Teknosexua
drm
Nola askatu PDF fitxategiak
Osakidetzaren aurkako purrustada bat zen hau, baina saiatuko gara alde positiboari begiratzen.
Osakidetza: Enplegu Publiko Eskaintza
Gertuko bat dabil Osakidetzaren EPE-ra aurkezteko prestatzen. Oraingoan galde-erantzunen sail handi bat ikasi behar du eta horietatik 100 azalduko dira azterketan. Deskargatu ditu Osakidetzaren webgunetik galdera horiek PDF txukun batean eta saiatu da inprimatzen. Ezin. PDF dokumentua babestuta dago eta ezin da inprimatu. Pantailan irakurri bai, baina inprimatu ez. Horrelako aukera zoragarriak eskaintzen ditu PDFak.
Dokumentuan irakurri daiteke:
Lehen argitalpena : 2008ko abendua
©.Osakidetza. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa
Internet: www.osakidetza.euskadi.net
Maquetazioa eta inprimaketa: Editorial MAD Eduforma
PSP: 5,49 euro, BEZ barne
LG: SE-7302-2008
ISBN: 978-84-89342-90-3
No está permitida la reproducción total o parcial de este libro, ni su transmisión
por ningún procedimiento informático o electrónico, incluida la fotocopia, grabación
magnética o cualquier almacenamiento de información y sistema de reproducción,
sin permiso previo por escrito de los titulares del Copyright o los derechos.
No comment.
Askatu zure PDF fitxategiak
Zer esanik ez, askatu dugula Osakidetzako PDF petral hori. Orain inprimatzen utziko digu. Baina zer gertatuko da truko hauek ez dakizkiten herritarrekin? Gero irisgarritasunaz hitz egingo dugu.
Baina guri berdin zaigu: hona hemen bi aukera interesgarri PDFekin sarri ibiltzen bazara:
- PDF tresna ugari
- Free PDF Unlock Online (hau erabili nuen atzo Osakidetzakoa askatzeko)
Musika hil zen eguna
Lehendik ere nahikoa argi ez bazegoen, MSN Music-etik musika erosi dutenek datorren irailetik aurrera ikasiko dute modu gordinean zer den DRM-a.
The day the music died artikuluan oso ongi azaltzen du gaia Mark Pilgrim hackerrak.
DRM-dun musika erosten duen edonork garbi izan behar luke, arazoa berdina bait da iTunes-en musika erosten baldin baduzu. Mark-en parrafo bat hemen:
Orduan, zer gertatuko da 2008ko abuztuaren 31an? Egun horretan, Microsoftek zenbait zerbitzari itzaliko ditu. Zerbitzari horien lan bakarra MSN Music webgunetik erositako kantuen balidazioa egitea da. Pertsona hauek ("biktimak" hemendik aurrera) ez dute segituan nabarituko. Biktimak ordenagailu berri bat erosi edo sistema eragilea berritzen dutenean, edo beraien disko gogorra izorratu eta berria jartzen dietenean konturatuko dira. Une horretan - erositako kantuak ordenagailu berri edo beste disko batera pasatzen dituztenean - Microsoften musika jogailuak (iTunesen antzerakoa, baina Microsoftena, Applerena izan beharrean) Microsoften balidazio zerbitzarietara deia egingo du, kantu horiek legalki erosi ziren ziurtatzeko. Dei honek huts egingo du, zerbitzari horiek ez dutelako erantzungo, Microsoftek nahita itzali dituelako. Microsoften jogailuak erabakiko du (modu okerrean baina di-da batean) kantu horiek modu ilegalean deskargatu dituela eta biktima pirata bat dela, eta ez ditu joko. Kasu honetan, ezkerreko eskuak badaki eskuinekoa zer egiten ari den: biek behatza erakusten dizute.
Kontutan izan: DRM-arekin erosten duzun musika, ez da zurea. DRM-aren jabeak nahi duen arte izango duzu eskutan.