Mugikorra: ikasle histerikoa eta perbertsoa
Irakasleontzat askoz ere erosoagoa baita ikasle triste eta mutua alai jostaria baino, gero ideologikoki pozaren alde egon zaitezkeen arren.
Halatan, eta mugikorra kontuan hartuz, ikastetxera moldatu behar bortxazko horren ondorioz, talde bitan sailka litezke ikasleak: batetik histerikoak; bestetik perbertsoak.
Ikasle histerikoak ikastetxeak dakarren botere harremana onartu eta onarpen hori muturreraino darama. Bada onarpen mota bat biziki kezkatzen duena onarpen horren bila zebilena. Edozein histerikok bezalaxe, ikasle histerikoak harreman zuzena bilatzen du maisuarekin. Maisuarekin elkartu nahi du, ondoren menperatu eta maisuaren errege edo erregina bilakatzeko. Ikasle histerikoari mugikorra ez zaio gehiegi axola, garrantzitsuagoa zaio irakaslearen gain izan dezakeen agintea ziurtatzea, edozein bidetatik: irakaslearen arretaz jabetzea, irakaslearen ametsetan sartzea eta irakaslea akaparatzea. Hau da nota 10eraino altxa diezaion tematzen den ikaslea, nahiz 9 atera.
Aldiz, ikasle perbertsoaren erantzuna erakundearen larderiaren aurrean autistagoa da, ez da inplikatzen. Nota ez zaio larregi axola, aski zaio aprobatzen joatea. Irakasleak bere bihotzeko segapotoarekin bakean utz dezan nahi du oroz lehen. Zeharo bat eginik bizi baita psparekin, gamearekin, playarekin, mugikoarrarekin, eta beretzat irakaslea nola edo hala saihestu beharreko mamu mehatxatzaile gisako bat izaten da, masturbazioaren ordezko den bere jolasik gogokoenaren ttiki-ttaka ttiki-ttaka deliziosa etetera datorren tirano gogaikarria.
Materialismo dialektikoaren adibide bi
Marxen pentsamenduaren hiru iturri nagusiak izan omen ziren: batetik alemaniar Idealismoa, batik bat Hegel, azterketa sakonen zale eta zenbait interpretazio aski kontserbatzaile eragin zituena; bestetik Saint-Simon eta Proudhon bezalako frantziar iraultzaileak, soberakinak eta oro har zaharkiturikoa lehenbailehen suntsitzearen aldekoak; eta azkenik ingeles ekonomistak, David Ricardo eta Adam Smith, iraultzaren eta eskuinaren arteko nolabaiteko bitartekaritzaren bila zebiltzanak, Estatuaren eta sozietatearen arteko kontraesanak liberalismoaren bidez orekatzea helburu.
Zizeken ustez, hiru herri desberdin ditugu hor, hiru kultur adierazpen desberdin sortu dituztenak.
Alabaina, kultur oinarri horren araberakoak sortu dituzte orobat komunak.
Alemanian, batez ere Ekialdean, Poloniarantz, kaka egin ondoren komunak aurrean jartzen dizkizu mokordoak, azterketa sakon bat ahalbidetuz, xixareak ote dituzun eta abar. Soilik gero egin diezaiokezu tira bonbari.
Frantziarrek berriz hor atzean komuneko zuloan di-da aienatzen dute ustela, modu iraultzailean, gillotinazko ekintza lehen mailakoa dela adieraziz bezala, eta hausnarketa bigarren mailakoa baino ez.
Ingelesek azkenik, Euskal Herriko hegoaldean bezala, kaka beheko uretan flotatzen uzten dute, halako eraz non nahi izanez gero aztertzeko aukera ematen dizun, baina halaber ikusi behar izan gabe desagerrarazteko aukera, uharteetako pragmatismoaren ildotik, sarritan ibiltzen baikara presaz.
Bigarren adibidea txiste matxista bat da, amodioari dagokio eta erabiltzen zen Leninen lelo ezaguna, "ikasi, ikasi, ikasi", ilustratzeko. Hemen Marx tesia litzateke, Engels antitesia eta Lenin sintesia.
Ohituretan burges eta biktoriar zen Marxi galdetu zioten zein den garrantzitsuagoa, emaztea ala amorantea. Marxentzat emaztea.
Engels eskuzabal, ameslari eta poetagoarentzat, ostera, amorantea.
Eta Leninek bai emaztea eta bai amorantea biak direla ezinbesteko sintetizatu zuen, tesia eta antitesia gaindituz: biak edukita, izan ere, emazteari sinetsaraz diezaiokezu amorantearengana zoazela, eta aldi berean amoranteari emaztearengana.
Ordea, benetan bakar-bakarrik joango zara zeure txokora. Eta zer egingo duzu bertan?
Ikasi, ikasi eta ikasi.
Portu eta Lupiañez
Bestalde, erabaki berri dute Institutuetan aurrerantzean Herritartasuna eta Giza Eskubideak irakatsi beharko ditugula. Gero, Rubalcabak legea zorrozki ezarriko duela adierazi du: Igor Portu eta Gorka Lupiañez txikitu dituzte. Eta Rubalcabak torturatzaileen aitzakiak, gezur ebidenteak, onartu eta zuritu ditu.
Zerk definitzen du hobeki Espainia, masailekoaren debekuak ala tortura sistematikoak eta torturatzeko agintarien baimenak eta bultzadak? Taoistak erantzungo lukeenez, aldi berean biak beharbada: txanpon beraren aurkia eta ifrentzua lirateke, herriko plaza argitsua eta estoldak.
Baina halako batean estoldak eta argiak bat egingo balute, Brunete mediatikoaren ezkutatze kriminalaren despit? Nola irudika liteke?
Honelako zerbait: gobernuburutza lortzeko, botoak ez dira aski. Berdintsuegi dabiltza Zapatero eta Raxoi. Ordalia bat beharko genuke.
Hots, Santiago Bernabeun, telebista guztien aurrean, Raxoiren eta Zapateroren arteko lehia, ea zeinek luzaroago estatu sekreturen bati eutsi. Porturi zein Lupiañezi egin dietena Zapaterori eta Raxoiri egin, eta kantatu barik tinkoen eutsiko liokeena, huraxe presidente.
Jainkoak nahi ez dezala, noski, giza eskubideak errespetatu behar baitira.
Jipoi alaia eta tsantsa
Boladan dago aspaldion harritu eta eskandalizatu plantak egitea gaurko nerabeen jipoiak direla eta. Hori kopeta gurea. Arazoa erlatibizatzeko gure gaztaroaz oroitzea aski ez balitz, hor dugu giza historia osoa, erlijio guztien sorrera, literatura… Horietan guztietan jarduera nagusietako bat lintxamendua izan da. René Girarden ustez lintxamendua da edozein gizarteren funtsa eta oinarria, eta edozein erlijiorena.
Ezagutzen ditugun izkribu politikorik zaharrenek etengabe adierazten dituzte honelakoak: “Gazteak begirunea galtzen ari dira, betiko balioez trufatzen dira, ohitura txukunak galbidean daude, ez dago helduenganako errespeturik...” Peter Sloterdijkek oroitarazi duenez, Antzinako Egipton etengabe salatzen zuten morala usteltzen ari zela, orobat mintzatzeko modu jatorra eta oro har hizkuntza. Era berean, hasierako taoismoaren hainbat testuk degradazioaren historia unibertsala dute hizpide. Juduen testu profetiko zahar askok ere gero eta okerrago gabiltzala gaztigatzen dute, eta endekatze honek ez duela irtenbiderik. Platon berdintsu. Dirudienez, aldatzen ez dena sentsazio horixe da, gazteek pikutara garamatzatela.
Gaur egungo gazteak ez dira gu baino bortitzagoak. Beren jipoiketen berri gehiago dugu batetik segapotoak eta internet dauzkagulako, eta bestetik gero eta biztanle gehiago garelako. Biztanleen ugaltzearen araberakoa da lintxamenduen eta lintxamenduen berrien ugaltzea.
Jipoi zoriontsua, zartako alaia, ez da fenomeno berria. Krudelkeria gizateria baino zaharragoa da. Berriki arte ezin izan dugu irudikatu ere egin, ankerkeriaren batek apaindu gabeko jairik. Festa eta ondo pasatze guztien derrigorrezko osagai izan da hildura. Hain zuzen, Ekuador inguruan bizi diren jibaro indiarrek, etsaien buruzagiaren burua ebaki eta jai giroan laranja baten tamaina hartzeraino murrizteari, “tsantsa” deritzote.
