Hemen zaude: Hasiera Blogak Kalamuatik Txargainera Eustakion ipoinak

Kalamuatik Txargainera

Eustakion ipoinak

Bilbao-New York-Bilbao

Kirmen Uriberen azken liburuaren gaineko nire iritzia

CS tailer osteko afari mahaikideei, bihotzez (Jozulin, Elena, Asier, Maite, Iban) egin dot azkenian!

Polemikaz inguratuta hartu nuen liburua eskuetan. Jasotako kritika batzuk ez ziren oso onak izan, eta egur-banaketan ibili ziren batzuk. Beste alde batetik, inguru hurreko lagun batzuek irakurrita zeukaten eta eurei gustatu zitzaien. Batzuei gustatu huts-hutsean, beste batzuei asko gustatu. Aurrekari horiekin hasi nintzen irakurtzen. Esandako guztiagatik gustatuko zitzaidala pentsatu nuen. "Bitartean heldu eskutik" poema liburua asko gustatu zitzaidanez, "Zaharregia, txikiegia agian" ere bai, baita beraren hitzaldi bat ere. Ni irabazita ninduen lehenengo letratik.

Hasi nintzen, bai, baina ez nion gusturik hartzen, hainbeste jende orri bakoitzean, genealogiak Genesian bezala,....galduta ibili nintzen "nor da hau?" esanda behin baino gehiagotan. Eta gauza interesgarriagoak hartuta neukanez, geldialdi begetatiboan laga nuen.

Hala eman zuen denbora luzetxo baten, irakurtzeari ekin nion arte. Trenean, beti trenean. Ohean irakurtzeko....Orriak pasatu ahala, pertsonaiak agertu ahala esan nuen: Kirmen Uribek blog bat behar du!! Hau ez da nobela bat, blog bateko post-ak elkartu ditu eta liburua osotu. Eta Berrian argitaratu bezala "Blogak ez dira papererako". Jakin izan banu aldez aurretik, beste era batean irakurriko nukeen. Izan ere, nik blogen kontra ezertxo ere ez daukat, prefosta! Halakorik! Nobela bat nuen hartuta, eta ez zen nobela. Batzuek esango dute bide berritzailea dela, nik ez dut hala uste. Blogak berritzaileak izan litezke (edo ez); sekula ez, ordea, nobelaren ordezko. Gauza desberdinak dira. Seguru nago gauza bera blog formatuan irakurri izan banu, gustatuko zitzaidala. Lepoa egingo nuke!

Beste alde batetik, hizkuntzaz berba egin gura nuke. Ia pertsonaia guztiak ondarrutarrak dira, eta sarri askotan euren ahotan jartzen dituen hitzak ez dira batere sinisgarriak. Adibidez, aitaita-amamei aitona-amona deitzen die. Amona? Aitona? Bizkaieratik urrunegi, ezta? Ez dut esaten Ondarroan egiten den modu berean idatzi behar duenik (edo zergatik ez?), baina zer edo zer gertuagokoa erabil zezakeen hainbat pasartetan. Amaitu bezain batuera da-eta bukatu. Akats gramatikalen batek ere ihes egin dio, eta zein zatar geratzen den horrelako lan batean!! 

Era berean esan nahi nuke pasarte batzuetan auzo-lotsa puntu bat ere sentitu dudala. Beharbada horrela sentituko dira hainbat eta hainbat blogak irakurtzean. Hausnarketa hau egin nuen irakurri ahala, askotan blogariok "querido diario" bezalako gauzak egitea leporatzen digute. Nik beti purrustada makarra bat egin izan dut horren aurrean, pentsatu barik nik neuk horrelako zerbait botako nionik idazle bati. Inkongruentziaz beteta gaude, eta lehenbailehen onartzea izango da onena!

Amaitzeko, pare bat gauza esan behar dut. Batetik, ez zaidala liburu txarra iruditu, ona ere ez. Niri neuri ez zait gustatu. Beharbada ikusmin handia sortu zidalako, eta beste gauza bat espero nuelako. Kirmen Uribe trankil egon daiteke, Brad Pitt-ekin berdina gertatu zitzaidan: hain goapoa, hain goapoa, eta ez da hainbesterako!

Bestetik, eta amaitzeko, idazleari eta niri gauza bera gertatu zitzaigun aitaren heriotzarekin. Agurtu ezin eta biok amets batean aita ikusi eta agurtu genuen, biok kostako herri batean, eguzkipean. Horrekin inpaktatuta gelditu nintzen, hitzez hitz niri pasatutakoa liburuan kontatzen duelako.

Orain zuen txanda da. Irakurrita badaukazue, esan zuen iritzia. Eta irakurri ez baduzue, leitu eta komentatuko dugu.

Leire Narbaiza 2009/07/22

Leire Narbaiza Arizmendi

Eibarren pertsona nagusi batek galdetuz gero nor naizen, Munikolanekua edota Eustakion alabia erantzuten dut. Horiexek dira nire kredentzialak.
Ni jaio bezperan Martin Luther King hil zuten, eguen baten. Barixakuan jaio, eta zapatuan “La, la, la”k irabazi zuen Eurovision. Euskara Batua ere nire kintoa da. Sinis egidazue: gauza horiek markatu egiten dute. Gainera, Franco oraindik bizirik zegoen! Maistra naiz ofizioz eta bokazioz. Baita hamaika saltsatako perrexil ere; eta hau bai afizioz
 


Txargaingo tontorretik dakusat

Zer erantzi (Sustatu)

Anti-gona

 

Azken erantzunak
Litxarreria larroxak Jone Arroitajauregi, 2010/03/18
nire iritzia leire, 2010/03/17
zein da arazua? asier, 2010/03/16
Girls juan, 2010/03/15
Soldadu baten adierazpena Aitziber Iriarte Garin, 2010/02/26
Etiketa lainoa
Amamakipuleta Berde Biharrekuak Durango Egunkaria Eustakion ipoinak Eustakion ipoiñak Itoitz Kalamuan Kalamuatik Kultu Taberna Mendebaldeko Sahara Notimeforlove Txagainen Txargainen Txargainenen Zer erantzi aboziñaua albarakia paparrian araoak arazoak arazuak arropak baserritar jantzia berde biharrekuak birziklautakuak buruko paiñelua buruko zapia dantza domeketakuak eibar.org errezetak etno euskal jaia gabaz gizonezkuak gorri hizkuntza gutxituak irratia itxura izenburukoak iñorenak jaixak kalamuatik kalmuatik kultureta kutureta liburuak mariangelesenak metabloga moda more musika negua neguu oinetakoak ostutakoak puntua-jarrita sustatukoa trenean uda udaberria udazkena urriñetik üskara