Hemen zaude: Hasiera Blogak Josu Leokanne errebal

Josu Leokanne

errebal

Merezi duzue

Gure herriko langile talde bati iruzur egin diote. Eta hor daude, etorkizuna noiz iritsiko, iraganeko bete gabeko aginduei begira...

Gure herriko langile talde bati iruzur egin diote. Krisia iritsi baino lehenago itxi behar izan zituzten bere negozioak talde horretako batzuek, eta segi ahal izateko inbertsioak egin besteek. Etorkizun duinago baten aldeko apostu bakarra egiten utzi zieten, euren iritzirik entzun ere egin gabe, beste batzuen interesei bakarrik jaramon eginda. Eta hor daude, etorkizuna noiz iritsiko, iraganeko bete gabeko aginduei begira. Orainaldi hobea merezi duzue.

Iruzur egin dizuete merkatarioi, eta iruzur egin digutela sentitu dugu baita ere herritarrok. Zuei gauza bat agindu aurretik, beste bat agindu baitziguten guztioi. Eta hori lortzeko borroka zaila eta gogorra izan da azken urte t´erdian. Iragan aginduak berreskuratzeko esperantza inoiz baino biziago ikusten dugu orain. Espazio publikoa dugu, eta merezi dugu.

Eta zuek... zuek iruzur egin diguzuela sentitu dugu, merkatariok eta herritarrok. Engainatuak sentitu gara, baztertuak. Eta agian ez da horrela, agian Madrildik, Ingalaterrako edo Alemaniako diruarekin (batek daki) etorritako batek egin dizue iruzur. Baina, hala bada ere, galdera da... zuek zer merezi duzue?

...eta kitto! 2009/X/02. pdf (52.59 KB).

Josu Mendicute 2009/10/05

Hitzaldia bihar

Bihar arratsaldean jendaurrean hitz egitera noa, Errebalen egin nahi duten Merkatalgunearen inguruko xehetasunak azaltzeko. Iritziak iritzi, etortzera animatu nahi dut jendea. Arratsaldeko 7,30etan Portalean.

Iritziak iritzi, herritarrekin konpartitu nahi dugu legeek eta Plan Nagusiak zer dioten. Duela zenbait hilabete auzi hau aztertzen hasi ginenean, ez genuen espero aurkitutako guztiarekin topo egingo genuenik. Aurkitutako hori modu argian azaltzen saiatuko gara, eta gero, bakoitzak atera ditzala bere konklusioak.

Hitzaldia Eibarko Portalea Kulturetxean egingo dugu (Areto Nagusian), arratsaldeko 7,30etan. Iritzi ezberdinak, eztabaidak eta informazio osagarria gustuz hartuko ditugu. Informazio gehiagorako Errebal Center merkatalguneari buruzko blogean.

Josu Mendicute 2008/10/13

Hiri Modernua (I)

Eibarko trafiko arazuak justifikaziño ona izan zeben duela urtebete alkate-ohi jaunaren ahotik, KTB telebistan izandako hauteskunde-eztabaidan. Hiri moderno orok ei dittu trafiko arazuak.

Baiña gauzak zer diran: Bilbon, Donostian, Bitorixan... eta Madrillen!, ez dittudala ezagutu Eibarren egunero jasaten dittugun ataskuak. Ez gara ba gu eurentzat modernidade eredu izango, diñot neuk. Modernidadiaren izenian bere iragana ezabatuz "aurrera" doian herrixa da geuria. Agur esan gentsan Alfari, agur Merkatu Plaziari, agur... norbaittek erabagi eban hórretxek gure hirixan haundittasunaren lotsagarri zirala. Garapenaren izenian, agur.

Kontua da hiri modernuak ez detsala bere iraganari agur esaten. Guggenheim-ak kultur-aurrekontuetan izan zittuan eragiñak ezbaian jarri leikie haren zilegittasuna, baiña inguruari erreparatuz gero ikusiko dogu iragana duintziaren bittartez jarri dabela museuak Bilbo etorkizunera begira. Inguruko herri asko sukursal komertzial billakatu dira, nortasunik gabeko denda erraldoiak, nortasuna dakan hirixaren inguruan. Eibarren hirixaren nortasunaren ezeztatzetik modernizau nahi gaittue, beste edozeiñ herrittan aurkittu geinkian zentro komerzialen bittartez. Sekula ez detsegu etorkizuneko erronkeri aurria hartuko gure iragana duintzeko gai ez bagara.

Josu Mendicute 2008/06/05

Errebal Center: ahaztutako aginduak

Merkatu plaza berria agindu ziguten. Lehen aparkalekua zegoen tokian, Plaza; Plaza zegoen tokian, parkea. Azpian parkina. Barruan supermerkaturik ez, esan zuten. Gero supermerkatu bat bai, bana produktu freskorik gabe. Ahaztu zaie dena. Azkenean, 2000 metro karratuko Eroski bat, parkerik ez. Azken metroraino hazitako txanpinoia.

2003ko Arriolaren webak dakar bere garai hartako proiektua. Eta proiektua gauzatzen ari den enpresak jarri digu oraingo txanpinoiaren bideoa. Biak iturri hartuta, agerikoak diren kontrasteak bideo batean

batu ditut.

 

Josu Mendicute 2008/02/14

Bidarrixa

Bidarrixa mugetan, kilometro bakotxian daguan harrixari deitzen jako Eibarko Euskerian.

Blog hau ere bidarri bat da, eta denbora aurrera doan heinean, aldatzen joango zaigu, errepidean goazela paisaia aldatzen zaigun bezalaxe.

Niri buruz gehiago:

 

Azken erantzunak
Zelan gauzatu? Luistxo, 2011/05/03
Askatasuna bide Serafin, 2011/05/03
Askatasuna bide Serafin, 2011/05/03
bizkaiko golkoa ramon, 2011/02/24