Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Interneteko komunikazioa gaizki ulertzeko modu arketipikoa

Interneteko komunikazioa gaizki ulertzeko modu arketipikoa

Luistxo Fernandez 2005/01/06 21:59

Gaztelumendiren komentarioen artean topatu dut, aurretik ere hainbat posta-zerrendatan aurkitutakoa (adibide arketipiko bat duela bi urte Eibartarrak zerrendan)

  1. Maddik uste du mezu baten harira txapapoteaz eta beste kontu batzuez zeozer esan beharra dagoela.
  2. Maddik ez du ezer esaten
  3. Beste batzuek esaten dute "zerbait" baina ez Maddik espero zuena, bere ustez esan beharra zegoena, baizik eta beste zeozer.
  4. Maddi kexatzen zaie besteei, ez dutelako egin berak nonbait nahi zuena. Berak egin ez duena, besteek ere egin ez dutelako, purrustada besteei.

Urlia sartzen da Internetera, eta espero du X irakurtzea. Aurkitzen du, ostera, besteek Y eta Z dutela berriketagai, inork ez duela X esaten. Eta haserretzen da, aizuek, esan X! Baina Urlia, mutu ordura arte, ez X, ez Y eta ez Z. Urliak ez daki Interneten bidirekzionala dela, Interneteko edukia bere ardura ere badela, Interneten X ez bada ageri, bere errua ere badela, berak ez duelako X esan. Eta erresuminduta geratzen da Urlia, uste duelako errua besteena dela!

Beti dena egina jasotzera izatera ohitua dago Urlia: uste du komunikazioa horixe dela, gustuko egunkaria erostea, bere ideiekin bat datozen artikuluak dakartzan horixe erostea. Hori ez da komunikazioa, hori dotrina jasotzea da. Komunikazioan norberak ere badu erantzukizuna: jaso bai, eta eman ere bai. Hori da Interneten alde ona, Urliak ulertzen ez duena: gustuko egunkaria, norberak egiten duela, nahi badu.

Patxi
Patxi dio:
2005/01/07 18:29

Bueno, ni ez nago hemen inorekin ados. Eztabaidak oso gustoko ditut, beharbada horregatik izan liteke, baina aparte, pisuzko argumentuak ere baditut, (hala uste det behintzat):

Hasteko, ez nago Gaztelumendirekin ados. “Zeri erreparatu diote erantzuleek?” esaten duenean.

Neri artikulu horretan atentzioa deitu zidana, balearen zakilaren tamainaz aparte, - beste informazio guztia ezagutzen nuen – bizitako esperientziaren emozioa zen, kazetarien kroniketan azaltzen ez dena. Emozioa. Bizitako esperientziak ematen dit inbidia. Zakilaren tamaina sekundarioa da.

Luistxorekin ere ez nator bat. Mezu bati ematen zaizkion erantzunek, mezua bera baino interesgarriagoak izan daitezke. Kasu honetan adibidez, beste eztabaida bat sortu da, antza denez, mezua bera baino interesgarriagoa.

Maddiren kezketako bat da zergaitik ez den txapapotea aipatzen, edo balearen tamaina. Berak bere kezka aipatzen du. Zuzenean ez, baina bai zeharka. Eman du bere iritzia.

Gero ere hau dio Luistxok: “...Interneten X ez bada ageri, bere errua ere badela” Honekin ere ez nago ados. Jendeak mezuei erantzunik ematen ez badie, orokorrean ados dagoelako izan daiteke. Eta ados ez badago, egia da jendeak ez duela asko parte hartzen, baina komunikazio sistimaren errua gehiago dela esango nuke. Erru hitza ez nuke nik erabiliko. Kontutan hartu behar da mezu bat bidaltzen denean hor geratzen dala betirako, fosilizatuta. Hanka sartzen badezu, zenbait irakurleek hori gogoratuko dute beti. Deskuidoan zure iritzia aldatu eta atzera egiten badezu, berandu izango da, inor ez da enteratuko, mezua zaharkituta geratu delako. Ausardia edo ajolagabetasun pixka bat behar da sarean eritziak uzteko.

Berriz ere Gaztelumendirengana (eta maddirengana): “burutik baloia kentzen dugunean, mutilok organoekin pentsatzen jartzen garela. Kezkatzekoa bada, bestela tabernetako komentarioak eta entzutea besterik ez dago... “

Ni horrelako komentarioak azaltzen direnean, isilik, eta botxorno pixkabatekin egoten naizen hoietakoa naiz. Baina horrek ez du esan nahi ni naizenik ondo nabilena. Beharbada ni naiz bitxarrako xamarra.

Gauzak ez dira askotan ematen dutena. Gizonek bai esaten dituzte berdekeri asko, baina horrek ez du esan nahi buruan besterik ez dutenik. Egia esan, bada zerbaiten adierazgarri, baina nik benetan, ez dakit oso ondo zerena. Kontua da oso ondo pasatzen dutela. Nik ez bezela.

Nik, Freud aparte utzita, esango nuke emakumeek, orokorrean noski, gehiago pentsatzen dutela gizonon zakilarengan, guk gizonok baino, neretzako nabarmenak diren arrazoiengatik (barkatu ez aipatzea, gehiegi luzatzen ari naiz). Topikoak ordea, kontrakoa esaten du. Baina berriz diot. Gizonok, berdekeri asko esateaz aparte, badegu gure eritzia edozein gairi buruz. Emakumeak bezela bezelaxe.

Bukatzeko: “Zer dela eta hil da balea Euskal Herrian? Zer deritzogu balearekin egingo dutenari?”

Itsasoaren egoera negargarria, denok ezagutzen degu. Akaso ez da horregatik hil, ez dakit. Balearekin zer egingo duten? Adituak hor daude. Politikoekin egiten degun gisara, haiengan delegatu.

Azken hau da oso eztabaida polita. Gure herrian gertatzen ari den barrabaskeri asko eta askoren iturria.

Segiko nuke, baina digestioa egiten ari naiz, eta ez dakit oso ordenatuki ibili naizen. Badaezbada frenoa sakatzera noa.

Patxi Gaztelumendi
Patxi Gaztelumendi dio:
2005/01/07 00:12

X Y Z hoiek beste modu batera ikusi ditut nik. Alegia, Maddiren kexa konprenitu badut, izan da batzuek -kasu honetan mutilek- gauza bakarrak deitzen diela atentzioa: tamainak.

Artikuluaren -esan nahi baitut, artikulu nagusia- egile naizen aldetik, ulertzen dut Maddiren kexa eta kezka. Zeri erreparatu diote erantzuleek?

Kontua ez da Maddik hau edo bestea irakurri gura izatea, kontua da, eta horretan bat nator, burutik baloia kentzen dugunean, mutilok organoekin pentsatzen jartzen garela. Kezkatzekoa bada, bestela tabernetako komentarioak eta entzutea besterik ez dago...

Nik uste, teorizazio hori ez duzula datu fidagarri baten gainean montatu. Maddiren kexa, nire ustez, ez da zer esaten dugun, baizik eta gauza bakarra esaten dugula.

Kritika, autokritika onartu beharrean gaude. Eta gero beste gauza batzuei buruz berbetan segi. Eta orain gaia, nik neuk jarriko nuke. Zer dela eta hil da balea Euskal Herrian? Zer deritzogu balearekin egingo dutenari?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004