Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Euskal diasporaren ondare dokumentala Renon

Euskal diasporaren ondare dokumentala Renon

Gerardo 2006/10/20 11:16

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasguneko Liburutegiak azken hilabeteetan artxiboan egindako lana azaldu eta aurrera begira dituen helburuen berri eman du: "Euskal Diasporari buruzko ondare dokumentala biltzea, babestea eta zabaltzea izan behar da gure helburu nagusia".

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasguneko Liburutegiari buruzko lehen datuek 1960ko harmarkadara garamatzate. Garai hartan hasi ziren Robert Laxalt idazlea, William Douglass antropologoa eta Jon Bilbao, ordurako martxan zen Euskal Ikasketen Programaren babespean, Amerikako Estatu Batuetako euskaldunentzat ez ezik euskal diaspora osoarentzat erreferente izango zen artxiboaren oinarriak finkatzen. Estreinako urte haietan Renora bilduma garrantzitsuak ekartzea lortu zuten Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbao-k: besteak beste, euskal gaietan aditua zen Philippe Veyrin-en zein Ramon Goñi Nagore-ren artxiboak. Eta urteak aurrera joan ahala handituz joan zen Liburutegiko material kopurua.

Halako batean Laxalt-ek, Douglass-ek eta Bilbao-k ulertu zuten beraien egitekoa amaitua zela; iritsia zen atzetik zetozenei lekukoa pasatzeko unea. Edukiari begira liburutegi sendoa osatua zuten, baina hori guztia egituratzea falta zen.

Hain zuzen, Liburutegiko funtsak ondo katalogatuta edukitzea eta haiek zabaltzea izan da Euskal Ikasgunearen azken urteetako erronka nagusia. Iragan otsailean zentroak Imanol Irizar Liburutegiko zuzendari izendatu zuen, eta behin Renora iritsita bere lehen urratsa izan zen datu base eraginkor bat eratzea. Osasun arazoak tarteko, uda hasieran Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen Irizarrek, eta ordutik Nere Erkiaga –Xenpelar-eko artxibozaina izandakoa- dabil haren ordezkapena egiten.

Erkiagak zein Liburutegiko gainerako kideak -Michelle Rachal eta Hilda Centeno-, Liburutegiko artxiboaren nondik norakoak zehazten igaro dituzte azken hilabeteak; hau da, kutxetan bilduta zeuden dokumentuak katalogatzeaz gain haien kokagune fisikoa zehazten aritu dira. Era berean, digitalizazio prozesua abian jarri dute, eta informazio guztia jasoko duen datu base bat ere eratu dute. Azken horren diseinuaz Nevadako Unibertsitateko Liburutegi Nagusiko kide den Araby A. Greene arduratu da.

Euskal Ikasguneko Liburutegiko artxiboak biltzen duen materiala lau arlotan sailka daiteke:

Dokumentuak Argazkiak (Euskal Ikasguneak berak bildutakoak, Amerikako Estatu Batuetan geratu diren familia euskaldunek emandakoak zein Euskal Herritik jasotakoak) Ikusentzunezko materiala (irudi edota soinu grabaketak) Miszelanea (afixak, 'carving'-en euskarri diren zuhaitz enborrak, euskal janzkera tradizionalaren erakusgarri diren piezak...) Dokumentuak 239 kutxetan banaturik daude, eta ondoko multzotan sailkatu dituzte:

Euskal Herritik ekarritako artxiboak (gehienak erositakoak). Bi arlotan antolatu dituzte: 1936ko gerrarekin lotura duten dokumentuak, eta bestelakoak. Lehenengoen artean dago Huarte de Jauregui artxiboa -Jose Maria Huarte de Jauregui Zarautzeko Komandantzia buru izandakoak material ugari bildu zuen Nazionalei zein Errepublikarrei buruzkoa-. Bien bitartean, bigarrengoen parte dira Philippe de Veyrin artxiboa –Ipar Euskal Herriko historia bat osatze aldera bildu zuen materiala jasotzen du, besteak beste, XVIII. Mendeko zenbait pergamino-. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasgunetik igarotako irakasle zein ikasleek utzitako dokumentuekin eraturiko artxiboak. Beren ikerketetarako baliaturiko dokumentuak (originalak zein kopiak) dira gehienak. Aipatzekoa da Will Douglass-en artxiboa, zeinak antropologoak bere tesia egiteko erabili materiala (Aulestia eta Etxalarko baserrietako familiei buruzko datuak) biltzen duen. Dokumentu hauen artean hainbat bitxikeria aurkitu dituzte Liburutegiko kideek, esate baterako, 1941. urte inguruan, Jose Antonio Agirre lehendakaria Belgika aldean galduta zebilen garaian, Inchaustik AEBetatik idatziriko agirien fotokopiak (orain arte ezezagunak), zeinetan azaltzen diren politikariak emandako aginduak Agirre bilatu eta AEBetara eraman zezaten. Diasporari buruzko artxiboak. Familia artxiboak daude batetik, eta erbestera etorritako euskaldunek antolaturiko elkarteen artxiboak (ardi jabeek osaturiko Western Range Association erakundearen artxiboa, esate baterako) bestetik. Euskal Herritik Renora etorritako Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko artxibozainak gertutik jarraitu du artxiboaren antolaketa prozesua. Goioganak hilabete igaro du Euskal Ikasguneko Liburutegian, eta katalogazioan parte hartu ez ezik aurrerantzean artxiboak hartu beharko lukeen norabideari buruzko argibideak eta aholkuak eman dizkie Liburutegiko kideei. Goioganaren iritziz, «Euskal Ikasguneko Liburutegiaren helburua izan behar du hemengo (AEB-etako) euskaldunen memoria bihurtzea». Erkiaga ados dago Goioganarekin, eta hurrengo hilabeteetan Liburutegian hiru ildo nagusiren arabera lan egingo dutela esan du: orain arte bildutako materialaren deskribapenetan sakontzen jarraitu, artxiboaren edukia ezagutzera eman –horretarako ari dira funts guztiak digitalizatzen; hilabete batzuk barru denak sarean ikusgai egotea espero dute-, eta Diasporari buruzko funts berriak lortu. «Euskal Diasporari buruzko ondare dokumentala biltzea, babestea eta zabaltzea izan behar da gure helburu nagusia», azpimarratu du Erkiagak.

etiketak: Albisteak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.