Hemen zaude: Hasiera Blogak Markos Zapiain Artxiboa 2009 Martxoa

Artxiboa Martxoa 2009

Gidabaimena alferrik. Autoa kanpora

Egia bada ere Farruquitok zoritxarreko istripuz gizon baketsu hura hil zuenean ez zeukala gidabaimenik, Gipuzkoako Goierrin artzain bat ezagutu nuen, Joxe Juakin, ez oso betea, ardiak gobernatzera-eta lanroberraz joaten zena, kasetean beti trikitixa, eta Joxe Juakinek ez zuen teorikoa ateratzeko gaitasunik, baina hori bai, primeran zekien gidatzen. Hura zen hura trebetasuna, enbor eroriei eta behiei ixkin egiteko orduan! Gela ilun batean erosi zuen karneta, gizon ilun batzuei, azterketarik gabe. Ordea, hamabi urte barru legez kanpoko karnet-saltzaileen sarea desegin zuten, eta banatuak zituzten karnetak oro baliogabetu. Orduz geroztik Joxe Juakin ez dabil batere ondo. Utzia du artzaintza, zurrutak harrapatua. Nire ustez, ez zioten zertan gidabaimena kendu.

Era berean, Cuencan bada frikientzako eta toreroentzako autoeskola berezi bat, Yola Berrocal, El Juli, Paquirrín, Míster España eta gisakoentzat, “Famatuen autoeskola” deitua, ondo ordainduz gero gidabaimena berehala ematen baitizute, eta inork ez du istripurik izan.

Nolanahi ere, autoen eta oinezkoen arteko harremanari dagokionez, aurrerapena eta ongizatea autoa hirigunetik ateratzea da, karrika oinezkoaren oin uztea.

Jendearen eta autoaren arteko erlazioa lankidetza onuragarria izango da zenbaitetan, noski, baina sarritan gudua. Bataila garrantzitsu bat, lurraldetasun gatazka, herrietako kaleetan dugu. Eta zentzunak erakusten du kalea oinezkoari dagokiola, autoa aldirietan utzi eta hirigunera autobusez edo metroz sartu beharko genukeela. Zentzu horretan, eredugarria da Bermeo: txikiteroei eztabaida edo elkarrizketa bidezabalaren erdian sortzen baldin bazaie, itxaron dezatela autoek, ilara luzea sortu arren: ondo egina.

Markos Zapiain 2009/03/10

Andrea menpeko

Hedabideetako zalaparta gorabehera, gaur egun tratu txar gutxiago dago emakumearen aurka. Lehen ez zen ageri. Sumatu ere ez zen egiten. Egiturazkoa zen.

Esaterako, Donostia, 1950. Egunero, etxeko jauna etxera orduko emazteak eltzea prest behar zuen. Senarrak txirrina jo eta badoaz eskaileran behera, gizona aurretik, emaztea eltzea daramala. Gizonaren txokora heldu, gizonak eltzea hartu eta barrura. Emakumea ezin sartu eta buelta etxera.

Zorionez, oinperatze hori gainditzen ari gara. Baina orain andre etorkinengandik xurgatzen dugu menpekotasunaren odol frexkoa.

Dibortzioak bideratzen lanean dabilen abokatu batek datu bitxi baten berri eman dit: berak ezagutu dituen mutil islamdarrak eta neska euskaldunak osatutako bikote guzti-guztiak bereizi dira; aldiz, mutil euskaldunak eta neska mairuak osatutako bakar bat ere ez da bereizi. Seinale islamdar kulturan emakumearen morrontza latzagoa dela.



Markos Zapiain 2009/03/08

Txuloputa fuera

Oso gutxi dira aski diru ukanez gero prostituta izaten jarraituko luketenak, bakanak bokaziozko prostitutak. Baina bokaziozko garbitzaileak ere gutxi dira. Bokaziozko irakasleak gero eta gutxiago. Hala ere, dirua behar eta, norberaren ahalmen eta aukerei buruzko kalkulu bat egin eta prostituta, garbitzaile edota irakasle bilakatzen zara. Prostitutei beren lana duinki ordaintzea, lan baldintza onargarriak bermatzea eta beste edozein langileren eskubideak zor dizkiegu.

Putak dirua behar du: normal xamar bizi ahal izateko, familia aurrera ateratzeko, drogadikzioari eusteko, hegoamerikako familiari bidaltzeko edota Parisen diamante garesti bat erosteko. Lan alienatzailea duzu zalantza barik, beste asko bezala, eta hobe desagertuko balitz, baina gaur egun prostituzioa dekretuz desagerraraziz sexuaren langileak kaltetuko dituzu batez ere. Ezagutzen ditudan prostitutei behintzat bezerorik koipeztoenak baino askoz ere beldurgarriagoak zaizkie dirurik ematen ez dieten borondate oneko errukitsu eta salbatzaileak. Gurasokeria baita inondik inora behar ez dutena: “Nik salbatuko zaitut, zure gorputza bekatuan zikinduta dagoen arren eder duzu oraindik arima, psikologo bat ordainduko dizut…” Prostituta batek berriki zioenez: “Ni ez naiz ero bat. Eta nahiago dut nire lana atariak garbitzen ibiltzea baino, edo meategian, edo nerabe psikopatei irakasten. Gainera, gehiago irabazten da”.

Puta batzuek eransten dute nahiago dutela sexu harremanengatik kobratu eta libre bizi, senarrak izan ohi diren zerri zozo horietako bat pairatu eta gainera berekin larrutan egitera erdi behartuta egotea baino, eta musutruk. Gogorra da, baina honezkero egin beharrekoa gehiago dirudi puten lan baldintzak argitu eta duintzea, paperak eskaintzea eta dirua lapurtzen dieten txuloputen bitartekaritza suntsitzea.



Markos Zapiain 2009/03/08

Zoriontsuen sukaldea

Dirugose, zeken eta lukurariei hauxe gertatzen zaie: gauzak erosi eta bidaiak egiteko bitarteko behar lukeen diruari, bitartekari izaera kendu eta helburu bilakatzen dutela.

Bestalde, sarritan gertaera berezien alderik atseginena, ospakizun eta bidaiena berbarako, batetik proiektuaren lilura da, amestearen poza. Eta bestetik oroitzapena.

Ikasketa bidaietan adibidez gazte euskaldunak hor ibiltzen dira erdi gaixorik, biharamuna ezin gainditurik, logale, gose, eltxoz eta euliz inguratuta... Baina zein ederki pasatzen duten bidaia prestatzen; eta ondoren, argazkiei begira. Bidaia bera izaten da okerrena.

Diruaren arrakastaren arrazoietako bat horixe izan liteke: diru poltsa potoloak etenik gabe amets egitea ahalbidetzen dizu, antola ditzakezun jai, bidaia eta erromeriekin. Xoxa gastatu gabe, gainera, amets zoragarri horiek ez dituzu zertan ekarri benetako mundu  honetara, hain goibel eta desatsegina. Errealitateak ez bezala, amets soilak ez dizu hutsik egingo. 

Beren bizipoz handiagatik arreta deitu dutenen biografiak irakurrita, nabari da ez direla sorkuraz bereziki zoriontsuak izan, beren zoriona asmatu eta eraiki behar izan dutela. Sarritan gainera zoritxarra eta are infernua ezagutu behar izan dute. Iseka egiten zieten, baztertu eta jipoitzen zituzten, bortxatu txikitan. Trauma gogor horrek gerora erresorte batek bezala bultzatu ditu zorionera. Auskalo zelako ataka beltzetan galduko ziren inoiz, gure artean irudi publiko nabarmen bozkariotsua proiektatzen duten Anjel Alkain, Ilaski Serrano edota Argiñano.

Bozkariotsuok, bestalde, zoriona asmatu eta eraiki, ederki babesturiko dorretxe urrunaren antzera eraiki dute. Zaila bertara hurbiltzea, are zailago eraistea. Oroitzen naiz hilketa bat gertatu berritan, Euskal Herri ia osoa lur jota zegoela, Argiñano telebistan zuzenean agertu eta pozez gainezka ekin ziola “iepa famili, txiste izugarri on bat kontatuko dizuet...”

Miresgarria da zoriontsu hauei kritikaz mozorroturiko inbidiatsuen pozoia zein gutxi axola zaien, zein behetik igarotzen zaien. Astoak isatsaz nola, milaka euli gogaikarri uxatzen dituzte txalo alai bakar batez.

Bide batez esanik, dirudienez sukaldariek gehiago dakite zorionaz zorionari buruzko berezilari ofizialek baino. Argiñanok noizbait pozari loturiko errezeten sekretuak jakinaraziko dizkigu, eta aurrerantzean guztia izango da diferente.







Markos Zapiain 2009/03/03

Furgonetaren erantzukizuna

Zigortu ahal izateko gaizkilearen askatasuna suposatu beharra dago, erabakimena, liberum arbitrium, aukeratzeko ahalmena. Eta gizakiok nahiago izaten dugu zigortu ulertu baino. Erdi Aroan animaliak ere erantzuletzat jotzen zituzten. Michel Onfrayk kontatu duenez, behin batean Normandian ahardi batek, zerri eme batek, ume bat jan zuen, gurasoek bide ertzean eserita utzia zutena. Epaiketa egin zioten: heriotza zigorra. Behin baino gehiagotan, baserritarrek oilarren aurkako salaketa formalak jarri zituzten, desorduz kukurruku egin eta esnatzeagatik. Heriotza zigorra eta lepoa ebaki. Halaber bizkarroien aurka, galsoroak alferrik galarazteagatik. Auskalo nola konponduko ziren auzitegian zorri mordo erruduna gobernatzeko.

Espainia aldean oraindik orain soldaduzkan gauza bizigabeei nolabaiteko erantzukizuna leporatu izan zaie. Lagun batek kontatu zidan furgoneta militar bat hartu,  bueltaxka egin eta horma baten kontra amaitu zuela. Laguna atxilotu zuten, bai, baina baita furgoneta ere, formalki: “queda usted detenida y arrestada”. Erakargarriegia izango zen beharbada, probokatu egingo zuen soldadua bere barruan sartzera. Furgonetari sarea gainetik ezarri eta atxilo. Ez soilik baztertu, baizik atxilo. Teniente bati armairu bat gainera erori zitzaion, eta armairu hura ere atxilotu egin zuten.

Dena den, ez ote da zuzenagoa alderantzizko bidea? Agian, animaliei eta gauzei erantzukizuna egotzi beharrean, gizakiei beharko litzaieke erantzukizuna eta errua arindu.

Guk badugu benetan aukeratzeko ahalmena? Ez ea gosaltzeko kruasana edo donetea nahi dugun, baizik funtsezko kontuak, esaterako gure sexu joera, hiltzaile izaera, eta abar. Spinozak eta Freudek uste dute ezetz. Spinozak dioenez, botatzen dugun harri koxkorrak kontzientzia eta mintzamena balitu, esango liguke askatasun osoz aukeratu duela aurrena ziztuan igotzea, gero lastertasuna apaldu eta jaistea eta azkenik lurrean atseden hartzea. Spinozak harri hori bezala ikusten du jendea. Askatasunaren ilusioa dugu, determinatzen gaituzten kausak ez baititugu ezagutzen. Guztia bageneki, zehazki ezagutuko genuke hiltzailea biktima hiltzera derrigortu duen kausen eta ondorioen katea, hilketa halabeharrak ekarri duela ohartuko ginateke.

Markos Zapiain 2009/03/02

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
José Basarri Onaindía Jozulin, 2012/01/28
Eman ta zabal zazu Markos Zapiain, 2012/01/25
alua oier g, 2012/01/24
bakotxa bere lekuan oier g, 2012/01/14
+1 azken esaldi horri Gorka Bereziartua, 2012/01/14
Azken sarrerak
Tanpax 2012/02/04
Sarrionaindia 2012/01/23
Etiketa lainoa
bermeo etakideen ametsak globalizazioaz irun kalakakoak liburuak eta idazleak