Thoreauren bizitza
David Henry Thoreau 1817ko uztailaren 17an jaio zen, Concord-en, Bostondik iparralderantz, Kanadako mugatik hurbil. 2.000 biztanle zituen orduan. Oihan, muino, arboladi, erreka eta aintzirek inguratzen dute herrixka, natura zoragarriak. Thoreauren haurtzaroa txango, ibilaldi, kanoa, belar biltze eta bainuek edertu zuten. Txabolak eraiki, zuhaitzetara igo, behin zuhaitz puntan zango artetik mundua nola ageri den begiratu, arrantza…
Haurtzaroko askatasun hori iraunarazi nahia nabari da Thoreauren filosofian, baserri giroko ume askok sentitu izan duten oztopo gabezia eta libertate basatia du Thoreau helduak ere helburu. Helduaroan ere bere gisa bizi nahiko baitu, helduen mundu modernoa mespretxatu eta gorrotatu egingo du.
Bere bizialdi ia osoan misantropo gogorra izan zen. Guraso filantropoak zituen ordea, abolizionistak, etxean militanteak ez ezik esklabo iheslariak ere hartzen zituztenak. Kanadan debeku zen esklabotza eta iheslariek AEBtik Kanadara jotzen zuten. Bidean, abolizionista batzuek lagundu egiten zieten, etxean ezkutatuz, jaten emanez… Thoreauk ez zuen gogoko gurasoen etxean horrenbeste jende ibiltzea atzera eta aurrera. Abegikortasuna kritikatu egin zuen, bere betixutasuna azpimarratu.
Ikasketei dagokienez, txikitandik atera zituen nota bikainak. Oso gazte hasi zen grekeratik eta latinetik ingelesera itzultzen. Hala ere, maiz egiten zuen eskolatik piper anaia Johnekin, eta mendira joaten ziren benetan ikastera. Gero, lau urte eman zituen Harvard-eko unibertsitate ospetsuan, eta hogei urte zeuzkala ikasketa-amaierako hitzaldia idatzi zuen: “Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain”. Bertan aurki daitezke bere gai nagusi batzuk: espiritu komertzialarenganako gorrotoa, dirua jainkotzearen eta mekanizazioaren kritika eta idolo moderno horien aurkako erresistentziaren goraipatzea.
Thoreau “David Henry” bataiatu zuten, baina berak ordena aldatu eta “Henry David” bilakarazi zuen. Ez zuen jasotako deus bere horretan onartu nahi, izena bezala bizitza ere berak aukeratua eta asmatua nahi izan zuen. Oso gazte zela ekin zion “Egunkari” bat idazteari. 20 urte geroago amaituko zuen: 14 liburuki. Bertan oharrak jaso zituen, hitzaldien zirriborroak, liburuen iruzkinak, aldarte-aldaketak eta sentimenduak, gogoetak, belar biltzeak… (Thoreau beti zebilen belarra biltzen, txapelapean zeraman, mikroskopioz aztertzen zuen.) Dena den, Thoreaurentzat idaztearen funtsezko xedea bere burua hobeki ezagutzea eta horrenbestez libreago bizitzea zen, liburua eratzeaz batera bere burua ere egituratzea.
Maisu jarri zen Concordeko eskola publikoan, baina ez zituen ikasleen aurkako zigor fisikoak onartu eta dimisioa eman zuen. Hurrengo urtean eskola bat ireki zuen anaiarekin batera, eta pedagogia naturazale libertario bat erabili zuten: mendira irteerak goizalban; belarra, zuhaitzak, errekak eta animaliak ezagutu eta aztertu, ilunabarra gozatu; zigor fisikorik ez… Ikasleek esku hartze aktiboa zuten zigorgintzan eta diziplina-prozesuan.
1839an anaiarekin kanoan ibiltzera abiatu zen aste beterako, Merrimack ibaian barrena. Liburu txiki polit batean jasoko zuen gerora egun haien berri.
Anaia hil ondoren, ordurako laguntzen hasia zitzaion Emerson filosofo transzendentalista ospetsuak New Yorkera bidali zuen Thoreau, haren ilobaren tutore; literatur munduan izen bat egitera ere bultzatu zuen. Zortzi hilabete eman zituen New Yorken. Behin Concordera itzulitakoan, aurkakotasun teoriko garbi bat ezarri zuen: New York zibilizazioa da, lilura faltsua eta itxurakeria, aurrerapen teknologikoaren erlijioa, bankaria, sal-eroslea eta kazetaria, hitzontzikeria; aldiz, Concord natura da, benetakotasuna, bizimodu filosofiko eta jakintsua, indiarra, egurgilea eta nekazaria, isiltasun argia.
TXABOLA ETA ESPETXEA
Thoreauren bizitza osotik bi gertaera iritsi zaizkigu oroz lehen, bi ekintza nabarmendu izan dira: batetik, bere eskuez txabola txiki bat eraiki zuela basoko txoko batean, Walden aintziraren aldamenean, eta bertan bakartuta bizi izan zela. Bestetik, zergak ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu zutela. Kartzelaldi hau dugu hain zuzen “Desobedientzia zibilaz” testuaren sorburu.
1845ean ekin zion Thoreauk, Emerson filosofoaren lur eremu batean, Walden lakuaren ertzean, txabola bat eraikitzeari. Txabola aintzira ondoan ez zuen jaso soilik praktikotasunari begira. Thoreauren haurtzaroan gurasoek maiz aldatzen zuten bizilekuz. Behin batean, Thoreauk lauzpabost urte zeuzkala, Bostondik Concordera joan ziren. Baso-zelaiak zeharkatu zituzten, Walden aintzira ingurukoak. Liluratuta gelditu zen Thoreau umea. Bestalde, amonaren lorategitik erreka bat abiatzen zen, Merrimack ibaira zihoana, eta Merrimack horrek inguruko lakuak ureztatzen ditu, Walden barne. Hain zuzen, anaia hil berriarekin Merrimacken eta inguruko ibaietan egin zituen kanoa-txangoak. Alegia, txoko hura toki zehatz bat ez ezik Thoreauren ume-ametsetako paisaia zoragarria ere bazen. Proustek biziki gustuko zituen Thoreauren obra eta jarrera.
Thoreauk Walden aintzira hondorik gabe irudikatzen du, ur sarrera eta irteera barik, mitologiko, betiereko. Bekatuak garbitzeko ura omen du. “Egunkaria”n aintziraren kolore mugagabeen aldaketa eta ñabardurak jaso zituen, baita ur-mailaren igoera-jaitsierak, piztiaren arnasaldiak bailiran. Thoreau egunero-egunero bainatzen zen bertan, nahiz ikaragarri hotza izaten den maiz. Jelatuta zegoenean etzan egiten zen biluzik izotz-plakaren gainean. Psikoanalista batzuek amaren altzora itzuli nahi amorratua sumatu dute ohitura horretan.
Txabola txikia zen: 3 bider 4,5 metro, 13 metro koadro. Altzari soil batzuk zeuzkan eta tximinia; kanpoan baratzea.
“Walden edo bizitza basatiaz” liburuak eragin handia izan zuen hippiengan. 80ko hamarraldian hondarribiar bat baino gehiago bakartu zen Jaizkibel inguruan Thoreau eredu. Baina Thoreauren bakarraldia idealizatu eta esajeratu egin da. Azken batean, 1845eko uztailaren 4tik (AEBen Independentzia eguna) 1847ko iraila arte baino ez zen bizi izan bertan, 26 hilabetez. Gainera, bi egunean behin Concordera joaten zen, filosofo transzendentalisten bileretara, amatxok prestaturiko anoaren bila…; eta txabolan nekazariak hartzen zituen, baso-mutilak, filosofoak, bidaiariak, esklabo iheslariak… Hori bai, ez zituen hiru aulki baizik, egundo ez zuen taldea eta jendetza gustuko izan. Lagunen bisita atsegin zuen, baina atseginago bisita eza.
Espetxealdiari dagokionez, gau bakarra eman zuen barruan. Waldenen bizi zela, 1846an, Concordeko zapatagilearengana zihoala poliziak geldiarazi eta espetxeratu zuen, ez baitzuen ordaintzen gobernuak esklabotzari eusteko eta Mexikoren aurkako gerra elikatzeko erabiltzen zuen bere zergen zatia.
Ezaguna zuen kartzelaria: fidantza ordaindu nahi izan zion berehala, baina Thoreauk ez zion utzi, espetxera nahi zuen. Biharamunean bertan ezezagun batek fidantza ordaindu eta Thoreau askatu egin zuten. Zenbait biografok uste du Thoreauren izeko bat izan zela. Azkenik, bere zapata berreskuratu eta mendira joan zen, ahabiak biltzera (oso ona ei da ahabia ikusmena bizkortzeko). 1849an argitaratuko zen espetxeratze hori abiapuntu izan zuen “Desobedientzia zibilaz”.
Txabola utzita Waldenetik Concordera itzuli ondoren, lanbide apalen bitartez bizi izan zen: etxeak pintatu, lorategiak zaindu, lurra neurtu, aitari arkatzagintzan lagundu…
Bere buruarentzako askatasuna sortu, hori nahi izan zuen beti: lan finkorik ez, kontsumoa funtsezkora mugatu, alferrikakoa zeharo ezabatu, loturak ekar ditzaketen emazte, ume edo sendirik ez, ezta adiskide inbaditzailerik ere: ahal bezain libre bizitzeko antolatu zuen bizimodua.
Biografoek, hala ere, haustura bat nabarmendu dute Thoreauren bizitzan, politizatze gogor batek bizi izan baitzuen azkeneko urteetan. Ziaboga hori Anthony Burnsen eta John Brownen kasuek erabaki zuten.
Burns esklabo iheslari bat zen. Bostonen atxilotu zuten. Abolizionistek bere fidantza ordaindu zuten arren espetxean atxiki zuten. Protesta-manifestazioa zapaltzeko lanetan zebilen polizia bat hil egin zen. Haserre, Estatuak lege berri bat aldarrikatu zuen, AEBko hiritarra esklabo iheslariak salatzera behartuz. Thoreauk ezin izan zuen jasan eta abolizionisten alde engaiatu zen. Orduan, aurreko bizimodu filosofikoa, txabolan bakartuta eta naturarekin bat eginik bere buruaren bila, interesik eta baliorik gabekotzat jo zuen.
John Brown kapitain bat zen, zuria, abolizionista, dozena bat militanterekin batera komando bat osatu zuena. Brownek hitzaldi bat eman zuen Concorden 1857an; Emerson eta Thoreau entzuleen artean zeuden. Behin batean, Kansasen, Brownek esklabotzaren aldeko bost lagun garbitu zituen. Beste batean, Virginian, Brown armategi batez jabetu zen, esklaboak armez hornitzeko asmoz. Berehala harrapatu zuten ordea, espetxeratu eta urkatu. Thoreauk 1859an “John Brown kapitainaren aldeko alegatua” idatzi eta Concordeko enparantza batean ozenki irakurri zuen. Urte hartan bertan “John Brownen martiritza” argitaratu zuen. Eta 1860an “John Brownen azken egunak”.
1854an, “Walden” argitaratu zuen urtean, tuberkulosia harrapatu zuen. Hiltzera zihoala jakinda, bere liburuen argitalpena apailatu zuen. Uko egin zien analgesikoei: une guztiak sakonki bizi nahi izan zituen, azkenekoak barne. 1862ko maiatzaren 6an hil zen, 44 urte zituela.
Bai, eskertuko nizuke horren berri ematea. Ez da lehenengoa izango, ordea: "Ostiela"koek bertsiño bat argitara eman zuten, eta beste bat ageri zen EHUk argitaratutako bilduma batean (Filosofia politikorako irakurketak, III).
Walden beste kontu bat da, itzultzeko askoz ere zailagoa...