Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Liburutegiei buruzko hitzaldia

albret 2010/09/28 13:49
XXI. mendean liburutegiek duten zereginari buruzko hausnarketa

Urriaren 6an. Bilboko Alhondigan. Arratsaldeko 18:30. ALDEEk antolaturik.

Egungo Liburutegietan garatzen diren aldaketa teknologikoak, eskari berriak, lankidetza eta beste gauza batzuei buruz jorratuko da. 

Jardunaldia doakoa izango da, baina izena eman beharko da aurrez:
http://www.aldee.org/cas/content/cursos/cursos_realizar_matricula.php?idcurso=88 

 Mahai­inguruan Eugenio López de Quintana (SEDICeko presidentea) izango da moderatzaile eta honakoak izango dira parte-hartzaileak:

Carol Brey-Casiano,  El Paso Public Library-ko zuzendaria, American Library Association (ALA) elkarteko lehendakari izandakoa,  sarrera bat egingo duena "Liburutegien etorkizuna garai digitalean" izenburuarekin, eta baita  
  
 Alasne Martín, AlhondigaBilbaoko mediatekako arduraduna;
 Arantza Mariskal, Tabakalera Kultura Garaikideko Zentroko (Donostia) mediatekako arduraduna;
 Mertxe Pérez de Ciriza, Arrasateko liburutegi publikoko zuzendaria eta
 Jesús Zubiaga, Sancho el Sabio fundazioaren liburutegiko (Gasteiz) zuzendariordea.

Liburutegien etorkizuna

albret 2010/09/09 23:51
Liburutegien paperak lehen bezain garrantzitsua jarraitzen du izaten

Zertarako behar duzu biblioteka, internet konexioa baldin baduzu?

Horrela erantzun dit Prudenek. Antzerako zerbait jarri nuen nik ere aurreko artikuluan: zertarako Joan liburutegietara etxeetan, lanetan, tabernetan, trenetan…  daukaugunean behar duguna?

Liburutegi mota asko dago,  eta bakoitzak bere-beregi ezaugarriak eduki arren, liburutegiak zentzu zabalean  edo oro har hartuta, aurreko artikuluari jarraipena emateko eta batik bat Prudenek egindako galderari erantzuteko azti lanari ekingo diot.

Orain arte liburutegietara hurbiltzen diren erabiltzaileak informazio bila etorri dira. Informazioa testu inpresoetan zegoelako – liburuetan, entziklopedikoetan, aldizkarietan, CDetan…- hemendik aurrera, aitzitik, sarean eskura edukiko dugu. Hortaz, ordenagailu guztietan eta ordenagailuen bitartez lor daitekeen informazioa izango da. Fenomeno berri  honen aurrean hausnarketa ugari eta sakon egitea komeni zaigu. Gogoeta horiek egitera konbidatzen zaituztet. Gogoeta horiek alderdi eta profesional ugari eginda  askoz aberatsagoa izango baita. Guri ere, dokumentalistei honi buruz eztabaidatzea dagokigu, hori izango baita erarik onena etorriko denari aurre hartzeko, hanka sartzeko arrisku handiak eduki arren.

Mundu hau aldatzen ari da, erabat aldatuko da, hastapenetan baino ez baikaude. Liburutegi munduan dena da eztabaidagai: lekua, espazioa, ekipamenduak, apalategiak, bulegoen mahaiak, orain arte liburuzainek hain gustuko erabili ditugun egurrezko edo plastikozko erreglak, baita sakralizatuta eduki ditugun bibliotekonomiako erreglak ere (ISBD, SHO). Den-dena hankaz gora jar daitekeelakoan nago: bildumak, funtsak, euskarriak, aurrekontuak, baliabideak, erabiltzaileak…

Uste dut (dagoeneko konturatuta izango zarete gehiegi erabili dudala uste aditza) liburutegiek dauzkaten ezaugarri (oinarri, printzipio) batzuk iraunkorrak izan beharko luketeela.

1.      Zerbitzu publikoak izatea, informazioa doan ematea. Eta hori lortzea ez dago udal liburutegi, foru aldundien liburutegi, unibertsitateetako liburutegi, liburutegi espezializatuen esku, baizik eta Estatuaren esku. Estatuek antolatu behar dute politika bibliotekarioa,  informazioaren sarea sortzeko. Estatuek gorde, kudeatu eta zabaldu beharko dute sarea dohain eta zerbitzu publikoa jarrai dezan izaten.

2.      Kalitatezko zerbitzua izatea -oraingo eta aurreko agintariekin utopia hutsa izan arren-. Teknologia aldakorra da, urte batean onena dena, hurrengoan zahakitua geratzen da. Konexioa, gailuak, baliabide teknikoak merkatuko azkenak izan beharko dira, informazioari dagokionez leikurik garatuena  eta erreferentzia izan dadin.

3.      Liburutegia herrietako gune kulturala izan behar da, non giro desberdinetako lagunak bilduko diren (haurrak, nerabeak, jubilatuak, langabetuak, irakurleak…). Horretarako leku hauek hornitu beharko genituzke baliabide egokiekin herritarren behar kulturalei aurre egiteko. Leku hauetan erabiltzaileak izan beharko ziren benetako protagonista, eta zerbitzuak hauei begira izan beharko lituzkete antolatuta.

4.      Dena den, haize berrien aldaketen aldekoak izan behar bagara ere, kontuan hartu beharko dugu liburutegia ezin dela zibergune bihurtu. 

Laburbilduz, LIBURUTEGIEK BADAUKATE ETORKIZUNIK? ZEIN DA ETORKIZUNEKO LIBURUTEGIEN PAPERA?

1.      Liburutegien paperak lehen bezain garrantzitsua jarraitzen du izaten. Sarean dagoen gehiena liburutegiek kudeatzen dute, liburuzainek prestatzen dute, dokumentalisten lan barruko, ilun, ixil eta nekosorik gabe ez litzateke sarean ezer izango. Sarea hutsik izango litzateke.

2.      Erabiltzaileen beharrak ez dira izango berdinak. Hortaz, Liburuak kontzerbatzea ez da izango xederik garrantzitsuena, liburuen sailkatzea eta ordenatzea lehentasuna galduko du. Seguraski bezeroak ez dira etorriko liburutegietara informazio bila, etorri etorriko badira ere. Baina bai, herrietako kulturguneak izango direla izaten, eta gune hauetan aurkituko dutela nahi dutena.

3.      Ezbairik gabe, gauzak aldatzen ari dira, baina aldatzen ari dira lanbide guztietarako, eta zoritxarrez gure lanbidea, dokumentazioarena ez da izango aldaketa hauekin kalteturik irtengo den bat. Internet beti gure alde edukiko dugu, gure alde edukiko baititugu berrikuntza hori guztiak, beste gauza batzuen artean dokumentalistak betidanik ohituta baikaude lankidetzan eta sarean lan egiten.

Beraz, baikorrak izan gaitezen, eta gora teknologia…

Gerardo Luzuriaga

 

Liburu-sektorearen aldaketak: Liburutegiak.

albret 2010/09/06 19:09
Digitalizazioa dela eta akabo dohaingo informazioa?

Liburu arloan aldaketa ugari izan dira. Gehiago ere etortzeko zorian daude, gutzienez inprenta asmatutako garaiko modukoak izango direlakoan nago. Izan ere, jakin ez arren sektorea (argitaletxeak, banatzaileak, inprentak, liburudendak, liburutegiak)  nola moldatuko den aldaketen aurrean, argi ikusten dut hobekuntzak baino ez dituela ekarriko, arazo edo kezka batzuk agertuko badira ere. 

Hona hemen liburutegiei dagozkion baten bat:

1.       Informazioen lekua. Orain arte liburutegiak informazioa bildu dute, erabiltzaileak gune honetara etorri dira informazioaren bila. Egun informazioa leku guztietan daukagu, sarean dagoelako: etxean, lanean, tabernetan, autobuseetan…

2.       Informazioa bereiztu. Egun informazioaren bila hurbiltzen gara sareara, egilei eta ideologiari erreparatu barik. Inprentako idatzietan ohituta gaude bereizten egile batzuen eta besteen arteko lanak. Testua bilatu baino lehen egilearen ideologiari edo joerari erreparatzen baitiogu. Interneten, aitzitik, informazioa agertzen denari lehentasuna ematen diogu, egilea bigarren mailan gelditzen da, askotan agertzen ez delako. Hortaz, ez da harritzekoa orrialde ofizialetan, edo zientifikotzat ematen duten orrialdeetan agertzen den bertsioa ontzat ematea  ezer gehiago egiaztatu edo kontrastatu gabe.

3.       Globalizazioa. Internetera informazio bila hurbiltzen diren gehienentzat orrialde ofizialetan agertzen den bertsioa hori izango da benetako informazio bakarra, eta inoiz ez zaie bururatuko beste bertsio batzuekin kontrastatzea, interneten  eta orrialde ofizialetan aurkitu dutelako. Hortaz, egoera politikoak sarean dagoen informazioa inprentako testuetan dagoena baino eragina handiago dauka. Interneterako kontuetan Nafarroa Espainia da, eta Iparralde Frantzia, ñabardurarik izan gabe.

4.       Egileen baliogutxitzea. Egile batek beste batzuen testuekin, edo ideikin beste testu bat osatuko da, testu hori beste batek beste aldaketekin eta gehigarriekin zabalduko da, eta horrela bata bestearen atzetik joango dira jatorrizko testua aldatzen. Aldaketak dela eta egilearena gero eta garrantzia gutziago edukiko du, ia inork erreparatuko dion datua  izan arte.

5.       Kulturaren kontzeptuaren aldaketa. Duela gutxi arte jakintsua zen buruan ideia eta datu asko zeuzkana. Egun, dena eskura dagoenez, jakintsua izango da hobien azaltzeko gai izango dena.

6.       Informazioaren monopolioa. Informazio-merkatua enpresa pribatuen eskuetan gelditzen ari da, orain arte informazioa erabiltzea eta liburuak irakurtzea doan izan da, zerbitzu publikoa izan baita. Erakunde publikoak (foru aldundiak, unibertsitateak, fundazioak, akademiak, profesionalen elkargoak, merkataritza ganbarak…)  arduratu dira ondare dokumentala jasotzeaz, kudeatzeaz eta banatzeaz. Udal liburutegietatik liburutegi Nazionalera arte, erakunde publikoak erantzukizuna eduki dute herri-funtsak gordetzeko eta banatzeko. Hots, orain arte erakunde publikoak, diru publikoez arduratu dira izango den memoria historikoaren funtsa jasotzen eta zabaltzen.

Egun, aitzitik, teknologiaren bitartez ekoizten den gehiena kontrolpean edukitzea posible izan denean eta hortaz informazio hori kudeatzea eta zabaltzea negozio bihurtu denean, enpresa pribatu askok eskua sartu dute informazio-merkatuan. Batzuen uste, ni barne, informazioaren kudeaketa enpresa pribatuen eskuetan uztea larrutan ordainduko dugulakoan gaude.

Informazioa esku pribatuetan geratzen ari da, informazioaren jabetza enpresa pribatuetan geratzen ari da, eta horrekin batera uztiatzeko lizentziak eta baimenak. Dagoeneko informazioa lortzeagatik ordaindu behar da, eta susmoa daukat hastapenetan baino ez gaudenik.

Gerardo Luzuriaga

 

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.