Lagunen gomendioak Interneten
Urte hasieran Joxe Aranzabalek Stefan Zweig-en Memorias de un europeo liburua goraipatu zuen. Joxeren gomendio gustatu zitzaidanez, eta bere iritzia baloratzen dudanez, liburua erosi nuen, nola ez, interneteko denda batean. Desioa eta erosketa, bata bestearengandik oso gertu daude interneten (horretaz idatzi dut MacMikel blogean).
Liburua aste honetan bukatu dut eta pozten naiz irakurri izanaz. Hogeigarren mende hasierako historia gehiago ezagutzeko aproposa iruditu zait. Joxeren artikulua berriz ere irakurtzeko gogoa sartu zaidanaz Farora jo dut. Iruzkinetan Zweig-en beste liburu batzuk gomendatzen dituzte Iban Zaldua eta Aitor Arregik. Eta erosi egin ditut liburuok, noski.
Honek beti dakarkit gogora Interneteko hainbat webgune eta dendek bezeroen iritziei dieten beldurra. Ez dira jabetzen hobe dela bezeroa ondo informatzea izan ditzakeen zalantzak aldentzeko. Iritziek produktua benetan bere gustokoa izango ote den jakiten lagunduko diote. Iritzi hauek ez daude hor altruismoarengatik, gehiago saltzen laguntzen dietelako baizik. Hau bikain egiten dute Amazon (La Casa del Libro-k ere), Booking edota TopRural-ek.
Hori bai, argi dago lagunenak gehiago baloraten ditugula. Ea liburu berriok ere gustuko ditudan.