Interneten ere, nazio eraikuntza aurrera!
Gaurko (2006-09-27) Berria egunkarian berri interesgarri hau aurkitu dut.
Bete-betean sartuta gaude XXI. mendean, informazio jendarte, Internet eta komunikazio teknologia berrien aroan alegia. Bizi dugun errealitatea etengabe ari da garatzen aipatu teknologien eskutik (Internet bera ere berritze fase orokor batean dago web 2.0 kontzeptuaren oinarrian), eta ondorioz, gure herriari, Euskal Herriari, erronka berriak agertzen zaizkio.
Kultur mailan askotan gertatu zaio gure herriari kultura sortu, garatu eta hedatu ahal izateko tresna berriak agertu direnean horiek bere esku ez izatea, hala nola kultura idatziaren zabalkuntza, eskolaren unibertsalizazioa, komunikabideen hedakuntza... eta ondorioz, kulturaren garapenerako aukerak maiz mehatxu bihurtu zaizkio. Internetekin eta teknologia berrien eskutik datozen berrikuntza guztiekin ere berdina gertatzen ahal zaio, lehenbailehen eztabaida honi heltzen ez badiogu behintzat.
Euskal Herriak beharrezko duen Esparru Komunikatibo Nazionalaren hausnarketan ere etengabe aipatzen den elementua da teknologia berriena, bere aukera eta mehatxu guztiekin, eta Euskal Herriaren existentzia bermatu beharra behin eta berriz aipatu ohi den kontua da. Euskal Herriak nazio gisa etorkizuna izango badu, bizirik iraungo badu eta garatuko bada, nazioarteko errekonozimendua behar du. Esparru eta maila guztietan. Eta Interneten baitan estatuak errekonozitu daitezke edo ez. Nortasun kultural eta linguistiko nazionala duen herria errekonozitu daiteke edo ez. Eta horren ondorioak handiak eta garrantzitsuak izan daitezke. Esan gabe doa errekonozimendu hori lortzeko lana gogotik egin behar dela, hots, errekonozimendu hori irabazi egin behar dugu.
Euskal Herriak, beraz, aipatu esparruetan erronka berriak ditu aurrez aurre. Erronka horiek hizpide hartu eta horren gainean eztabaidatzen ari gara Donostiako Artelekun ospatzen ari diren Euskal Herria 2.0 jardunaldietan. Lokalizazio estrategiez aritu gara joan den irailaren 21ean, eta globalizazio estrategiez arituko gara irailaren 28an.
Lokalizazio estrategiei dagokienez, nazioartean sortzen dena nola geure egiten dugun izan dugu mintzagai: euskararen presentzia Interneten, programa eta guneen euskalduntzearen beharra, software librearen garrantzia nazio eraikuntzan eta abar luze bat.
Globalizazio estrategiei dagokienez, Internet eta teknologia berrien munduan euskaldun eta euskal herritar gisa nola agertu aztertuko dugu, gure herriko eta nazioarteko esperientzietan oinarrituz erronka ezberdinak mahai gaineratuko ditugularik, hala nola Euskal Herriko domeinu propioa Interneten (Katalunian .cat domeinuaren inguruan izaniko esperientziaren testigantza zuzena jasoko dugularik), web 2.0...
Hortaz, iritsi da garaia naziogintzan lanean gabiltzan eragile eta pertsonen artean Internetek eta teknologia berrien munduak gure herriari aurkezten dizkioten erronken inguruan hausnartzen hasteko. Horretarako hitzordu garrantzitsua dugu irailaren 28an, Artelekun, arratsaldeko 17:00tan.
Eneko Compains. Nazio Garapenerako Biltzarreko kidea