Interneteko komunikazioa gaizki ulertzeko modu arketipikoa
Gaztelumendiren komentarioen artean topatu dut, aurretik ere hainbat posta-zerrendatan aurkitutakoa (adibide arketipiko bat duela bi urte Eibartarrak zerrendan)
- Maddik uste du mezu baten harira txapapoteaz eta beste kontu batzuez zeozer esan beharra dagoela.
- Maddik ez du ezer esaten
- Beste batzuek esaten dute "zerbait" baina ez Maddik espero zuena, bere ustez esan beharra zegoena, baizik eta beste zeozer.
- Maddi kexatzen zaie besteei, ez dutelako egin berak nonbait nahi zuena. Berak egin ez duena, besteek ere egin ez dutelako, purrustada besteei.
Urlia sartzen da Internetera, eta espero du X irakurtzea. Aurkitzen du, ostera, besteek Y eta Z dutela berriketagai, inork ez duela X esaten. Eta haserretzen da, aizuek, esan X! Baina Urlia, mutu ordura arte, ez X, ez Y eta ez Z. Urliak ez daki Interneten bidirekzionala dela, Interneteko edukia bere ardura ere badela, Interneten X ez bada ageri, bere errua ere badela, berak ez duelako X esan. Eta erresuminduta geratzen da Urlia, uste duelako errua besteena dela!
Beti dena egina jasotzera izatera ohitua dago Urlia: uste du komunikazioa horixe dela, gustuko egunkaria erostea, bere ideiekin bat datozen artikuluak dakartzan horixe erostea. Hori ez da komunikazioa, hori dotrina jasotzea da. Komunikazioan norberak ere badu erantzukizuna: jaso bai, eta eman ere bai. Hori da Interneten alde ona, Urliak ulertzen ez duena: gustuko egunkaria, norberak egiten duela, nahi badu.
Mac-eko IExplorer hiltzeko garaia da
Deiak jasotzen ditugu batzuetan, bezero eta inguruko batzuen artetik, gure webgune bat edo aplikazio bat ez dela ondo ikusten.
Mac-a eta MS Internet Explorer darabilen jendea da.
Ez dira konturatzen, ez dabilena hori dela, eta ez gure webguneak. Ze ez gure webgunerik, ez estandarretara moldatu den ezer ez dago ondo ikusterik ganorabako software poeza horiekin.
Mac-eko IExplorerrekin horrela ikusten da Del.icio.us

Eta Firefox-ekin, ordea honela:

Diseinatzaile zentzudunek iraungitzat jotzen dute jada kaka hori, Mac-eko MS IE. Adibidez, 456 Berea Street-ek: abenduko pare bat loturatan beste pare bat mezu Mac-eko IExplorer hiltzat ematea gomendatzen dutenak. Alferlan gehiago ez Mac-eko IExplorerrentzat gauzak egiten. Nahikoa da.
Kontua da, seguruaski, euskalgintzan bereziki 5 urte zahar diren iMac-ekin dabiltzan dexente daudela... Mac OS X baino sistema eragile zaharragoekin. Tira, berritu beharko dute behingoz 21. mendeko software eta makinariara (sistema horiek 20. mendekoak dira). Makinak Dell-en katalogoetan eta edonon hiletik hilera merkeago egonda, ez dut ulertzen zeren zain dauden.
Bada ordua aukeratzeko. Mac-eko Internet Explorerren edo Firefoxen aurpegiaren artean hautua egiteko.
Inozentzi Iribar, 103 urte eta liburua

Marije emaztearen aitona zenaren ahizpa da Inozentzi Iribar Galarraga. Nire amaginarreba Klaudiaren izeba, beste modu batean esanda. Getariarra da eta 103 urte bete zituen 2004ko abenduaren 28an. Urtebetetzearekin bat egiteko, bere sendiak liburua argitaratu berri dio: Mende oso bateko oroimen goxoak / Recuerdos inocentes.
Gasteizko psikologia ikasle batek, Vanesa Martinek, idatzi du liburua. Inozentzi Iribar Loidi baserrian jaioa da. Ezkondutakoan joan zen bizitzera Gasteizera, eta Getariarekin lotuta beti egon den arren, gaur egunean ere han bizi da, zaharren Ajuria egoitzan. Gabonetan-eta, ordea, Getariara etortzen da eta herrian jaso du aurtengo opari berezi hau.
Familiak, Klaudia Iribar ilobak koordinatuta, Vanesa Martinek gaztelaniaz idatzitakoa itzuli du euskarara, ilustrazioz hornitu du liburua, eta tirada mugatuko argitalpena egin du, lagun eta senideen artean banatzeko.
Liburua maketatzeko lana Maite Rementeriak egin digu, eta emaitza, PDF bat, Interneten ere eskuragarri jarri dugu, helbide honetan. Liburuaren tirada mugatua egin dugu, lagun eta senideentzat, eta hortaz aleak urri dira. Osorik nahi duenak, PDF hori hor du, 1.5 Mb-ko fitxategia. 5 Mb-ko beste PDF bat ere badugu eskura, irudiak kalitate handiagoan gordez, eta hori nahi duenak, eska beza. Azalaren irudi ona, hementxe Inozentziren gaztetako irudi batekin.
Liburua sarean jartzeko lana aprobetxatu du Manterola.org familiaren domeinuari beste itxura bat emateko. Laster osatuko dut apur bat gehiago webgune hori.
Liburuaren eta urtetebetzearen albistea Urola-Kostako Hitza egunkarian ere atera ziguten, abenduaren 29an. Artikulu horretan diote gaztelaniatik itzulpena neuk egin dudala, baina ez da guztiz egia: Neuk itzulpenean lagundu dut apur bat, baina Marije Manterola emazteak egin du itzulpenean gehiena.
Data aldaketarekin, deklinabidea zuzen euskaratuta gure blogetan
Iazkoek 2004ko zioten, eta aurtengo blog sarrerek, 2005eko diote.
Coreblog euskaratua darabilgu Eibarko blog komunitatean, baina produktua librea eta doan eskuratzekoa da. Data zuzen ateratzeko metodoa ere ez da intxixuen formula magikoa, algoritmo jakin bat baizik, eta hementxe daukazu.
Ez, bereziki, Ingelesen Hilerri honetan, ze hiru hizkuntza, estilo aldrebes samarra eta berezitasun zenbait ditu, baina bai konprobatu ahal izan dugu urteko lehen blog sarreran, blogari berri baten estreinaldian, Julen Gabiriaren blog berrian. Ongi etorri euskaldunon blogosferara, Julen.
Data aldaketaren kontuarekin jarraituz, zera aurkitu dugu: Coreblog produktuak bug bat dauka, urte berriko bug-a dei genieziokeen. Urte jakin batean ez baduzu mezurik kargatzen, aldameneko menuko artxiboen bilduma ezkutatu egiten da. Urteberri egun guztietan gertatuko da hau, harik eta mezu bat kargatzen ez dugun arte. Jatorrizko produktuak behar du konponbida, noski, eta garatzaileei jakinarazi diegu.
