Teknosexua
mapak
Mapapel.com : Inprimatzeko mapak
Ideia berri bat jarri dugu martxan azken egunotan. Hiri bat bisitatzera doazenek paperezko mapa bat izateko aukera eskaintzen digu mapapel.com-ek.
Zergatik mapapel.com?
Jendeak Googlen mapa de san sebastian eta plano san sebastianbezalakoak bilatzen ditu. Horretaz konturatuta geunden.
Tokiren bat bisitatzera zoazenean, joan aurretik tokiko mapa lortzea zaila izaten da. Google Maps-etik inprimatzea ere ez da soluzio ona izaten, ez bait da erraza izaten zoom mailarekin azertatzea: edo bista orokorra (eta detaile gutxi) edo bista detailatua (eta ingurune oso txikia). Horretan laguntzera dator mapapel.com.
Helburua da DIN A-4 batean toki batetako mapa ikuspegi erabilgarrienak inprimatu ahal izatea, beste informazio gehigarriekin hornituta.
Oraingoz Donostiako mapa bakarrik jarri dugu eta gaztelaniaz dabilen publikoari zuzenduta atera dugu. Etorkizunean joango gara horiek denak osatzen, baina oraindik proiektuaren bideragarritasuna ere aztertzen ari gara.
Prototipo bat da
Orain ikusten dena ez da gero izango den zerbitzua, inolaz ere. Mapapel-entzat ideia asko ditugu kutxan gordeta. Webgune eta mapa hori prototipo bat dira, eta publikatu eta lehen asteotan ematen ari den emaitzak neurtzen ari gara. Horretarako erabiltzen ari gara.
Prototipoa La Personnalité-ko lagunekin batera prestatu dugu, esperimentu honetan parte hartzeko prest agertu dira eta.
Mapak zuzenean OpenStreetMap-etik atera ditugu, bere lizentziak edozein erabilera baimentzen duela aprobetxatuz. Konturatuko zineten kale izen guztiak euskaraz daudela, ez da?
Proiektu txikiak eta frogak Interneten
Sarearen abantailetako bat da hau. Ideia bat duzula? Ez egon zai eta egin froga bat, ea emaitzarik lortzeko aukerarik dagoen ala ez. Horrela aztertu ahal izango duzu zein zailtasun dauden, konpetentzia askorik dagoen, eta abar. Frogak egitea merkea da sarean. Ez egon proiektu handien zai!
Gazako mapa eraikitzeko laguntza bila
Palestinarrik edo Gaza ezagutzen duen norbait baduzue inguruan? Une latz hauetan mapekin ere lagundu genezake.
Mikel Maronek egin du deia. OpenStreetMap erabiliz Gazako mapa on bat ahal den azkarren ateratzea pentsatu dute, bere garaian Bagdadekin egin zen moduan. Bereziki garrantzitsua gaur egungo krisia kudeatzen lagundu ahal izateko. Informazio gehiago Mikel Maronek berak: Gaza OpenStreetMap
Tagzania eta OpenStreetMap
Oso pozik gaude Tagzania berriarekin, oraindik lan asko gelditzen den arren.
Konpontzeko gauza asko dugu oraindik, eta buruan etorkizunerako bide bat pentsatua ere badugu. Zerbait bururatzen bazaizue edo behar baduzue, idatzi lasai tagzania abildua gmail.com helbidera.
Hack txiki baten primizia eman nahi dizuegu etxekoei, euskal blogen jarraitzaileei. Datorren astean kontatuko dugu ingelesez eta gazteleraz.
Mapstraction erabiltzen dugu Tagzanian
Tagzaniako mapa gehienetan ez dugu zuzenean Google Maps-ekin lan egiten, nahiz eta horiek diren ikusten diren mapak. Horren ordez Mapstraction izeneko liburutegi bat darabilgu.
Tagzaniak Googlerengandik izugarrizko dependentzia du, hori edonork badaki. Googlek bere estrategia aldatzen badu egun batean, Tagzania kaltetuta atera daiteke. Horregatik eta uste genuelako kasu batzuetan beste mapa batzuk hobeak zirela, pentsatu genuen Mapstraction erabili behar genuela. Orain atera badugu ere, hau aspaldi prestatu zuen gurekin jadanik lanean ez dagoen Txusek (eskerrik asko Txus!).
Mapstractioni esker, edozein mapa zerbitzari integratu daiteke erraz. Hau da, Tagzania ikusi dezakegu Googleren, Yahooren edo Microsoften mapak erabiliz. Eta nola ez, baita OpenStreetMapen mapekin ere!
Oraingoz Tagzaniaren erabilpen arruntean ez dugu aktibatu, eta pentsatu behar dugu nola integratu hauek denak, baina teknikoki jadanik posible da Tagzania erabiltzea beste mapa zerbitzari batzuekin, horretarako hack txiki bat nahikoa da, helbidearen atzetik map parametroa jarriz. Hona hemen zenbait adibide:
Beste aukera batzuk ere badaude, baina horiek dira nagusiak. Ea nork aurkitzen duen besteren bat! ;-)
Egile eskubideen zenbait kuriositate
OpenStreetMap-eko mapak sortzeko lege aldetik pixka bat irakurri eta ikasi behar izan dut. Hona hemen ulertzeko zailak diren zenbait kuriositate.
Ez naiz abokatua, baina azkenaldian sarri tokatu zait gai hauek argitzea. Gaur bertan Zabaldun, Gasteizko mapa librea euskaraz albistean.
Zergatik ez dituzu udalaren/aldundiaren/jaurlaritzaren mapak kopiatzen?
Horixe da OSM proiektua erakusten dudanean jendeak esaten didana. Ezin da. Hori ez da librea. Mapa edo kaletegi horiek jabe bat dute, askotan erakunde publikoa, baina ez beti. Erakunde publikoek oso gutxitan argitzen dute zein erabilera baldintza baimentzen dituzten. Hau da, fotokopiatu dezaket? Nire enpresako katalogorako erabili dezaket mapa zati bat? Bizikletan ibiltzeko liburu bat egin dezaket mapa horiekin eta gero saldu?
Normalean ez dugu jakiten erabilera horiek baimenduta dauden ala ez. Eta dakigunean, normalean erantzuna ezetz da. Copyright-Eskubide guztiak gorderik izaten da normalena.
Baina, datu horiek erakunde publikoarenak badira, denonak dira, ez?
Ez dakit. Baliteke, baina nortzuk gara "denok"? Extremadurako enpresa batek Jaurlaritzaren mapak erabili ditzazke negozioa egiteko? ala bakarrik EAEkoek?
Teorian bai, den-denonak izan beharko lukete, eta nik hori defendatzen dut. Denon diruarekin egindako lanak, denok nahi dugun moduan erabiltzeko modua egon beharko litzateke.
Errepideekin gertatzen den moduan. Errepidea denok ordaindu dugu, eta inori ez diote esaten "zertarako behar duzu errepidea?" edo "errepidetik ibil zaitezke, baldin eta irabazi asmorik ez baduzu". Gauza jakina da errepideek ekonomian onurak sortzen dituztela. Orduan, informazio geografikoak ez? Zergatik gorde lizentzia itxiekin?
Diario Vascok igande tonto askotan bi orri osoko artikuluak sortzen ditu Eustateko zenbait daturekin, "Gipuzkoa zahartzen doa" edo "Hirukoiztu da etorkinen kopurua" edo horrelako artikuluak. Ez dakit zergatik egin daiteken hau informazio estatistikoarekin eta ez informazio geografikoarekin edo Euskalmeten eguraldi informazioarekin.
Legeen kasua
Baina lege zirrikitu bat badago. Hona hemen Espainiako jabego intelektualaren legearen 13. artikuluak dioena:
"Artículo 13. Exclusiones
No son objeto de propiedad intelectual las disposiciones legales o
reglamentarias y sus correspondientes proyectos, las resoluciones de los
órganos jurisdiccionales y los actos, acuerdos, deliberaciones y dictámenes
de los organismos públicos, así como las traducciones oficiales de todos los
textos anteriores."
http://civil.udg.es/normacivil/estatal/reals/Lpi.html
Kasu batzuetan ez dago egile eskubiderik beraz. Orduan Udal batek ordenantza bat publikatzen duenean kaleen izendegiarekin, kale izendegi hori besterik gabe edozertarako erabili daiteke.
Orduan, udal batek bere webgunean kaletegi bat publikatzen duenean, kasu horretan gaudela esan genezake? Zalantza asko ditut, baina noiz edo behin erabili izan ditut, legeari modu askean kasu eginez.
Datuak erakunde ofizialarenak ez direnean
Askotan, erakunde publiko batek datu batzuk publikatzen ditu (mapak, kaletegiak, mapa webguneak eta abar) eta datu horien egile eskubideak ez dira erakundearenak. Erakunde ofizial horretako arduradunari bost axola egile eskubideak. Norbaiti erosi, publikatu eta listo.
Adibide oso arrunta: Udal batek herriko kaletegia jarri nahi du udal webgunean. Enpresa bati enkargua egiten diote, datuak (kaleen izenak, helbideak, zerbitzuen kokapena) ematen dizkiote, enpresa horren datuak zuzentzeko denbora hartzen dute udal funtzionariek. Gero, enpresa horrek webgunean kaletegia jartzen dio martxan udalari. Baina ez dio lana saltzen, alkilatu baizik. Hau da, urtero hainbesteko bat ordaindu beharko dio enpresa horri datu horiek "alokatzeagatik".
Pentsa dezakegu enpresa horrek lan ona egiten duela datuok eguneratuta mantentzen, eta horrela da. Kontua da datuak jadanik ez direla udalarenak. Udalak erabakitzen badu egun batean enpresa horrekin kontratua etetea, ezer gabe geldituko da, datuok enpresarenak izango dira eta.
Soluzioa oso erraza da: udalak enpresa horrekin kontratua egiterakoan gai horiek zehaztea, datuen jabegoa udalarena izango dela eta abar. Baina inori ez dio axola gai honek, eta ez da ezer egiten.
Eta aireko argazkiek egile eskubiderik dute?
Bai. Normalean aireko irudiak (ortofotoak) enpresa espezialduei erosten zaizkie, baina erosketa horiekin ez dira eskubide guztiak erosten. Enpresa horiek ez dira inozoak eta eskubide jakin batzuekin lotzen dituzte.
Orduan, ezin ditugu besterik gabe kopiatu. Norbaitenak dira eta ez dugu baimenik.
Eta kalkatzea? Bada, hori ere ezin da besterik gabe egin. Argazkien jabeak baimena eman behar du horretarako. Adibidez OSM proiektuan Yahooren aireko irudiak erabiltzen ditugu, Yahook horretarako baimena eman du eta. Argazki zaharrak dira erabili daitezkeenak, ez dira gaur egun Yahooren mapetan azaltzen diren berdinak. Zerbaitegatik da hori.
Kalkatzearena ulertzen zaila izaten da, baina adibide bat jarriko dut. Demagun Atxagaren liburu bat hartu eta osorik kalkatzen dugula eta gero hori publikatzen dugula. Balio du? ;-)
Hau dena, OpenStreetMap proiektuan lan egiteagatik.OpenStreetMap (OSM) proiektuaren helburua benetako munduko mapa libre bat osatzea da. Horretarako, Wikipediaren estilora milaka erabiltzaile ari gara gure mapa zatitxoa marrazten. Esan bezala, ez naiz abokatua eta zuzenketaren bat egin behar bada, gustora hartuko dut.
OpenStreetMap - Mapa libreen sorkuntza erabiltzaileon eskura
Pasa den astean egin genuen OpenStreetMap (OSM) ikastaroa UEUren Udako Ikastaroetan. Interesa duenarentzat hor jartzen ditut erabili nituen aurkezpena eta apunteak.
Bi egunetako saio bizia izan zen, ikasleen partehartzen handiarekin. Nik behintzat oso ondo pasatu nuen, OSMrekin pasio pixka bat dut eta gogoz azaltzen dizkiot proiektuaren gora beherak entzun nahi didan edonori.
Ikastaroaren emaitzetako bat Bilbo ingurua txukuntzea izan zen. Nahiz eta oraindik pare bat egun falta diren eguneraketa osoa izateko, Bilbo erdialdeko mapa nahikoa aberastu genuen, hurrengoan gehiago!
Norbaitek interesik balu hemen jartzen dizkizuet bertan erabilitako aurkezpena eta apunteak:
Apunteak hemen

