Teknosexua
euskara
Eskerrik asko ghettolagunei
Atzo gertatutakoarekin eskerrak eman beharrean nago. Zenbat komentario, retuit eta erantzun! Mila esker denori.
Herenegun gauean artikulu hau idatzi nuen: Si hablas en euskera no sales en ETB2 eta espero gabeko erantzun ona jaso nuen atzo, Twitterren, Facebooken eta abarretan. Oso sorpresa polita izan zen, jende askoren babesa sentitu nuen. Kultura sailburu berak gaia aztertuko zuela esan zidan eta alderdi batek galdera egingo omen du legebiltzarrean gai honen harira. Eskerrik asko denori.
Kontua da nere helburu nagusia ez zela salaketa egitea. Ni ez naiz jokaera hori azaleratu duen lehenengoa eta ez dut uste niri gertatutakoa kasu larriena denik. Euskaldunon ghettoan (erdi serio jartzen dut ghetto hitza) gai ezagun eta arrunta dela iruditzen zait. Azkena atzo bertan aipatzen zuen Facebooken Marijo @desplazatuak, nola Abadiñoko Sanblasetako feriako baserritarrek euskaraz eta gazteleraz eman zituzten hitzak, ETB1 eta ETB2rako.
Nik artikulu hori gazteleraz idatzi baldin banuen, nire sare sozialetako kontaktu baskoentzat izan zen (EHn bizi direnak baina normalean euskaraz jarduten ez dutenak). Nahi nuen ea beraiek ulertzen zuten egoera. Ez da munduko arazorik larriena, arantzatxo bat da, baina beraien pauso bat ikusi nahi nuen, euskarari ongietorria ematen, ulertzen zutela gaia eta babesa ematen.
Baina keba... ez du ezertarako balio. Ez dut ia baskorik identifikatu atxekimenduen zerrendan. Sare sozialetan euskaraz idazten badut jende horrek ez du normalean ez aipamen eta ez erreakziorik izaten. Ikusezina bihurtzen naiz beraientzat. Hizkuntza kontua zela uste nuen, baina atzoko artikuluarekin berdina gertatu zait. Nik gazteleraz idatzi eta nork erantzun dit? Euskaldunen ghettoko kolegek.
Ondorioa: lagun horiengana iritsi nahi badut beharrezkoa da: gazteleraz idaztea eta idatzitako gaiak euskararekin zer ikusirik ez izatea, ez daitezen deseroso sentitu.
Ez dakit nola apurtu konpartimentazio eta isolamendu hori. Nahi nuke.
Anti-SEO: Pixka bat es mucho
Kanpaina ezagutzen duzue, telebista eta irratian jo ta su entzun dugu. Baina kasu honetan uste dut Internet ahaztu dutela.
Eta ez du lojika handirik, irratiko kuñan Internetera sartu eta webgunetik kantua deskargatzera bultzatzen bait zen. Internet teorian zaindu beharreko medioa izan behar zen kanpaina honetan beraz.
Zenbait webgunetako estatistikak aztertzen ditut sarri, eta ikusi ahal izan dut kantua eta kanpaina aipatu duten webguneek pixkabatesmucho bilatzen zuten erabiltzaileen bisita asko jaso dituztela. Kanpaina indartsua izan da telebista eta irratian eta horrek jende asko kantuaren letra bila bultzatu du sarean "pixkabatesmucho letra" eta horrelako bilaketak eginez. Kontua da inon ez dagoela kantuaren letrarik, Googlek irakurtzeko moduan behintzat. Zenbait seinale:
- Pixkabatesmucho webguneak Googlen bi orri bakarrik ditu indexatuta, gainera, nahiko kalitate baxukoak edukiari begiratzen badiogu, testurik ez bait dago indexatuta.
- Arazo nagusia da webgunea Flashean eginda dagoela, eta hori aste honetararte ez zuten bilatzaileek indexatzen. (Hemendik aurrera, ikusiko dugu egia den. Gogoratu duela 4 urte agindu zutela horixe bera.)
- PDF bat badago letrarekin, baina hara! PDF babestu horietako bat, eta testua ezin daitekeenez kopiatu, bada Googlek ere ezin du irakurri! PDFaren izenburuak ere ez du laguntzen: Untitled
- Dominioa eta kanpainaren izena zailak dira Interneterako. Nola izango ote da? "pixka bat es mucho", "pixkat es mucho", "piska bat es mutxo".... ala? Hala ere, hau ez da oso larria, eta konpondu zitekeen aurretik modu disimulatuan egindako SEO lan apur batekin.
- Izan da kanpainarik Interneten? (barkatu, agian ez naiz enteratu) Bannerrik ere egin da? (Eguneraketa: barkatu despistea, Sustatun bertan dago kanpaina martxan adibidez)
- Egunak pasatu ahala azaldu da webgunea bilatzaileko emaitzetan, baina hori, egun asko pasatu ondoren eta oraindik ez lehenengo postuan.
Norbaitek esango dit egurra besterik ez dugula ematen. Erretxindu bat izango naiz agian ;-) .
SEO: webguneak bilatzaileetan ongi azal daitezen egin beharreko lana