Hemen zaude: Hasiera Blogak Bidean . . . nere gauzak

Bidean . . .

nere gauzak

Lasai, ez du ezer egiten

Demagun mendian gora noala, eta baserri batean solte dabilen San Bernardo bat zaunkaka hasten zaidala. Ni begira geratzen naiz, pixka bat beldurtuta, alboan duen ugazabak txakurra oratu zain. Demagun ugazabak Hartz izenez deitzen duela txakurra. Eta demagun, halako batean, "lasai, ez du ezer egiten" esaten didala; ugazabak, ez txakurrak. 

Laburbilduz: mendian gora, zaunkaka ari zait solte dagoen Hartz izeneko txakur handi-handia, ni pixka bat beldurtuta, eta jabeak dio ez didala ezer egingo. 

Doazela popatik hartzera halakoetan "lasai, ez du ezer egiten" dioten txakur-jabeak.

Mikel Lizarralde 2011/06/17

Hizkuntzak eta obren iraupena

Gure herrian egiten diren obrek ez daukate iraupen berdina euskaldunentzat edo erdaldunentzat.

Argazki hau maiatzaren bukaeran atera nuen gure pegoran:

null

Gaur beste hau atera dut, pegoran baita ere:

null

Pertsona elebidun bezala... zenbat irauten dute obrek? Ze batzutan nahiago dut euskalduna izan, eta bestetan erdalduna.

Ah, eta euskararen zuzentasunari... hobe ez begiratzea.

Mikel Lizarralde 2011/06/16

Botereen banaketa

Unibertsitate sasoian Ignacio Ramoneten La tirania de la comunicación liburua irakurri nuen. Ohikoa den botere banaketa klasikoa, legegilea, judiziala eta exekutiboa, atzean geratua zela pentsatzen zuen Ramonetek.

Botere horizontal eta parekideak izan beharrean, piramide moduan antolatuak daude bere ustetan:

  • Goian, gainerakoak dominatzen, botere ekonomikoa
  • Ondoren, botere mediatikoa
  • Hauen azpian, botere politikoa

Botere ekonomikoak komunikabideak kontrolatzen ditu, eta biek batera botere politikoa.

Interesgarria iruditu zitzaidan, baina horixe, besterik ez. Aspaldian, ordea, geroz eta argiago daukat Ramonetek bete-betean asmatu zuela. Ez du inporta nora begiratu, dela Espainiaren kanpo-politika, finantza merkatuen erreskate neurriak edota zenbait udaletxeren erabaki xelebreak (horra Bukowski Donostian edo Errebal Eibarren), denen atzean enpresa handien interesak.

Mikel Lizarralde 2011/02/23

Esneketariaren kontuak

Orain gutxi bi lagunei pasa zaie esneketariaren kontuen aurka jardun beharra. Batak lokal bat alokairuan hartua zeukan, beharrerako. Urte parea zeraman bertan. Halako batean, lokalaren jabeak alokairua bikoiztu behar ziola esan zion, bestela dirua galtzen ari zela.

Goizean pasa naiz lokal horren paretik. Salgai dago, lanerako material eta guzti. Zelatatuko dut ea zenbat denbora behar duen saltzeko.

Beste lagunak etxea zuen alokairuan. Pisukideak bakarrik uzten zuela eta etxeko ugazabarekin prezio berria negoziatzen ahalegindu zen. Alperrik. Alokairu txikiagoarekin dirua galtzen zuela.

Nik dakidala, etxe horrek hutsik dirau.

Bi ugazabek esneketariaren kontuak egin zituzten. Hainbeste irabazi ahal izango zutela alokairu handiagoekin. Azkenean, jai-jai. Sarritan, hobe da pixka bat gutxiago irabaziz diru-sarrerak segurtatzea sosik gabe geratzea baino.

Eta kontuz, hau ez da Plaentxiko tornillo-saltzailearena, bakoitzarekin oso gutxi galtzen zuena.

Mikel Lizarralde 2010/11/01

Errespetua

Atzerrian ibili izan naizenean, normalean ingelesez hitz egiten dugu bertakoekin. Hala ere, beti ahalegintzen naiz bertako hizkuntzan hiruzpalau gauza esaten (kaixo, agur, eskerrik asko, ez horregatik, ...). Bi edo hiru astean herrialdean ibili ostean nahiko erraz ateratzen zaizkigu hitzok, eta nago bertakoek eskertzen dutela. Errespetua eta eskerrona erakusteko asmoz egiten dut, beraien herrialdera joatean ez dudalako turista hotz eta zakarra izan nahi.

Hau gurera ekarriz, tarteka ikusi izan dut euskaraz jakin ez arren zenbait hitz ulertzen duenik. Baita hitz egiten ikasi duenik, beren estilora, kalean edo beharrean entzundakoarekin soilik, edota euskaltegian fin-fin ikasitakoak. Horren atzean errespetua dago. Eta ahalegin hori eskertzekoa da.

Gurera etorri eta euskaldunekin eta euskararekin egunero-egunero ibili arren hitz erdi bat ere esan nahi ez dutenek ez daukate inolako errespeturik.

Mikel Lizarralde 2010/09/19

Munduaren salbazioa

Akabo, jarri dute martxan Hadroien Talkagailu Handia. Sortuko omen da zulo beltz handi bat eta materia guztia xurgatuko du. Edo hori diote zenbaitzuk.

Esperimentu honekin mundua nola sortu zen jakin nahi omen dute. Big Bang-ik benetan izan al zen, nolakoa izan zen, zergatik, zeinek sakatu zuen botoia, botoirik bazen.

Zer gertatuko litzateke zulo beltz bat sortu ordez galaxia berri bat sortuko balitz? Eta bizia sortuko balitz? Eta gure unibertsoa horrela sortua izan balitz? Ez dakit, agian beste dimentsio edo bizi edo danadalako batean bada fisikari talde bat halako esperimentu bat egin eta guk ezagutzen dugun galaxia hau sortu zuena. Agian beraien Hadroien Talkagailu Handiaren esperimentua ondo atera zitzaien eta bizia sortzea lortu zuten; orain begira-begira egongo dira gu aztertzen.

Lastima gaur ez duela eguzki eta sargoririk egin, bestela izango nuen aitzakiaren bat eta hemen goian idatzia intsolazio baten kulpa izan dela esan nezake.

Mikel Lizarralde 2008/09/11

Palestinar zapia

Egunkarian irakurri dut AEBn polemika sortu dela Donuts enpresa baten iragarkian agertzen den aurkezle famatu batek palestinar zapia daramalako.

Paslestinar zapia

 
El Paisen diotenez protestak egon dira zapiaren sinbolismoa dela eta, Palestinar herriaren borroka sinbolizatzen duelako. Baten batek ere esan omen duenez, palestinar zapia "jendeari burua mozten dioten islamista terroristen bideoetan agertu ohi da" (artikulutik euskaratua, ez dut ezer gehitu, zoritxarrez). Enpresak iragarkia erretiratu du.

Beno, balorazio politiko edo psikologikorik egin gabe, nik uste moda kontuengatik eramaten duela zapia neska honek. Lehen gure kaleetan ugariagoa zen zapi honek bazuen zeresana, baina gaur egun "pija" bat baino gehiago ikusi dut hori soinean dutela. Ziur Zara edota H&M-n barra-barra saltzen dituztela.

Mikel Lizarralde 2008/05/30

Izena duen guztia da

Euskal mitologiari buruzko libururen batean irakurri nuen esaldia da izenburukoa. Barandiaranena edo uste dut zela liburua. Izena duen guztia da. Egun esaldiaren moldaketa txiki batean bizi gara: egunkarian agertzen den guztia da.

Egunkarian agertuz gero benetan existitzen zara, bestela ez. Egunkarian agertuz gero laneko bilera batean zaudenean "joño, egunkarian ikusi zaitut, zu zinen, ezta?" entzungo duzu. Egunkarian agertuz gero hirugarren bizitzako auzokidearekin solasaldi surrealista bat izango duzu; hori bai, lasai egon, hortik astebetera guztia bere lehengo egoerara itzuliko da eta eguraldiaz eta bazkaltzeko egongo denaz soilik solastuko zarete.

Egunkarian agertuz gero, zure lagunek pentsatuko dute pena merezi duen lanen batean zaudela, nahiz eta ez zaren lau zenbakiko nominara iristen.

Egunkarian agertuz gero ziurtatu dezakegu pertsona bat hil den ala ez. Egunkarian ez bada eskelarik agertu, oraindik ez da hil, bizirik dago, hor nonbait.

Egunkarian agertuz gero litekeena da okindegian umeei oparitzen dieten txirula horietako bat ematea. Edo agian, jatetxe on batera bazoaz sukaldaria, Subijana edo halakoren bat, aterako zaizu agurtzeko asmotan.

Ez bazara egunkarian ateratzen ez zara inor. Madagaskarren uholdeak herri osoa hilko du akaso, baina egunkarian ez bada azaltzen ez da benetan hil, halakorik ez da gertatu sekulan.

Mikel Lizarralde 2008/01/22