Teknosexua
musika
Zarata isiltzeko kaskoak
Atzo Mr. Big taldearen kontzertuan egon nintzen. Taldeko gitarra jole Paul Gilbertek beti kaskoekin jotzen du, zarata kentzen diote kasko horiek. Nolabait esateko, isiltasuna "sortzen" dute.
Noise Cancelling headphones
Horrela esaten zaie: kanpoko zarata ezeztatzen duten aurikular edo kaskoak. Bose markak asmatu zituen duela zenbait urte eta orain denda askotan aurkituko dituzu.
Paul Gilbert gitarra joleak entzumen arazoak ditu eta babesteko erabiltzen ditu kasko horiek. Bide batez, kasko horiek monitore moduan erabiltzen ditu, eta hobeto kantatu eta gitarra jotzen laguntzen diote,
Oinarria
Oinarri sinplea da, baina teknikoki egiteko zaila: imajina dezagun entzuten ari garen soinu uhin bat. Orain, sor dezagun beste soinu uhin bat, berdin berdina, baina kontrakoa. Hau da, bat gora doanean bestea behera joango da, ispilu batean bezala. Sinplifikatuz, bigarren uhin hori ongi sortzea lortzen badugu, ez dugu ezer entzungo, bi uhinen gehiketa beti 0 izango bait da.
Gaia hau baino konplexuagoa da bozgorailuekin gela batean gaudenean, zer ikusia izango dutelako soinu iturriarenganako distantziek eta hormek sortutako erreboteek. Aldiz, kasko edo aurikularren kasuan, ingurune askoz kontrolatuagoa da eta merkatuan lan hori egiten duten produktu asko daude jadanik. Zenbait autotan ere ezarri da sistema, eta motorraren zarata gutxitzeko balio du.
Gehiago:
Mutrikuko txurruka plaza eta kontzertuak
Aurtengo Malen jaietan Gatibu taldeak Mutrikun kontzertua jotzeari uko egin zion, kontzerturako denbora gutxi falta zela, muntaia bukatu eta soinu probak egitera etorri zirenean.
Gatibu taldearen management enpresak azalpen hau eman zuen:
Gatibu musika taldeak atzo, uztailak 22, Mutrikuko jaien barruan eskaini behar zuen kontzertua, bertan behera geratu zen ez Gatiburekin ezta bere management enpresarekin (baga-biga s.l.) zerikusirik zuten arazoengatik.
Kontzertua bertan behera ustearen arrazoia taldearekin adostutako baldintzak bete ez izana da.
Asko sentitzen dugu kontzertua bertan behera utzi behar izana, baina gure esku ez zeuden arrazoiak eraman gaituzte erabaki hau hartzera.
Eskerrik asko.
Herrian komentatu denaren arabera, arazoa Txurrukaren estatua zen, eskenatokiaren zati bat estaltzen zuelako.
Gauza jakina da Txurrukaren estatua pare-parean tokatzen dela:

Argazkiak.org | Txurruka plazako eskenatokia © cc-by-sa: garaolaza

Argazkiak.org | Txurruka plaza © cc-by-sa: garaolaza
Plaza horretan kontzertua egiten duen guztiak "jasan" du egoera hori, Ertzaintzaren bandatik hasi eta Niko Etxarteraino (asteburuan kantatu du hor).
Bestetik, jakin badakit musikariek askotan ez dituztela oinarrizko baldintzak izaten eta horren alde lan asko egin dutela segurtasunarekin, modu egoki eta txukunean beraien musika aurkeztu ahal izateko. Eta txalotzen dut intentzio hori.
Nik ez dakit zer adostu zuten kontratuan eta zer hitz egin zen aurretik (agian bereziki hitz egin zen Txurrukaren estatuaren inguruan), baina gauzak gelditu diren moduan Gatibuk ez du oso irudi onik utzi.
Uste dut komeni zela beste azalpenen bat ematea, gauzak argi eta garbi esanez. Arazoa estatua izan da, bai ala ez. Zer zegoen adostuta eta nork ez zuen bete emandako hitza. Gero bakoitzak aterako ditu bere kontuak.
Ogien eta arrainen miraria
Badago SGAE eta ingurukoek esaten duten gezur bat (beste batzuen artean), bereziki erridikulua iruditzen zaidana. Gezur horren arabera 1000 pertsonak deskargatu badu diska bat P2P erabiliz, horrek esan nahi du 1000 diska gutxiago saldu direla. Edo beste modu batera esanda, P2P-rik ez balego, jendeak 1000 diska horiek erosiko lituzkeela.
Gaiak jarraitzen du, beste modalitate batzuetan:
Gu Gira diska: 20.000 kopia
Eguerdian entzun dut irratian Elkar eta Radio Euskadik ateratako "Gu Gira" diskak 20.000 kopiaren muga gainditu duela. Esatariak esan duenaren arabera, gaur egungo teknologiek kopiatzea errazten dutenez esan genezake 20.000 kopia horiek garai bateko 40.000 saltzearen baliokideak direla. Hau da, 20.000 pertsonak erosi du diska eta beste 20.000 pertsonak kopiatu egin du.
40.000ko kopuru hau Benitorenaren errekorretik nahiko gertu omen dago. Benito Lertxundik orkestrarekin grabatutako diskaren 50.000 kopia saldu zituen. Gertu gaude beraz. Oraintxe noa diska horren bila PizzaTorrent bilatzailera, ea laster iristen garen Benitoren errekorrera!
Brothers in Arms: 40 kopia
1985ean erosi genuen etxean Dire Straits taldearen Brothers in Arms diska (binilozko LPa). Aurretik taldearen zuzeneko diska ongi errepasatuta geneukan, kasete batean grabatuta, noski!.
Hala ere, garai hartako "zailtasun teknikoak" gainditzea lortu genuen itxura denez, eta kalkulatzen dut 40 lagun ingururi atera geniola kopia kasetean. Anaia eta bion inguruan denek zekiten diska hori etxean genuela, eta behin eta berriz eskatzen zizkiguten kopiak. Kasetea eman eta hurrengo egunean bueltatzen genien grabatuta.
Ruperren kantuak zioen bezala "Baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi"
Juan Carlos Perez Elgetan
Atzo gauez Elgetan izan ginen. Elgetako kontzertuetan beti dago abenturaren bat eta atzo ere horrela izan zen.
Espaloia
Jendeak flipatu egiten du joaten den lehenengo aldian. JC Perezen musikariei ere gertatu zitzaien (berak esan zuen) eta gustora egon ginen, sofan jarrita, Gonzalo Tejadarengandik 2 metrotara. Oso gertuko kontzertuak izaten dira. Hain gertu jartzen gara, soinuaren kalitateak ere galtzen duela apur bat, ez dugulako teknikoak egindako nahasketa entzuten. Baina merezi du benetan hor aurrean egoteak. Eta lehentasuna soinuari eman nahi dionak, bost metro atzerago jarri besterik ez dauka, Elgetan zerbait baldin badago, soinu ona da eta!
Bukatutakoan segituan hustutzen da eta horrek ematen du musikariekin kontaktua izateko aukera, lotsatia ez bada bat behintzat. Zoragarri berriz ere. Zorionak Iban eta Villarribatar guztiori!
Abentura
Beti gertatzen da zerbait Elgetako kontzertuetan. Batzutan edurra, bestetan musikariak ezagutzeko aukera eta abar. Atzokoan ere izan zen zerbait.
Etxera gindoazen Bergaratik, Elgetan bokadilo bat jan ondoren. Ubera pasatu eta berehala bihurgune baten ondoren, ilunpean, zuhaitz batek errepidea guztiz moztuta zuela konturatu nintzen. Zapaldu nituen frenoak sakon, eta ABSa klak-klak-klak entzun nuen. Ongi geratu zen autoa, baina izugarrizko beldurra sartu zitzaidan, ea atzekoak ikusiko ninduen. 112-era deitu eta minutu pare batetara etorri zen lehenengo autoa atzetik, eta ondoren beste hiru edo lau. Maialen joan zen abisatzera zer gertatzen zen, zuhaitza ikusi ere ez zen egiten ia. Juan Carlos Perez bera zen gure atzetik zetorrena!
Ni zuhaitza bidetik kentzen saiatu nintzen, eta hara non ikusten dudan nere burua Fernan Irazoki eta Juan Carlos Perezekin zuhaitz hori bidetik kendu nahian! Imajinatzen duzue? Juan Carlos Perez kontzertu batean azkeneko aldiz 1985 edo 1986an ikusi nuen, eta atzo berarekin bukatzen dut euripean zuhaitz bat kentzen. :-)
Beste auto batetik norbaitek atera zuen aizkora txiki bat eta horri esker karril bat garbitu ahal izan genuen, eta aurrera! Handik 200 metrotara ikusi genuen Ertzantzaren autoa, zuhaitza zegoen tokira zihoala.
Kontzertua
Gauza pertsonala da eta berak jakingo du hobeto, baina badut sentsazioa JC Perez beti Itoizengandik ihesi dabilela. Musikari onak ziren denak eta kontzertua ederra izan zen (argazkiak Juan Carlos Perez Elgetan ), kexarik ez, baina kontzertu guztian zai egon nintzen, ea noiz hartuko zuen Telecasterra (pianoarekin aritu zen gehien bat). Esango nuke berak ere asko disfrutatu zuela gitarra eskuan, agian hor barruan izango du har bat, eta horri jaten ematen arituko zen agian. Itoizaleoi kontzesio bat egin zigun bisetan, Ezekielen prophezia kantatuz. Esango nuke kontzertuaren puntu altuena hori izan zela, eta Ibanek ere hala sentitu zuen. Hala ere berriz egoera kontrolatu eta hor bukatu zuen kontzertua.
Kontua da niri azken diskek ez didate barrua gehiegi betetzen. Hau berua eta tenpo erdiko kantu horiek bai, baina beste piano jazzero ambiental horiek ez hainbeste. Nostaljiko astun bat izango naiz, baina nik Astelehen urdin batean entzun nahi nuen, eta sentsazioa dut nostaljikoei ere ihes egin nahi digula JC Perezek.
Musikari sortzailearen ikuspegitik jarrera oso kontsekuentea iruditzen zait, eta asko baloratzen dut bide berriak bilatze hori, baina bihotzak beste zerbait eskatzen dit. Ezer berririk ez luketela aportatuko diote beraiek, ez dakit, baina ni bezalako nostaljiko asko izugarri poztuko ginateke Juan Carlosek Itoizen zenbait kantu kantatuko balitu, Telecasterra eskuan.
Gustora egon ginela! Hona hemen sorpresatxo bat, Ezekielen prophezia kantuaren zati bat bideoan:
Konjeladoreko musika
Musika aldetik nahiko gusto zabalak baditut ere, kontua da 80. hamarkadan gelditu nintzela preso. Egia esan, asko kostatzen zait gaur egungo musikan gustokoak aurkitzea. Zer egingo diogu.
Baina azkenaldian 80. hamarkadako hainbat talde itzultzen ari da. Sorkuntza aldetik ezer gutxi, betiko kantuak jotzen, baina katxe aldetik jeitsi direnez ere, horrek aukera ematen du bere garaian ikusi gabekoak ikusi ahal izateko. Denetik ikusten da. Batzuetan gustoagatik jotzen jarraitzen duten taldeak eta beste batzuetan beraien karrera diruagatik artifizialki luzatzen eta luzatzen saiatzen ari direnak.
Atzo gauean ASIAren momentua izan zen, Bilboko Santana 27 aretoan. Duela 26 urte Donostiako belodromoan jo zuten 12.000 pertsonaren aurrean. Garai haietan supergroup bat izan zen, beste talde batzuen errautsetatik sortutakoak, besteak beste Yes, King Crimson, Emerson, Lake & Palmer, Uriah Heep, U.K., Roxy Music, Wishbone Ash and The Buggles (akordatzen? Video killed the radio star ) Atzokoan ez ginen 1.000 pertsonara iritsiko, eta ni baino gazteagoak ( 37 urte) oso gutxi, baina zein ondo pasatu genuen, kantu zaharrekin.
Kuriositate pixka bat duzuenontzat, hona hemen orain dela 25 urteko bideoa. YouTuben beste bideo piloa aurkituko duzue, besteak beste MTVk zuzenean eman zuen lehenengo kontzertuaren bideoa, Asia in Asia . Ikustekoa da bideo horretan Geoff Downes tekladu jolearen sintetizadore andana.
Musika hil zen eguna
Lehendik ere nahikoa argi ez bazegoen, MSN Music-etik musika erosi dutenek datorren irailetik aurrera ikasiko dute modu gordinean zer den DRM-a.
The day the music died artikuluan oso ongi azaltzen du gaia Mark Pilgrim hackerrak.
DRM-dun musika erosten duen edonork garbi izan behar luke, arazoa berdina bait da iTunes-en musika erosten baldin baduzu. Mark-en parrafo bat hemen:
Orduan, zer gertatuko da 2008ko abuztuaren 31an? Egun horretan, Microsoftek zenbait zerbitzari itzaliko ditu. Zerbitzari horien lan bakarra MSN Music webgunetik erositako kantuen balidazioa egitea da. Pertsona hauek ("biktimak" hemendik aurrera) ez dute segituan nabarituko. Biktimak ordenagailu berri bat erosi edo sistema eragilea berritzen dutenean, edo beraien disko gogorra izorratu eta berria jartzen dietenean konturatuko dira. Une horretan - erositako kantuak ordenagailu berri edo beste disko batera pasatzen dituztenean - Microsoften musika jogailuak (iTunesen antzerakoa, baina Microsoftena, Applerena izan beharrean) Microsoften balidazio zerbitzarietara deia egingo du, kantu horiek legalki erosi ziren ziurtatzeko. Dei honek huts egingo du, zerbitzari horiek ez dutelako erantzungo, Microsoftek nahita itzali dituelako. Microsoften jogailuak erabakiko du (modu okerrean baina di-da batean) kantu horiek modu ilegalean deskargatu dituela eta biktima pirata bat dela, eta ez ditu joko. Kasu honetan, ezkerreko eskuak badaki eskuinekoa zer egiten ari den: biek behatza erakusten dizute.
Kontutan izan: DRM-arekin erosten duzun musika, ez da zurea. DRM-aren jabeak nahi duen arte izango duzu eskutan.
Euskal musika
Jakina da zenbait ingurunetan Euskal Musika etiketa bat dela, zaku handi bat, berdin aplikatzen zaiona Su Ta Garri edo Benito Lertxundiri.
Berdin da Jazz, Heavy, Folk, Triki edo musika korala. Beraiei hala iruditzen bazaie, Vasco edo Euskera etiketan sartuko zaituzte eta listo!
Pertsona arrunta bazara, ez duzu inoiz ezagutuko zer dagoen etiketa horren azpian. Gaitzerdi. Baina Corteinglesean, irrati batean edo musikaren inguruan arduraren bat baldin baduzu, kalte handia sor dezakezu. Estilo bat orokorrean entzuten duenarentzat zaila izango da Miren Aranburu, Arima Beltza edo Su Ta Gar deskubritzea.
Aspaldi entzuten ari naiz kexu hau gure musikarien artean, nola zaku horretatik ateratzeko borrokatu behar duten, maila internazionaleko musikariak izanik nola zaien hain zaila homologatuak sentitzea Euskal Herritik kanpora. Azkenengoz Ruperri entzun nion nola EITB sortu arte irrati guztietan entzuten zen bere musika, eta ordutik bakarrik ghetto-etan entzuten hasi zela.
Azkeneko esperientzia asteburu honetan izan dut. Gasteizen nengoen eta denbora egiteko Corteinglesera sartu nintzen diskak kuxkuxeatzera. Corteinglesean Euskera izena du euskal musikaren sailak, eta bata bestearen alboan, arazorik gabe ikusi daitezke Doctor Deseo, Erramun Martikorena, Arbaso eta Epelde eta Larrañagaren diskak. Harantzago, Latzen eta Kenzazpi, estilo berdinekoak balira bezala.
Hau dena espero nezakeen. Benetan harritu nauena izan da Gaby Jogeix bluesman kataluinarraren diska toki berean aurkitzea. Bere bekatua? Diska Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak disketxean atera diola. Beste bat zakura!
Frets On Fire: gitarra ordenagailuan
Inoiz ez naiz oso makineroa izan, baina noizean behin engantxatzen naiz jokoren batekin.
Aurtengo gabonetan Frets On Fire jokoarekin nabil topera, Aitzolek abisatu zidanetik. Badago Guitar Hero izeneko jokoa Playstation edo horrelako kontsola batentzat, gitarra eta guzti. Noizean behin Mediamarkt-en ikusi eta frogatu izan dut, arrakasta handirik gabe). Frets On Fire, Guitar Heroren klon bat da, software libre moduan banatzen dena (GPL lizentziarekin). Gainera Python-en idatzita dago.
Gitarra ordez, ordenagailuaren teklatua modu xelebrean hartu, eta pantailan azaltzen diren notei jarraitu behar zaie. Ondo joten baduzu zure gitarraren soinua entzuten da. Oker jotzen baduzu, zarata arraroak hasten dira.
Zenbait kantu deskargatu ditut e-mandoa erabiliz (jokoarekin kantu gutxi batzuk datoz) eta hortxe nabil gustora Boston, Hendrix, Megadeth, Metallica, Gn'R, Black Sabath, Judas eta Motorhead-ekin jo ta su!
Ubuntun jolasteko nahikoa da Sistema -> Administrazioa -> Synaptic pakete kudeatzailea egin, programa bilatu eta instalatzea.
Windows-erako, deskargatu eta instalatu, guztiz software librea da eta. Di-da batean.
Bideo bat ere uzten dizuet, nola dabilen ikusi dezazuen. Ez engantxatu gehiegi!

