Hemen zaude: Hasiera Blogak Teknosexua e-gizartea

Teknosexua

e-gizartea

Etorkinak iristen ari dira sarera

Agian sarean hasi nintzenean webik ez zegoelako edo zuzenean tresnaren erabilera hori zela ulertu nuelako, hasieratik nire sareko jarduna aktiboa izan da. Lehenengo egunetik bidali nituen mezuak posta zerrendetara, foroetan parte hartu nuen, argazkiak kargatu... han eta hemen arrastoa uzten joan naiz sarera lotuta daramadan 15 urte hauetan. Zer esango dizuet, zure izena Googlen bilatu eta zerbait azaltzen bada, lagunek friki bat zarela uste dute.

Facebook sarean gure inguruko milaka pertsona sartu direnetik aldiz, jende asko azaldu da inguruan. Orain arte sareko turistak, bisitari pasiboak ziren, sarean ibili bai baina inon ere ez zutenak arrastorik uzten. Ez argazkirik Flickren, ez komentariorik foroetan, ezer ere ez. Ez genekien sarean zebiltzan ala ez.

Eta orain bai. Orain jende hau Facebook-en ikusten duzu, bideo bat bidaltzen, komentatzen... beraien arrastoa uzten. Nire inguruko jende ezagun askorekin gertatzen ari zait, zerbait komentatzea ez da jadanik frikien kontua. Bada, ongi etorri etorkin guztiei, ordua zen! 

Gari Araolaza 2009/02/16

Erdibidean? Ni pa dios

(beste purrustada bat, microblogging egin beharko nuke)

Iturrinean irakurri dut erdibidearen inguruan , erdibidean omen gaude bai 18/98 kasuarekin eta bai bi goardiazibilen hilketarekin etsita gelditzen garenak.

Nik uste dut kontrakoa dela. Erdibidean daudenak dira gertaera batekin sumindu eta bestea ulertzen saiatzen direnak. Nire ustez barrikadaren alde berdinean daude 18/98ko gartzelaratuak eta bi goardiazibil eta beraien familiak: biktimen aldean. Nik barrikadaren alde horretan sentitzen dut nire burua.

Gari Araolaza 2007/12/10

Pirateoaren paradoxa

Gai interesgarria dakar La Petite Claudinek pirateatzearen inguruan, berak Newyorker-en irakurri du.

Gutxi gora behera hau da teoria: modak beharrezkoa du pirateria.

Zergatik erosiko dut jertse berria aurreko urtekoa oraindik ongi badaukat? Modaz pasatu delako.

Eta zergatik pasa da modaz? Kalean ehunaka pertsona ikusten dituzulako zure jertse berdinaz, arropa fabrika guztiek egin dutelako modelo hori edo oso antzerakoa.

Beraz, modaren industriak aurrera egin nahi badu kopiatze asko behar da (moda kopiatzearen zentzuan ulertuta). Horrela, marka esklusiboek erraz salduko dituzte urtero produktu berriak eta bigarren mailako markak saiatuko dira beti modan egoten marka garrantzitsuen produktuak kopiatuz.

Gari Araolaza 2007/11/05

Astea oporretan

Oporretan nago aste honetan. Gure Olatz txikiak ikastolan hasi behar zuen eta abuztuko oporretatik astebete gorde nuen, ikastolarako egokitzea egiteko.

Inoiz baino lasaiago ibili naiz egia esan. Kalean pasiatu, parkean jolastu, etxeko txapuzatxoren bat, gure txabolan belarra moztu eta askoz gehiagorik ez. Noizean behin hau egin beharko genuke, beti pseudo-estresatuta gabiltzan guztiok.

Guraso gehienak egokitze honekin erreta dabiltza, hainbeste denbora galduta eta abar. Ni prozesu hau ongi egitearen aldekoa naiz (nahiz eta kasu oso desberdinak daudela onartzen dudan, noski). Gainera, gozatua hartzen dut haurrak goizero ikastolan sartzen eta andereño Gentzanerekin jolasean ikustean. "Luxuzko denbora galtzea" esango nioke beste garai batzuetan.

"Y si el espacio fuera el verdadero lujo?" esaten zuen Renault Espacearen iragarki batek. Baliteke, baina nik esango nuke denbora librea edukitzea dela luxu handiagoa gaur egun, niretzat behintzat!

Gari Araolaza 2007/09/21

Informatikari's blues

Gauza jakina da. Inguruko guztiek eskatzen dizkigute ordenagailu konponketak. Aspaldi idatzi zen Pringao HowTo . Berriki, Josuren blogean, GeekSquad-en inguruko artikulu baten erantzunetan Xa2erri garestiak iruditzen zaizkio haien prezioak

Nik ez dakit garestia ala merkea den mando-distantzia programazio hori. Kontutan izan batetik AEBn dela eta bestetik irudi aldetik eta, nahiko zerbitzu berezia dela, horregatik gehiago kobratzen dutela seguru. Zenbait burutapen gai honen inguruan:

  • Ur berogailua konpontzera etorri zen teknikariak, "Reset" botoiari klik egiteagatik 60 Euro inguru kobratu zizkidan pasa den urtean.
  • Urjentziakoa ez den elektrizista batek etxean interruptore bat konpontzeagatik 60-70 Euro kobratzen dituela gutxienez.
  • Erabiltzaileak nahi gabe ohitu dugu lan hauek erraz egitera. Nire auzokide batek garabi batekin egiten du lan. Inoiz autoa izorratzen bazait ez naiz ausartuko lana doan egitera eskatzen, eta aseguru etxeari edo zerbitzu ofizial bati deituko diot. Aldiz, bere emazteak hiruzpalau aldiz eraman nau beraien etxera, inprimagailua, modema, eskanerra eta ez dakit zer konpontzera.
  • Erabiltzaileak uste du ordenagailua oso tresna sinplea dela, eta ez. Mantenua behar du, eguneraketak, disko garbiketak, gauzak kontu handiz instalatzea eta abar. Erabiltzaile arruntak ez dira konturatzen zenbat ordu ematen ditugun erabiltzaile arruntok horrelako lanetan gure ordenagailuetan.
  • Erabiltzaile gehienek Windows darabilte, eta hori arazo iturri handia da ere. Edozein jatorriko edozein programa instalatzen dute edonola, pentsatu gabe, Aceptar, Aceptar, OK, Aceptar
  • Oso erabiltzaile gutxi daude mantenu zerbitzu on bat ordaintzeko prest. Ondorioz, informatika mantenuan dabiltzan enpresek ezin dute asko kobratu, ondorioz informatikari hasiberriak daude lan horietan, ondorioz desastre asko gertatzen dira.
  • Arazoaren zati handi bat konponduko da erabiltzaileak UNIX-en oinarritutako sistema batekin lanean hasten direnean, dela Linux edo OS-X. Sistema horietan produktuen instalazio eta konfigurazio baimenak askoz mugatuagoak daude, segurtasun maila handiagoarekin. Adibidez, zuetako zenbatek zabaldu du mikrouhinezko labea? aldiz, zuetako zenbat ibili da Windows-en errejistroan frogak egiten, zer egiten ari zineten ziur jakin gabe?
  • Microsoft-i zor zaion erreberentzia dela eta, hainbat eta hainbat segurtasun saltzaile (Panda, McAffee eta horrelakoak) partxe salmentan dabiltza, benetako segurtasunerako bideak utzita. Adibidez, jakinik hainbeste urtetan Outlook Express bezalako programak segurtasun zulo ikaragarriak zituela, zergatik ez dute gomendatu hasieratik doako (edo/eta software libreko) beste edozein programa erabiltzea? Aldiz, zenbat diru fakturatu dute partxe horien salmentan?

Pixkanaka egin beharko dugu bidea, noski. Nire etxean behintzat, denek Ubuntu Linux darabilte, eta jarraitu behar dut birusa zabaltzen. Pixkanaka konponduko dugu hau.

Gari Araolaza 2007/09/05

Telebista Internetez (eguneraketa): Miro

Txusek bultzatuta berriz ere eman diot buelta bat Internet bidezko telebistari . Pasa den urtean komentatu nuen Democracy-ren inguruan eta egia esan orain askoz hobeto dabil, baina orain Miro izena du telebista Internet bidez ikusteko proiektuak , lehengo Democracy-ren ordez.

Ideia sinplea da: videoblog-en batzaile bat da Miro. Zure erakundeak bideoak sortu eta Interneten publikatzen baditu, nahikoa da bideo horiei RSS jario bat lotzea eta Mirok publikatzen dituzunean deskargatuko dizkio ikusleari, denbora duenean eta lasai esertzen denean ikusi ahal izateko. YouTube edo Google Videoko bideoak ere erraz deskargatu daitezke handik, zatika ikusi beharrean denak batera ikusteko.

Merezi du froga bat egitea. Ni GoiTB, Goienaren telebista kanalera handik harpidetuta nago, baita Ruben Blades-en telebista saiora, Mobuzz TV eta beste askotara.

Gari Araolaza 2007/08/27

Eduki guztia Creative Commons

Derrepente konturatu naiz nire blogak ez duela lizentzia argirik. Nola liteke, hainbeste bultzada eman lizentzia libreei, hainbat lagunei gomendatu, eta nik hori ez jartzea?

Azalpena garbia eta tontoa da: despistatuta nengoen eta akordatzea ahaztu. Hau da hau.

Orain bai. Hemendik aurrera (eta baita lehendik idatzitako guztiak ere lizentzia honekin publikatzen ditut. Barkatu, norbait aurretik konturatu eta gaizki hartu badu.

Creative Commons License
Lan hau Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Gari Araolaza 2007/07/05

Eroski eta Biodiesel delakoa

Aurreko batean Arrasateko Eroskiren gasolindegian geratu nintzen. Biodiesela ikusi nuen gasoil arruntaren prezioan baina ez nekien nire autoak onartuko zuen ala ez eta ez nintzen ausartu. Irteeran, kaxan galdetu eta baietz esan zidaten, edozein diesel autok onartzen zuela. Beste informazio idatzirik ote zuen eta ezetz esan zidan.

Gero, gasolindegia duen auzoko bati galdetu nion, ea beraienean ere biodiesela jarri behar duten. Baietz esan zidan, baina gaiari garrantzia kenduz. Itxura denez, biodieselaren portzentaia oso txikia da, eta gehiena gasoil arrunta da. Hau da, nahiko irudi kontua eta aurpegi garbiketa kontua dela biodieselaren kontu hau.

Zalantza sortu zitzaidan. Zenbat biodiesel eta zenbat gasoil izango du Eroskiko erregaiak? Eroskiko webgunean kontaktu orria erabili nuen. Nahiko denbora pasatu da, baina erantzuna argia izan da, garbi asko emanda gainera:

Bezero agurgarri hori,

Lehenengo eta behin gure webgunean utzitako argibide-eskaria eskertu nahi dizugu, halako mezuek, gure bezeroen kexen berri ematen bait digute.

Zure eskakizunari erantzuna eman nahian, jakinarazten dizugu Biodiesela, A gasolioa erabiltzen duten ibilgailu guztietan erabili daitekela. Ibilgailuaren motorrean ez dago aldaketa egiteko beharrik, bere etekina eta kontsumoa gasoleoaren antzerakoa baita. Landare olioa daukanez-gero (ekilore, soia, koltza, eta habar) Biodieselak labaintasuna eta detergentzia gehiago dauka. Izan ere, motorra lubrifikatuago eta garbiago dago.

Legeak dioenaren arabera (61/2006 Errege Dekretua) Biodiesela landareetatik edo animalietatik eratorritako gantz-azidoen ester metilikoa da.

Gaur egun ez dago Biodiesel soila saltzerik, motor guztiek onartzen ez dutelako. Honez gero, gure gasolindegietan saltzen dugun produktua Biodiesela duen A gasolioa da. Gasolio honek %12-20 inguruko Biodiesel kopurua dauka. Gainerako %80-88 A gasolio arrunta da.

Saltzen dugun nahaste hau A gasolioaren lege-eskakizun guztiak betetzen ditu eta ondorioz, diesel motor guztietan erabili daiteke.

Dena den, argibide hauek osatu nahi badituzu honako webgune hau gomendatzen dizugu:

www.bionor.es

Tartean, azkeneko Consumer aldizkarian atera da honen inguruko albiste bat, eta hor aipatzen da "izen" desberdineko biodieselak badaudela, erabiltzen diren proportzioen arabera. Ondo legoke Eroskik informazio hau modu argiagoan erakutsiko balu beraien saltokietan.

Beraz, ez gara %100-ean biodieselera pasatu, gehienez ere %20an.

Gari Araolaza 2007/05/11

Ikastaroa: QuarkXPress ala autoedizioa?

Informatikako edozein ikastaroren akatsa izaten da tresna jakin bat ikastea. Hau da, "testu prozesatze" edo "ordenagailu bidezko diseinua" baino, "MS Word" eta "AutoCAD"-en ikastaroak ematen dira.

Maila batean badu lojika, tresna oso konplexua edo aurreratua denean, jendeak horrekin lan egin behar duenean eta abar. Hau da, ikastaroa oso lotuta dagoenean lan ingurune batekin.

Baina sarritan ikastaroak planteatzen dira oinarrizko ikasketa moduan, Nola erabili e-posta edo Irudien tratamendua izenburuekin, eta erakusten den gauza bakarra da tresna jakin bat. Noski, eremu jakin batetako tresnek antzerako aukerak izaten dituzte. Garrantzitsuena ez da jakitea zein menutako zein aukeran daukan Photoshop-ek kolorea zehazteko tresna, baizik eta nola hobetu daitekeen flashak erreta atera den argazki bat, besterik gabe.

Akats hau bereziki egiten ari gara ikastetxe eta zentru publikoetan (KZGuneetan e-postaren izena Outlook Express da adibidez)

Horregatik pena hartzen dut ikastetxe batean maketazio lanetan gehien erabiltzen den programa zein den aztertzea erabakitzen dutenean. Pena hartzen dut, pentsatzen dudalako HUHEZIn bide jakin bat hartzeko erabakia hausnartzen ari direla.

Tresnaren batek nagusitasuna badu eta tresna hori aukeratzen bada ikastaroak emateko, azkenean tresna horren indar posizioa indartzen ari gara, gelditzeko zaila den espiral batean sartuta.

Nik kontrakoa aholkatuko nuke: tresna garesti eta oso erabiliak diren horiek aukeratu beharrean, software libreko tresna aukeratzea, besterik gabe. Ziur naiz ez dituela Quark-en aukera aurreratuak izango, baina ziur naiz ere hasten den batentzat erruz beteko dituela hasierako beharrak. Horrek ez du kentzen Quark edo InDesign-i bistazo bat emateak, behintzat ikasleek ezagutu ditzaten.

Azken finean, Scribusetik Quarkerako bidea erraz egingo du ikasleak lanean hasten denean. Astebetean gai izango da oinarrizko Quark ikastaroa egin dutenen mailan jartzeko, seguru. Aldiz, Quark egin duenak ez du inoiz Scribus ezagutuko. Are gehiago, herri aldizkari bat antolatzen hasten den kazetariarentzat lehenengo lana Quark pirata bat lortzea izango da, alternatiba libreei begiratu gabe.

Gaztelaniarik ez zidaten erakutsi eskolan niri, euskara bai. Hala ere, gaur egun erraztasun handiagoa dut gaztelaniarekin. Ideia berdina da.

Eta bukatzeko: Zenbat QuarkXPress lizentzia legal dabiltza hor zehar? Pirateoa sustatzen ari gara?

Gari Araolaza 2007/03/22

Democracy: telebista demokratikoa

Nik uste dut zer esan asko emango duela Democracy programak. Duela zenbait hilabete saiatu nintzen baina Ubuntun ez zen instalatzeko erraza. Orain bai, oso erraz eta azkarra iruditu zait ( sudo apt-get install democracyplayer eta sudo apt-get install libxine-extracodecs tekleatzea nahikoa izan da martxan jartzeko, nahiz eta oraindik nahiko sarri blokeatzen zaidan. )

Internet bidezko telebista

Democracy edo Democracy TV izena du trastoak, telebista kudeatzeko era demokratikoa eskaintzea bait da bere helburua:

  • Zuk nahi dituzun kanaletara harpidetu, nahi dituzun programak ikusteko aukera eginez.
  • Zuk kanal propioa sor dezakezu, bai zure bideo eta bai beste batzuenekin.

Democracy screenshot

Nola dabilen

Oinarria RSS jarioak dira. RSS bidez zenbait kanaletara harpidetzeko aukera duzu. Egunero, kanal horiek gainbegiratu eta interesatzen zaizkizun programak aukeratzen dituzu.

Democracy-k aukeratutako programa horiek deskargatzen dizkizu, atzeko planoan. Kasu batzuetan bideoak YouTuben daude, beste batzuetan Google Videon eta beste zenbaitetan BitTorrent P2P sistemaren bidez ere deskargatzen ditu. Democracy arduratzen da hortaz.

Gero, denbora hartzen duzunean edo lasai-lasai sofan eserita zaudenean, lehen aukeratutako bideo guztiak ikusteko momentua da. Pantaila osoan ikusi daitezke bideoak.

Norberaren telebista

Norberaren telebista kanala sortzeko ere erraztasunak ematen ditu Democracyk. Nahi den moduan egin daiteke: norberaren webgunean publikatuz, BitTorrent bidez eta abar. Democracy berak zenbait tresna eskaintzen ditu lan hauek egiteko.

Oraindik sare alternatiboa bakarrik

Oraindik sare alternatiboa da. Nik ez dut telebista kanal jeneralistarik ikusi, baina sarritan hauek interesgarriagoak izaten dira, eta nork daki, agian hasiko dira agertzen. Oraingoz, YouTube bezalakoek lortu dute kontrako bidea egitea, zapping-etan sarritan azaltzen bait dira YouTubeko bideoak, eta azken finean, Democracyn berdin-berdin jar dezakete beraien programak ordaindu ahal izateko publizitatea, ez?

Froga ezazu!

Gehiago pentsatu gabe, Democracy frogatzera gonbidatzen zaituztet, Windows, Mac OSX eta Linux-en erabiltzeko aukera dago eta software librea da! (noski...)

Eguneraketa: Democracyn ikusi dut nik Oscarretarako aukeratu duten Eramos pocos laburmetraia.

Gari Araolaza 2007/01/24
Azken erantzunak
Ezustekabe atsegina Txus Ordorika, 2012/02/07
In the ghetto asier sarasua, 2012/02/05
gora ghetta oier g, 2012/02/04
erdaldunak eta euskara Patxo, 2012/02/04
Etiketa lainoa
CodeSyntax administrazioa aldundia analytics ap-1 apache ardoa argazkiak audientziak audio autoa basque bidebarrieta bideoak bilatzaileak bittorrent bizikleta bizitza blogak brikolajea buletina codesyntax copyleft copyright creativecommons curriculum debabarrena dokumentalak donostia drm e-gizartea e-posta egile eskubidea egunkaria eguraldia eibar eibarorg elektronika elgeta elgoibar elurra espaloia estatistika estatistikak etb etb2 euskadiko kutxa euskal aberia euskal-herria euskaltel euskara eusko-jaurlaritza exif facebook gabonak games gatibu gaztelera geek geo geocaching gimp gitarra google gps haurrak hezkuntza hifi hitzaldia howto ikastaroak informatika ingurugiroa internet iratxe_molinuevo irratia irteera istripua itoiz itsasoa itunes japonia jatetxea jatetxeak jokoak kontzertuak kuriositateak lana lau truku mapa mapak mapping microformats microsoft mondragon motorra mqp multimedia music musika mutriku negozioak obrak openstreetmap oporrak ordenagailua osasuna osm p2p papel papera parte-hartzea partehartzea pdf photos photoshop plano plone politika posizionamentua pribatutasuna publizitatea python radio_euskadi rss san-sebastian sare-sozialak sarea script segurtasuna semantic-web seo software librea software-librea spam sysadmin tagzania telebista telebista tv p2p telemarketing tomtom turismoa tv twitter txangoa txinatarrak txistea txoriak ueu umeak umeekin umorea unibertsitatea vizcaino webgintza where2007 wikipedia worldploneday worldploneday2008 youtube zuzenbidea