Bizikletak badira udaberrirako, antza
Badira pare bat aste eguraldi polita duguna, euririk ez du egin eta gainera, eguzkia ere ikusi dugu. Sinestezina, ez soilik azken hilean “jasan” genuen denborale eta euriteengatik, baizik eta apirilaren hasieran gaudelako eta Euskal Herriko Itzulia jokatzen ari direlako. Bai, lagunok, Itzulia korritzen dutenean, normalena euria eta hotza izaten dira, lasterketarako eguraldi okerrenak.
Itzulia orain denez, bizikletaz eta abarraz hitz egiteko aukera ez nuke pasatu nahi. Eta ez txirrindularitza zalea naizelako, preseski. Kontua da, eibartarra izanda ezinbestean, bizikletek badutela nirekin lotura sentimentala.
Bai, Eibarren bizikleten industria oso garrantzitsua izan da, lanpostu asko sortu ez ezik, 29ko krisitik irteteko modua izan zelako. Orduko krak finantzarioak eragina izan omen zuen armagintzan eta sasoi latz hartan birmoldatze industrial baten ondorioz, hainbat arma fabrika bizikleta tailer bihurtu ziren: BH, GAC eta Orbea, hain zuzen ere. Gogorra izan bazen ere bolada hura, aldaketa bikaina izan zen: armen negozio zikinetik, bizikleten negozio baketsuago, astiroago eta garbiagora pasatu ziren. Eibarko markek eraldaketa hori egin zuten. Merkatuaren zati handia zuten, Abelux eta Zeusekin batera. Aurreko krisiak desagertu zituen edo inportatzaile huts bihurtu ziren. Tristea, benetan, orduko hura eta honako hau!
Gure amak, gainera, GACn egin zuen lan aurreko krisira arte (Eibarren krisirik krisi ibiltzen gara, bikain edo larri). Orain hipsterren bizikletak direnak gureak izan ziren. Nik GAC bi izan nituen: lehenengo berde txiki bat eta gero paseoko handi gorria! Ze politta!! Gure anaiak motoretta bat!
Eibarrek bizikletekin duen lotura hain zen sakona, ezen La Sallen baimena ere ematen ziguten klase orduan ondotik pasatzen bazen: klaseak eten, eta karrera ikustera irteten ginen! Beste kontu batzuekin, pentsa ezina! Gainera, Arrateko igoera, Eibarko Bizikleta, Euskal Bizikleta eta Balentziaga memoriala sona handiko lehiaketak ere gure-gureak (izan) dira.
Baina txirrindularitzarekin du lotura nire lehenetako oroitzapenetako batek. Besteei ezer esaten ez dieten horietako bat, baina norberaren parte direnak, esanguratsuak edo intimoak direlako. Akorduan dut Klub Deportiboko tabernan nengoela. Oso txikia izango nintzen, mahaietara justuan ailegatzen nintzen-eta. Negarrez, aitaren bila, hantxe egoteko esan baitzidan, baina nik ez nuen ikusten. Tabernako mahaiak lore-sortez beteta zeuden, sorta horiek txirrindulariei ematekoak ziren; izan ere, aita ziklismo komisiokoa zen. Barruan gordeta daramat flash hura, niretako oroitzapen gazi-gozoa (negarrez, aitaren bila, jaiotzetik bazkide naizen klubean). Ezdeusa, agian, nire-nirea, baina.
Oroitzapenak oroitzapen, hainbat galdera etortzen zaizkit burura: zer ote du txirrindularitzak hainbeste zaletu izateko, nahiz eta azken aldi honetan fama txarra izan? Zergatik inor ez da haserretzen errepidea mozten dutenean karreristak pasatu behar direlako? Beste gauza batzuengatik errepidea mozten bada, beti izango da protesta eta haserrea; karrera pasatzeko bada, ordea, ez! Zergatik ote da, txirrindularien lana gogorra dela iruditzen zaigulako? Apal samarrak direlako? Ez dakit, baina badago miresmen moduko bat, txalo jotzea azkena doanari. Animo! Aupa! Eutsi!!
Hau guztiau, atzo esku-zartaka Eibarko saihesbidearen bazter batean nengoela bururatu zitzaidan: karreristek eurek zer sentituko dute bide bazterretan adin guztiko jendea txaloka ikusten dutenean? Zorotzat hartuko gaituzte? Entzungo dituzte gure animo oihuak? Estimatuko ote dituzte? Berdin emango ote diete? Adoretzeko balioko dute gure txaloek? Ala eskuen odol-zirkulazioa aktibatzeko baino ez ote da izango?
Bai, txirrindulariek badute zerbait! Inoiz inork ezin esan lezake gorroto dituenik, udaberriko egun ederretan txanpinoiak bezala errepidera irteten zaizkigunean igandekari (dominguero) bizikleteroak, gidarion ernegaziorako! Ezin ezer txarrik esan, nahiz eta karreristak semaforoa gorri pasa! Nik ez ditut gorroto, beldurra eragiten didatelako! Gure errepide estu eta bazter bako edo bazter zinkindunetan elkarbizitza oso zaila eta latza da! Zer egingo diogu, bada?
Hala ere, egun eguzkitsuek segituko dutela ematen du. Eta hala izan dadila, nahiz errepideetan elkarbizitzaren borrokak jarraituko duen! Era berean ederra litzateke bizikletan ibiltzeko toki gehiago balego!