Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Thoreau

Thoreau

Markos Zapiain 2009/09/28 15:44

Deleuzek zioenez, AEBek nazio-gatazkak immigratze unibertsalaren bidez konpondu zituzten (Marxen ustez proletarizatze unibertsalak klase-desberdintasunak gaindituko zituen bezalaxe). AEBeko hiritar ugari europar iraganera begira bizi da, Las Vegasen Koliseoaren eta Partenoiaren kopiak dituzte. Aldiz, Thoreauk azpimarratu zuen AEBk baduela bere iragana, europarra baino miresgarriagoa: indiarrak. New Yorketik Mendebaldera begiratu beharrean, Paris, Erroma eta Atenasera, hobe Ekialdera jo, indiarren lurraldeetara. Hauen kultura benetakoagoa zitzaion gurea baino, lurrean eta haizean sustraituagoa. Jarri zibilizatua eta jarri indiarra, basamortuan edo oihanean, zein orientatuko ote den hobeki. Elikadura osasuntsuagoa zuten, kolesterolik ez. Ausarkiago egiten zioten aurre oinazeari.

AEB zibilizatua indiarren genozidioaren gainean eraiki zen, eta Thoreauk ez zuen inoiz ahaztu, bere garaian inork aintzat hartzen ez zuen arren. AEBko etorkin zuriek aspaldi akabatu zituzten indiarrak. Baina gaur egun oraindik ezikusia egiten diote haien edozein aztarna eta oroitzapeni. Michel Onfrayk idatzi du ederkien Thoreauri buruz (Contre-histoire de la philosophie-ko seigarren liburukia: Les radicalités existentielles, “Henry David Thoreau et ‘le bonheur parfait’”Grasset, Paris, 2009, 43-175 orr.), berari ostu dizkiot datozen ideia guztiak. Onfrayk kontatu du badela New Yorken mundu osoko arte indigena jasotzen duen museo erraldoi bikain bat, “Metropolitan Museum” delakoa, bost kontinenteetako edozein bazterretako obrak aurki ditzakezu bertan, baina ez daukate Ipar Amerikako indiarren pieza bakar bat ere.

Era berean, europarrok nekez sartzen dugu amerikarren bat Filosofiaren Historian. Thoreau, gehienez ere, literaturgile gisa dugu ezagun (Albert Sánchez-Piñolen iturri nagusietako bat da, indiarretik franko zuten Kafka eta Henry Miller-ekin batera). Are eskandalagarriago, Thoreau filosofoak nahiago ditu indiarra, egurgilea eta brahmana, pizgarriagoak baitziazkio bizimodu libre bat asmatzeko orduan, Platon, San Agustin eta Kant baino (inoiz ez ditu aipatzen).

Thoreauk ez zuen natura bere bulegoan eserita goraipatzen; aitzitik, harreman fisiko ezin hurbilagoa zeukan harekin: hegal galduaren edo belar izpiaren xehetasunak aztertzen zituen, oihaneko aldaketak neurtu eta idatziz jaso, zuhaitzera igo habia begiratzera… Naturak irakasgai ugari dauzka gordean; gozatu egiten zuen Thoreauk gordeleku horietan barneratzen, eta sekretu horiek gidari hartuta saiatu zen bere bizimodu filosofiko librea asmatzen.

Ezinezkoa zitzaion ordea nortasun eta bizimodu libre hori zibilizazio industrialean gauzatzea. Umearengan naturaren presentzia eta kulturaren absentzia maite zuen. Natura kontrakultura gisa erabili zuen. Natura ezeztatuz eraiki baitugu gure zibilizazioa, bietako batera hurbiltzeak bestetik urrutiratzea dakar. Edonola ere, soilik naturak senda gaitzake kulturatik. Gure kulturak makina motordun bilakarazi gaitu, dirua dugu errege, ezertarako balio ez duten trasteak erosteko grinak itsutsen gaitu, borondatez onartzen dugu bizimodu esklaboa (ordutegi zitalak, besteak beste), gure arteko harremanak penagarriak dira, ametsik gabeko bizimodu zekena eta etsipen otzana dira nagusi. Thoreauk ez du etsiko, eta naturarekin bat eginda sortutako bizitza bikain baten bila ibiliko da.

Thoreaurentzat, “Indarkeriarik gabeko 500 ekintza” liburuko hitzaurrean Mabel Cañadak idatzi duenaren aurka, ez gara libre sorkuraz, askatasuna ez dagokigu berez, asmatu beharra dago, sortu. Nork bere moduan: Thoreauren jarraitzaile izatea ez da basoan txabola eraiki eta bertan bakartzea, egunero lau orduko ibilaldia eta aintzira izoztuko bainua errepikatzea, baizik nork bere ahalmenak eta askatasuna ahal bezain sakonki eta ederki mamitzeko moduko bizimodua bilatzea, inertzia gorabehera, normaltzat jotzen dena eta bestek zugandik espero duena gorabehera.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2009/09/30 11:31

egia da, asel, insitutuko harremanek garbi erakusten dute autoritarismorako joera soilik autoritatearen bidez gaindi daitekeela

bestalde, onfrayk anarkista eta libertarioa bereizten ditu, thoreau libertariotzat du eta anarkistak berriz baikorkeriak jota ikusten ditu, etorkizun distiratsuaren fedeak jota, umekeria iruditzen zaio sinestea iraultza handiak gizakiak errotik hobetzea ekarriko duela

saiatuko naiz ideia horiek garatzen dituen idazkia barikurako igotzen, ea ba

asel
asel dio:
2009/09/30 17:03

nik bestela ikusten dut, anarkistak libertarioak dira, eta haien artean korronte asko dago. ez du zerikusirik stirnerren indibidualismoak kropotkin edo malatestaren komunismo libertarioarekin. denak dira anarkistak, baina banakako askatasuna jartzen dute batzuek aurretik, eta besteek banakakoari beste garrantzia ematen diote taldeko askatasunari. ni anarkista naiz, eta libertarioa, eta ez dut uste onfrayren deskripzioan sartzen naizenik. anarkismoaren inguruan, zoritxarrez, ezjakintasun handia dago eta sakonean ezagutu gabe gaitzetsi ohi da. sinplismo oso arriskutsua da onfrayrena. katalunia anarkistek antolatu zutenean, lantegiak, lurrak... banatu zituztenean, uste dut kataluniako gizartea inoiz baino askeagoa izan zela, eta francoren altxamenduagatik izan ez balitz nork daki noraino iritsiko zen prozesu askatzaile hori. anarkisten testuak irakurrita, ez dut nik baikorkeriarik ikusten, kontrakoa baizik. malatestak, esaterako, jendearen berekoikeria bera gizarte komunista eratzeko erabil zitekeela uste zuen. hots, ez zuen uste denak onak eta eskuzabalak garelako batuko ginela, gure geurekoikeriak elkarrekin gehiago lortzen dela esango zigulako baizik. haien testuetan utopisten aurka hitz egiten dute maiz. besterik gabe, uste dute anarkia antolatuz, hots, komunismo libertarioa antolatuz, gauzak hobeto egingo direla, hobeto iritsiko direla guztientzat, askatasun indibiduala bermatzen den bitartean. baina nik azaltzea baino hobe da haiei irakurtzea. ez dakit zergatik dioten holako beldurra pentsalari batzuek anarkia hitzari. susmoa dut anarkismoaren kritiko batzuen esanen atzean (ez dakit onfrayren kasua den, ez baitut irakurri) botere ezari dioten beldurra dagoela, anarkistek ez bezala boterearekin egiten dutelako amets.

asel
asel dio:
2009/09/29 17:16

Bat nator Thoreauren ikuspegi askorekin, eta izugarri gustatu zait zure esaldi bakunianoa:ez gara libre sorkuraz, askatasuna ez dagokigu berez, asmatu beharra dago, sortu. Bai horixe. Oraintxe gustatuko litzaizukeen liburua ari naiz irakurtzen, hemengo (Txileko) argitaletxe horizontal libertario txikiak argitaratu du, Caballitos de Troya izen iradokitzailea dauka argitaletxeak, eta liburuak "Anarquismo y educacion". Bertan hezkuntzan joera libertario nagusiak jaso dituzte, eta nik, batez ere, Bakuninen eskolarekin egiten dut bat: askatasuna eraiki, irabazi behar da. Bakuninen aburuz, hezkuntzan autoritateak garrantzia dauka, hasieran erabili behar da (baina ez autoritateari ematen diogun zentzu ezkorraz, eskarmentu handiagoa daukanaren autoritate onaz baizik, hots, bizitzaren hasieran haurrak behar duen gida), apurka-apurka, haurrak autonomia eta askatasuna ikasten dituen heinean, autoritate oro deuseztatzeko. Autoritatea erabili autoritarismoa garaitzeko, haurrek aske izaten ikasteko (modu oso eskematikoan esanda). Bestalde, indigenei buruzkoak oso interesgarriak dira. Hemen maputxeen gainean ikasi nahi nuke gehiago, oraindik ere, kontzientzia osoz, kapitalismoari eta autoritarismoari aurre egiten dien herria baita, nahiko horizontala eta lurrari guztiz lotua. Ez inkek ez espainolek garaitu ez zuten herria. Tamalez, txiletarrek konkistatu zituzten, edo lurrak ostu, baina haien kultura oraindik ez dago kolonizatuta, zorionez. Estutua!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.