Teknosexua
internet
Nola egin loturak (edo onsa loçeco bidia)
Lotura bat egiten dugun bakoitzean boto bat ematen ari gara, gero Googlek kontutan izango duena. Baina badakigu nola egin behar diren loturak?
Lotura bat egiten dugun bakoitzean sarea antolatzen ari gara, baita konturatu gabe ere. Lotura batekin bisitariak orrialde berri batetara bideratzen ditugu, baina bilatzaileentzat (batez ere Googlerentzat) lotura batek ideia-asoziazio baten informazioa ematen du.
Adibidez. nik ondoko lotura egiten badut blogean:
Bihurri da aizkolari indartsuena
Zein informazio jasoko du Googlek? Besteak beste, aizkolari indartsuena = bihurri.com dela esaten dudala nik. Agian, jende kopuru jakin batek hitz berdinekin lotzen badu, azkenean Googlera joan eta aizkolari indartsuena hitzak bilatuz gero, Bihurri.com webgunera eramango gaitu Googlek.
Sistema hau erabiltzen da Google Bombing-ak egiteko. Jende askoren artean nahiko azkar engainatu bait daiteke Google.
Aldiz, beste modu batetara egingo banu lotura, adibidez:
Bihurri da aizkolari indartsuena
Hor, ez diogu Googleri informazio berririk ematen. Agian zerbait bai, Bihurri hitza aizkolari indartsuena hitzengandik gertu dago eta Googlekoak tontoak ez dira eta badakite bilatzailea programatzen, horrelako gauzak kontutan izan ditzan. Baina garbi dago lehenengo modua askoz zuzenagoa eta balio gehiagokoa dela.
Inolaz ere erabili behar ez diren loturak dira honen motatakoak:
Bihurri aizkolariaren inguruko informazio guztia jasotzeko klik egin hemen
Oso informazio gutxi ematen bait du lotura horrek.
Euskararaz ari garenean, deklinazioa da kontutan hartu beharreko beste zerbait. Baliteke lotura jartzean guk hitza deklinatuta jartzea, baina gero bilaketetan erabiltzaileek ez dute deklinabide forma arrarorik jarriko. Egia esan behar badizuet, oso sarri esaldia aldatu izan dut hitza deklinatu gabe jartzeko (edo gutxienez mugatu singularrean besterik gabe). Adibidez:
"Saguestik Haize-orrazirainoko ibilbidea" jarri beharrean
"Ibilbidea Donostian, Sagues eta haize-orrazia artean"
Hau dena zertarako?
Zure blog edo webgunean egingo dituzu loturak, ez? Zure loturek efektu handiagoa izan dezaten, garrantzitsua da hau kontutan izatea, Googlen modu argiagoan indexatuta egoteko eta bisita gehiago edukitzeko (zuk edo lotzen duzun webguneak, noski).
Gai hau oso garrantzitsua da SEO lanetan dabiltzanentzat. SEO da Search Engine Optimization edo bilatzaileetako optimizazioa. Enpresa espezialduak daude horretan lanean, baina norberak kontutan izanez gero, emaitza oso onak lor daitezke.
Agian ikuspegi motza du artikulu honek, lotura batek gauza askotarako balio bait du, ez bakarrik marketing helburuetarako, baina aholku hauek berdin balio dute norberaren gustorako egiten ari garen orrialde batetarako.
Aurretik ere asko idatzi da gaiaren inguruan, adibidez, El arte de enlazar correctamente . Nik ere teoria ongi dakit, baina oso sarri alferkeriaz ez ditut nahiko lotura ematen eta sarritan ez dut ongi egiten, baina saiatuko naiz!
Bannerrak zertarako? Nola sortu?
Sarritan topo egiten dut banner desegokiekin (nolabait esateko), askotan gainera guk egindako webguneetan jarri behar izaten ditugu.
Askotan, bannerra sortu duena ez da konturatu bannerra saltzeko dela, marka bati irudi bat lotzeko, klik egin eta webguneren batetara bideratzeko, azkarra izan behar dela, bistazo batean ikusi behar dela, bannerrei itsutasunetik ihes egin behar dela (adibidez, animaziorik erabili gabe!) eta abar. Oso sarri kreatibitateari ematen zaio lehentasuna, bannerrak funtzio bat bete behar duela ahaztuz.
Josuk erakutsitako esperimentuan argi ikusten da zer nolako garrantzia duen banner bat edo beste bat diseinatzeak. (Sekretu bat: euskal merkatuko bannerren klik ratio normala %0,40 inguruan dago. Sustatuko banner txarra ere hortik oso gora dago beraz!)
Aholku zerrenda prestatu nahi nuen, baina hankamotz utziko nuelakoan Microsoften webgune batean aurkitu ditut zenbait gomendio bannerrak sortzean kontuan izan beharrekoak eta hona euskaratuko ditut laburtuta. Denak baliagarriak dira, baina beste asko eman daitezke ere: 10 tips for creating an effective banner ad campaign
- Aztertu sarean dauden adibide onenak. Identifikatu praktika onak.
- Mezu garbia eman, bai irudi eta bai testu aldetik. Mezu indartsu eta argia behar duzu erabiltzailearen atentzioa lortzeko.
- Fitxategiaren tamaina zaindu. Alferrik dira 50 Kbtik gorako banner trasto horiek.
- Gehienez 7 hitzetan esan. Letra tipo handiagoa jarri ahal izango duzu.
- Indarra duten hitzak erabili: dohan, zure, onena eta abar.
- Irudiak ongi aukeratu: detaile gehiegi ez da komeni, gutxiegik itxura tristea eman dezakete, irudi ona eman, ez erabili kalitate eskaseko irudirik.
- Kontrastea erabili atentzioa deitzeko. Neurrian, noski.
- Erabiltzen dituzun letra tipoak mugatu. Ahal den nahasmen gutxien sortu behar dugu, 2. puntuko mezu garbia emateko.
- Kontuz animazioekin. Banner bat egiten ari zara, ez "Quo Vadis" luzemetraia. Irudi aldaketa erritmoa zaindu, erabiltzailea ez dadila urduritu.
- Gutxiago gehiago da (Less is more famatua). Zenbat eta gauza gutxiago eman, orduan eta indartsuago eta argiagoa izango da erabiltzaileentzat zure mezua.
Beste hamar aholku ere badituzue hemen: 10 Tips For Designing Killer Banner Ads. Horiek irakurtzea ere komeni da.
Mesedez, banner sorkuntzaren inguruan nahastuta zauden hurrengoan pentsatu honen gainean. Ondoren, erabili estatistika sistemak eta aztertu ea nolako efektua izan duen kanpainak , hori bait da hurrengoan hobetzeko daukagun aukera onena.