Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Euskotren, euskotren...

Leire Narbaiza 2008/05/14 01:17
gaur lehenatxoago irteteko aukera izena dut, eta Durango-Eibar azkenengo trena hartu beharrean aurrekoan joan naiz tren gorrian.

Tren gorria erdi zuzena dena bost geltokitan baino ez du jenderik hartzen eta lagatzen, Bilbotik Donostiara, eta alderantziz egiten du, eta Durango, Eibar eta Zarautz dira bere erdikoak.

Tren urdin normalak Eibarren eta hamahiruan irteten du, eta Durangora hamasei gutxitan iritsi. Hortaz, ordu erdi inguru. Gorriak, pullmanak, azkarrak hogeita bost minutuan egiten du. To, errekorra!
Zergatik hainbeste denbora, nire bidaian teorian beste geldialdirik egiten ez badu? Gakoa "teoria" beraban dago: bai gelditu egiten da, derrigor gelditu behar, trenbide bakarra dago, eta beste tren batzuekin gurutzatu behar da.

Hainbeste Abiadura Handiko Tren, eta gu XIX. mendeko trenetan gabiltza. Jakiña guretako, baiña, ez merezi  inbertsiorik egitea, pobreen trena delako: etorkin, erretiratu, ikasle, transeunte eta emakumeen trena delako. Diru gutxien daukan jendearena. Horregatik ez dituzte haintzat hartzen gure erreklamazioak (bai, deitzen dute, bai, bai, esan eta kitto). Erabiltzaileon iritzia ez die ardura, inoiz ez dut ikusi inkestarik erabiltzaileon artean, ezta galdeketarik ez. Gehiago esango nuke: matxura bat dagoenean ez dute inongo azalpenik ematen. Geltoki batean hamabost minutuan zain ezer jaikin barik. Behin Berrizen berrogei minutuan egon ginen, baina iñork ez zigun esan beste trena etorri arte bertan egon behar genuenik. Ai, pobreen miseriak ez dio inori inporta!

Esan dut kexatu naizela, nintzela. Bai, komunik ez dagoelako, tren zaharrak direlako, oso deserosoak direlako...Hankak ez zaizkit ondo ailegatzen lurrera. Hortaz, Basaurira joaten nintzenean, txindurritu egiten zitzaizkidan, Eibartik ordu bete da!

Makinak ere sarri egoten dira apurtuta. Eibarko estazioan makina bat bi hilabete inguru egon da izorratuta. Jakina, ekonomia egin behar dute AHT ordaintzeko. Eta ez dakizue azken aldian nola igartzen den.

Makinen kontua aipatuta, ez dut alde batera laga gura euskararena. Erdara beti letra beltzean dago, euskara normalean eta makurtuta. Beraz, gutxiago nabarmentzen da. Pasa den astean tiketak ateratzeko makina berri bi jarri dituzte Eibarko geltokian eta bietan mugitzen diren letretan, hau dio: DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO  DEVUELVE CAMBIO................ horrela infinituraino!

Gauza on bat, hala ere, egiten dihardue: Durangon trena lurperatzea. Herriak behar zuen, baina Euskotrenek ere hor dirua  egingo du,  ez dakit zelako  dorreak-eta egin behar dituztelako geltokiaren orubean. Seguru tartean dirua dabilela.

Tranbia Elgobarrera ere iritsiko dela iragarri dut. Ermurakoa zabaldu zenean entzun nuen hori, eta izango dira hamabost urte martxan dagoela. Ikusi arte ez dut sinistuko!

Gure trenbide honek bide bikoitza behar du; hau da, burdibide bat Donostiarantz joateko, eta bestea Bilborantzakoa. Dirua dala? Jakina, A-8ko hirugarren bidea askoz ere diru gehiago da, eta egiten dabiltza. Guggenheim ere oso karua izan zen, eta hor gastatu dugu geneukana eta ez geneukana. AHTren diru kostoa eta  ekologikoa jasan ezina da, baina egingo dute. Bigarren  burdinbidea ia eginda dago, Zumaia eta Matiena artekoa baino ez da falat. Orduan, zeri begira daude? Ai, aurreztu egin behar da pobreen garraiotik aberatsena ordaintzeko. Zelako Robin Hood-ak dauzkagun, pertsonalitate transtornoak dauzkatenak, alajaina!

 

Mutillak frakak nun eruan bihar dittuen

Leire Narbaiza 2008/05/12 12:35
Post hau birziklautakua da. Blogik ez nekanekua. Eibartarrak zerrendara bialdutakua. Frantzian ibili eta gero, mutil gazte pillua ikusi nittuan prakak darixola, eta grazia haundixa egin zestan.

Zergaittik rekuperau dodan mezua? Azken aldian Durangon pare bat mutil ikusi dittudalako prakak didilizga, post honetan kontatzen dodana baiño beherago, ipurdi azpixan, jausi egitten jakuezen frakok eta ibili ezinda zebizen. Eta idatzittakuaz akordau nintzan.

Hona hamen mutillak moderno ibiltzeko bihar dittuen azalpenak:

Agindutako moduan, erakutsi bihar detsuet gizonezkuori benetan guai, cool eta in izateko nun eruan bihar dittuzuen frakok. Behaketa intentso eta luzearen ondorixuak dira hónek; hortaz,benatakuak

In, fashion, cool eta guai izan nahi badozu; hogei urteren bueltan bazabiz; ule asko badakazu (buruan); oso argala bazara; eta intelektual,hip-hopero, rapero edo pijoa ez bazara, balio detsu (ze uste zenduen ba, chic izateko arau asko bete bihar dira)

Badakit baldintza hónekin gatxa izan leikela betetzia. Halan da guztiz be, nik neure aportaziñua egin nahi detsuet, aholkuak emon.

Ule asko izatiana inportantia da, ze luuuuze laga bihar dozue. Kizkurra izan ezkero, Jackson fivek baiño haundixagua,11811-ko anuntzixokuan antzera.

Lelengua beteta, jo deigun fraketara: ipurdi azpittik eruan bihar dira, ez dakitt oso ondo ze mekanismo erabiltzen dan frakeri eusteko baiña ipudiko kurbian azpittik derrigor. Jertsia, beraz, luzia izan bihar kantzontzillo bistan ez ibiltzeko. Baiña kantzontzilluak momenturen baten seguru ikusiko jatzuezela. Horregaittik, ganorazkuak eta garbixak erabilli! Ez jantzi nik ikusi nittuanak; horixak goma gorrixakin eta kriston letra haundixak eta
baltzak. Oso-oso zatarrak.

Inkomodua, fijo dala, batez be jarritta (zitturoian hebilliak aurre alde horretan egin bihar daben presiñua ez da oso atsegiña izan bihar....

Zuek ikusi: "para lucir hay que sufrir".Baten batek probatzen badau esango desta



Komuniñuak

Leire Narbaiza 2008/05/11 18:16
Normalian, domeka eguerdixetan ez dot kalera urtetzen, edo behintzat, ez naiz zentrotik ibiltzen.

Gaur, baiña, Untzaga aldera juan naiz lagun batekin geldittuta negualako. Urten bezin laster konturatu naiz jentia dotoregi zebillela, eta orduan kontuan jausi naiz komuniñuak izango zirala. Aurrera egiñ ahala, ikusi dot egixa zala, neskato batzuen soiñekua ikusi dodalako, eta nagusi gehixago raro jantzitta.

Ez dakit zergaittik, baiña komuniñuak gorrotatzen dittut. Izan leike nerian eta anai-arrebenak kenduta, bittan baiño ez naizela egon; eta neurian (ahiztian bataiua be izanda) zortzi pertsona baiño ez giñala egon bazkaltzen. Gaiñera, gure sasoian neska guztiak monja jantzitta egin bihar izaten genduan jaunartzia, debekatuta genkan soiñeko zuri horroroso hori, zorionez!

Eta berbarik be ez dot esan nahi mutiko marinerituen gaiñian, eta gitxiago, almirantiez! Ze horrek be delitua daka, batez be lehorrekuen artian. Tela marinera!

Ez dot sekula aittu hainbeste haundikerixa holako egunian. Gizon guztiak traje eta korbatiakin, andrazkuak sandalixak eta udako soiñeko bolantedunekin, eurixa edo txingorra egin! Eta takoiak, itzelak, gaiñera!

Izan leike umetatik esplikau destela zergaittik guk ez genkan holako fastorik, halako erakutsi biharra. Gurasuak ez zeken bildurrik "ai, gure umia diferentia izango da, frustrau egingo jaku!". gual, umia nintzanian ez neban oso ondo aitzen, baiña oin pozik nago holan hazi nabelako, erakutsi destelako dakanari inportatzixia emoten. Eta hori eskertzekua da.

Horretaz gain, nere begixekin ikusitta, komuniñuak badira gauza bat nahiko kitsch-a, gotxua, kutria, hortera....Gaur ikusi dodanagaittik, ez neuke nahiko holako ekintza baten parte hartu nahi izango! Deseroso baiño deserosuago sentiduko nitzake-eta.

Eta hori relijiñuan gaiñian berba bat be esan barik! Dana estetikia! Ifffffgggg!!!

Elefteria Arvanitaki Victoria Eugenian

Leire Narbaiza 2008/05/07 12:49
Maiatzaren batean Elefteria Arvanitakirem kontzertuan izan ginen Donostian

Ia guztioi ezezaguna egingo zaizue izen hau. Elefteria Arvanitati kantari grekoa da, eta tradiziotik edaten du, gero kantuak egiteko. Bere estiloa oso mediterraneoa da, ekialdeko eragin handiarekin. Etxean CDkopiatu bat neukan eta asko gustatzen zait. Horregatik Donostiara zetorrela jakin nuenean, sarrerak erostea erabaki nuen. Eta bete-betean asmatu nuen.

Zelako ahotsa daukan! Nik eduki nahiko nukeena, indartsua, gora eta behera dabilena. eta hori afonia puntu bat zeukala, Zaragozan hoztu egin omen zelako. Hori esan eta gora-gora-gora egin zuen hurrengo kantuan! Eskerrak eztarria hartuta zeukan!

Sarrera euskaraz egin zuen, horregatik txalo zaparrada itzela jaso zuen. Gero, baina, inglesez jardun zuen. Takoi ikaragarriak eta jantzi ez oso egokiarekin agertu zen. Baina duen silueta izanda, konjunto zatarra eramanda ere ondo gelditzen zitzaion. Berarekin eszenatokian sei musiko zeuzkan. Hauek ere ikaragrriak eta ia denetik jotzen zutenak.

Greziera hizkuntza berezia da, gutxitan entzuten dena. Gaztelaniaz dakigunondako sonoritatea nahiko antzekoa da, z eta f-z josia, o eta u ugarirekin. Kantuetan ematen du letra jakin barik asmatzen ari dela momentuan, edo guk egingo genukeena hizkuntza asmatu batean: Poribo potibo, zoroitiromoro, tripal zorita mazatopotopoto....Umetan denok egin ditugu horrelakoak. Imajinatu zelan kantatzen zenuten, eta horrelako sonoritatea dauka!

Kontzertua oso ondo joan zen, erdira arte edo. Oduan, aurrean eta eskuman geneukan atso batek (irakaslea seguru, Rotenmeier-txakur aurpegia zeukan-eta, modernaz mozorratuta joan arren) atentzioa deitu zigun, ahots altuan: "Ya está bien! Callaros! Un poco de respeto!". Eta superioritate begirakune hori! Ni haluzinatuta. Aztertu nuen zer esan nuen kontzertu osoan eta beti kantuen artean eta bost berba esan nituen. Txistada barik zuzenian eskandalua. Rotenmeier instritutriz amargatua nahastu egin zela uste dut, batetik (eta gezurra dirudien arren) ni isilik egon nintzelako kontzetu osoan, nire atzekoari mobilak jo zion eta Elefteriak inglesez egiten zuenean berbaroa entzuten zen, jende askok ulertzen ez zuelako eta ondokoak itzultzen zuelako. Baina kitto! Nerabe zaratatsu baten moduan sentitu nintzen, baina gero pentsatu nun: "Ze demontre berrogei urteko señoria naiz barren!". Gero adi egon nintzen eta txalorik ere ez zuen egiten, eta bisetan joan egin zen. Lehen esan dudana, ozpindutako atso integrista, disfrutatu ez zuena. Pena bat daukat, hala ere, kantuak jakin ez izana. Hala izan balitz, berrarira kantatuko nizkioke. Lastima!

Hori kenduta kontzertua zoragarria izan zen. Jendeak txalo egiten zuen kantu batzuk hasi baino lehen eta pentsatu genuen abesti horiek "Diario Vascok"  banatutako maketa baten egongo zirela :-) Bis bat egin egin zuen hiruzpalau kanturekin, baina jendeak gehiago nahi eta hamar bat minututan egon ginen txaloka zutik gehiagoren zain. Baina ez zen etorri, zoritxarrez. Irten izan balitz eskerrak ematera eta "a capela" zer edo zer abestu, eskertuko genukeen. Batzuetan ikusleei ere eman behar zaizkie oparitxoak, ezta?

 

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua