Arrasateko artxiboko dokumentuak berreskuratzeko laguntza
ITURRIA: Goiena.net http://www.goiena.net/Arrasate/News/1128930720
Lagun Arok 25 mila euro eman ditu artxibategirako
- G., 2005-10-10 | 09:52
Iazko abuztuan bustitako artxibategiko dokumentuak berreskuratzeko dirulaguntzak hitzartu zituzten egubakoitzean, urriak 7an, Arrasateko Udalak eta Lagun Aro Aseguru-etxeak.
Artxibo historikoak izan ziren urak gehien kaltetu zituenak. Guztiz ez galtzeko izoztu egin behar izan zituzten bustitako agiriak eta Madrilgo enpresa bat arduratuko da horiek berreskuratzeaz.
Horretarako, Udalak, Lagun Aroren eskutik 25.000 euroko laguntza jasoko du. Berreskuratze lanak ondo badoaz, bi hilabete barru ekarriko dituzte agiri historikoak Arrasatera. Gainontzeko dokumentuei dagokienez, hau da, administratiboei, iaztik daude Oñatiko Artxibategian eta aurki itzuliko dira euren jatorrizko lekura.
Bi urteko epean artxibategia bere osotasunean berreskuratuta eduki gura du Udalak, bai administratiboa eta historikoa. Etorkizunean agiriak argitaratzeko asmoa daukate, balio historiko handiko dokumentuak daude-eta artxibategian.
Liburutegi Legearen aurreproiektuaz
Euskadiko liburutegiaren legearen afera iaz bertatik bertara jarraitu banuen ere eta berrartzeko gogo handirik ez badaukat ere, horri buruzko berriak gaurko hedabideetan agertu direnez, behin eta berriro orain arte esandakoa egunean jarriko dut. Tamalez, aurreko legealdian prestatutako liburutegien aurreproiektua legealdi honetan onartzea da helburua. Tamalez esaten dut, ezaguna baita lege horren gainean profesionalek dauzkagun iritzia, esate baterako ALDEErena: Eusko Jaurlaritza liburutegi sistema antolatu nahian dabil, plangintza ezin txarragoa garatu du, eremu honetan lan egiten duten sektore garrantzitsuenetariko batzuk kontatu gabe.
Arestian artikulu batzuetan aurreproiketu horren gabeziak agerian utzi ditugunez, eta kezkak kaleratu ditugunez, mezu honetan lurraldetasunarena eta euskararen tratamenduarena baino ez ditut aipatuko. Halaber- mintegiko dokumentuen atalean ere aurkitu ahal den artikulua (2005-03-22), interesgarria delakoan, gehitzen dut albisteotan.
XXI. mendean gaude eta Informazioaren garaian bizi gara. Gure herria Informazioaren Gizartean kokatzeko helburuarekin etengabeko ahaleginak egin dira, bai teknologia berriak garatu eta gizarteratzeko, bai informazio sareak (Internet) zabaltzeko. Baina, informazio teknologiekin batera, behar-beharrezkoa da informazio sistema sendo eta egituratua izatea, ondoko bi helburu nagusiokin:
Lehenengoa, herrialde bakoitzari dagokion ondare bibliografikoa eta dokumentala gordetzea eta eskuragarri jartzea.
Bigarrena, informazio zerbitzu publiko eraginkorra ematea, herritar guztiengana berdintasunean helduko dena eta berrikuntza teknologikoek sortutako arrail sozial berria txikiagotuko duena.Biblioteken Sistemaren beharrizana helburu horietan oinarritu behar da, ondo antolatu eta bitarteko guztiekin hornitu, bibliotekak baitira Informazioaren Gizartearen eragile garrantzitsuenetarikoak. Lege aurreproiektura joanda, euskal ondare bibliografikoari buruz ari garenez, ezin dugu ahaztu berau hainbat esparru juridiko-politikotan zatituta dagoela, lurraldeari dagokionez. Hori kontuan izateaz gain, ondare horren babesa bermatzeko neurriak hartu behar dira, eta egungo legediaren arabera parte diren herri-agintarien arteko akordioak ziurtatu. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, nahiz eta bertako administrazioak arlo honetako eskumen osoa eduki, atzerapen ikaragarria izan da (1990eko kultur ondareari buruzko lege orokorra besterik ez dugu), eta bitarte honetan erakundeen atomizazioa areagotu egin da, bakoitza bere eskumenen arabera, diru-iturrien arabera eta helburu propioen arabera antolatzen joan den heinean.Beraz, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiak guztiz premiazkotzat jotzen du liburutegien legea, euskal kulturaren informazio politika arautu eta ondare bibliografikoaren babesa ziurtatzeko. Baina gure mintegia ez dago batere ados Eusko Jaurlaritzako Kultura Departamentuak aurkeztu duen Liburutegien Legearen aurreproiektuarekin, eta berau ez onartzeko arrazoiak azaldu nahi ditu:
- Hizkuntza eskubideak EAEko Biblioteken Sistemak hizkuntza ofizialen erabilpena bermatu behar du. Elebiduna izango dela esatea ez da nahikoa: euskarari zor zaion lekua argi eta garbi arautu behar du. Lan ugari dago egiteko: Espainiako ereduak erabiltzen dira oraindik bibliotekonomiako lanetan, hemengo berezitasunak kontuan hartzen ez dituztenak; elebitasunaren auzia konpondu gabe dago, halaber, euskarri informatikoetan; Euskal Herriko bibliotekonomia eta dokumentazioaren profesionalak trebatuko dituen unibertsitate-ikasketarik ez dago...
- Lankidetza Aurreproiektu honek eratzen duen biblioteka sistema osoa arlo honetako erakundeen borondatezko lankidetzan oinarritzen da, erakundeen artean etorkizunean izan daitezkeen akordioetan. Borondatea, lankidetza eta koordinazioa guztiz beharrezkoak diren arren, ez dira aski egungo egoerari aurre egiteko. Euskal ondare bibliografikoa gorde, babestu eta zabaltzeaz ari garenean, konplexurik gabe egin behar zaio aurre zatiketa administratiboari: egungo legeak errespetatuz sustatu behar dira herri aginteen arteko akordio politikoak, eta, horietatik abiatuta, euskal ondare bibliografikoaren babesa ziurtatuko duen sarea eratu behar da.
- Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea Lege honek garatu nahi duen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean EAEko partaide batzuk falta dira; hala Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak, nola Unibertsitateak eta Eskoletako liburutegiak; izan ere, etorkizunean Sarean parte hartzeko balizko eskarietan oinarrituko lirateke erakunde horiekiko harremanak. Arestian esan bezala, horrelako gai garrantzitsua lotuago egon beharko lukeela uste dugu.
- Langileria Ezinbestekoa da liburutegietako langileen egoera zehatz-mehatz arautzea. Liburuzainen profila zehaztu behar du legeak, gutxieneko titulazioak eta lan baldintzak.Biblioteka publikoetan, udal biblioteketan batez ere, bibliotekari gutxi dago eta Administrazioko beste profesionalen aldean lan baldintza desegokietan jarduten dute: ordutegi aldrebesak eta erantzukizunarekin bat ez datorren soldata. Biblioteka Publikoa kultura arloko azpiegitura nagusienetakoa izanik, Lege aurreproiektuak kontuan hartu beharko luke oinarrizko arazo hau.
- Ikasketak Gai honek aurreproiektuan espresuki aipatua izan behar ez badu ere, daukan garrantziagatik kontuan hartuta izan beharko lukeela uste dugu. Estatu espainolean, Bibliotekonomia eta Dokumentazioaren unibertsitate diplomatura 1987 urtetik aurrera irakasten da hainbat tokitan, zenbait espezialitatetan jarduteko profesionalen heziketa ziurtatuz (kazetaritzako dokumentalistak, liburuzain zientifikoak, liburutegi publikoetako liburuzainak, artxibozainak ...). 1995etik aurrera Dokumentazioaren lizentziatura ere bada. Gurean, ordea, ez dugu euskal bibliotekonomiaren berezitasunak irakatsiko dituen ikasketa programarik. Harrigarria ez ezik, guztiz kezkagarria ere bada gaur egungo egoeran.
- Euskadiko Liburutegia Lege aurreproiektu honek zentro baten lidergoa falta du, liburutegi sistemaren buru izango dena. Aurreproiektu honekin, hainbat tresna ezinbesteko erakundeen arteko balizko borondatearen eta elkarlanaren menpe geldituko dira. Euskadiko Liburutegi Nagusiari dagozkion eginbeharrak sakabanatuta geldituko dira aurrerantzean ere zenbait erakunderen artean. Euskal ondare bibliografikoaren defentsa eta zabalkundeaz ari garen heinean, EAE barruan ere akordioak gauzatu behar dira, inongo erakunderi protagonismo eta ardurarik kendu gabe, baina helburuak bermatuko dituen koordinazioa ziurtatuz. Horretarako, Euskadiko Liburutegi Nagusiak erakunde nagusia eta bakarra izan behar du, euskal bibliografi ondarearen eta euskal kulturaren zabalkundeaz arduratu, Euskal Agentzia Katalografikoa eratu, nazioarteko estandarrak gurera egokitu, eta beste hainbat lan egin ahal izateko.Amaitzeko, sinboloen arloan dagokion paper garrantzitsua aldarrikatu nahi dugu, izan ere Euskadiko Liburutegi Nagusiak beste liburutegiek (Liburutegi Nazionala sortu artean) ordezkatuko ez duten egitekoa ere badu: euskal nortasun nazionalaren ikur bilakatzea eta egun munduan diren antzeko biblioteken ondoan egotea, Euskal Herriaren izaera propioa agerikoa izan dadin.
Gerardo Luzuriaga
Euskadiko Liburutegia eta Agiritegia
Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan sortu nahi omen ditu Euskadiko Liburutegia eta Agiritegia. Hemen agertu diren berriak:
Berrian: Euskadiko Liburutegia eta Agiritegia sortuko ditu Jaurlaritzak legealdion
Deian: Cultura quiere abrir un debate sosegado sobre la normalizacion linguistica
Etorkizuneko orrialdeak
LIBURU-IRAKURGAILU ELEKTRONIKOAK
Etorkizuneko orrialdeak
Liburu elektronikoak e-book izeneko horiek errealitate dira dagoeneko; orain, eroso irakurtzeko dispositibo egokia asmatzea da kontua
Steven Spielberg-ek 2054 urtean kokatu duen Minority Report filmeko eszena batean metroan bidaiariek egunkari elektroniko malgua irakurtzen dute: bertan, albisteak jazo ahala aldatu egiten dira. Zientzia-fikzioa den arren, baliteke epe ertainera fikziorik ez izatea. Ez dirudi beste berrogeita hamar urte itxoin beharko dugunik horrelako dispositibo elektronikoa eskura izateko. Xerox PARC eta E Ink (www.eink.com) enpresako ikerlariek urte batzuk eman dituzte aukera hori aztertzen: lan horien oinarrian, elektrizitatea jasotzean hitzak moldatzen dituzten milioika esfera ñimiño zuri-beltzek osaturiko lamak ekoizten ari dira. Irakurlearentzat paperak duen abantaila bakarrak formatuaren erosotasuna hori tinta elektronikoak berdinduko du eta bereizmena dira. Inprimatutako orrian 300 puntu hazbeteko injektatzen dira eta PCko edo mugikorreko pantailak 72 baizik ez du onartzen; horrez gainera, pantailaren kasuan argi igorriaz ari gara eta, paperarenean, argi islatuaz. Horregatik da nekeza eta deserosoa ordenagailuko monitorean irakurtzea. Paper elektronikoak landarezkoak ohikoak dituen malgutasun eta bereizmena hartzean begiak ez du alderik hautemango.
Liburutegi Publikoen egoera kaskarra
Gaurko "EL PAIS" egunkarian artikulu interesgarri hau ageri da.
Emiliano Martinezek, Espainiako Argitaratzaileen Ferderazioaren lehendakariak, Espainiako liburutegi publikoen azterketa bortitza eta erreala egin du. Martinezek emandako datuak Espainiako liburutegien egoera kaskarra agerian utzi du. Liburuen kopuruen aldetik Nafarroaren liburutegiak baino ez dira salbatu.
Hona hemen agertzen diren beste datu adierazgarri batzuk: liburuen %42 1980 urtean baino lehenagokoak dira, liburuak erosteko erabiltzen den kopuru ziztrina, eta abar.
Rogelio Blancok, Liburuaren Zuzendari Orokorrak, ikuspuntu baikorra jarri du: gero eta gehiago irakurtzen da, gero eta liburu gehiago liburudendetan saltzen dira, Hezkuntzaren legean Eskolako liburutegiak kontuan hartu dira...
Azpimarratzekoa da Blancok Maileguaren kanonari buruz esandakoa: Gobernuak helegiteak aurkeztu ditu, atzeratzea lortu du, beste bide batzuk ere saiatu da, baina alferrik, epea bukatzear dago. Urtea bukatzearekin batera betetzea baino beste erremediorik ez du edukiko. Bestela, izuna ordaindu beharko luke. Egunero 300.000 .
Terminologia
Katalogatzeko terminologia datu-basean!
Batzuek, weblog hau askotan erabiltzen duzuenok konturatu zarete eskuineko zutabean katalogatzeko terminologia lerroan sakatuz gero liburutegietan erabiltzen ditugun oinarrizko terminoen datu-basea agertzen dela; baina seguraski noizean behin helbide hau kontsultatzen duzuenok datu-base honi erreparatu gabe uzten duzue interneteko saioa. Beraz, katalogatzeko terminologia atalean aurki dezakezuena ahalik eta motzen azalduko dut:
- Datu-basean edozein termino jarri euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez eta emaitza segundo batzuk iragan ondoren edukiko dituzue. Orain arte eztabaidatu ditugun terminoak hor dauzkagu jasota.
- Hemendik aurrera edozein hitz Terminologia Batzordetik pasa orduko (behin-behinekoa izan arren) kontsultagarri izango da.
Katalogatzeko terminologia barruan atal hauek bereizten dira:
- Hiztegia
- Laburdurak. Alfabetikoki antolatuta.
- Ohar erabilienak.
Zuen iradokizunak, zalantzak eta galderak eskertzekoak izango direnez, liburutegietako tresna interesgarria delakoan. Laster arte.
Mailegua doan
Liburutegietako maileguetatik eratorritako egile eskubideen legeari buruzko egileen eta liburuzainen jarrera ofiziala ez dator bat. Bi talde korporatiboren jarrera denez, jarrera ofiziala azaltzean bakoitzaren aldeko ikuspuntuei baino ez diegu erreparatzen.
Errealitatea da, Europan liburutegietako maileguetatik eratorritako egile eskubideei buruzko legea indarrean jarri dutela; baina liburuzainok garbi daukagu irtenbidea beste bide batetik etorri beharko duela. Beraz, guk liburutegietako maileguen gainean sortutako eztabaidak ontzat emateaz gain erabat komenigarriak ikusten ditugu.
Irtenbiderik aurkitu nahian afera zuzenean hartu beharrean zeharka hartuko dut. Europar Batasunean herri asko daude, errealitate ekonomiko askotako herriek osatzen dituzte Europar Batasuna. Indarrean jarri duten legea herri guztietarako da, nahiz eta egoera ekonomiko desberdinak bizi izan. Susmoa daukat lege hau ez ote dagoen oinarrituta kultura aldetik garaituago dauden Europako Batasuneko herrietan, non liburutegi publikoetako oinarrizko beharrak bermatuta baitaude, gainontzeko herrietako liburutegi publikoetako baldintzak kontuan eduki gabe, alegia.
Lehenik eta behin esan behar dut, egileen eta argitaratzaileen aldarrikapenak ontzat ematen dudala, eta ulegarritzat jotzen dudala horien jarrera, bada behingoz Europa mailan legeen bitartez liburu alorraren alde aurrerapausua eman dute. Izan ere, lege hau egileen eta argitaratzaileen jabetza intelektuala bermatzeko sortu da. Ezbairik gabe, liburu munduaren barruan izanda eta ondo ezagututa, esan behar dut liburu alorrean egingo dituzten ekimenen alde izango naizela eta egingo duten guztia beharrezkotzat jotzen dudala. Beraz, argi dadila, egileen eta argitaratzaileen eskubideak legeen bitartez bermatu izan beharko dela; baina, halaber garbi geldi dadila Euskal Herriko Liburutegi Publikoetako liburuzainok lege honen kontra gaudela.
Lehenenik, liburutegi publikoen politikaren eta filosofiaren kontra baitoa, bada liburutegi publikoek sortu zirenetik doantasuna, sarbide askea eta denontzat, -ahalik eta zabalkuntza handiena- izan baita ezaugarririk garrantzitsuenetariko bat.
Bigarrenik, kanon hau ordaintzeko dirurik ez daukagulako; beraz de fakto ezinezkoa egiten zaigu Europako Batasunak indarrean jarri duen legea aurrera eramatea. Oro har, Liburutegi Publikoek aurrekontu murriztu eta jakin batekin funtzionatzen dugu, aipatutako zerga bete orduko afera honen gaineko eztabaida zentzurik gabe geldituko litzateke, bada diru kopuru ziztrinari buruz eztabaidatzen ari ginela.
Hirugarrenik, egileen eta argitaratzaileen ordezkari ofizialek liburutegi publikoek ekartzen dituzten onurei erraparatu beharko diete. Gure ustez egileen eta argitaratzaileen alorrei kalte egin beharrean onurak baino ez dizkigu ekartzen liburutegi publikoek, hala nola, publizitatea eginez, irakurketa bultzatuz, euren lanak ezagutarazi eta zabalduz gizartean, egile eta argitaratzaile guztiak aukera berdina izan dezaten irakurleen aurrean.
Laugarrenik, arazoa maileguari zerga hau ezartzearen aurretikoa bada ere, liburutegi publikoak dauden egoeran ikusita zama honek kalteak baino ez dizkie ekarriko. Liburutegi publikoen helburua kaltitatezko zerbitzua ematea denez, alde batetik, liburu berriak erosteko aurrekonturik gabe nekez beteko du helburu hau; eta beste aldetik, kontuan hartzekoa da agindu hau ez dela Europar Batasunetik datorkigun agindu bakarra, Europako liburutegi publikoen zerbitzuen, langileen, instalazioen, baliabide ekonomikoen ratioak aztertzea baino ez daukagu ikusteko zer ikusirik Europako liburutegiek Euskal Herrikoekin alderatuz gero ez daukatela.
Laburbilduz, aipatutako Liburutegi Publikoen gabeziak gainditu arte kanon hau jartzea liburutegiek ordaintzea ez da zentzuduna. Ezbairik gabe, liburu mundu bera da, beraz egile, argitaratzaile, inprimatzaile, banatzaile, zuzentzaile, liburuzainen alorra da, areago, atal guztietan agerian daude gabeziak. Pobreen ate joka ibiltzea afera hau konpontzeko ez da irtenbidea. Europar Batasunak indarrean jarritako direktiba zentzurik gabe ikusten dugu.
Nafarroako Liburutegi Publikoen katalogoa interneten
Gaurtik aurrera Nafarroako Liburutegi Publikoen katalogoa interneten dago kontsultagarri. Sare honetan 39 udal liburutegi eta Nafarroako Liburutegi Nagusiaren bibliografia-funtsen informazioa jasotzeaz gain Liburutegi Publikoen direktorioa ere kontsulta daiteke.
Donostiako Nazioarteko Kultura Gunea
Azkenaldi honetan, azken bi aste honetan El Pais eta El Diario Vasco erdal egunkarietan Donostiako Nazioarteko Kultura Guneari buruz artikulu bina plazaratu dituzte. Trebinok dioen bezala erakunde horrek bere barruan zer izango duen ez dago batere garbi, izenaz gain gainontzeko guztia ez dago batere garbi.
2001ean Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Gizpuzkoako Foru Aldundiaren artean Donostiako Nazioarteko Kultura Gunea sortzea erabaki zuten, hau da, "Centro Internacional de Cultura Contemporánea de Donostia-San Sebastián" delakoa sortzea erabaki zuten. Egunkari horiek esaten dutenen arabera proiektua bideratzear dago. Kontu honi buruz gehiegi jakin gabe, denon artean hausnarzeko asmoz bote pronton bururatzen zaizkidan kezka batzuk komunean jarriko ditut:
- Liburutegi Nazionalak, berez ez dauka entitaterik, indarrerik, garrantzirik izen horrekin sortzeko, ezagutzeko eta funtzionatzeko? Alde batetik , aipatutako egunkarietako berrietan Liburutegi Nazionala izenburuan amuzki gisa aipatzen da, eta bestetik Espainiako beste Autonomia Erkidegoetara baino begiratzea ez daukagu ikusteko nola daukaten antolatuta
- Liburutegi Nazionala erakunde desberdin askok eskatzen duen erakunde izanda, ez du merezi eraikuntza bereizi bat? Egun erakunde garantzitsua bada ere zer ezanik ez etorkizunari begira, etorkizun handiko erakundea da, ezbairik gabe beteko dituen funtzioak gero eta garantziagoak izango dira, inondik ere denboraren poderioz m2 asko eta asko beharko dituen erakundea izango da, gaur egungo Katalunyako Biblioteka 15.000 m2 betetzen ditu.
- Erakunde Nazionala izanda, presupuestoa zergatik irten behar da Donostiako udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiatik, ez litzateke arruntagoa izango Eusko Jaurlaritzaren mende izatea?
- Alokatuta, errentan. Betiko erakunde bat errentan jartzea?
- Badago lekurik hainbeste erakunde eraikuntza batean sartzeko?
Mila kontu gehiago badauzkat ere, oraindik balizko antolaketa denez, oraingoz honetan utziko dut. Kezka gisa.
Nafarroako Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura
73/2005 FORU DEKRETUA, maiatzaren 16koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
Gaurko Nafarroako Boletin Ofizialean Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa argitaratu da. Liburutegi Zerbitzuen eginkizunak arautzen ditu, konparazio batera: ondare bibliografikoa, filmografikoa eta ikus-entzunezkoa babestu, zaindu, antolatu eta ezagutaraztea; Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemaren erregelamenduak egitea; Liburutegien zerbitzuez baliatzeko prozesu teknikoak eta prozedurak normalizatzea, ...
Halaber Nafarroako Liburutegi Nagusiaren eginkizunak eta Liburutegien Sarearen eginkizunak zehazten dira.
