Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Experiencia heroica

Mikel Lizarralde 2009/05/26 18:42

Gaurkoan Garik 123people.com webgunea aipatu dit, ni ere bertan nengoela esanaz. Nork ez du bere izena bilatu Google eta halakoetan? Bilatu dut, eta hantxe zeuden nire irudi batzuk (baita Mikel Lizarralde izeneko igarle batenak ere), eposta helbidea, blogak, etab. Informazio ugari, tartean nire izena aipatzen zuen artikulu bat ere. Artikulua, 2007ko maiatzekoa, blogen zabalkundeaz eta erabileraren ingurukoa da, eta hara zer dioten: 

Fuera de la tecnología y sectores especializados como el marketing y
las relaciones públicas, sólo hay experiencias heroicas. Es el caso de
Mikel Lizarralde de Indubrik, una empresa familiar de fabricación y
venta de muebles.

Joño, gauzak beltz ikusten ziren egun horietako batean pentsatzen nuen blog korporatiboa edukitzea alferrikakoa edota eroa zela, baina heroikoa izatearena... ez nuen behin ere pentsatu.

Hain justu ere, aste honetan bete dira hiru urte Indubrik-en bloga martxan jarri genuela. Merkatuak elkarrizketak dira eta txiki-txikia izanagatik, ahots propioa izateko aukera ematen digu Internetek. Polita izan zen gure altzari dendari ahotsa eman genionekoa.

Hona hemen El Mundoko artikulua.

Ez dago krisirik

Mikel Lizarralde 2009/05/25 20:43

Larunbatean Bilbo alderantz joan ginen. Gughenheim-en Murakami eta Cai Guo-Quiang-en erakusketak hilabete honetan bukatzen dira, eta pasa baino lehen joatea komeni.

Arratsalde partean Bilboko alde zaharrean geunden, taberna baten kanpoan tragoxka bat hartzen. Gurean ohikoa den kaleko saltzaile afrikar bat etorri zen hainbat gauza eskainiz. Ez genuela ezer behar esan genion, berak temati jarraitu zuen, eta gutako batek esan zion krisian gaudela.

Erantzun borobila bota zigun: "ba al daukazu janzteko arroparik? jateko janaririk? edota lo egiteko etxerik? Ba orduan ez dago krisirik!" Horixe bota eta haserre antzean joan zen.

Eta iruditzen zait arrazoia zuela lagun afrikarrak. Gehiegira ohitu ote garen. Komunikabideetan badiote krisia dagoela guztiok gaude bekokia uzkurtuta, beldur, ea hurrengo zaparrada noiz etorri, ea hurrengo albiste txarra noiz etorri.

Hilabete bukaerara larri iristen denari edota lanik gabe geratu denak pikutara bidaliko luke tipoa, baina arrazoi zuelakoan nago. Zer esango ote lukete Afrikako herrialde gehienek gure langabezia tasa izatea eskainiko bagenie?

Lagunen gomendioak Interneten

Mikel Lizarralde 2009/04/23 00:38

Urte hasieran Joxe Aranzabalek Stefan Zweig-en Memorias de un europeo liburua goraipatu zuen. Joxeren gomendio gustatu zitzaidanez, eta bere iritzia baloratzen dudanez, liburua erosi nuen, nola ez, interneteko denda batean. Desioa eta erosketa, bata bestearengandik oso gertu daude interneten (horretaz idatzi dut MacMikel blogean).

Liburua aste honetan bukatu dut eta pozten naiz irakurri izanaz. Hogeigarren mende hasierako historia gehiago ezagutzeko aproposa iruditu zait. Joxeren artikulua berriz ere irakurtzeko gogoa sartu zaidanaz Farora jo dut. Iruzkinetan Zweig-en beste liburu batzuk gomendatzen dituzte Iban Zaldua eta Aitor Arregik. Eta erosi egin ditut liburuok, noski.

Honek beti dakarkit gogora Interneteko hainbat webgune eta dendek bezeroen iritziei dieten beldurra. Ez dira jabetzen hobe dela bezeroa ondo informatzea izan ditzakeen zalantzak aldentzeko. Iritziek produktua benetan bere gustokoa izango ote den jakiten lagunduko diote. Iritzi hauek ez daude hor altruismoarengatik, gehiago saltzen laguntzen dietelako baizik. Hau bikain egiten dute Amazon (La Casa del Libro-k ere), Booking edota TopRural-ek.

Hori bai, argi dago lagunenak gehiago baloraten ditugula. Ea liburu berriok ere gustuko ditudan.

Erreala gainbeheran

Mikel Lizarralde 2009/01/09 20:01

Ez dakit Donostian jauzi den elurteak norbaiten garuna guztiz izoztu ote duen (edota inuzente eguneko adarjotzeren bat ote den). Errealak "el loco" Abreu fitxatu behar omen du. Honengatik da famatua gizon hau:

Espero dut oker egotea eta gizon honek Necatik baino emaitza hobea ematea. Errealaren historiari ea fundamentuzko zerbait ematen dion eta ez hor goiko horren moduko ezer. Hortxe bestela Zamoraren Gijongo gola, Satrusek Iribarri sartutakoa edota Arconadaren Zaragozako gelditua.

Alde instituzionalaz, hobe ez hitzegitea. Baretu dira urak eta jendea bere onera itzuli da. Gipuzkoako botere faktikoek berriz kontrolatzen dute kluba.

Herodes, herria zurekin!

Mikel Lizarralde 2009/01/08 00:32

Perlatxo hau osabak bota zuen atzo Donostiako Astelena jatetxean zegoen haur-zalaparta zela eta. Gaur lanera itzultzean maiz egin dut barre famili-bazkarian botatako esaldia oroituz. 

Oporrak luzeak izan dira eta denetarik egin ahal izan dut: leporaino betetzeko bazkari eta afariak, bidaiatxoa, eskia eta gaixotzea.

2008ko azken asteburua Kantabrian pasa genuen, Castro ondoko Islares Aisia hostal eta spa-n. Leku polita. Pena merezi du. Neguko eskaintza berezi bati esker merke pasa genituen bi gau. 105 eurotan logela, gosariak eta talasorako bi sarrera. Asteburu pasa joateko leku ederra iruditu zait. Santoña eta Laredon pasiada ederrak eman genituen.

Kantabriatik bueltan, Bermeon bazkaldu genuen eta Gernikan bueltatxoa eman. Chillidaren "Gure aitaren etxea" ikusteko gogoa neukan. Hablando con Chillida (Martin Ugalde) irakurri nuenetik maitasun berezia diot gizon horri. Tamalgarria benetan eskultura pintadaz zikindua egotea, margotu ditzatela beraien aiten etxeko paretak!


Argazkiak.org | Gure aitaren etxea - Eduardo Chillida © cc-by-sa: mikel

Pasa den larunbatean berriz eskiatzera joan nintzen Valdezcaray aldera. Baziren ia 8 urte ez nuela eskiatzen. Jendez lepo zegoen arren gustora ibili ginen. Belaunek kezkaten ninduten, baina eztarria ekarri nuen izorratuta, gaitzerdi, hori lehenago sendatzen da eta! Hori bai, Gernikakoan bezala, ikusgarria zenbat zabor zegoen eski estazioan, erretzaileen arrastoak edonon, parkina zikin-zikin egina eskiatzaileak joan ostean, ...

Herodes, herria zurekin!

Herodes, judutarren errege. Barrerik ezin atera ordea Gazan gertatzen ari dena ikusita. Barre, agian ironikoa, historiari begiratu eta pairatutako holokaustoaz horrenbeste kexatu eta besteena ikusten ez dutenengatik.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.