Teknosexua
telebista
Benetan hobeto ikusten da pantaila lau horietan?
Marketingak gauza bat saltzen digu, eta gehienok erosi egiten dugu horren arabera. Azkenaldian arraroa da pantaila lau horietako bat erosi ez duena. Baina hobera goaz?
Telebistaren tamaina aldetik zalantzarik ez. LCD eta Plasma telebista berri horiek prezio berdinean handiagoak dira, eta toki gutxiago behar dute (meheagoak noski) Kontsumo elektriko aldetik ere esango nuke berriek gutxiago kontsumitzen dutela. Ez dut datu zehatzik irakurri, baina elektronikaz dakidanagatik horrela behar luke behintzat.
Baina irudiaren kalitatearen aldetik?
Normalean jendeak ez dio kalitateari arreta gehiegirik jartzen. Badaude ni bezalako pijoak, baina normalean ez. Oso sarri ikusten ditut izugarrizko telebistak irudiaren proportzioa gaizki ezarrita, jendea potolo-potolo eta garaieraz txiki ikusten dira. Hori horrela bada, pentsa koloreen definizioaz edo bereizmenaz zer pentsatzen duten! Zer esanik ez kalean DVD pirata horietako bat erosi eta lasai-lasai errusiako zine batean grabatutako screenerrak ikusten dituztenak.
Baina orain arte telebista lau batean ikusteko aukera izan dudanean, beti iruditu zait etxeko CRT telebistarena baino irudi kalitate okerragoa zuela. Agian telebista analogikoa ematen ari ziren, edo LTD-ak ez zuen seinalea ongi hartzen, edo auskalo, baina horrela izan da. Egia esan behar badut Eibarko Corte Inglesean Blue-Ray baten demoarekin egoten da telebista handi bat, eta izugarri ongi ikusten da! Baina noski, Blue-Ray bati lotuta!
Orduan, LCD telebista eder bat eta seinale digitala duzuenok, esaidazue: kalitate on-onarekin ikusten duzue telebista? Ondo ikusteko balio du prezio normaleko telebista batek ala garestiena erosi behar da?
Espoiler.tv : telebista ikusteko
Telebistarekin jarraitzen dut. Internet bidezko telebistara engantxatu naiz eta jadanik ez dut ia telebista tradizionalik ikusten.
Gainera, duela egun pare bat Espoiler.tv-rekin topo egin dut. Espoiler telebista gida bat da. Telesailen gida bat, edozein kanaletan ematen dituzten telesailak jarraitzen dituzte, edo egia esateko, AEB-tako telebista kanal horietan.
Egunero zein programa emango duten erakusten du Espoiler.tv webguneak, eta bide erraza ematen du Googlen deskargatzeko bidea aurkitzeko, eta azpitituluen webguneetan azpitituluen fitxategiak bilatzeko. Noski, telesail gehienak ingelesez dira, eta nire kasuan behintzat, oraindik azpitituluak behar ditut, nahiz eta geroz eta gehiago ulertzen dudan. Ea egunen batean azpititulurik gabe irakurtzeko gai naizen.
Lehen gauza erraza bazegoen, orain webgune honekin errazago!
Hernan Casciariren proiektua
Gidoigilea da Hernan Casciari, telebistaren munduan nahiko ezaguna, eta telebista eta blogen inguruko gauza interesgarriak idazten ditu bere blogean. Berak sortu du webgunea eta lagun batzuekin batera eguneratzen dituzte fitxa guztiak.
Nola ikusi telebista mota hau
- Bittorrent sistemarekin dabilen programaren bat behar duzu material hau saretik deskargatu ahal izateko. Windowsen Ares da azkenaldian gehien aipatzen dena. Ezarri horietako bat ordenagailuan, eta hasi filmak deskargatzen.
- Filmak normalean ingelesez datozenez, nahi baduzu azpitituluak deskargatu ditzazkezu. Espoiler webguneak ematen du horretarako aukera ere.
- Filmak azpitituluekin ikusteko, VLC programa izan daiteke egokia. Bideoa eta azpitituluen fitxategia ireki eta listo!
Azpitituluen inguruan gehiago Azpitituluak euskaraz webgunean.
The IT Crowd
Umorezko telesail ingelesak gustatzen bazaizkizu (Gazteak, Sugebeltza, Fawlty towers eta horrelakoak), hau ikusi behar duzu.
Barre asko egin dut telesail hau ikusita, aspaldian egin ez nuen bezala. Protagonistak enpresa batetako informatika departamentua dira, ingelesez I.T. (Information Technologies).
Itxura denez bi denboraldi eman dituzte Channel 4 katean, eta Espainian Canal Plusek eman omen du ere. Orain Torrent sareetan deskargatu ditzakezu bi denboraldiak, bakoitza 6 kapitulurekin: IT Crowd . Ingelesez ikusi dugu gaztelaniazko azpitituluekin, eta ondo pasatu dugu etxean!
YTB: YouTube Telebista
Euskaltelek kablearen abiadura mega batetara igo zuenetik kanal berria dugu etxean.
YTB edo YouTube telebista da, egia esan YouTube, EuskalTube edo beste edozein bideo webgune. Gai bat aukeratu, bilaketa egin eta gero erlazionatutako bideoak ikusiz orduak pasa daitezke YouTuberekin. Gure seme alabek ederki ikasi dute tresna manejatzen, pantaila osora, noski!

Argazkiak.org | Youtube telebista © cc-by-sa: garaolaza
Dinosaurioen liburu bat ikusten ari ginen eta han azaltzen ziren nola jaiotzen ziren arrautzetatik. Antzerako zerbaiten bila krokodilo baten jaiotza aurkitu nahi izan dugu YouTuben; dordokatxoak ikusi ditugu jaiotzen eta ondoren txakurkume polit-politak. Afal ondoren klasikoetara jo dugu: Chip eta Chop (edo Chip n'Dale) katagorrien ipuinak.
Nahi duzun programa, nahi duzun unean!
Pensant en els altres
Udan Bartzelonan ikusi dut izen hau duen dokumentala. Ikusten ari ginen guztiak emozionatu ginen eta gehienak negarrez bukatu.
Learning to Care edo Pensant en els altres dokumentalean Japoniako eskola batean irakasle baten hezkuntza metodoa erakusten da, zein balore erakusten dizkien haurrei, eta haurrek zein serio eta nagusitasunez erantzuten duten. Inoiz ikusi dudan dokumentalik zirraragarriena.
Bartzelonatik ekarri didate bideoa CD batean gabonetan (eskerrik asko Medin!), katalanez. Nahiko ongi ulertzen da, baina erosotasuna dela eta, bila ibili naiz gaztelaniaz edo euskaraz ea aurkitzen dudan. Jakin dut ETB2ko Mundo.Hoy telebista saioan eman zutela duela pare bat urte, baina handik erantzun didate ezin didatela beste pistarik eman.
Norbaitek bideoa katalanez ikusi nahi badu CDan daukat eta P2P tradizionalen bidez pasatuko diot. Bestela, mandoaren sareetan bilatu eta han aurkituko du. YouTuben zati txiki bat bakarrik aurkitu dut:
Euskarazko Internet telebista gida
Geroz eta euskarazko eduki gehiago dago sarean. Bideoak ere asko, baina non?
Hona hemen egin dudan bilketa. Gehiago ezagutzen badituzue, gustora gehituko ditut:
- Euskaltube - RSS
- Google Video euskaraz - RSS (YouTube-koak barne daude)
- Goiena.net - RSS
- Traperotb - RSS
- Lost in Bilbao - RSS (Gaztelaniazko jarioa da. Euskarazkoa ez dugu aurkitu)
- ...
Gehiago? Bidali eta sortuko dugu zerrenda berriago bat.

