Hemen zaude: Hasiera Blogak Teknosexua webgintza

Teknosexua

webgintza

Etorkizuneko SEO-a azpiegitura omen da

Bilbon nago, Search Congress Bilbao hitzaldietan. Atzo mintegien eguna izan zen eta gaur kongresua bera.

Atzo Javier Casares-en hitzaldian egon nintzen: El próximo SEO: la infraestructura.

Javierren teoria da gaur egun gehienok gauzak ongi egiten ditugula SEO aldetik. Orduan, desberdintzeko hurrengo pausoaren bila jarraitu behar dugula, eta hurrengo pausoa beretzat, abiadura eta perfekzio teknikoa dela. Hau da, zerbitzariak ongi konfiguratzea, webguneak azkar erantzutea, redirekziorik ez edukitzea eta abar. Hainbeste sinesten du gai honetan, bere datacenter propioa sortzen hasi dela!

Hor badugu zer hobetu egia esan. Merezi du Javierren aurkezpena ikustea, informazio gehiena hor dago, bere webgunean jarrita.

Gari Araolaza 2010/01/29

Español ala Castellano?

Webguneak sortzen gabiltzanoi beti ateratzen digute eztabaida. Hizkuntza aukerak jarri behar izaten ditugu, webgunearen bertsioetara lotuta. Baina nola deitu gaztelaniari?

Hizkuntza bakoitza, bakoitzaren hizkuntzan

Hori da lehenengo erregela. Norberak bere hizkuntza azkar aurkitzeko komeni da bere hizkuntzan azaltzea. Ez dugu jarriko:

Ingelesa | Frantsesa | Gaztelania | Alemana | Euskara

Baizik eta:

English | Français | Español | Deutsch | Euskara

Elementu gutxi direnean ordenak ez du gehiegi axola. Bakoitzak bere hizkuntza azkar aurkituko du.

Erregela honen salbuespena da hizkuntza aukera asko dauzkagunean. Kasu horretan komeni da hizkuntza guztien izenak hizkuntza bakarrean egotea eta alfabetikoki ordenatzea, erraz aurkitu ahal izateko.

Español da izen internazionala

Español eta castellano hitzak baliokideak dira, sinonimoak. Aldiz, joan hegoameriketako edozein tokitara eta ikusiko duzu nola denek español esaten duten, berdin Mexicon edo AEBn. Europan zehar ere gaztelania ikasteko "Clases de Español" irakurtzen duzu han eta hemen.

Badirudi beraz munduan zehar español dela hitza, eta bihotzari begiratu gabe horixe da termino neutroena. Hizkuntza aukera hauek egitean ideologia alde batetara utzi beharko genuke, baina jarraituko dugu pentsatzen: ideologiari begiratzen badiogu?

Ikuspegi abertzale espainola

Hemen zalantza gutxi dago. Espainol sentitzen direnek uste dut nahiago dutela España eta español hitzak erabiltzea. España, España! esaten dute libre sentitzen direnean futbol partiduetan eta la defensa del español manifestuetan.

España integradora

Castellano hitza bultzatzea Espainia integratzeko saiakeretan kokatzen dut nik, edo hala azaldu zigun gutxienez batxilergoko Lengua y Literatura Española ikasgaiko irakasleak,  "ya que el catalán, el gallego y el vascuence también son lenguas españolas". Gure burua ez gutxiesteko eta Espainian integratuak senti arazteko castellano hitzaren erabilpena bultzatu omen zen.

Ikuspegi abertzalea

Aldiz, ikuspegi abertzaletik lotsa edo beldur bat sentitzen da España eta español hitzen inguruan, batez ere ikuspegi abertzale basko edo ez euskaldunetik. "En el resto del estado" edo "castellano" bezalakoak ia derrigorrezkoak dirudite Radio Euskadin edo ETB2an. Vaya Semanitakoak ere egin zituzten horren inguruko txisteak.

Baina zergatik lotsa edo errezelo hau? Ikuspegi abertzale batetik oraindik zentzu gehiago luke España eta español hitzak erabiltzeak, kanpoko zerbait, gurekin loturarik ez duena izendatu ahal izateko, ez?

Are gehiago ikuspegi abertzalea euskalduna bada: gure hizkuntza euskara da, eta menu batean español hitzean klik egiten duenak berak izango du (norbaitek izatekotan) konplexu edo lotsa apurra, ez? Zenbat eta abertzale erradikalagoa izan, orduan eta lotsa gutxiago eman beharko luke español hitza erabiltzeak. Norbait lotsatzen bada, berak jakingo du zergatik lotsatzen den eta zergatik nahiago duen castellano hitz itxuraz neutroagoa.

 

Ondorioz, aukera garbi daukat nik eta horixe erabiltzen dugu:  ESPAÑOL da erabili beharreko hitza.
Gari Araolaza 2009/05/07

Segmentazioa: estatistikak zatitzen

Uztailean idatzi nuen webgune batetara sartu eta hurrengo 10 segunduen inguruan. Luistxok kontraesana azaleratu zidan, eta arrazoia zuen.

Emango dizkiozu 10 segundu artikulu honi? izena zuen artikuluak, aurrez irakurri nahi baduzu.

Luistxok azaleratzen duenaren arrazoia segmentazio ezan datza. Hara non, ni ere adibidea ematerakoan jeneralizazioaren tranpan erori nintzen! Izan ere, eibar.org ez da webgune homogeneo bat (ba ote dago munduan benetan homogeneoa den zerbait?), eta oso idazle eta irakurle desberdinak izan ditzazkegu.

Batetik (adibidez), Volgako batelarien jarraitzaile finak. Jende ilustratua eta irakurtzeko gogoz iristen dena. Irakurlego fidela gehienetan. Testuak sakonki irakurtzen dituzte eta hortik zenbakiak.

Bestetik (adibidez), Erralen parakaidistak, "mi nombre en japones" Googlen bilatu eta bertaratzen direnak. Horiek denbora gutxi egingo dute webgunean, okerreko tokira iritsi direla ikusten dutenean.

Orduan, garbi dago eduki eta bisitari hain desberdinak izanda, portaera ere desberdina izango dela normalean.

Segmentazioaren garrantzia

Interneteko analitikan dabiltzan aditu guztiek errepikatzen duten leloa: edozein datu aztertzean segmentazioaren garrantzia.

Demagun webgune batetan 20 eta 60 urteko pertsonen bisitak identifikatzen ditugula (erabiltzaileen adina jakin ahal izango bagenu, noski. Oraingoz ezin da)

Webguneak bete beharko ditu batetik 20 urtekoen beharrak, eta bestetik 60 urtekoenak. Baina inolaz ere egingo ez genukeena da, 40 urtekoentzako webgune bat, "media" hori delakoan.

Beraz, datuak aztertu, ondorioak atera eta egin beharrekoa planteatzean, onena bi taldeak bereizi eta bakoitzarentzat soluzio espezifikoa aurkitzea.

Niri ez badidazue sinesten, irakurri Avinashi: Segment absolutely everything

Gari Araolaza 2008/10/02

Emango dizkiozu 10 segundu artikulu honi?

Webgune honetako bisitarien %73-ak, 10 segundu baino lehenago egiten du ospa. Pantaila apur bat ikusi eta... agur!

Bouncing eibar.org-en

Webgune honetara iritsi, gainetik begiratu eta ez zaie interesatzen. Ospa!  Gainera, erabakia 10 segundu baino gutxiagotan hartzen dute. Zure webguneko estatistika sistemak Bouncing rate edo Porcentaje de rebote datua ematen badizu, horri begiratu. Hori esan nahi du zifra horrek.

Eibar.org-en kasuan, zifra hori % 73-an dago, eta egia esan, nahiko zifra arrunta da, beste edozein webgunetakoa bezalakoa.

Interneten oso azkar goaz Googleko emaitza batetik bestera klik eginez. Ez dugu pazientziarik. Horregatik dira hain garrantzitsuak adibidez:

  • Metaforarik ez, zuzenean eman ideia nagusia eta erabili hitz argienak.
  • Hitz gutxirekin adierazi esan beharrekoa.
  • Dokumentuak egituratu, izenburu, zerrendak eta loturekin.
  • Erabili irudi eta argazki lagungarriak. Gustoarekin eta itxura profesionalarekin. Argazki kutrerik ez!

Guk Google Analytics erabiltzen dugu estatistika sistema moduan. Hurrengo batean azalduko dut nola erabili Google Analytics Bouncing rate hau gutxitzeko.

Irakurtzeko: La navegación impaciente, Eduardo Manchón

Gari Araolaza 2008/07/16

Robotak: maitasuna eta gorrotoa

Bilatzaileen robotetaz ari naiz, sareko web orri guztiak bisitatzen dituzten horietaz. Beharrezkoak dira, baina arazo asko sortzen dituzte ere.

Azken bi egunetan webgune hau askoz hobeto dabil, ez dakit nabaritu duzuen. Plonera pasatu ginenetik errendimendu arazo handiak izan ditugu. Kontua da lehendik eduki asko zegoela, blog asko, sarrera asko, eta blog bakoitzak etiketa asko. Horrek orri kopuruan eragiten du. Googlek 18.000 orri baino gehiago indexatuta ditu eibar.org webgunean eta hori, sarbidea mugatuta dugula toki askotara!

Eta Google ez da bakarra. Yahoo dago, eta MSN, eta Nsyght, Yodao, Gigablast, Kilomonkey eta ezagutzen ez ditugun beste ehundaka bilatzaile. Bakoitzak bere BOT-a (roBOT) dauka, etengabe webguneetan nabigatzen ari diren programa batzuk, dena irakurri eta indexatzeko. Klik egile nekaezinak dira robot hauek. Googleren robotak Googlebot izena du adibidez, eta Yahoorenak Slurp.

Denek jakin nahi dute zer dagoen Eibar.org-en, beraien emaitzetan erakusteko. Horrek ikaragarrizko karga eragiten du webgunean, jo ta su ari bait da zerbitzaria, edukia bilatzaileentzat prestatzen. Kontutan izan webguneko elementu guztiak direla dinamikoak, eskatzen diren momentuan sortzen direnak.

Soluzioak badaude eta Erralek martxan jarrita ditu, Squid bezalako katxe kudeatzaileak adibidez. Squid-ek webguneko elementuak gordetzen ditu, berriz sortu beharrik ez izateko. Kontua da bilatzaile hauek ez dabiltzala orri bisitatuenetan, portadan erakusten direnetan bakarrik. Barru-barruan sartzen dira, lotura absurduenean ere klik eginez, eta hori absurdua denez, inork ez du lehenago bisitatu, eta ez da katxean egoten.

robots.txt, soluzio radikala

Herenegun erabaki genuen modu tenporalean behintzat robotei sarrera debekatzea. Horretarako robots.txt fitxategia erabiltzen da. Fitxategi horretan robotei esaten diegu webgunearen zein zatitan sartu daitezkeen eta zeinetan ez. Hau ez da erabiltzaile arrunten aukera bat, webguneen administratzaileen esku dagoena baizik. robots.txt fitxategiak egiten ikasi hemen

Azkar nabaritu dugu eragina. Atzo eta gaur ondo nabigatu daiteke webgune honetan. Hau beste gauza bat da.

Baina, bizi gaitezke robotik gabe?

Ez dut uste. Beharrezkoak dira. Jendea Googlera joan eta bilaketa egiten du, eta zure webgunea ez badu aurkitzen, ez zara existitzen. Beraz, robots.txt-a aldatu eta gaurtik aurrera Googleri sartzen utzi diogu. Izan ere Google bidez dator webgune honetako bisitarien erdia, eta beste webgune batzuetan ehuneko hau oraindik handiagoa da.

Ez zaigu neurria gustatzen, Interneten neutralitatearen aurka doa eta. Baina momentu honetan beste soluziorik ez dugu, eta hau ere nahikoa izango den ezin dugu jakin. Ikusiko dugu egun pare batean nola doan gauza, eta epe ertainean jarraitu beharko dugu soluzio bila.

Bisitariok nabaritu duzue aldaketa?

Gari Araolaza 2008/05/16

Nola egin loturak (edo onsa loçeco bidia)

Lotura bat egiten dugun bakoitzean boto bat ematen ari gara, gero Googlek kontutan izango duena. Baina badakigu nola egin behar diren loturak?

Lotura bat egiten dugun bakoitzean sarea antolatzen ari gara, baita konturatu gabe ere.  Lotura batekin bisitariak orrialde berri batetara bideratzen ditugu, baina bilatzaileentzat (batez ere Googlerentzat) lotura batek ideia-asoziazio baten informazioa ematen du.

Adibidez. nik ondoko lotura egiten badut blogean:

Bihurri da aizkolari indartsuena

Zein informazio jasoko du Googlek?  Besteak beste,  aizkolari indartsuena = bihurri.com dela esaten dudala nik. Agian, jende kopuru jakin batek hitz berdinekin lotzen badu, azkenean Googlera joan eta aizkolari indartsuena hitzak bilatuz gero, Bihurri.com webgunera eramango gaitu Googlek.

Sistema hau erabiltzen da Google Bombing-ak egiteko. Jende askoren artean nahiko azkar engainatu bait daiteke Google.

Aldiz, beste modu batetara egingo banu lotura, adibidez:

Bihurri da aizkolari indartsuena

Hor, ez diogu Googleri informazio berririk ematen. Agian zerbait bai, Bihurri hitza aizkolari indartsuena hitzengandik gertu dago eta Googlekoak tontoak ez dira eta badakite bilatzailea programatzen, horrelako gauzak kontutan izan ditzan. Baina garbi dago lehenengo modua askoz zuzenagoa eta balio gehiagokoa dela.

Inolaz ere erabili behar ez diren loturak dira honen motatakoak:

Bihurri aizkolariaren inguruko informazio guztia jasotzeko klik egin hemen

Oso informazio gutxi ematen bait du lotura horrek.

Euskararaz ari garenean, deklinazioa da kontutan hartu beharreko beste zerbait. Baliteke lotura jartzean guk hitza deklinatuta jartzea, baina gero bilaketetan erabiltzaileek ez dute deklinabide forma arrarorik jarriko. Egia esan behar badizuet, oso sarri esaldia aldatu izan dut hitza deklinatu gabe jartzeko (edo gutxienez mugatu singularrean besterik gabe). Adibidez:

"Saguestik Haize-orrazirainoko ibilbidea"  jarri beharrean

"Ibilbidea Donostian, Sagues eta haize-orrazia artean"

Hau dena zertarako?

Zure blog edo webgunean egingo dituzu loturak, ez? Zure loturek efektu handiagoa izan dezaten, garrantzitsua da hau kontutan izatea, Googlen modu argiagoan indexatuta egoteko eta bisita gehiago edukitzeko (zuk edo lotzen duzun webguneak, noski).

Gai hau oso garrantzitsua da SEO lanetan dabiltzanentzat. SEO da Search Engine Optimization edo bilatzaileetako optimizazioa. Enpresa espezialduak daude horretan lanean, baina norberak  kontutan izanez gero, emaitza oso onak lor daitezke.

Agian ikuspegi motza du artikulu honek, lotura batek gauza askotarako balio bait du, ez bakarrik marketing helburuetarako, baina aholku hauek berdin balio dute norberaren gustorako egiten ari garen orrialde batetarako.

Aurretik ere asko idatzi da gaiaren inguruan, adibidez, El arte de enlazar correctamente . Nik ere teoria ongi dakit, baina oso sarri alferkeriaz ez ditut nahiko lotura ematen eta sarritan ez dut ongi egiten, baina saiatuko naiz!

OpenSocial - Behin bakarrik eman izena

Facebook-ek erakarri ninduen arrazoi berdinagatik ekarri nahi dut hona OpenSocial .

Gehiena gaur goizean azaldu dut Euskadi Irratian . Fidatuko gara?

Gari Araolaza 2007/11/02

Ez behartu loturak leiho berrian

Mesedez, web garatzaile eta eduki kudeatzaileei eskaera: ez zabaldu loturak nabigatzailearen leiho berri batean, ez egin target="_blank" .

Zergatik?

  • Erabiltzaile aurreratuek, beraiek erabakitzen dute noiz zabaldu leiho berri bat, eta normalean ez da leiho berria izaten, fitxa bat baizik (Firefox-ekoa eta azkenaldian Internet Exploderrak ere).
  • Oinarrizko erabiltzaileen kasuan, gehienek ez dakite Windowsen bi aplikazio batera irekitzeko modurik dagoenik ere, ez dakite atazen barran klik egin eta Word-etik Excelera pasatzen. Erabiltzaile horiei leiho berri bat zabaltzeak nahastea bakarrik sortzen die. Askotan leiho berriak zaharra osorik estaltzen du eta atzerako botoia galtzen dute (estatistiken arabera Atzera botoia omen da Interneteko erabiltzaile arrunt batek egindako kliken %50a)

Honen atzean nire ustez garbi dago kontrolaren kontua. Telebistan programa bat ikusten hasi eta daukagun aukera bakarra kanala aldatzea da. Sarean guk daukagu kontrol osoa eta guk aukeratzen dugu zein kanal (webgune) erabili nahi ditugun eta zein ordenetan joango garen webgune barruan eta bai noiz aldatzen dugun. Zergatik behartu erabiltzaile bat leiho berria zabaltzera?

Asko entzuten dudan beste arrazoi bat da "baina erabiltzaileak nire webgunetik joango dira eta ez dira itzuliko". Hau ez da horrela. Atzera botoiari klik eginez erraz iritsiko da jatorrira erabiltzaile arrunta.

Bestalde, zer ari zara erabiltzailea zure webgunera lotu nahian? Nahi badu joango da eta ez da inoiz itzuliko, eta nahi badu egunero etorriko da zure webgunera. Horixe da Interneten abantailetako bat erabiltzaileentzat. Ez daude zure webgunera lotuta eta zuk lana egin beharko duzu berriz etorri daitezen. Zure zerbitzua edo edukiak interesgarriak diren neurrian itzuliko dira. Mugaraino eramanda galdera tranposoa (baina pixka bat pentsatu): Googleren bilaketa emaitzak automatikoki leiho berri batean zabaltzen dira?

Oraindik okerragoa da leiho berri bat zabaldu, eta gainera JavaScript bidez leihoaren tamaina zehaztea, a posteriori (ez jatorriko orrian). Horrek eragiten dit adibidez efektu oso desatsegina Eitb.com-en webgunean, bideo bat ikusi edo audio bat entzutera noanean, Firefox osoa aldatzen bait dit tamaina berri horretara.

Salbuespenak:

Beti bezala, zenbait salbuespen badaude:

  • PDF, Word eta antzerako dokumentuetara loturak: Hauek bai, komeni da leiho berrian zabaltzea, nabigatzailea ez diren beste aplikazioak zabaltzen dituztelako, eta askotan dokumentua irakurri eta ixtean nabigatzailea itxi dezakegulako. Akabo Atzera botoia eta ingurunea.
  • Lotutako webgunea mahaigaineko aplikazio baten antzekoa denean. Hau da adibidez GMail edo Google docs-en kasua. Mahaigaineko aplikazio baten antzekoa zabaltzen ari gara kasu honetan.

...eta publizitatea (bannerrak) nire ustez ez dira salbuespena.

Eguneraketa: Hemen gaiarekin lotutako loturak Links in new window

Hau nire blog pertsonala da eta noizean behin iritziak ematen ditut. Ados ez bazaude eta eztabaidatzeko gogoz, gustora irakurriko dut, baina mesedez, ez haserretu. Ez dago inorengana pertsonalki zuzenduta. (Hau esan beharrik ere ez litzateke egon behar)

Gari Araolaza 2007/06/15

Banner ikustezinak

Webguneak egiten ari garenoi sarritan egiten diguten eskaera da: Aizu, portadan jarri banner edo irudi adierazgarri bat, jendea halako zerbitzura bideratzeko. (Guk kromoak deitzen diegu horiei)

Alferrik. Internetera pixka bat ohituta dagoenak ez ditu banner asko ikusten. Zerebroa horrelako publizitatera ohitu zaigu eta normalean ez diegu kasurik egiten. Hau ez da berria, hemen irakurri dezakezue Ceguera a los banners edo Loquoren kasuan gertatu zitzaiena, Best practices de un desarrollo; Loquo.com

Frogatu dugun azkena, medikuarekin hitzordua hartzeko Osanet-en zerbitzu berrian . Lantokian komentatu dugu eta han ibili gara berari begira:

Osanet-eko pantallazoa

Sinetsiko didazue esaten badizuet bi lankidek ez zekitela non klik egin behar zen medikuarekin hitzordua hartzeko? Ba, horrela da, eta oso sarri gertatzen zaigu horrelako galderak jasotzea.

Badirudi zerbitzua antolatu dutenak ere ez direla egindako soluzioarekin gustora gelditu, Klik egin eta... jarri behar izan bait dute jendeak zer egin behar zen uler zezan. Nik horrelako azalpen bat ikusten dudanean (Klik egin hemen edo ondorengo pausoak jarraitu behar dituzu) konturatzen naiz webgunea pentsatu duenak ez duela lortu sistema erraza egitea.

Izan ere, zein azalpen behar du ondoko honek?

Zure medikuarekin hitzordua egin

Gari Araolaza 2006/10/27

Mikroformatuen egilea

Blog honetako komentarioetan jarri digute Kingston Hiria blogekoek hCalendar kodea sortzeko tresnarako lotura, euskaraz gainera!

Merezi du azaleratzeak:

hCalendar egilea

Gari Araolaza 2006/06/14

Gari Araolaza

Teknosexualak ez gara hain euskaldun arraroak: Tekno asko eta sexu gutxi.

 

Honi buruz
Podcast
Kontaktua
Artxiboa
Edukiaren lizentzia ( CC by-sa/2.0)
RSS 2.0 jarioa
Erantzunen RSS jarioa
Azken erantzunak
ah birtualitatea! Moli, 2010/02/27
Programa erabilgarrixa Markel, 2010/02/18
Eskerrik asko zuri! Gari, 2010/01/29
Eskerrak Moli, 2010/01/29
1968? Amatiño, 2010/01/26
Etiketa lainoa
CodeSyntax administrazioa analytics ardoa argazkiak audientziak audio basque bidebarrieta bideoak bilatzaileak bittorrent bizikleta bizitza blogak brikolajea buletina codesyntax copyleft copyright creativecommons curriculum debabarrena dokumentalak donostia drm e-gizartea e-posta egile eskubidea egunkaria eguraldia eibar eibarorg elektronika elgeta elgoibar elurra espaloia estatistika estatistikak etb etb2 euskadiko kutxa euskal aberia euskal-herria euskaltel euskara eusko-jaurlaritza facebook gabonak games gatibu gaztelera geek geo geocaching gimp gitarra google gps haurrak hezkuntza hifi howto ikastaroak informatika internet iratxe_molinuevo irratia irteera itoiz itsasoa itunes japonia jatetxea jatetxeak jokoak kontzertuak kuriositateak lana lau truku mapa mapak mapping microformats microsoft motorra mqp music musika mutriku negozioak obrak openstreetmap ordenagailua osasuna osm p2p papel papera pdf photoshop plano plone politika posizionamentua pribatutasuna publizitatea radio_euskadi rss san-sebastian sarea segurtasuna semantic-web seo software librea software-librea spam sysadmin tagzania telebista telebista tv p2p telemarketing tomtom turismoa tv twitter txangoa txinatarrak txistea txoriak ueu umeak umeekin umorea vizcaino webgintza where2007 wikipedia worldploneday worldploneday2008 youtube zuzenbidea