Hemen zaude: Hasiera Blogak Joana Albret Artxiboa 2006

Artxiboa 2006

Liburutegien legearen zuzenketa osoak eta arrazoibideak

Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialeko 77 zenbakian (2006-11-24) Euskadiko Liburugien talde parlamentarioen zuzenketak argitaratu dira. Seguraski zuetariko baten bat baino gehiago irakurtzeko denboraz eskas ibiliko denez, laburpena egitea erabaki dut.

Esanguratsua izan da Ezker Abertzalearen testuak eta Aralarren testu batzuk –gutxik- izan ezik gainontzeko guztiak gaztelaniaz aurkeztea.

Egin dudan laburpen honetan arrazoibiderik aipagarrienak baino ez dut komentatu.

Eusko Legebiltzarraren aldizkarian agertzen diren bezala, komentariorik eta kritikarik gabe ipini dut. Deigarriak egin zaizkidan emendakinak baino ez ditut kopiatu. Batzuk bat datozelako nire iritziarekin eta beste batzuk kontrako bidea hartzen dutelako.

Osoko zuzenketak

A) Talde Popularren osoko zuzenketa:

Hasiera-hasieratik atzematen da legearen neurririk gabeko proposamena… Beharrezkoa al da lege bat gai hori arautzeko? Ez al litzateke nahikoa izango maila txikiagoko arau bat? Are gehiago Lurralde Historikoen legeak ezartzen badu foru-erakundeen liburutegiak, eta suposatzen da udalenak ere bai, eta horiek arautzeko eskumena beraien eskumenekoak direla…

B) Ezker Abertzalearen osoko zuzenketa

Legeak ez du Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartzen…

Orain dela 16 urte... 7/1990 legeak, Euskal Kultura Ondarearenak, honako hau adierazi zuen: Euskal Herriko Autonomi Elkartearen politika kulturala diseinatzeko... liburutegi eta museoetako azpiegiturak garatzeko politika antolatzeko sortu da.

Halaber… Euskadiko Nazio Mailako Gordetegi Erapidetza eta Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi Erapidetza sortu ziren… Garai hartan ere, paperean Euskadiko Liburutegien Sistema antolatutzat eman omen zuten.

Baina 16 urte pasa ostean, emaitzak ezin eskasagoak izan dira, eta aurkezten den lege berri honetan ere akats berak errepikatzen dira, zeren, printzipioz, nazio mailako liburutegi-erapidetza edo –sistema batek nazio horretarako era guztietako liburutegiez osatua behar luke, ez soilik udal-liburutegiez…ez da nahikoa elkarlana eta borondatezko koordinazioa; beharrezkoak dira bai azpiegitura legala, bai nazio mailako plangintza eta erakundea.

…orain erredaktatuta dagoen bezala, ezinezkoa izango da sistema bibliotekario komuna indarrean jartzea, orain dauden liburutegirik garrantzitsuenak… de facto sistematik kanpo gelditzen direlako…

Zatiko zuzenketak

art. 3 Eskola eta unibertsitate liburutegiak progresiboki sarearatzen joatea ere aurreikusten da. (Euskal sozialistak)

art. 4 EJ… liburutegiko zerbitzuen arteko lankidetzarako ikerketarako eta prestakuntzarako tresnak ezartzeko behar diren bitartekoak sortu eta sendotzea sustatuko du, bai Nafarroako Foru Erkidegoarekin baita Ipar Euskal Herria… (Mistoa-Aralar)

Nafarroarekiko eta Iparraldearekiko lotura ekonomikoa, geografikoa, sozial eta kulturalak kontuan edukita, eta batik bat hizkuntza bera edukita, ezinbestekoa da kulturako proiektuak elkarrekin egitea. (Ezker abertzalea)

art. 5 Eusko Jaurlaritzan kulturan alorreko eskumenak dituen sailari dagokio Euskadiko liburutegi sistemak eskaintzen dituen liburutegi zerbitzuen planifikazioa aurrera eramatea (Ezker abertzalea)

art. 7 Euskadiko Liburutegi Sistemaren zati ez diren liburutegi pribatu edo publikoei informazioa eskatuko die… (Mistoa-Aralar)

art. 8 Euskarari… arreta berezia emango zaio… (Mistoa-Aralar)

art. 10 …bitarteko eta baliabideen kudeaketa bideratuko du, lankidetza-printzipioa kontuan izanda… ondare hori lurralde artekoa eta eleanizkuna (euskara, frantsesa, gaztelania) den aldetik. (Mistoa-Aralar) b) Ikastetxeetako liburutegiak sare barruan… (Ezker abertzalea) d) Foru-aldundien liburutegi publikoak sare barruan (Ezker abertzalea)

art. 11.3.3 Ez dute berariaz aukerarik emango interneten dauden materialetara sartzeko, baldin eta material horiek sarrera egiten den herrialdean legez kanpokoak badira. (Euskal sozialistak)

art. 15. 2 f Liburutegiak sustatzea (Euskal sozialistak)

art. 15. 4. Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu hiru foru-aldundiekin eta hiru hiriburuetako udalekin (legearen) 2. eta 3 paragrafoak kudeatu eta finantzatzeko. (Euskal sozialistak)

art. 15. 5 …Irakurketa Publikoko Maparekin bat etorriz, foru-aldundiek erabaki ditzakete lurraldeko toki-erakundeei dagokienez sustatu beharrekotzat dauzkaten lankidetza ekonomiko, tekniko eta bestelakoetarako ekimenak ere, liburutegi-zerbitzuen eskaintza bermatu edo hobetzeko. (Euskal sozialistak)

art. 16 …Ikuskatzean ondorioztatzen bada liburutegi hark ez duela araudia betetzen, hots, ez duela betetzen langileei, azpiegituren baldintza teknikoei, liburutegien kudeaketaren oinarri orokorrei eta funtzionamenduari, funtsen katalogazio eta sailkatzeari, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegien koordinazioari edo Irakurketa Publikoko Katalogo Kolektiboaren mantentze-lanei buruzko araudia,liburutegiaren titularrak kultura arloko sailak emandako neurri zuzentzaileak ezarri beharko ditu. Horrela egiten ez badu, liburutegiaren titularrak galdu egingo du irakurketa publikorako laguntza-zerbitzuak erabili ahal izateko eskubidea. (Euskal sozialistak)

art 19.2.1

Liburutegien pertsonal teknikoa liburutegiaren zuzendaria, liburuzainak eta liburuzain laguntzaileak izango dira. Liburutegiaren zuzendaria izango da erakundearen arduradun handiena, eta liburutegiaren pertsonalaren zuzendari teknikoa izango da. Liburutegiaren lan teknikoen funtzioak liburuzainei eta liburuzain laguntzaileei dagozkie. Liburutegiaren pertsonal teknikoak unibertsitateko titulazioa eduki behar du. (Ezker abertzalea)

art. 20 Euskal Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako funtsen Katalogazio bateratu eta partekatua egiteko irizpideak bermatzeko eta liburutegiok bata besteen funtsak ezagutzen dituztela ziurtatzeko, Euskal Liburutegi Nazionalak katalogo kolektiboa egingo du (Ezker abertzalea)

art. 22. 1 Euskadiko Liburutegia, Autonomia Erkidegoko liburutegi-erakunde nagusia izanik, Euskadiko Liburutegi Sistemaren organo nagusia da eta bera arduratuko da Euskal Autonomia Erkidegoan zein Euskal Herriko beste lurraldeetan argitaratu edo ekoiztutako obrak, euskal kulturarekin eta euskararen hizkuntza-eremuarekin erlazionatutakoak eta, bereziki, euskal idazleek sortutakoak eta euskaraz egindakoak bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarri dena dela. (Mistoa-Aralar)

Euskal Liburutegi Nazionala sistemaren buru izango da, Euskadin argitaratu edo ekoiztutako lanak eta Euskal Herriarekin erlazionatutakoak -bereziki, euskal idazleek sortutakoak eta euskaraz egindakoak- bildu, kontserbatu eta zabaltzeaz, euskarri dena dela, eta horretarako, Euskal Liburutegi Nazionalak berak bildu, kontserbatu eta zabalduko du euskal bibliografia-ondarea (Ezker abertzalea)

  1. Euskadiko Liburutegiak Euskal Herriko bibliografia-ondarea kontserbatu eta zabalduko du, horretan diharduten beste erakundeekin batera. Bibliografia horren barruan sartzen dira… Euskadin egonik kultura edo historia-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanak, kultura ondarearen inguruko legedian ezarritakoaren arabera. (Mistoa-Aralar) Euskal Liburutegi Nazionalak euskal bibliografia-ondarea kontserbatu eta zabalduko du. Bibliografia horren barruan sartzen dira… Euskadin egonik kultura edo historia-balio nabarmenak dituzten bibliografia-lanak, kultura ondarearen inguruko legedian ezarritakoaren arabera. Hortaz, Euskal Herriko Liburutegi Nazionala liburutegi sistemaren zentro funtzionala eta teknikoa izango da (Ezker abertzalea)

art. 22.3 Euskadiko Liburutegia… lehenengo bibliografia-zentroa, euskal kulturaren nazioarteko kontsulta eta ikerketarako… (Mistoa-Aralar)

art. 24 a Euskadin eta gainerako euskal lurraldeetan argitaratu edo ekoiztutako obra guztiak bildu, kontserbatu eta zabaltzea. (Mistoa-Aralar)

Euskal Herrian argitaratuta… bildu… (Ezker abertzalea)

art. 24 c. Euskal kulturarekin erlazionatutako obrak… beste erakunderekin lankidetzan aritzea… modu eraginkorrean koordinatzeko (Mistoa-Aralar)

  1. f Aldian behin Euskal bibliografia egin, kudeatu eta… beste erakunde batzuekin batera (Mistoa-Aralar) Euskal bibliografia egin.(Ezker abertzalea)
  2. h Katalogo kolektiboa egitea… (Mistoa-Aralar) Katalogo kolektiboa egin (Ezker abertzalea)
  3. i Euskadiko bibliografia-ondarea babesteko zerbitzu espezializatua Euskal Liburutegi Nazionala barruan sortzea, zaharberritzeko, erreproduzitzeko eta kopiak eta soberan dauden lanak kudeatzeko (Ezker abertzalea)
  4. l Bibliografia eta dokumentazioaren normalizazio arauei dagokienez bibliografia zentro funtzioak beteko ditu (Ezker abertzalea)
  5. m Ikerketa sustatzea….(Mistoa-Aralar)
  6. 2 art (Gehitzeko) …katalogatzeko arauak egingo ditu, kontuan hartuta hala euskarazko nola gaztelaniazko eta frantsesezko katalogazioa. Euskadiko liburutegiak autoritateen katalogoa ikuskatu, baliozkotu, eta zerrenda bakarrean bateratuko da. .. (Mistoa-Aralar) …katalogatzeko arauak egingo ditu, kontuan hartuta hala euskarazko nola gaztelaniazko katalogazioa. Bereziki, ziurtatuko du lan teknikoa, katalogoak, baliabide teknikoa eta ahozko eta idatzizko harremanak bi hizkuntzatan izatea. (Ezker abertzalea)

Titulo IV bis Unibertsitate eta eskola liburutegiak (Euskal sozialistak)

art. 25 bis 2 Euskadiko Liburutegiaren bidez koordinatuko dira unibertsitate liburutegiak eta liburutegi sistemako gainerakoak. Koordinazio horretaz gainera, bestelako koordinazio-bideak ere ezarri ahal izango dira beste liburutegi batzuekin zerbitzu komunak emateko. (Euskal sozialistak)

art. 25 ter 1 Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan eskola-liburutegi bat jarriko da, hezkuntza-prozesuaren osagai gisa, Irakurketa Sare Publikoarekin elkarlanean arituz. (Euskal sozialistak) 2. Hezkuntzaren alorreko eskumenak dituen sailak finkatuko ditu unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetako liburutegien antolakuntzari, jardunari eta finantziazioari buruzko berariazko arauak (Euskal sozialistak)

art. 25 quater 1 Kulturaren eta hezkuntzaren alorreko eskumenak dituzten sailek diseinatu eta aurrera eramango dute eskola-liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan progresiboki sartzeko prozesua, liburutegi bakoitzean hurbilen duen lurralde-esparrutik hasiz. (Euskal sozialistak) 2. Kulturaren alorreko eskumenak dituen sailak hitzarmena sinatuko du euskal unibertsitateekin, unibertsitateok Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan sar daitezen. (Euskal sozialistak)

art. 27 1 ...Euskal Bibliografia Gordailua euskal bibliografia-ekoizpen osoaren aleak jaso eta kontserbatzeko sortutakoa da... (Ezker abertzalea) 5 ...Liburutegi-elkarteen partaidetza bermatua izango da. (Ezker abertzalea)

art. 37 5. ... sektore eta erakunde guztien partaidetza proportzional eta orekatua bermatuta.(Mistoa-Aralar)

Xedapen Gehigarria 2. Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sei hilabeteko epean sortu beharko da. (Ezker abertzalea) 3. Eusko Jaurlaritzak eskumena duen sailaren bidez, Euskal Herriko lurralde guztietarako liburutegi sare bat sortzea bultzatuko du. (Mistoa-Aralar)

Azken xedapenak: Bibliografia-ekoizpen hauek joko dira euskal bibliografia-ondorentzat: Euskadin –bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta bai Euskal Herriko beste lurraldeetan- argitaratu edo ekoiztutako lanak eta euskal kulturarekin eta euskararen hizkuntza esparruarekin erlazionatutakoa...

Gerardo Luzuriaga 2006/12/19

Euskal liburutegi bat amerikar mendebaldean

Gara egunkariaren mugalari gehigarrian (2006-11-11) Estibalitz Ezkerra kazetariaren Reno Unibertsitateko Euskal Ikasguneko Liburutegiari buruzko artikulu interesgarria blog honetan kontsulta daiteke.

Gerardo Luzuriaga 2006/11/23

Liburutegien legea

Hona hemen liburutegien legearen azken berriak. Duela aste batzuk Arabako Aldundiak liburutegien legeari jarritako helegitea galdu zuenez,liburutegien legeraren proiektuak izapidea Euskal Legebiltzarrean jarraitzen du.

Joan zen astean Euskal Legebiltzar Talde Popularrak Euskadiko Liburutegiaren lege-proiektuari zuzenketak aurkezteko epea 7 egun luzatzea eskatu zuen.Eta ohi den bezala Legebiltzerreko mahaiak emendakinak onartzeko epea luzatzea onartu du.Beraz, azaroaren 11n Eusko Legebiltzarrean arrazoibideak aurkezteko epea bukatuka da.

Liburuzain gehienok dakigun bezala,liburutegiaren legearen proiektua aspaldiko afera da. Izan ere, alde batzuetatik lantzea tokatu baitzaigu. Zerrenda honetan eta beste komunikabide batzuetan ere behin baino gehiagotan hauen gaineko ideiak eta iritziak helarazi ditugu.

Liburutegietako teknikoek eta ALDEE (garrantzigabeko puntu batzuk salbu) eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren ordezkariek aurkeztutako emendakinak baztertuta izan dira.

Tamalez liburutegiaren legea arrazoibide teknikoen bitartez hobetzeko garaia bukatu da. Politikoen garaiean gaudenez, ezaugarri teknikoak politikoen mende gelditu ohi diren unean, hain zuzen ere.

Beraz, Kinielak egiteko garaia ailegatu da. PSEkin, edo EHAKrekin, edo PPrekin aurrera aterako duten legea izango da. Baina garbi gelditu da liburutegietako langileen arrazoibideak ez dituztela ezertarako kontuan hartu, bada aurkeztutakoarrazoibide gehien-gehienak baztertuta izan baitira.

Gerardo Luzuriaga 2006/10/26

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Dokumentazio Zentroa teknologia berrietara egokitu da

Sustrai aldizkariaren 77. zenbakian informatika eta telekomunikazioen iraultza teknologikoak eragindako Nekazaritza Saileko Dokumentazio Zentroan lan egiteko aldaketak aztertu dira.

Gerardo Luzuriaga 2006/10/23

Euskal diasporaren ondare dokumentala Renon

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasguneko Liburutegiak azken hilabeteetan artxiboan egindako lana azaldu eta aurrera begira dituen helburuen berri eman du: "Euskal Diasporari buruzko ondare dokumentala biltzea, babestea eta zabaltzea izan behar da gure helburu nagusia".

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasguneko Liburutegiari buruzko lehen datuek 1960ko harmarkadara garamatzate. Garai hartan hasi ziren Robert Laxalt idazlea, William Douglass antropologoa eta Jon Bilbao, ordurako martxan zen Euskal Ikasketen Programaren babespean, Amerikako Estatu Batuetako euskaldunentzat ez ezik euskal diaspora osoarentzat erreferente izango zen artxiboaren oinarriak finkatzen. Estreinako urte haietan Renora bilduma garrantzitsuak ekartzea lortu zuten Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbao-k: besteak beste, euskal gaietan aditua zen Philippe Veyrin-en zein Ramon Goñi Nagore-ren artxiboak. Eta urteak aurrera joan ahala handituz joan zen Liburutegiko material kopurua.

Halako batean Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbao-k ulertu zuten beraien egitekoa amaitua zela; iritsia zen atzetik zetozenei lekukoa pasatzeko unea. Edukiari begira liburutegi sendoa osatua zuten, baina hori guztia egituratzea falta zen.

Hain zuzen, Liburutegiko funtsak ondo katalogatuta edukitzea eta haiek zabaltzea izan da Euskal Ikasgunearen azken urteetako erronka nagusia. Iragan otsailean zentroak Imanol Irizar Liburutegiko zuzendari izendatu zuen, eta behin Renora iritsita bere lehen urratsa izan zen datu base eraginkor bat eratzea. Osasun arazoak tarteko, uda hasieran Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen Irizarrek, eta ordutik Nere Erkiaga –Xenpelar-eko artxibozaina izandakoa- dabil haren ordezkapena egiten.

Erkiagak zein Liburutegiko gainerako kideak -Michelle Rachal eta Hilda Centeno-, Liburutegiko artxiboaren nondik norakoak zehazten igaro dituzte azken hilabeteak; hau da, kutxetan bilduta zeuden dokumentuak katalogatzeaz gain haien kokagune fisikoa zehazten aritu dira. Era berean, digitalizazio prozesua abian jarri dute, eta informazio guztia jasoko duen datu base bat ere eratu dute. Azken horren diseinuaz Nevadako Unibertsitateko Liburutegi Nagusiko kide den Araby A. Greene arduratu da.

Euskal Ikasguneko Liburutegiko artxiboak biltzen duen materiala lau arlotan sailka daiteke:

Dokumentuak Argazkiak (Euskal Ikasguneak berak bildutakoak, Amerikako Estatu Batuetan geratu diren familia euskaldunek emandakoak zein Euskal Herritik jasotakoak) Ikusentzunezko materiala (irudi edota soinu grabaketak) Miszelanea (afixak, 'carving'-en euskarri diren zuhaitz enborrak, euskal janzkera tradizionalaren erakusgarri diren piezak...) Dokumentuak 239 kutxetan banaturik daude, eta ondoko multzotan sailkatu dituzte:

Euskal Herritik ekarritako artxiboak (gehienak erositakoak). Bi arlotan antolatu dituzte: 1936ko gerrarekin lotura duten dokumentuak, eta bestelakoak. Lehenengoen artean dago Huarte de Jauregui artxiboa -Jose Maria Huarte de Jauregui Zarautzeko Komandantzia buru izandakoak material ugari bildu zuen Nazionalei zein Errepublikarrei buruzkoa-. Bien bitartean, bigarrengoen parte dira Philippe de Veyrin artxiboa –Ipar Euskal Herriko historia bat osatze aldera bildu zuen materiala jasotzen du, besteak beste, XVIII. Mendeko zenbait pergamino-. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasgunetik igarotako irakasle zein ikasleek utzitako dokumentuekin eraturiko artxiboak. Beren ikerketetarako baliaturiko dokumentuak (originalak zein kopiak) dira gehienak. Aipatzekoa da Will Douglass-en artxiboa, zeinak antropologoak bere tesia egiteko erabili materiala (Aulestia eta Etxalarko baserrietako familiei buruzko datuak) biltzen duen. Dokumentu hauen artean hainbat bitxikeria aurkitu dituzte Liburutegiko kideek, esate baterako, 1941. urte inguruan, Jose Antonio Agirre lehendakaria Belgika aldean galduta zebilen garaian, Inchaustik AEBetatik idatziriko agirien fotokopiak (orain arte ezezagunak), zeinetan azaltzen diren politikariak emandako aginduak Agirre bilatu eta AEBetara eraman zezaten. Diasporari buruzko artxiboak. Familia artxiboak daude batetik, eta erbestera etorritako euskaldunek antolaturiko elkarteen artxiboak (ardi jabeek osaturiko Western Range Association erakundearen artxiboa, esate baterako) bestetik. Euskal Herritik Renora etorritako Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko artxibozainak gertutik jarraitu du artxiboaren antolaketa prozesua. Goioganak hilabete igaro du Euskal Ikasguneko Liburutegian, eta katalogazioan parte hartu ez ezik aurrerantzean artxiboak hartu beharko lukeen norabideari buruzko argibideak eta aholkuak eman dizkie Liburutegiko kideei. Goioganaren iritziz, «Euskal Ikasguneko Liburutegiaren helburua izan behar du hemengo (AEB-etako) euskaldunen memoria bihurtzea». Erkiaga ados dago Goioganarekin, eta hurrengo hilabeteetan Liburutegian hiru ildo nagusiren arabera lan egingo dutela esan du: orain arte bildutako materialaren deskribapenetan sakontzen jarraitu, artxiboaren edukia ezagutzera eman –horretarako ari dira funts guztiak digitalizatzen; hilabete batzuk barru denak sarean ikusgai egotea espero dute-, eta Diasporari buruzko funts berriak lortu. «Euskal Diasporari buruzko ondare dokumentala biltzea, babestea eta zabaltzea izan behar da gure helburu nagusia», azpimarratu du Erkiagak.

Gerardo 2006/10/20

ASNABI

La Asociación Navarra de Bibliotecarios - Nafarroako Liburuzainen Elkarteak weborri ezin interesgarriago aspalditik interneten sortuta dauka. Elkartearen eguneroko gorabeherak jasotzeaz gain liburutegi arloan argitaratzen diren aldizkari erakargarrienak eskuragarri jarri dute.

Halaber, Asnabik 2006ko martxoan sortutako blogan besteak beste, liburutegien inguruko iritzi-artikuluak, lan-eskaintzak, jardunaldiak, ikastaroak, TK aldizkariaren artikuluak aurki ditzakegu.

Benetan interesgarria.

Gerardo Luzuriaga 2006/10/19

Liburutegi mundutik ere Nazio eraikuntzaren alde hamaika gauza egiteke daude.

Ezbairik gabe, hamaika kontu hauen artean hizkuntza da lehentasunarik daukan bat, garrantzitsuena ez bada. Liburutegietan hizkuntza nagusia erdara da, euskararen egoera aski larria bihurtuz.

Liburutegietako euskararen erabilerari dagokionez, lurraldeen eta eskualdeen goraberak eta ñabardurak kontuan hartuta, oro har Euskal Herriaren alderdi gehienetan, gaur egun, euskara ofiziala izan arren, eta administrazio publikoa barruan izanda elebitasuna bermatuta izan behar arren, egoera ezin larriagoa da. Errealitatea da liburutegi eta dokumentazio arloan lan teknikoetan euskarak oso presentzia eskasa eta testimoniala daukala. Bai Araban, Nafarroan eta Iparraldean; baina baita Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Bizkaiko edozein herri euskaldunetako udal liburutegira, edo Euskal Herriko Unibertsitateko edozein Fakultateteko liburutegira sar gaitezen katalogo bibliografikoak kontsultatzeko asmoz, eta hor hasten da ustekabea! Gaztelania hutsean baitago!

Oraindik orain gezurra badirudi ere, herriko liburutegietako lan teknikoak, bibliografien erreferentziak eta ekoizpen intelektuala, liburutegietako lanik garrantzitsuenak alegia, erdera hutsez egiten da. Egoera, beraz, kezkagarria da, euskara frantsesen eta gaztelanian mende baitago.

Okerrena da, aurrera begira, liburutegi munduan jarrera hau aldatzeko indarra eta borondatea ez dagoenik, jai daukagula.

Gerardo Luzuriaga 2006/09/27

Interneten ere, nazio eraikuntza aurrera!

Gaurko (2006-09-27) Berria egunkarian berri interesgarri hau aurkitu dut.

Bete-betean sartuta gaude XXI. mendean, informazio jendarte, Internet eta komunikazio teknologia berrien aroan alegia. Bizi dugun errealitatea etengabe ari da garatzen aipatu teknologien eskutik (Internet bera ere berritze fase orokor batean dago web 2.0 kontzeptuaren oinarrian), eta ondorioz, gure herriari, Euskal Herriari, erronka berriak agertzen zaizkio.

Kultur mailan askotan gertatu zaio gure herriari kultura sortu, garatu eta hedatu ahal izateko tresna berriak agertu direnean horiek bere esku ez izatea, hala nola kultura idatziaren zabalkuntza, eskolaren unibertsalizazioa, komunikabideen hedakuntza... eta ondorioz, kulturaren garapenerako aukerak maiz mehatxu bihurtu zaizkio. Internetekin eta teknologia berrien eskutik datozen berrikuntza guztiekin ere berdina gertatzen ahal zaio, lehenbailehen eztabaida honi heltzen ez badiogu behintzat.

Euskal Herriak beharrezko duen Esparru Komunikatibo Nazionalaren hausnarketan ere etengabe aipatzen den elementua da teknologia berriena, bere aukera eta mehatxu guztiekin, eta Euskal Herriaren existentzia bermatu beharra behin eta berriz aipatu ohi den kontua da. Euskal Herriak nazio gisa etorkizuna izango badu, bizirik iraungo badu eta garatuko bada, nazioarteko errekonozimendua behar du. Esparru eta maila guztietan. Eta Interneten baitan estatuak errekonozitu daitezke edo ez. Nortasun kultural eta linguistiko nazionala duen herria errekonozitu daiteke edo ez. Eta horren ondorioak handiak eta garrantzitsuak izan daitezke. Esan gabe doa errekonozimendu hori lortzeko lana gogotik egin behar dela, hots, errekonozimendu hori irabazi egin behar dugu.

Euskal Herriak, beraz, aipatu esparruetan erronka berriak ditu aurrez aurre. Erronka horiek hizpide hartu eta horren gainean eztabaidatzen ari gara Donostiako Artelekun ospatzen ari diren Euskal Herria 2.0 jardunaldietan. Lokalizazio estrategiez aritu gara joan den irailaren 21ean, eta globalizazio estrategiez arituko gara irailaren 28an.

Lokalizazio estrategiei dagokienez, nazioartean sortzen dena nola geure egiten dugun izan dugu mintzagai: euskararen presentzia Interneten, programa eta guneen euskalduntzearen beharra, software librearen garrantzia nazio eraikuntzan eta abar luze bat.

Globalizazio estrategiei dagokienez, Internet eta teknologia berrien munduan euskaldun eta euskal herritar gisa nola agertu aztertuko dugu, gure herriko eta nazioarteko esperientzietan oinarrituz erronka ezberdinak mahai gaineratuko ditugularik, hala nola Euskal Herriko domeinu propioa Interneten (Katalunian .cat domeinuaren inguruan izaniko esperientziaren testigantza zuzena jasoko dugularik), web 2.0...

Hortaz, iritsi da garaia naziogintzan lanean gabiltzan eragile eta pertsonen artean Internetek eta teknologia berrien munduak gure herriari aurkezten dizkioten erronken inguruan hausnartzen hasteko. Horretarako hitzordu garrantzitsua dugu irailaren 28an, Artelekun, arratsaldeko 17:00tan.

Eneko Compains. Nazio Garapenerako Biltzarreko kidea

Gerardo 2006/09/27

Nafarroako Liburutegi Nagusi berria, 2009rako

Guarko (2006-08-12) Gara egunkarian berri interesgarri hau dator.

Nafarroako Liburutegi Nagusi berria, 2009rako

Eraikitze lanak datorren urtean hasiko direla adierazi zuen Corpas kontseilariak

Datorren urteko lehen hiru hilabeteetan hasiko dira Nafarroako Liburutegi eta Filmategia eraikitzeko lanak, eta zerbitzu berriak 2009an prest egon beharko luke, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak atzo adierazi zuenaren arabera. Iruñeko Udalak Mendebaldean eskaini duen orube batean eraikiko dute ekipamendu berria, Manuel Ferrer arkitektuaren proiektu bati jarraituz. Aurrekontua 28 milioi eurokoa da.

IRUÑEA

Mendebaldean eraikiko duten eraikinak 20.768 metro karratuko azalera izango du, lau mailatan banatuta (laugarrena, sotoan). Bertan, batez beste bi milioi dokumentu bildu ahal izango diutzte, liburuak, CD-Romak, aldizkariak, bideoak eta beste zenbait euskarritakoak kontuan izanik. Bibliotekako mailegu sailean, esaterako, 100.000 titulu egongo dira eskuragai. Mediatekan, berriz, 19.000, eta hemerotekan, 500 inguru. Haur liburutegi bat ere atontzeko asmoa dute.

Gainera, eraikin berriak Nafarroako Filmategia ere hartuko du. Filmategiko lehendabiziko funtsa 500 dokumentuk osatuko dute. Gehienak Antonio Jose Ruizen sendiak Nafarroako Gobernuari emandakoak dira. Filmategiak harrera eta kontsulta gelak, laborategiak eta biltegiak izango ditu, baita 250 lagun hartzeko moduko zinema areto bat ere.

Ekipamendu berria martxan jarri bezain pronto, San Frantzisko plazan egun dagoen biblioteka Alde Zaharreko biblioteka gisa geratuko da. Izan ere, ekipamendu berria Nafarroako Biblioteka Sistemaren burua ere izango da.

Yolanda Barcina Iruñeko alkatearekin batean atzo eman zuen prentsaurrekoan, Juan Ramon Corpas Kultura kontseilariak nabarmendu zuen proiektuan batez ere kontuan izan dituztela «iristeko erraztasun, erosotasun, malgutasun, moldagarritasun, segurtasun eta eragingarritasun irizpideak».

Kostata, aurrera

IRUÑEA

Nafarroako Liburutegi Nagusia San Frantzisko plazan dago, baina aspaldi geratu zen motz. Izan ere, eraikin berri baten eskaerak 1983an hasi ziren.

Azken urteotan, alabaina, eraikin berriaren kokapena eztabaida-iturri izan da, batez ere Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala ez zetozelako bat. Azkenean, Mendebaldean eraikitzean adostu ziren.

Baina lekua hitzartuta ere, proiektua atzeratzen joan da. Azkenean, iazko azaroan, Corpasek oinarrizko proiektua aurkeztu zuen. Atzo, berriz, exekuzio proiektuaren txanda izan zen. 2009rako iragarri zuen zerbitzu berria.

Gerardo Luzuriaga 2006/08/12

Eusko Jaurlaritzako 2000ko EPEko goi-mailako lanpostuak, euskara eta zentsura

Kopiatzen dudan eskutitz hau, horrela zegoen maketatuta HAEE-IVAPek aste honetan kaleratu duen "Administrazioa Euskaraz" aldizkarian (inprentara presaka eta korrika deitu behar izan baitute eskutitzaren lekua beste informazio batekin ordezkatzeko). Orain dela hilabete aipatutako aldizkarira eskutitza bidali nuen, karaktere gehiegi zeukala erantzun zidaten baina edukiaz ados zeudela; laburtu nuen (nire ustez, zeuden ezaugarri interesgarri batzuk baztertuz) eta aldizkariaren zuzendariarengandik argitaratzeko baieztapena jaso nuen. "Administrazioa Euskaraz" aldizkariko zuzendariak artikulua ez dutela argitaratuko adierazi didanarekin batera ezuste galanta jaso nuen. Zerbitzuaren arduradunarekin hitz egin ondoren, eskutitza ez argitaratzearen arrazoibideak IVAPeko zuzendariari eskatu dizkiot, eta elkarrizketa honetan emandako arrazoi bakarra, agindua goitik datorrela izan da.

Ditxosozko 2000ko Enplegu Publikoaren Eskaintzan deitutako goi-mailako lanpostuak betetzeko exijitutako hizkuntza-eskakizunaren datuak biziki esanguratsuak dira. Datu guztiak -Hizkuntza Normalkuntzako Teknikarienak eta Itzultzaileenak aparte utzita, jakina- ezin adierazgarriagoak dira: 289 lanpostutik 177 lanpostu (% 60,9) hizkuntza-eskakizunik gabe, 8 lanpostu (%2,7) 2. HEarekin, 72 lanpostu (%24,9) 3. HE, 32 lanpostu (%11,4) 4. HE atera zituzten. Barne-promoziokoen datuak antzerakoak dira: 27 lanpostutik 20 lanpostu (%73,9) hizkuntza-eskakizunik gabe, plaza 1 (%3,7) 2. HE, 3 plaza (%11,1) 3. HE, 3 plaza (%11,1) 4. HE atera zituzten.

Gauzak horrela, bistan dago 2000ko EPEn ez dela euskara-maila handirik eskatu. Nahiko eskas ibili dira horretan ere. Oro har lotsagarria izan da. Bestalde, susmoa daukat hizkuntza eskakizunak administrazioaren interes eta langile jakin batzuen beharren baitan egon direla berriro ere.

Jo dezagun, bada, adibideetara. Nola da posible, bada, hainbeste urte oposiziorik gabe eman eta gero, zertaz eta komunikabideez arduratu behar den kidegoan (kazetariez ari naiz) bost lanpostuetatik hiru Hizkuntza Eskakizunik gabe ateratzea, eta bakar batean soilik 4. HE eskatzea? Eta Artxibozain, Liburuzain eta Dokumentalista kidegoan, berriz, barne-promoziorako lanpostu bakarra egonik, justu horretan, hain zuzen, 3. HE eskatzea? Hala propio erabaki zuten horrela egitea aurkezteko aukera genuen hiru pertsonetatik batek hori oraindik egiaztatuta ez zuela jakitean? Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak euskararekiko duen jarrera okerra eta eskasa delakoan nagoenez, niri gertatutakoaren berri ematea erabaki dut. Kasu bakarra balitz, inola ere ez nuke salatuko, baina EAEko administrazioaren arazo orokorra denez, salatu nahi izan dut lerro hauen bitartez.

Egia esateko afera hau gero eta gehiago korapilatzen ari denez, bukatutzat eman baino lehen honako hau blog interesgarri honetan salatu nahi nuke:

  • Nola uler daitekeen 2000 urtean Eusko Jaurlaritzak EPEa ateratzea eta goi-mailako lanpostuetan ia-ia euskara jakitea ez eskatzea? %61 hizkuntza-eskakizunik gabekoak txanda irekian eta %73 barne-promoziozko lanpostuetan, hain zuzen ere.
  • Gaiontzeko %39 eta %27, kasu batzuetan, gehienetan ez esateagatik guztietan, langile jakin batzuen beharrean jarrita izatea.
  • Eta kasu honetan, batik bat IVAPeko jarrera ulertezina jakinaraztea. "Administrazio Euskaraz" aldizkarian horrelako mezua teknikoen onarpena jaso ondoren atzera botatzeak autokritika falta eta zentsura garaian bizitzea suposatzen baitu.
Gerardo Luzuriaga 2006/08/12