Teknosexua
etb
Eskerrik asko ghettolagunei
Atzo gertatutakoarekin eskerrak eman beharrean nago. Zenbat komentario, retuit eta erantzun! Mila esker denori.
Herenegun gauean artikulu hau idatzi nuen: Si hablas en euskera no sales en ETB2 eta espero gabeko erantzun ona jaso nuen atzo, Twitterren, Facebooken eta abarretan. Oso sorpresa polita izan zen, jende askoren babesa sentitu nuen. Kultura sailburu berak gaia aztertuko zuela esan zidan eta alderdi batek galdera egingo omen du legebiltzarrean gai honen harira. Eskerrik asko denori.
Kontua da nere helburu nagusia ez zela salaketa egitea. Ni ez naiz jokaera hori azaleratu duen lehenengoa eta ez dut uste niri gertatutakoa kasu larriena denik. Euskaldunon ghettoan (erdi serio jartzen dut ghetto hitza) gai ezagun eta arrunta dela iruditzen zait. Azkena atzo bertan aipatzen zuen Facebooken Marijo @desplazatuak, nola Abadiñoko Sanblasetako feriako baserritarrek euskaraz eta gazteleraz eman zituzten hitzak, ETB1 eta ETB2rako.
Nik artikulu hori gazteleraz idatzi baldin banuen, nire sare sozialetako kontaktu baskoentzat izan zen (EHn bizi direnak baina normalean euskaraz jarduten ez dutenak). Nahi nuen ea beraiek ulertzen zuten egoera. Ez da munduko arazorik larriena, arantzatxo bat da, baina beraien pauso bat ikusi nahi nuen, euskarari ongietorria ematen, ulertzen zutela gaia eta babesa ematen.
Baina keba... ez du ezertarako balio. Ez dut ia baskorik identifikatu atxekimenduen zerrendan. Sare sozialetan euskaraz idazten badut jende horrek ez du normalean ez aipamen eta ez erreakziorik izaten. Ikusezina bihurtzen naiz beraientzat. Hizkuntza kontua zela uste nuen, baina atzoko artikuluarekin berdina gertatu zait. Nik gazteleraz idatzi eta nork erantzun dit? Euskaldunen ghettoko kolegek.
Ondorioa: lagun horiengana iritsi nahi badut beharrezkoa da: gazteleraz idaztea eta idatzitako gaiak euskararekin zer ikusirik ez izatea, ez daitezen deseroso sentitu.
Ez dakit nola apurtu konpartimentazio eta isolamendu hori. Nahi nuke.
Ipod-arentzat sounddock bat erostekotan?
ETBko lagun Iñaki Olanori esker, pare bat astetan gadget batzuk izan ditugu, Teknoflash mikrosaiorako. Gero txostena egin dugunez, hemen nik frogatutako tresnak:
BOSE Sounddock-a
Lehenengo itxuran zirrara sortzen du trastoak, daukan itxura eta pixuagatik. Martxan jarri eta egia esan soinu espektakularra du, modernoa. Soinua oso garbi eta indartsua da, goi eta beheko frekuentzietan indartuta. Tono altuetan ere batere distortsio gabe funtzionatzen du.
Erabilpen aldetik, iPod-arekin dabilenarentzat egokia, baina apur bat motz gelditzen da beste tresna batzuekin lotu nahi badugu, hala nola kanpoko soinu iturri bat, CD-ak eta abar. Bluetooth bidezko konexioa ideia ona da baina ez du gehiegi zabaltzen tresnaren erabilpen esparrua.
Interneten ikusi dugun prezioa ondo badago (500 Euro inguru), luxuzko tresna bat dela esan dezakegu, iPod-arekin bakarrik erabiltzeko nahiko motz gelditzen bait da.
Yamaha Sounddock-a
Itxura guztiz klasikoa ematen du tresna honek, baina barrutik gaur egungo teknologia arrunta duela dirudi. Soinu aldetik tono klasikoagoa du, eta egokia izan daiteke musika "klasikoak" entzuteko (50. hamarkadatik honakoak). Soinu ona du, baina ez oso zorrotza eta arbia. Oso natural entzuten dira Eagles edo Led Zeppelin bezalako klasikoak.
Tresna honen abantaila handiena, barruan dauzkala iPod-a, CD-ak eta USB-ak irakurtzeko adaptadoreak. Horrez gain irratia dakar eta kanpotik lotzen zaion sarrera auxiliarra onartzen ditu. Errematatzeko, iratzargailu aukera. Logelan edukitzeko tresna edeeeerra!
Gainera, ikusi dugu 300 Eurotik beherako prezioa duela. Oso aukera ona.
Denon kaskoak
Txikiak eta erosoak dira. Agian belarrietan egiten duten presioagatik denbora luzez eramanez astun suertatu daitezke.
Soinu aldetik izugarri garbiak eta nekerik ez dute eragiten. Zarata kantzelatzeko aukera ere frogatu dugu eta oso efektiboa da bulego batean egoten den anbienteko zaratarekin. Lastima hain garestiak izatea, baina ulertzen dut eliteko kaskoak direla.
Eguneraketa: EITB-ren webgunean jarri dute BOSE katxarroaren bideoa:
ETB audientzia galtzen
Azken bi asteotan igande gauetan txintxo ikusi ditut Hermanos de Sangre telesailaren 4 kapituluak. Atzo ez dut ikusi.
Gerrako filmak gustatzen zaizkit, eta aliatuen inbasioa da gai interesgarri horietako bat. Horregatik hasi nintzen Hermanos de Sangre ikusten, duela bi aste. Horregatik, eta batez ere, publizitaterik gabe ematen dutelako.
Kaskoak jantzita ikusi ditut hasierako 4 kapituluak (bina astero), emozioz eta tentsioz beteta. Gustora! Andrea ere harrituta zegoen hain berandu arte telebista ikusten gelditu nintzelako (normalean loak hartzen dut telebistari begira hamar terdietan).
Atzo ez nuen ikusi, eta hemendik aurrera ere ez dut ikusiko ETB2an. Atzo Steven Seagal "zoragarriaren" filma bat jarri ziguten ordu horretan eta nire gustoko telesaila 23:40tara pasatu zuten. Tumatxa!
Pentsatu nuen VHS zinta baten bila hasi eta grabatzen jartzea, baina gero hobeto pentsatu nuen. Ordenagailua piztu, bilaketa azkar bat egin, eta 5 minutuan martxan neuzkan hurrengo 6 kapituluren deskargak Transmission BitTorrent bezero bidez.
Agur ETB2. Zapping egin dut. Transmission 1 - ETB2 0