Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Txargainen

Kalamuatik Txargainera

Txargainen

20 urte beharrean!

Urtarril honetan bete ditut 20 urte euskaltegian hasi nintzenetik. Bizitza erdi klaseak ematen, uf!

Gabon ostean hasi nintzen lanean. Orduan hogeita bat urteko umemokoa nintzen, ikasketak amaitu berri eta lan egiteko prespektiba gutxirekin; izan ere, sasoi hartan ere krisi sakona bizi genuen Euskal Herrian, eta ez zegoen lanik ia inorekndako, are gutxiago esperientza bako gazteentzat. Hori dela eta Irladara joateko erabakia hartuta nuen, au-pair, ingelesa ikastera, hori zen-eta orduan jendeak egiten zuena bide berriak jorratzearren. Hori edo Nikaraguara brigadista joan....

Eskualdeko Udal Euskaltegi batzuetarako eginda neukan proba bat, esperantza gutxirekin. Hegazkin txartela erostera joan behar nuen egunean, janzten ari nintzela, telefonoz deitu zidaten azterketan nahiko aurrean geratu nintzela, eta segur aski lana izango nuela. Jakina, ez nintzen bidaia agentziara joan! Hau guztiau Gabon aurretik izan zen. Ez zidaten datarik jarri, eskualdean transmisio kanpaina martxan jarri behar zuten, baina arazo batzuk zirela medio, ezin ziguten ezer ziurtatu.

Denbora pasa ahala, kezkatzen hasita nengoen, ez zen deirik, Irlandakoa baztertuta neukan. Zer egin behar nuen? Dei hori egin zen, Gabon ostean esan dudan moduan. Hori bai, deitu zidanean gripearekin nengoen ohean! Ai, ama , dena kontra. Zein gaitza zen lehen beharra topatzea!

Hasi nintzen, hasi. Eibarko Udal Euskaltegian lau sartu ginen. Ni nobata bakarra, besteak ibilita baitzeuden, gutxi baina zer edo zer. Junkalek, euskaltegiko irakasleak hartu gintuen bere babespean, bera zen gure koordinatzailea. Berba baten esateko, berak irakatsi zigun (zidan, agian hobeto) klaseak ematen. Ni oso eskertuta nago gurekin izan zuen pazientzia, irakatsi zigun guztia, beti oso umoretsu eta irribarre batekin. Inoiz ez diot esan, eta aprobetxatuko dut momentua: mila esker guztiagatik, Junkal!

Lehenengo urratsa ematen nuen, guraso talde bitan. Denak ni baino askoz zaharragoak, 40 urteren bueltan. Sarri pentsatzen nuen eurek ni ikustean hain gaztea, esperientzia bakoa, hain pipiola ez nindutela aintzakotzat hartuko. Gainera, hankasratzen handia egin nuen, esan nien ez nuela inoiz klaserik eman nagusiekin. Hori ezin da inoiz egin!! Tira, ondo errespetatu ninduten, zintzo-zintzo etortzen ziren. Emaitzak? ez dakit. Zerbait ikasi zuten, eta ez da gutxi.

Eta zelako denbora! Ordenagailua idazkariak baino ez zeukan, ez zen Euskaldunon Egunkaria ere existitzen. Prentsa idatzian Argia, Aizu eta Habe baino ez zeuden. Dena fotokopiatan (eta fotokopiadorak halamoduzkoak), sarri eskuz idatziak. Ez HEOK, ez atazetan oinarritutako irakaskuntzarik. Hiztegi bakarra 2000! Liburu errazak euskaraz irakurtzeko ia ez zegoen......Ia dena artesanala zen. Hori bai, karpetetan gordeta euskaltegietako irakasleok karpetak gurtzen baititugu! Atzera begiratuz gero, zientzia fikzioa iruditzen zait guztia. Nola ematen genituen klaseak? Zelan ikasten zuten gure ikasleek? Egia esan behar badut etb1en futbol gutxiago ematen zuten, eta pelikula gehiago. Hori bai, gaztelaniaz azpititulatuta! Klasean bat ikusiz gero, orri batekin estaltzen genituen.....Zelako sasoia!

Eibarkoaren ostean, Bergara, Ermua, Galdakao, Getxo, Arrasate, Basauri, Zalla eta Durangoko Udal Euskaltegiak etorri dira, baita Ermuko Kaltxango aek euskaltegia ere. Lehengo urratsetik EGAra, erretiratuak eta gaztetxoak, autoikaskuntza eta klase presentzialak, alfabetatze eibarreraz eta alfabetatze teknikoa, inmigranteak eta eibatar peto-petoak, zero-patateroak eta ikasle gruyerrak, instituteroak eta funtzionarioak.......ia denetarik pasatu da nire begen aurretik. Ia guztiekin, oso ondo. Batzuekin, primeran. Gutxi batzuekin, ez hain ondo. Poz asko jaso ditut, baita atsekaberen bat ere. Ia beti gustura eta ondo ibili naiz, jendearekin eta euskaraz aritu naizelako.

Kasualitatez hartu nuen bide hau, eta ez zait damutu. asko gustatzen zait nire lana, gero eta gehiago, esango nuke. Baina Irlandara joan izan banintz, orain non nengoke? Batek daki!

Haidar eta Lujanbio

2009ari atzerabegirada bat botaz gero, izen bi hauek agertzen zaizkigu.

Aminetu Haidar eta Maialen Lujanbio. Emakume izen bi. Biak eredu, biak iazko pertsonaiak, nire ustez, euren artean antz handiegirik ez badute ere, euren bizipenak oso desberdinak diren arren. Biek dute burua estalita. Bata, Haidar, bere heriaren janzkerarekin, melfarekin. Bestea ere, bere herriko gizonen kapeluarekin, txapelarekin, Bertsorali txapeldunaren txapelarekin, hain zuzen ere.

Aminetu Haidar indar eta duintasunaren irudia da. Borroka egiteko bere era leun baina tinkoa. Egoerarik txarrenean ere, irribarrea ahoan. Herri oso baten isla.

Haidar bineta

Maialen Lujanbio, ostera, Euskal Herriaren irudi berria. Txapelaz gain, beste titulu bat irabazi du, apal eta harro, lehenengo emakume bertsolari txapelduna izatea. Hori asko da, gero! Mundu maskulinoan gaztetxotik hasita, beste emakume batzuek irekitako bidea zabaltzen, nasaitzen. Historia egiten. Hainbat eta hainbat emozionatzen. Baita Taliban Jatorra ere!

Lujanbio-zaldieroa



Emakume izen bi: Aminetu eta Maialen, urteko pertsonaia absolutoak. Ganorazko gauzengatik, balore positiboengatik. Bestela, andrazkoak noiz agertzen dira, bada, komunikabideetan? Biktima izanez gero, eta txotxolakeriengatik, kitto!

Andrazko eredugarriak, emozionatu egiten gaituztenak, herri txiki biren ispilu. Umil eta tente, denondako modelo.

Leire Narbaiza 2010/01/10

Egunkariaren aldeko konzentraziñua Eibarren

Epaiketa laster izango da.

 

Argazkiak.org | Egunkaria © cc-by-sa: txargain

 

Datorren zapatuan hilan 28xan, eguerdiko ordu 1etan, Egunkariaren aldeko elkarretaratzea egingo da Untzaga plazan. Eibartar guztiak dagoz gonbidatuta. Gero eta hurrago dago Egunkarixan epaiketia. Zentzugabekeria hori salatzeko deittu da konzentraziñua.

Gu gara euren azken esperantza!!

Leire Narbaiza 2009/11/27

Guipúzcoa, Bilbao

Televisión españolan ikusitakoa.

Domeka arratsaldean, sofari ipurdiarekin distira ateratzen ari gintzaizkiola, aho bete hagin laga gintuen infografia bat ikusi genuen. Zur eta lur, sor eta lor, zurtuta, harrituta esateko topa litezkeen esamolde eta esera guztiak erabili genituen

Izan ere, España directo saioan astakeria hau ikusi genuen:

 

Argazkiak.org | Gupuzcoa, Bilbao © cc-by-sa: txargain

 

 

Flipatuta! Egin liteke okerrago? Lehenengo herria jartzen dute; ostean, probintzia. Horretara, Guipúzcoa herria da eta Bilbao probintzia. Behin ere ez dute asmatu! Primitiban irabaztea ez dute esperoko, ezta?

Estatuko komunikabideei zer gertatzen zaie, baina, hemengo geografiarekin? Zergatik kostatzen zaie hainbeste ulertzea probintzia bakoitzaren hiriburuak izen bat duela? Eta bakoitzaren izena? Eta herriak non dauden? Oso erraza da! wikipedia, google, mapak, atlasak....Gaur egun ez dago aitzakiarik! Mila baliabide dauzkagu klik batean!

Utzikeria da, berdin zaie gurea. Espainiar nahi gaituzte, baina euren erara! Basko deskafeinatuak, gatz bako ogia baino txepelagoak. Ezjakin koadrila! Eta ortografiaz ez dut ezer esan! Horretaz blog oso bat idatz liteke. Zer egin genezake? Ez dute erremediorik, barren!

Post scriptum: Posta argitaratu ondoren, Luistxo Fernandezek (mila esker) bidali didan beste perla kultibatu bat, oraingoan ABC egunkarikoa. Honek ere badu komentatzeko hainbat gauza: 

 

Argazkiak.org | ABC: Victoria © cc-by-sa: sustatu

 

 

Leire Narbaiza 2009/11/18

Urriko zurrunbillua

Urrixa hillabete nahasgarrixa da neretako.

Aspaldixan amaittu genduazen oporrak. Biharrian  setienbrian batian hasi nintzan, pentsaizue! Baiña urrixa beti da kaosa neretako: ikasturtia hasten da. Horretara hainbat talde, hamaikatxo ikasle barri, beste urrats eta mailla batzuk; askotan zahar, beti barri.

Aldaketak beti kostau izan jataz asko. Adaptatzia ez da errezen egitten dodana. Darwinismuak kondenatuta nauka! Eta holakuetan nobienbria noiz etorriko egoten naiz, ia kokatzen naizen, ia moldatzen naizen.

Aurten, gaiñera, frantseseko klasia be kanbixau dabe, eta arratsaldez baiño ez dago. Hori dala eta, tartetxo baten juan bihar naiz, nere klase bin artian, Durangon, punta batetik bestera, beti berandu, eta belauneko bihurrittua zihero osatu barik. Beti atxitxiketan, zelako amorrua.

Sustatun be kolaboratzen hasitta. Beste bihar bat, gustora egitten dodana, baiña beste bat. Gaiñera, bertan argitaratzen dittugun post-ak Elena Lakak eta biok Anti-gona blogian batzen dittugu. Beste lan bat. Edarra, baiña, beste bat gehixago.

Belauna osatzen prozesuan, ni kursora adaptatzen, kolaboraziñua, loibatxua, frantsesian B2 maillan (idazlan mordo bat, oso-oso mailla altua), arrapaladan ibiltzian nekian...Eziñian nabil, nere blog maitte honeri jaten emon barik. denporia dakadanian, inspiraziñorik ez; eta inspirauta naguanian, astirik ez! Ikaragarrixa.

Eskerrak etxera aillegatzeko aszensoria jarri deskuela!!!! 5. pisura eruan egitten nabe, ez besuetan, baiña teletransportauta sentitzen naiz, benetan. Karua da, beiña merezi dau!

Urrixa azkenetan dago, eta laster azarua izango da. Ordurako zentrauta egon, eta zentzuduna izango naiz; bada sasoia-eta! amen!

Leire Narbaiza 2009/10/28

Agur, Mercedes Sosa

Mercedes Sosa domekan hil zan.

Argentinako kantarixa domekan juan zan. "Gracias a la vida" zoragarrixangaittik ezaguna, Violeta Parra-n kantuak kantau zittuan, eta sekula ez dogu ahaztuko bere abestixekin hasi giñanok.

Pena eta tristuria baiño ezin dogu sentidu. Halan da be, beti geratuko jakuz grabaziñuak bere abots indartsu eta ederraz gozatzeko.

Horregaittik, beheian dakazue salekziño bat; hori dalako egin leikixon homenajerik onena.

Disfrutaizue!

Découvrez la playlist mercedes sosa avec Mercedes Sosa
Leire Narbaiza 2009/10/05

Besarkadak

Beharrezkoak dauzkaglako.

Askok kursia dela iritziko diote, ñoñoa beharbada. Sarri jasotzen ditut postan txisteak, txantxak, tontakeriak, deiadiak, aldarrikapen politiko eta sozialak, power-point sensibleroak, gauza onak eta txarrak zentzu guztietan. Azken aurrekoa hauxe "Besarkadak" izenekoa. tira, zuzen esateko "los abrazos" zen. Hartu, zabaldu eta itzuli egin nuen, asko guztatu zitzaidalako, esaten duena askorendako tontakeria den arren, nire ustetan ederra eta egia delako. Eta denok besarkaden premian gaudelako, ezta? Sekula ez dago maitasun eta kariñotik gehiegi. Inoiz ez da nahikoa.

Ikus ezazue inongo aurreiritzirik barik, laga lotsa tentelak albo batera. Begien hondoan burmuina izan beharrean kokatu bihotza, sentimendua. Beste era batera begitauko diozue-eta power-pointari.

 Hortaz, badakizue, besarkadarik beroena zuendako guztiondako. eta EHUren goiburua aplikatu zeuen buruei: Eman ta zabal zazue!

Leire Narbaiza 2009/09/22

Gizatasun gutxi

Gaur gozean trenean gertatutakoa kontatuko dut. Penagarria, benetan.

Bariku gauean, jausi eta ezkerreko belaunean bihurritu bat egin nuen, zaintiratua, esginzea, alegia. Era batere glamurosoan, dena esn beharra dago. Hori dela eta, herren nabil galtza moduko bat jarrita daukadalako; eta gainera, makulu bat ere badaramat.

Lanean jarraitzen dut, eta trenez joaten naiz, betiko moduan. Baina gaur gertatu zaidana tontakeria dirudien arren, kezkatuta laga nau. Nahiko kezkatuta.

Goizeko 8,13ko trena hartu dut eta gaur tren erosoa etorri da. Aleluia, Osana!! Tren horrek bagoi gutxiago dauzka, eta ia toki guztiak okupatuta joaten dira horrelako orduetan.

Erosoak bakarreko jarlekuak dauzka (ilara bat), baita binakakoak ere. Bai bauztk, bai besteak mugi litezke atzera eta aurrera launaka jartzeko edo alde batera edo bestera begiratzeko.

Bagoia sartu naizenean kojoka eta muletarekin bakarkako batean jartzeko asmoa neukan. Baina jesarrita zegoen gizon heldu batek poltsa eta txamarra jarri ditu, ni ez esertzeko. Ederto! Gora edukazioa! Beraz, lauko baten jarri naiz: aurrera begura, makulua ondoan, eta poltsak aurrez aurrekoan. Aberiatutako hanka altxatuta, pareko besoak jartzko leku horretan.

Zaldibarrera iritsi garenean, emakume heldu bi sartu, bat parean jarri eta tonotxo baten esan dit: ¿Te importa?. Sí esatekotan egon naiz, baina muleta begi bistan egon da eta egin dudan keinua eginda hanka jaisteko (ezin belauna tolestu) horrela esan diot: "No es tan fácil, tengo un esguince". Zer egin du? Zirkinik ere ez? Esan banio, bale, berdin-berdin.

Gauza da trenean jarleku gehigo zeudela libre: nire ondoan, atzean hiru bat. Baina ez zegoen lekurik biak elkarrekin joateko. Horretaz konturatu naizenean, burura begiratu diot eta begizkoa bota: Hankia apurtuko ahal don!

Gogorra? Bai, baina merezita. Niretzat oso gogorra izan da jesarleku biren artean horrela egotea, mugitu ezinda. Berari gertatuko balitzaio, ez luke horrela jokatuko, seguru nago.

Ez dakigu besteon lekuan jartzen, gizalegea ez da existitzen eta edukazioa...zer da hori? Konturatuko zineten behin eta berriro "heldu" adjetiboa erabili dudala. Izan ere, sarri esaten da gazteak direla horrelako gauzak errespetatzen ez dituztenak, edukaziorik gabekoak. Baina trenean joanda ikasi dut helduak direla sarri askotan txarrenak. Ez dute bagoitik irteten uzten, beraiek sartu nahian. Honen gainean ere esan daiteke hainbat gauza...

Hortaz, kojita bat ikusten baduzue, edo igeltsudun bat, edo muletadun bat ez zaitezte bordeak izan, eta konpreditu itzazue, gaitzazue. Hurrengoan, zuek izan zaitezkete-eta. Mila esker!

 

 

 

 

 

 



Leire Narbaiza 2009/09/15

CS taillarra, ondorixuak

Egun batzuk pasauta, pentsatzeko denporia izanda, zeozer idazteko moduan nago.

Egixa esateko, nahiko urduri nenguan egun horretarako. Alde batetik usten nebalako maillia latuegixa izango zala, eta nere moduko erabiltzaille apal eta ezjakin batek ez zebala tautik be aittuko. Bestetik, gitxittan ikusten dodan jentiakin egongo nintzalako, eta gaiñera on-line ezagutzen nittuan batzuk in person ezagutu bihar nittualako. Nahikua motibo nerbiosa egoteko, ezta?

Esan biharra dakat, hitzaldixak oso ondo egon zirala, nivel usuario izan ziralako. Ondo esplikauta, eta umore dosisakin. Oso gitxittan galdu nintzan, eta galdu nintzanian terminologixiangaittik galdu nintzala. hori dala ta, Jonek txosten bat bialdu desta hiztegi batekin. Milla esker, wapa!

Hori bai, galdera-erantzunetarako luzeiritzitta nenguan. behi eta berriro aittatu zeskuen kafia eguala, eta hartzeko. Baiña justo gu (Elena Laka, Jone Arroitajauregi eta ni) aretuan atzeko ezkiña baten jarritta geguazen. Altzau  ezkero, jardunaldixetako guztiak enterauko ziran. Ez zan plana. Aharrausi baten nenguan. Aurrian, Xabier Mendiguren eta Patxi Trapero, barrezka. Guk kafia bihar, baiña bestiak jo ta sua berriketan! Hor izan giñan matxinatzeko puntuan, baiña sublebaziñua hasteko zeguanian, amaittu zan, zorionez!

Hortaz, alde ziber-geek-a gaindittu genduan, uste baiño errezago. Halan da be, nere urdurittasunan zati haundi bat jentia ikusteko ilusiñuagaittik zan. Aspaldiko lagun batek imitatzen ninduanian "zelako ilusiñua" esaten zeban. Eta "zelako ilusiñua"  esaldixan atzian egoneziña egoten da beti. Egixa esateko Iturri, Iban, Xabier, Elena, Gari, Luistxo.... eurekin aurrez aurre egoteko aukeria oso-oso urrixa izaten da, eta gustora egoten naiz beti. Zer esanik ez Jozulinekin, lakide ohiak izan arren, urtiak ziran alkar ikusten ez genduala. Horretaz aparte, miresten dodan jentia be ezagutu bihar neban: Patxi, Maite, Joxe...Nerbiosa, artega, urduri? Jakiña, zelan egongo ziñake zuek?

Gero, konturatuta egongo zarien moduan, hórrek danak benetan jente jatorra dira. Igual raruak, baiña zein ez da rarua, ba? Nik txikittatik izan dot titulo hori buru gaiñian, eta zeingotsau, ba? Nahiko normaltxua naiz.

Internet bittartez egindako lagunak ezagutzia oso gauza berezixa da. Iñoiz ez da jakitzen aurrez aurre zelakua izango dan pertsona hori, zelan hartuko gaittuen, zelakua izango dan bere abotsa, ze filin egongo dan, alkar defraudauko dogun....Izandako esperientzia guztiak onak izan dira, zorionez, nere partetik, behintzat. Eibartarrak zerrendako afarixetan holakuetatik pasauta gagoz, baitta esperientzixia hartu be.

Afarixetak kanpoko esperientzixa bakarra Markos Zapiainekin izan zan. Kontauko dot, harira datorrelako eta oso argigarrixa dalako. Durangoko azokan izan zan, bera Susako estanean zeguan orduan "Txillardegi eta ziminoa" aurkeztu barri zebalako. Lagun batekin nenguan eta kasu egingo netsala esan netsan lagunari. Hara juan, Markos liburuak saltzen eta azokia nahiko hutsik. Galdetu netsan: "Badakizu nor naizen?". Estaneko guztiak aztorauta "fan bat, fan bat" pentsatezn. Orduan berak. "Ez", esaten moduan "jakin bihar dot , ala?" "Leire Narbaiza naiz". "A, Leire". Laztanik emon ezin (azokako mahaixak oso zapaltzailliak dira afektuetan, Gerediaga). Eskua bai. "Ze moduz?" "Ze ondo!" (Estaneko autubatzailliak zapuztuta) Eta gu berriketan. Luze. Laguna aspertu arte! Alkarreri agur esan, eta lagunak komentau zestan nik kontau ezkero, ez zebala siñistuko. "Aspaldiko lagunak emoten dozue", esan zestan. "Bagara-ta". http://eibar.org/blogak/leire/cs-taillarra-ondorixuak/base_edit

Holako zeozer gertau zan eguaztenian. Ezagutu bakuak, benetan ezagutu. Esperientzixa izan arren, beti kostatzen da, beti dagualako segurtasun falta bat. Batzuengana ez nintzan larregi hurreratu eurek ni ezagutzen ninduela ziurtatu arte. Ni horretan oso-oso segurolia naiz, makiña bat zaplazteko jasotakoa. Eta hanbeste jenten aurria, ez, eskerrik asko!

Errekonozimendu horren ostian, muxuak eta besarkadak. Gero esango dabe saria hotza eta inpersonala dala! Asko poztu ninduan Maite eta Patxi ezagutziak, errezoi desbardiñengaittik. Maite espero neban modokua da: jatorra, lasaixa, irribarretsua. Patxi, baiña beste erea baten imajinatzen neban: mobiduagua, ipurterriagua, berritsuagua, drogosogua....Baiña, ezetz esango neuke. Ixil-ixilik egon zan, zintzo, gitxi mobitzen. Gaiñera, zuzuen-zuzen begiratzen dau, fijo, begixak kliskatu barik. Adi. Dana behatzen, aztertzen eta neurtzen balego moduan.....

Afarixa interesgarrixa izan zan, baitta Luistxo botatako entziklikia be. ederki pasau neban, ezin hobeto nenguan inguratuata: Elena, Maite, Asier, Iban, Jozulin. Zer nahi da gehixago ba?

Espero dot sarrixago egittia holakuak. Blogs & beers hórrek be alde batera lagata dagozen sasoi honetan, interesgarrixa da beste blogari batzuekin mahaixa konpartitzia, ezta?

 

 

Leire Narbaiza 2009/07/13

Bloga abandonatuta daukat

Asti barik, erdi lagata daukat bloga.

Goizetan ez duzue jendea negarrez ikusten, galduta eta noraezean? Nire errua da, aitortu behar dut! Badakit milioika irakurle triste daudela, abandonatuta sentitzen direlako. Blog honetako testuak sarri-sarri jaso barik gosetuta eta desanparatuta daude, hain da ezinbestekoa berton argitaratzen dena!

Baina ulertu behar duzue nire bizitza konplikatua dela, edozein blogari arrakastatsuri gertatzen zaion moduan. Hainbat bizipen bizi behar ditut gero hemen zer kontatua izateko, ezta? Eta askotan erabaki behar bizi ala idatzi. Horren aurrean, beti bizi!!

Tira, Laga ditzagun koplak eta bromak, ez da-eta hainbesterainoko izan. Egia aitortzeko, Saharatik material mordoa ekarri nuen, eta pare bat post falta zaizkit. Batarekin oso-oso kateatuta nago, esperientzia gehiegi bizi eta kontatu ezinean nabil. Aterako dudalakoan nago, erdi-eginda dut eta. Bitartean, ideiak izan arren, post erdi-egin horrek ez dit uzten besterik idazten, nahiz eta zer esan eduki.

Hori dela eta, espero dut laster zuekin egotea, Saharakoa amaitu dudalako. Antzerkira joan naiz, aspaldiko lagunekin elkartu, iloba hazten ikusten nabil, frantseseko etsamina suspenditu dut, blogintzan plan berriak dauzkat........Pentsa zenbat gauza dauzkadan kontatzeko! 

Irtengo zait. Inshala!

Leire Narbaiza 2009/06/15

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz
 


Txargaingo tontorretik dakusat

Zer erantzi (Sustatu)

Anti-gona

 

Azken erantzunak
Soldadu baten adierazpena Aitziber Iriarte Garin, 2010/02/26
Urte politak, Junkal! leire, 2010/02/23
20 urte beharrean Junkal, 2010/02/17
67 urte bete arte iturri, 2010/01/31
Etiketa lainoa
Amamakipuleta Berde Biharrekuak Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropak baserritar jantzia berde biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri hizkuntza gutxituak irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak kalamuatik kalmuatik kultureta kutureta liburuak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu oinetakoak ostutakoak puntua-jarrita sustatukoa trenean uda udaberria udazkena urriñetik üskara