernitatearen kritika du oinarri. Lehen aipatu dugu Thoreauk Harvarden 20 urte zituela idatzi zuen hitzaldia: “Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain”. Bere obra osoaren ernamuina dugu.
Bertan dioenez, gure garaia teknikarien garaia da, ingeniari, bankari eta merkatariena, eta horrek bizimodu sakon eta ederretik urrutiratzen gaitu. Thoreauk ez ditu hiriak gogoko, ez sosa, ez salerosketa, ez industria; nahiago du landa, basoa, buruaskitasun naturala. Kontsumoak eta aberasteak gidaturiko ekoizpena zentzugabea iruditzen zaio eta maiz identifikatzen du filosofia “bizimodu-ekonomiarekin”: era soilean bizitzeko behar duguna ekoiztera behar dugu mugatu, horixe da ezinbestekoa den lan bakarra.
Thoreauk ezagunak zituen John Adolphus Etzler-en ikuspuntuak, utopista ekologista teknofilo bati dagozkionak: aurrerapen teknikoak lanaldia murriztea ahalbidetuko digu, orobat sufrimendua; teknikari esker lorategi eta paradisu bilakarazi ahalko dugu gure Lur hau... Thoreau ere ekologista duzu, baina teknofoboa: ez dugu puntako teknologiak saltzen dizkigun aparailuen zinezko beharrik; hegazkinek, igogailuek, hirietako argiteria artifizialak ez gaituzte barrutik hobetzen; industria-iraultzak ez gaitu zoriontsuago egingo, alderantziz baizik; nolanahi ere, Thoreauk ez du federik inongo iraultza orokorretan, indibiduo zehatzen erreforma moral eta espirituala zaio iraultza ernai eta egingarri bakarra, ez baititu aintzakotzat hartzen gizabanako partikularrak baino.
Thoreaurentzat bizimodu xixtrina da gurean nagusi. Gizartea, politika zein Estatua, kontrako eztarrian gelditu zaigun okela ustela dira, goitika eginarazten diguna. Erdipurdiko bizitza tentelak bizi ditugu, konformitate koldarraren menpeko. Ondo begiratuz gero, “lasaitasun” deritzoguna ez baita desesperazioa baizik. Bizimodu xixtrin honek balio faltsuen bila bultzatzen gaitu: dirua, ohoreak, agintea, jabetza, ospea. Era berean, kontsumo-gizarteak dakartzan bizio eta gurpil zoroetan katramilatzen gaitu: apeta, erosi, poseditu, kontsumitu, ostera ere apeta… Xixtrinak gara orobat besteekiko harremanetan, itxura hutsean eta axalkerian amilduak baititugu harreman horiek: irribarre hipokritaren azpiko gorroto lehiakorra, zapatu gauetako mozkor tristea, hitzontzikeria eta ergelkeria hutsala… Oro har, bere buruarekin harreman sakonak ez dituenarena da bizimodu xixtrina.
Putzutik irteten hasteko ez da txarra filosofia. Thoreauk, haatik, filosofia-irakasle franko dugula dio, baina filosofo bakar bat ere ez. Filosofo izatea ez baita gogoeta korapilatsu eta sotilak adieraztea, ezta filosofia-eskolak sortzea ere, baizik jakinduria maitatzea eta honen araberako bizimodu sinple eta independentea mamitzea; eta bizitzak dakartzan arazoen arteko batzuk konponbidean jartzea, ez soilik teorian, praktikan baino. Ezin da akademiara mugatu filosofia, egunerokora behar da ekarri: alegia, bizitza pentsatu eta pentsamendua bizi.
Bide egokiaren bila, botika eupeptiko bat errezetatzen digu Thoreauk, bizitzaren digestioa ederki eramateko pilula filosofiko batzuk. Aurrena, bizitze hutsak dakarren atseginaz gozatzen ikasi beharra dago, egunsenti bakoitzaren distira berriagatik zure burua zoriondu. Gainera, zure baitako muzinaren eta laiotzaren etengabeko azpilanari aurre egin behar diozu, zorion eta gozamen-nahi sendo baten bidez. Zoriona eraiki egitn behar baita, ez zaigu berez etortzen. Ordea, gure gizarteotan ez gara gure buruaren jabe, makina bilakarazten gaituzte; Thoreauk, aitzitik, jabetza hori beharrezkotzat jotzen du, alienazioa gainditu beharra dago, zure burua behar duzu zure bizitzaren erdigunean kokatu, ez, ohi bezala, aberastasuna, lana edota prestigioa. Halakoen bila gabiltzala galtzen baitugu bizitza, oharkabean joaten zaizkigu egunik ederrenak. Etorkizunerako uzten dugu beti benetako bizitza, halako batean hiltzen garen arte, ia beti itxarondako etorkizun hori heldu baino lehen.
Thoreaurentzat, ez dago nork bere burua asmatu eta eraikitzea beste biderik, bizimodu osasuntsu, neurritsu eta soila sortzea besterik. Erromatarren “otium”ak, aisialdiak, behar luke nagusi. Ikasi beharko genuke, halaber, negatiboan onuragarria bilatzen, hasiera batean kaltegarri zaigunaren irudiarekin lan egiten, harik eta atsegin bilakatuko zaigun arte, estoikoek erakutsitako bidetik.
Thoreauk bere bizitzan hainbat bider asmatu zuen lehen begiratuan zalantzarik gabeko zoritxartzat jo beharrekoa azkenik atsegin-iturri gisa gozatzen. Esaterako, “Desobedientzia zibila”n kontatzen digun espetxealdia Concord eta mundua begi berriez maitatzeko akuilu bihurtu zuen. Beste behin, lagun batekin oihanean zela, janaria erretzeko sua piztu, inguruko adaxka batzuk hartu eta zabaldu egin zen ustekabean, istripu larria; baina Thoreau eta laguna muino batera igo eta suzko paisaia bikain batez gozatzeko aukera gisa aprobetxatu zuten, zuhaizti kiskalien jabeek ez bezala ziur aski. Haratustela eta sarraskia bizitzaren garaipen gisa ikusarazten zizkion bere buruari. Eta bere eguneroko ibilaldia oztopatzen zion ekaitza, ostera, bedeinkazio moduan naturarentzat.
Azkenik, hilzorian zela, bizitzako une trinkoak inoiz baino sakonkiago sentitzeko bultzada sumatu zuen, eta, esan bezala, uko egin zien analgesikoei, agoniari dagozkion uneak goitik behera bizi nahi izan baitzituen, agoniaren sentsazioak poliki nabaritu. Sentsazio horiek bizitzari lotuz gero, hilzoria eta agonia bigarren mailan gelditzen dira. Ez da pentsatu behar “hil behar dut”, heriotza etorkizunari baitagokio eta ez dugu zertan etorkizunaz itsutu; baizik eta “bizirik nago oraindik”: horrek orainaldia oparitzen baitizu, bizia sentitzeko eta gozatzeko aukera luzatu. Thoreaurentzat bizitza ospakizun alai bat da funtsean, jai handi maitagarri bat.
Ezin leike esan sortu den egoera ekonomikoa, crisia txarto deiturikua gainprodukzinuatikan datorrenik, ikusi bihar dogu txinar ala indiar ekonomia, eurak dekote produkzinuan oinarrituriko ekonomia ta han krisia hamen baino gitxiau sufritu dabe. Ekonomia produktibitatean dau oinarritua baita espekulazinua ere productibitaean dau oinarritua, hau ikusi leike etxebizitzan sektorean, naiz ta produkzinua handiegia izan, krisiarako behar baino askozaz gehixo, krisia ez da hortikan etorri gainproduzitutako etxebizitza hauexek merkatutikan kampo dagozelako, hau da espekulazinuan, horain gertatutakua ez da dimientzio handikua izan zeren etxebizitzen jabe gehienak ez dabe saldu nai, ez behar, hau baita esagutu zan 29ko krisian estanda egin baino urte batzuk lehenago eebb bigarren etxebizitzan presio gainberakada egon zan, nik pentsa hortan gauz, krisia etortzear dau, ikusitakua handia izan da, lehen ikusitakua baino askozazere haundiagua ekonomia espekulatibua potere gehixo daukelako ta hontan turbulentzia txikia itzelekoa dalako. orain, etorri leike gainprodukzino krisia, zapaterok iva igoz kontsumoa jaitxiko da, gehien bat hile azkenerantz justu ailegatzen dabenak hala egingo dabelako. Zapaterok neoklasikuegaz bat egiten dau, berantzako aurrezkiak etorkuzunean ibertsinuak diralako, baino egoera hontan arrezkirikan ez dau, hobeto esanda gitxi, dagona da pilaturiko dirua ta pilaturiko dirua hori ez ba dabe lana sortzera bideratzen, egoera konpontzen kostako da, baino bai txarrera jo leike, hortan dabil zapaterok. web horretakuak marxista-leninistak dire ta MLak marxismoa ez dabe bere zabaltasunian ulertu, ta sabaltzear dagona, MLak sinplificatu egin dabe marxismua, adibidez, eurentzako dialektika 3-4 lege dire. salud