Teknosexua
umeekin
Motxo barkua ikusteko
Umeekin ikusteko "atrakzio" erakargarria da hondoratutako barku bat. Post funtzionala, beste kontsideraziotan sartu gabe, nola iritsi bertara.
Motxo barkua Baratzazaurre izeneko tokian gelditu da, Zumaia eta Deba artean, baina Debako terreno aurrean. Zehazki hemen dago:
B5M zerbitzuaren webgunean badago Baratzazarrak izeneko toki bat. Uste dut bertara iristeko bide egokiena dela. Baina bi aukera proposatuko ditut:
Elorrixatik
Elorriaga edo Elorrixara, Zumaiatik Itziarrera goazela txatarreria alboko eskumarako bidegurutzea hartuta iristen gara. Debako auzo honetan bizpahiru jatetxe eta sagardotegi bat daude. Errepidearen bukaeran picnic gune polita, komun eta guzti. Zuhaitzik ez dagoenez ez da izaten toki erosoa egun eguzkitsu eta haizetsuetarako. Hor aparkatu kotxea. Aurre-aurrean izan arren hortik ez da barkurik ikusiko.
Nik ez dut hortik kostarako bidea ezagutzen, baina B5M-ren webgunean pista dagoela ikusten da. hori bai, aldapa handia izango duela dudarik ez. Agian gogorra da bidea, baina barkua bertan ikusi ahal izango dugu.
Sakonetatik
Hau umeekin ibilaldi polita egiteko egokiagoa da. Kilometro bateko ibilbidea, (20 minutu) lasaia eta polita. Baina barkua nahiko urrun ikusten da, txiki-txiki, Hala ere naturaren aldetik izugarrizko toki polita da, eta agian horrek konpentsatuko dizue barkua hain ondo ez ikustea.
Hona joateko, autoa Errota-Berri landaetxe-jatetxean aparkatu behar da. OpenStreetMap-en ongi mapeatuta dago errepidetik haraino hartu beharreko pista, eta baita Errotaberritik kostalderainokoa. Hona hemen Errota-Berri eta Sakonetako mapa.
Bazkaltzeko, inguruko edozein toki da gomendagarria: Errota-Berri bera, Urberu sagardotegia, edo Elorrixa inguruko taberna-jatetxeak ere.
Zelaieta taberna Mutrikun
Propaganda mezu bat tokatzen da gaurkoan Teknosexuan. Ez didate ordaindu, eta ez dut entxuferik han. Tokia asko gustatzen zait, besterik gabe.
Atzo arratsaldean kafe bat hartzera igo ginen Olatzera, Zelaieta tabernara. Hainbeste eguraldi on ondoren atzokoa nahiko egun txepela tokatu zen, baina han kanpoan jarrita egoteak merezi zuen. Egia esan Olatzen fan handia naiz.
Olatz Mutrikuko bailara da. Mutrikutik Ondarrurako bidean goazela, herritik irten bezain laster ezkerretara doan errepidea hartu eta 3 edo 4 kilometro ondoren iritsiko gara. Lauzpabost baserri sakabanatuta, ermita txiki bat eta bi jatetxe aurkituko ditugu, Zelaieta Taberna eta Olatz.
Santiago bidea bertatik pasatzen da Arno alderako bidean, eta inguruan zaldiak eta ganadu ugari dago, baita zezentxoak ere. Pasiara bat emateko toki polita da.
Guri asko gustatzen zaigu Zelaieta Taberna. Ez da oso handia, baina barruko jangelaz gain kanpoan bi mahai jartzen dituzte toldo azpian, eta zoragarri bazkaltzen da udan. Gainera aurrean bertatik bertara parke txiki bat du, umeak lasai ibiltzeko moduan.
Urtean zehar asteburuetan bakarrik zabaltzen dute. Uztaila eta abuztuan astean zehar ere, baina komeni da zabaldu behar duten aurretik galdetzea. Normalean 18 Euroko menu goxoa izaten dute, Zelaieta entsalada epela (txibi eta guzti) guztiz gomendagarria da, baita postreak ere. Badaezpada ere, aurretik deitu.
Telefonoa: 943 60 45 95
