Hemen zaude: Hasiera Blogak Bidean . . . openstreetmap

Bidean . . .

openstreetmap

EuskalMapa

Tarteka, egindako zenbait lanek harrotasun berezia sentiarazten didate. Horietako bat da EuskalMapa, munduko mapa euskaraz erakusten duena. Agian gustuko dudan erreminta batean oinarritzen delako, OpenStreetMap. Edota euskararentzat oso positiboa izan daitekeela sinistuta nagoelako.

Euskararentzat garrantzitsua izan daitekeelakoan nago, kalitatezko Wikipedia bat edota gure aurrekoen testigantza jasotzea bezainbeste. Mundua euskaraz ikus dezakegu, urruneko estatu eta hirietatik gurean dauzkagun eremu ez euskaldunetaraino, den-dena gure hizkuntzan eta natural-natural.

Izan ere, sarean zein paperean aurki ditzakegun mapetan Euskal Herriko hiri, herri zein kaleak ez daude beti euskaraz. Zer esanik ez geure mugetatik kanpo. Eta guk geuk ezer gutxi egin genezake Google Maps edota Guia Campsan toki-izenak euskaraz agertzeko.

Bereziki pozten nau Trebiñu edota Iparraldean euskarazko toki-izenak ikusteak. Utikan euskarak ofizialtasunik ez izateak edota politikoki-zuzenak izatearren osatzen diren hiri-izen konposatu eta amaigabeak, munduko mapa gure hizkuntzan, puntu.

EuskalMapari buruzko informazio gehiago blogean bertan.

Mikel Lizarralde 2010/10/13

Berriz ere bidean

Blog honi Bidean izena jarri nion. Berau sortu baino aste batzuk lehenago Done Jakue edota Santiago bidean nengoen (bertakoak dira headerreko eta profileko argazkiak), On the road Jack Keruac-en liburua alboan nuela.

Oraindik ere opor-egun batzuk geratzen zaizkidanez berriz ere bidean jarri behar gara bizikleta eta biok. Eta berriz ere Done Jakue bidea egitera noa, bide frantsesa deritzanetik.

Zergatik egin behar dudan berriz ere bide bera? ba ez dakit, gogoa daukat eta kitto. Hori bai, aurkitu dut nire burua zertxobait zuritzeko moduko aitzakia: OpenStreetMap-erako datu bilketa masiboa egitea.

Zortzi egun beharko ditut, gutxi gora-behera eta eguraldia lagun, Santiagora iristeko, beraz zortzi egun emango ditut mapa-jai konstante batean. Datuak jasotzeko GPS-a, argazki kamera eta koadernoa, besterik ez ditut eramango.

Orain bi urte bidea egin nuenean Tagzania & CodeSyntax-en hastear nengoen. Garik GPS-a eman zidanez, han grabatutakoa OSM-ra igo zuen. Oraingoan helburua herrien mapak hobetzea eta erromesentzako puntu interesgarriak gehitzea da.

Bidaitxo hau egiteko gogo bizia dut. Badaukat halako sentsazio bat aurrerago etorriko den bidaia luzeagoren baterako prestaketa dela. Prestaketa, batez ere, mentala eta pertsonala.

Ahal izanez gero, hementxe bertan joango naiz eguneroko bat egiten. Orain bi urte idatzi nuen hura irakurri dut jada; ea orduan bezain ondo pasatzen dudan.

Ultreia!

 

Mikel Lizarralde 2009/10/08