Teknosexua
sarea
Geroz eta blogari gehiago medio tradizionaletan
Pixkanaka irabazten ari gara. Orain arte hain sarri kazetari profesionalak vs. blogari afizionatuak konparaketaren inguruan entzun behar izan dugu. Denbora asko ematen duela blog bat idazteak, endogamia dela, kuadrila edo komunitatea garen eta abar entzun ditugu.
Gauza da geroz eta blogari gehiagori deitzen digutela medio tradizionaletik. Zerrendan azkena Imamon da, eta hark osatu du zerrendatxoa . Seguru badela hor zehar gehiago, herri aldizkarietan eta abar.
Oraingoz gehienetan teknologia berrien txokoa eta antzerakoak betetzen ari gara, baina marea zabaltzen doa eta geroz eta gauza gehiagorako deitzen joango dira, bai irrati, telebista eta bai prentsatik.
Eta hori dena zergatik? zer esan badugulako, iritzia dugulako eta publikatzera ausartzen garelako, lotsa gutxi dugulako, ideiak antolatu eta kanporatzen ikasi dugulako. Agian hau dena ez da guztiz egia nire kasuan, urliarenean edo zeurean, baina denon artean ahots desberdinen korua osatzen dugu, eta balio dugu. Guk badakigu hori eta medio tradizionaletakoei erakusten ari gara.
Hacker bila gabiltza
Enpresan lan egiteko hacker euskaldunen bila gabiltza. Iniziatiba, Interneti begirako jarrera aktiboa, ordenagailu zaletasuna eta antzerakoak baloratzen ditugu. Noski, hori oinarrizko teknologiak menderatzeaz gain (ingelera, programazioa, abstrakziorako gaitasuna, RDBMak, SQL, Internet eta abar). Idatzi garaolaza abildua codesyntax puntu com helbidera.
P2P azkarra: Azureus
Normalean aMule erabiltzen dut, baina Mirok ere BitTorrent integrazioa dakarrenez, beste saio bat egin dut sistema honekin.
Azureus BitTorrent bezeroa erabili dut horretarako. Medem-en Los amantes del circulo polar 6 ordutan, Euskaltelen 300 Kbps-ko konexio batekin!
PS: Noski, nik Azureus azpimarratzen dut, baina azkarra dena BitTorrent sarea bera da, ez Azureus bezero konkretua. Beste bezero batzuekin ere seguruenez abiadura antzekoak lortuko dira.
Botoitis
Euskal Interneten proiektu askotan nahastuta nago, onerako eta txarrerako. Azkenaldian botoi bat jartzeko eskaera etorri zait bide desberdin askotatik. Botoi horrekin webgune batetako albisteak, artikuluak edo nobedadeak beste webgune batetara joango dira. Ez dut botoia jartzeko asmorik, eta iritzia eskatu didaten guztiei azaldu diet.
Ez dut nahi, beharrik ikusten ez dudalako, badudalako lehendik webgune horretara albisteak bidaltzeko ohitura, eta horretarako ez delako botoirik behar. Gainera, botoiak jartzen hasiz gero, ehunka botoi jarriko nituzke, beste hainbat webgunetakoak eta ez da plana nire bloga botoi hutsez beteta egotea.
Botoiaren benetako efektua propagandakoa da, helburu den webgunearen propaganda, eta uste dut horrek berdintasuna apurtzen duela. Zergatik jarri webgune horri propaganda eta ez beste inori?
Bestalde, webgune horren inguruan komunitate bat antolatu da, eta hara! komunitate horren partaide izateko, ditxosozko botoia jarri beharra omen dago. Eta orain arte formalki antolatu gabeko komunitate partaide sentitu garenok zer? Botoirik ez badugu jartzen, ez gara komunitate horretako partaide? Ez dugu merezi aipamenik ere ez?
Bukatzeko, ez dut zalantza izpirik ekimenaren bultzatzaileak guztiz intentzio onenarekin dabiltzala, eta merito handia dutela euskal Internet komunitatearen alde hainbeste lan egiteagatik, eta "ni pagado ni agradecido" esango dute agian. Baina begira, nire aldetik horrela ikusten dut. Noski, jarraituko dut nire burua komunitatearen barnean sentitzen eta kolaboratzen, zerrendan ateratzen ez banaiz ere.
Googlek Panoramio erosi du
Arratsaldeko atsedenetik nire aulkira itzuli naizenean Luistxo etorri zait, abisatuz Eduardo Manchon eta lagunak han zeudela, eta eman didate albistea (artean sekretua): Googlek erosi ditu. Poz haundia hartu dugu eta argazkia atera dugu:

Panoramio eta Tagzania
Handik pixka batetara, beraien jefe berriak eman du albistea:
Where 2.0: iPhone seen! Google purchases Panoramio
Aspaldi ezagutzen dugu Eduardo, asko irakurri diogu eta ikasi dugu berarekin Usability edo erabilgarritasunaren inguruan. Sustatun ere idatzi izan du: Erabiltzaile profilaren eboluzioa
Aupa Panoramio! biba zuek!
Euskara, Interneteko 36. hizkuntza izateko bidean
Nire komunikazioan erabiliko dudan aurkezpena jarri dut hemen.
ieb07
Zorionak IKTeroei
Poz handia hartu dut jakitean IKTeroak izan direla Sareko Argiaren aurtengo irabazleak . Merezi dute benetan, zenbat dedikazio eta ardura, eta zenbat aldiz asmatu duten gauzak ongi egiten. Izan ere beste askok ez dugu lortzen beraiek lortzen duten dibulgazio helburua betetzea.
Sustatun irakurri dudan moduan, jende gutxi harrituko du albisteak
Zorionak eta jarraitu aurrera!
Linuxak munduaren dominazioa lortuko du?
Eric Raymonden idatzi interesgarria, 64 bit-etako ordenagailuen eta sistema eragileen gainean. Bere teorian, 2008a da Linuxak duen epea indarra hartu eta 64 bit-etako sistemetan kontuan har gaitzaten. Gauza ez bada ongi ateratzen, garai ilunak aurreikusten ditu:
Sustaturen sariketa eta jaia
Gehienok badakizue, baina agian badago oraindik lotsatuta gelditu den norbait eta horri zuzentzen diot gonbidapen mezu hau:
- Bloga baduzu, aurkeztu zure blogeko artikulu pare bat Sustaturen sariketara . Ez du axola txarrak badira. Kontutan izan iPod bat dela saria!
- Edonola ere, zatoz datorren asteazkenean ospatuko dugun jaira eta elkar ikusteko aukera izango dugu. Horretarako eman izena mesedez
eta gogoratu, zozketan parte hartzeko biak egin behar dituzu: sariketara aurkeztu eta jaira etorri!
Euskara hutsezko bilaketak Googlen
Atzo, Google-ren Co-Op zerbitzu berria aurkitu eta di-da (ordu erdi) batean Euskara hutsezko bilatzailea sortu genuen Sustatun. Horrelako boteprontoko gauzekin (sarritan egiten ditugu) inoiz ez dut jakiten lotsatu behar garen ala harrotu, hain esfortzu txikiarekin hain emaitza onak ateratzean (Izan ere sistemaren mugak kontutan hartuta, uste dut emaitza oso onak ematen dituela).
Kontua da lan txiki horrek azaleratzen duela hainbeste urteren buruan daukagun beharra: Googlek euskarazko orriak identifikatzeko modua izatea.
Izan ere, guk martxan jarritako sistema oso mugatua da, euskarazko webguneak eskuz identifikatu eta sartu behar bait ditugu sisteman, eta pertsonengan oinarritutako sistema hauek ez dute luzarora balio. Egunen batean aspertuko gara sistema mantentzeaz, eta orduan segituan hasiko da emaitza okerrak ematen.
Irakurri nuenez gai hau azaleratu zuen Vicent Partalek E.H. 2.0 jardunaldietan
Nik badakit gure webgune guztietako HTML-a ongi etiketatuta emango bagenu euskarazko edukiak direla esanez ( lang="eu" atributua erabiliz) asko aurreratuko genukeela.
Baina uste dut pauso nagusia Googlerengan dagoela. Googlek kontutan hartu behar gaitu, euskarazko orriak identifikatuz. Testu bat hartuta euskarazkoa den ala ez erabakitzeko algoritmoak informatikarientzat ezagunak dira, eta badaude horretarako sortutako tresnak, hemengo hau bezalakoa
Orduan, Googlek euskara identifikatu ahal izatea ez da arazo teknikoa, lehentasun kontua baizik. Googlerentzat ez da lehentasuna euskarazko edukiak identifikatzea, euskal eduki eta internauta gutxi daudela iruditzen zaiolako. Nola konpon genezake hau? Egin beharreko lan batzuk (eta sentitzen dut, baina pilota bueltan datorkigu)
- Entitate esanguratsuek (dela Jaurlaritza, Kontseilua edo denok) Google EspaƱarekin (sentitzen dut baina gauza horrela da) kontaktua egin eta behar eta interes hau adierazi.
- Gure nabigatzaileen hizkuntza lehenetsi moduan euskara konfiguratzeko esfortzu txikia egin, estatistiketan masa kritikoa lor dezagun. Euskaratu zure nabigatzailea
- Sortzen ditugun euskarazko eduki eta webgune guztietan, lang="eu" atributua ongi jarri. Normalean hau hemen azaltzen den moduan honela:
<html xmlns="http://www.w3.org/1999/xhtml" xml:lang="eu" lang="eu">
Azkenik, uste dut Vicent Partalek azpimarratu zuen txindurri lana izango dela efektiboena, baina horretarako denok helburua garbi izan behar genuke.