Teknosexua
euskaltel
Telemarketinaren garaipena
Atzo telemarketinak garaipen handi bat lortu zuen: telefonoz deitu zidan bati baietz esan nion eta eskaintzen zidan produktua erosi nuen. Are gehiago, lehenengo unean ez nuen erabaki eta gero telefono deia itzuli nion erosketa onartuz.
Nire ingurukoek badakite telefonoz jai dutela telemarketing enpresa horiek. Errepasa dezagun zergatik izan zen desberdina atzokoa:
- Telefonoz deitu zidana euskalduna zen. (Biba! Euskaltelekoa eta euskalduna!)
- Oso adeitsua iruditu zitzaidan. Presio eta kaña gutxirekin saiatu zen produktua saltzen, errespetuz.
- Aurretik pentsatuta neukan Euskalteleko dekodetzaile hori lehenago edo beranduago erosiko nuela. Urtebete neraman trastoari begira, baina etxean ez dugunez telebista gehiegi ikusten erabakia hartu gabe neukan.
- Prezioa dendako berdina zen, eta etxera ekarriko digute pare bat egunetan.
Egia esateko, gezur txiki bat esan zidan, dekodetzaile horren prezioa dendan askoz garestiagoa dela. Gezurra da, prezio berdinean dagoelako Euskaltelen modelo hori etxe alboko Eroskin, baina egia da, Euskaltelekoa ez den antzerako dekodetzaile bat erostera joanda 30-40 Euro gehiago ordaindu behar delako.
Ez nion garrantzirik eman gezur txiki horri, eta pentsatu nuen mutilak merezi zuela komisioa irabaztea. Horregatik handik 10 minutura deitu eta baietz esan nion. Asko poztu zen, ez da arrunta izango telemarketineko langileentzat bezero batek deia itzultzea, nahiz eta saiatzen diren beti beraien telefonoa ematen.
Orange: non dago %50eko deskontuaren eskaintza?
Ezaguna da Orange egiten ari den eskaintza : bizitza guztirako %50eko deskontua fakturan Euskalteletik etorritakoentzat. Enpresako telefonoak Orangera pasatzea pentsatzen ari garenez, hara deika ari naiz.
Telefonoz eskaini didate %50 hori. Eibarko Orangeko dendan ere esan didate (nahiz eta beraiek ezin dieten enpresei zerbitzua saldu). Baina nik paperean nahi dut eskaintza hori, beraien aldetik konpromezu bat izateko, eta zehazki ulertzeko zein kasu zehatzetan beteko den konpromezu hori, zein plan kontratatu behar den horretarako, noiz utzi dezaken Orangek bertan behera deskontu hori, eta abar.
Ez dago modurik. Faxez bidaltzen zutela, ez nuela faxik, emateko helbidea, bidaliko zutela, ez dute bidaltzen, berriz deitu dut, lagun batzuen faxa eman dut... eta eskaintza hori ez dator.
Norbaitek lortu du idatziz %50eko eskaintza hori? Nolako tongo itxura duen honek, ez?
Txarrenera ere engainatzen bagaituzte, gaitz erdi, hainbat denboran %50eko deskontuarekin ibiliko bait gara, baina inori ez zaio iruzurra sentitzea gustatzen. Ez dakit zer egin.
Eguneraketa: 18:30. Faxa iritsi da! Azkenean iritsi da faxa. Ni ez naiz abokatua, baina afizio pixka bat badiet kontratu eta klausulei, eta dokumentua oso irekia bada ere (ez da gehiegi zehazten), nahiko esplizitua dela iruditzen zait. Hain irekia da, esijentzia handia egin diezaiokegula. Orange busti da beraz.
Euskaltel vs Orange: norbaitek ulertzen du?
Denbora aurrera doa eta laster erabaki beharko dugu: Euskaltel ala Orange?
Baina, norbaitek ulertzen du zer gertatzen den? Hona hemen bi aukerak:
Euskaltel:
- Telefono berri bat oparitzen dute (Puntuen eta 18 hilabetez beraiekin gelditzearen truke)
- Sei hilabetez, %5-eko (ehuneko bosteko) beherapena fakturan.
Orange:
- Telefono berri bat oparitzen dute (Ez dakit zenbat hilabetez beraiekin gelditzearen truke)
- Beraiekin kontratua dugun denbora guztirako %50-eko (ehuneko berrogeitahamarreko) beherapena fakturan.
Non dago tranpa? Nork du zalantzaren bat? Nik bai behintzat.
Ez dut ulertzen, hain gauza ebidenteekin beti pentsatzen dut kondizio ezkutuak daudela nonbaiten. Norbaitek badu argirik?
SMS gerlak
Urriak 14, 11:05, 1414 zenbakitik:
Orange. Le informamos que a partir de ahora su nuevo numero de Atencion al Cliente es el 1414. Para cualquier consulta no dude en llamarnos
Urriak 14, 13:07, 9003 zenbakitik:
Euskaltel informazioa. Zure Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuaren zenbakia ez da aldatu; 1717an gaude, nahi duzun edozertarako.
Urriak 14, 13:07, 9003 zenbakitik:
Euskaltel informa. Para todo lo que quieras tu numero de Atención al Cliente sigue siendo el 1717.
Aurretik izan genuen beste gerla bat: Browser wars
Euskaltel: ez dut tratu hau merezi (3)
Aspertuko zaituztet, baina bukatu beharra daukat:
Mugikorren estaldura: zenbat eta okerrago, irabazi gehiago
Euskaltelen webgunera joan, eta estaldura noraino iristen den jakin nahiz gero, Amenaren webgunera bideratzen zaituzte. Amenaren webgunean badago "estaldura mapa" izeneko sail bat. Han sartu eta gutxi gora behera hau irakurri nuen: estaldura %100-koa denez, jadanik ez dugu maparik. %100 ! kar-kar!
Udan Mutrikuko kanpin batean egon gara. Han badago estaldura apur bat, mugikorrak puntutxo bat markatzen du. Oraintxe etorri zaigu faktura, eta konturatu naiz zenbat aldiz eten zaigun konexioa. Deitu norbaiti, hark erantzun, hiru segunduz ez dut ezer entzuten, eskegi, eta berriz deitu. Horixe dio gure fakturak, bost eta sei aldiz gainera.
Emaitza? 0,33 Euroko 6 dei 3 minutuko tarte batean. Absurdua. Inozoa ni ere. Pentsatzen nuen hain estaldura eskasa egonda fakturatzera ere ez zela iritsiko. Bai zera.
Esperantza askorik gabe deitu nuen Euskaltelera, gutxienez nire kabreoaren konstantzia uztera. Sutan jarri nintzen:
- Begira, erreklamazioa jarri nahi nuke. Izan ere, hainbeste dei "interruptus" ditut nire fakturan... Norbaitek emango dio bistazo bat nire fakturari deskontu bat egiteko, ez? Gainera zuen errua da, estaldura txarra bait dago kanpin hartan. Faktura ikusi besterik ez dago.
Teleoperadorearen erantzuna segundurik itxoin gabe:
- Estaldura txarragatik ez dira fakturak zuzentzen. Zure erreklamazioa idatzi dut, baina oraintxe bertan ixten dut ere. Ez duzu beraz gure aldetik beste notifikaziorik jasoko.
Horixe da ona: zenbat eta estaldura okerragoa, Euskaltelek gehiago fakturatzen du, eta inor ez da zure fakturari bistazo bat emateaz arduratzen, inolaz ere!
Ez da kopuruagatik, baina demagun nire faktura 1000 Eurokoa dela eta 1000 Euro horietatik 800 Euro direla hitzik esan ahal izan gabe fakturatu direnak. Berdin zaie. Orduan ere, ez du inork gainbegiratuko zure faktura. Hau da bezero bati ematen zaion tratu txar eta begirune falta.
Euskaltel: ez dut tratu hau merezi (2)
Euskaltelengandik jasotzen dudan tratu txarren bigarren zatia:
LTD edo TDT ez da kabletik pasatzen
LTD, TDT edo Lurreko Telebista digitalaz ari naiz.
Antena arrunta jarrita baduzu etxean, 2006 urtearekin batera telebista digitala izateko aukera izan duzu, gustoko dekodetzailea erosi ondoren. Kanal gehiago bai, baina neri gehien gustatzen zaidana: irudi eta soinuaren kalitate hobea, ia DVDaren mailakoa, gehi zenbait irrati kalitate digitalean.
Aldiz, telebista ikusteko Euskaltelen kablea erabiltzen baduzu, ez duzu LTDrik. Telebista digitalaz gozatzeko, Euskalteli berari erosi behar diozu dekodetzailea (90 Euro inguru) eta gainera hilero 3 Euro ordaindu behar dituzu. Hau da, kable bidezko telebista zerbitzua ez duena baino okerrago gaude.
Zergatik? Bada, Euskaltelek nahi duelako, zuk beraien plataforma digitala erabiltzea eta kontsumitzea.
Zein kostu du beraientzat LTD integratzeak? ia zero.
Berriz ere, Euskaltelen galdera sortzen zaie: zer egingo dugu: zerbitzua doan hobetu ala gehiago kobratu? Dudarik ez, bigarren aukera.
Euskaltel: ez dut tratu hau merezi (1)
Euskaltel sortu zenean askok pentsatu genuen ez zela Telefonica bezalakoa izango eta begirune pixka bat izango zutela bezeroekin. Laster konturatu ginen ezetz, beste bat gehiago zela Euskaltel. Hona hemen azken urtean Jose Antonio Ardanza, lehendakari izan zenak ordezkatzen duen konpainiak azken urtean eman dizkidan ostikadak:
Kable bidezko Internet zerbitzuaren prezioen logika
Oker ez banago, 2005-ean hau zen prezioen eskema, Despega produktuan:
Despega 300 Kbps -> 22 Euro hilean ( 73 Euro/Mbps )
Despega 1 Mbps -> 39 Euro hilean ( 39 Euro/Mbps )
2006-an hauek dira dauzkagun aukerak:
Despega 300 Kbps -> 23 Euro hilean ( 76 Euro/Mbps )
Despega 3 Mbps -> 39 Euro hilean ( 13 Euro/Mbps )
Zein da jokua? 23 Euro hilean gutxi fakturatzea iruditzen zaie, eta 3 Mbps saldu nahi dizkigute. Bezeroen aldetik, jakina da gaur egun 300 Kbps abiadura nahikoa dela etxe bateko erabilpen arrunterako. Zerbitzua hobetu? 22 Euroko bezeroei ezta pentsatu ere ez!
Horrela jarraituta, hurrengo urtean, edo hemendik bi urtera, bideo asko ikusi nahiko ditugu Internetez. Momentu horretan, 3Mbps-ra pasatzea beste aukerarik ez zaigu geldituko. Orduan lortuko du Euskaltelek nahi zuena: fakturazioa handitzea. Ikusten dugu Euskaltelentzat zerbitzua ez da garrantzitsua, baizik eta fakturazioa.
(Jarraituko du)
3Mbit segunduko
Euskaltelekoak ze majoak diren. Hiru hilabetez 3MB-ko konexioa frogatzen utziko didate. Ondoren ez badut nahi, abisatu eta berriz jarriko didate 300KB-tako konexio zaharra. Enfin... hainbeste urtetan Telefonicarengandik jaso ditugu tratu txarrak eta orain hasi gara Euskaltelen atzeko atea ikusten. Bagenuen susmoa bai, Euskaltel antzerakoa izango zela. Erral-ek abisatu zigun aspaldi
Horrek beste artikulu bat merezi du, beste egun batean.
PS: Aspaldian zai nengoen, abisatu bait zidaten. Atzo bururatu zait modema itzali eta berriz piztea eta alehop! hortxe 3 megak. Diot, beste askori ere agian antzera gertatu eta zai egongo delako.
