Artxiboa 1999
- Azaroa (1)
- Martxoa (1)
- Abendua (1)
Euskal Herriko Liburutegi Nazionala
Egilea: Gerardo LUZURIAGA
Orain urtebete, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kide batzuek artikulu bat bidali genuen hedabideetara azken urteotako euskal politika bibliotekarioa salatu eta hainbat iradokizunen berri emateko. Urtebete iragan eta gero, egoera bibliotekarioa ez da ezertxo ere aldatu, eta hortxe gabiltza, astoa langan bezala: ez aurreraka ez atzeraka.
Joan den urteko idatziaren ildoari jarraiki, adierazi beharra dut 1980an eskuratu zituela Euskal Autonomia Erkidegoak liburutegiak kudeatzeko eskumenak. Harrezkero, 20 urte pasa dira, eta transferentzia horiek geure esku egon arren, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik orain Liburutegi Nazionala sortu. Liburutegi Nazionalaren falta guztiz kezkagarria da, liburutegiak ez ezik kultura ere gabeziarik handienean baita. Horren ondorioz, kultura nazionalaren zutabea dena ez izateak kultura egitasmoko gabeziak ere agerian uzten ditu. Bestalde, gogarazi beharra dago nazioarteko erakundeek gomendatzen dutela herri bakoitzean erakunde ofizial bat sor dadin, bertako sistema bibliotekarioaren ardura izan dezan.
Liburutegi Nazionalaren xedea
Euskal Herrian sortzen den ekoizpen bibliografiko guztia bildu, zaindu eta zabaltzea bermatuko luke: liburuak, aldizkariak, egunkariak, kartelak, mapak, etab. Azken finean, jaso eta gorde egingo luke bertan edo bertakoari buruz argitaratzen den guztia, beranduagoko belaunaldietako herritarrengana behar bezala irits dadin. Tamalez, arazoak arazo, egun arte ez da sortu eginkizun hori bere gain hartuko duen erakunderik. Hori dela eta, ez daukagu ez non gorde ez nora jo argibide bila, geure herrian zein atzerrian plazaratzen direnak kontsultatzeko. Ez genuke ahantzi behar Liburutegi Nazionala kultura komunitate baten erreferentzia bibliotekario zuzena eta nagusia dela, herri baten memoria, finean. Horrenbestez, burua lehengo lepotik edukitzeak ez digu inolako onurarik ekarriko.
Araudi bibliografikoa egokitzea
Liburutegi Nazional horrek nazioarteko araudiak egokitu eta hainbat zehaztapen egin beharko lituzke katalogatze prozesuak bateratzeko.
Eginkizun hori, bene-benetan, izugarri garrantzitsua da, liburutegien filosofiaren oinarria Unibertsaltasuna baita. Mundu zabaleko liburutegien katalogoak eta arauak unibertsaltasunaren printzipioa gogoan antolatuta daude, hau da, ISBD arauen arabera. Ildo horri jarraiki, zenbait erakunde nazionalek batzorde teknikoak izendatzen dituzte. Ondoren, batzorde horiek arazoak eta tokian tokiko berezitasunak Ÿhizkuntza edo beste ezaugarri batzuk direlaŸ aztertuta, egokitu egiten du araudia lurralde osoko liburutegietara zabaltzeko.
Gurean, Euskal Herrian alegia, oraindik ez da abian jarri prozesu luze hori, oraindik ez da diseinatu araudi bibliografikoari dagokion politika; beraz, arlo horretan ere, euskararen erabilera normalizatu beharra dago. Horiek horrela, Espainian eta Frantzian egindako arauak hitzez hitz jarraitzen ditugu, edo, bestela esanda, haiek jarritako ereduen mendean gaude.
Gauzak horrela, Euskal Herriko liburutegietako lan teknikoak erdara hutsez egiten dira, gezurra badirudi ere. Salbuespenak salbuespen, kostata aurkituko du euskararen aztarnarik gure herriko liburutegietara jotzen duenak.
Horra hor administrazioaren erantzukizuna, dena dago egiteko. Ez dugu esango ekimen eta ekintza guztiak administrazioak sortu behar dituenik, baina bai lehenbiziko urratsak abiarazi, behintzat. Liburuzain euskaldunek eguneroko lanak euskaraz egiterik ez dugula ohartu behar dute agintari politikoek eta, behingoz, gaiari merezi duen lehentasuna eman beharko liokete.
Hona, liburuzain eta dokumentalistek geure lanak euskaraz egiteko beharrezkoak ditugun hainbat lanabes: - Nazioarteko ISBD arauak eta terminologia egokitu.
- Euskaraz katalogatzeko arauak sortu.
- Gai zerrenda eta gako hitzak jartzerakoan geure ereduen arabera egin, Espainia eta Frantziako historia, geografia, etnografia eta abarri begira jarri ordez.
- Deskribapen bibliografikorako erabiltzen diren tresnak sortu.
- Sarrera nagusiak edo autoritateen katalogoa sortu, etab.
Kontuan hartzekoa da honelako lan tresnak sortu eta antolatzea ez dela gauerdiko ahuntzaren eztula, horrek lan eskerga ikaragarria eskatzen baitu. Beraz, goian azaldu eginkizunak gauzatzeko teknirari talde bat eta urteetako lana beharko litzateke. Hori horrela gertatzen baldin bada edozein herritan, pentsa ezazue nolako lana egin beharko den hizkuntza normalizatu gabe dagoen gure herri honetan.
Gure herriko biblioteken koordinazioa
Euskal Herri osoko biblioteken arteko koordinazioa, hots, publiko zein pribatuen artekoa Ÿudal liburutegiak, foru aldundietakoak, unibertsitatekoak, espezializatuak, etab.Ÿ bideratuko duen erakundea izango da. Horiek guztiak nazioarteko sisteman integraturik egon beharko dute, eta, esan bezala, Liburutegi Nazionala izango dute denek buru eta koordinatzaile.
Informazio zientifiko-teknikoaren ardura
Ezinbestekoa dugu koordinaturiko informazioa helburu duen politika nazional bat, gure herriko informazio zientifikoa eta teknikoa ekoitzi eta zabaltzeko gaitasuna sustatzeko Ÿeuskal kultura eta zientzia hedatzeko euskara lan tresnarik eragingarriena baliatuko duenaŸ, informazioa bildu eta tratatzeko gaitasun nazionala ahalik eta gehien garatzeko, dokumentuak katalogatzeko eta aztertzeko bide propioak bultzatuko dituena euskal ekoizpena jasoko duten datu baseak sortuz, informazio sistemak gaurkotzeko, eta liburutegi eta dokumentugune guztiak koordinatzeko. Informazioaren politika nazionalaren helburu horietariko bat gure herriko erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana lortzea litzateke. Egun, teknologiak eskaintzen dizkigun baliabideak erabilita, lehen baino errazago erdietsi ahal dugu, euskal herritara han edo hemen bizi dela, kultur etxe guztietako funts bibliografikoak bere esku egon dadin.
Nazioarteko harremanei begira jarrita, bermatu beharko litzateke beste herriekiko lankidetza, bai eta informazioaren nazioarteko sareetako parte hartzea ere.
Euskal Liburutegi Nazioanalerantz
Nahiz eta jende askok ikusi adierazitako erakundearen beharra, zaila izango da gauetik goizera egitasmo hori lortzea, gutxitan gertatzen baita, herritarren eskaerari erantzutea kultura egitasmo erraldoiak gauzatuz. Dena dela, azkenaldi honetan, behin eta berriro agertu dira hedabideetan kulturan dabiltzanen idatziak, agintariei egitasmo historiko hori abiarazteko urratsak eman ditzaten eskatuz.
Ez aspaldi, liburutegiek herrigintzan duten garrantzia irakurri nuen. Nik neuk ere halaxe deritzot, Liburutegi Nazionala sortzeak Euskal Herri osatuago bat ekarriko bailiguke. Gure kasuan bide neketsua izango da, euskara baztertuta dagoenez gero, kanpoko eredu arrotzek ezarritako norabideari jarraitzen baitiogu itsu-itsuan.
Esanak esan, bada egitasmo nazionala lau haizetara aldarrikatzeko tenorea. Eta gure herriarentzat hain funtsezkoak ez ziren beste kultura planteamendu batzuetan egindakoaren antzera jokatu beharko litzateke oraingoan, benetan garrantzitsua den egitasmo hau aurrera ateratzeko, hau da, erabil bitez beharrezkoak diren diru, giza baliabide zein tekniko guztiak. Milaka miloi batzuk beharko genituzke, diru mordo hori gabe ez baita egitura egokia egiterik izango.
Honetan ere, Kataluniakoari begiratu bat ematea lagungarri izan lekiguke. Bertako liburutegi nazionalean 173 langilek jarduten dute lanean, horietarik 86 teknikariak dira, funts bibliografikoak 3.600 m2 eta 40.000 m lineal ditu. Ikusitakoak ikusita, lortuko ahal dugu Euskal Herriko Liburutegi Nazionala.
Gerardo Luzuriaga
Udal Liburutegi eta Artxiboetarako langileen oposaketak
Egilea: Gerardo LUZURIAGA
Orain dela gutxi liburuzain laguntzaile baten oposaketarako aztertzaile izendatu ninduten, eta zein izan zen nire ustekabea! Azken 20 urteotan ez da ezer aldatu!.
Alde batetik opositoereei eskatzen zaizkien ikasketak eskola graduatua edo kasurik onenean batxilergoa da, beraz, kategoria profesionala D da. D kategoriari dagokion soldata, alegia; hala ere, ia-ia opositore guztiek dauzkaten ikasketak lizentziatura edo/eta diplomatura da, esaterako biblioteka, artxibo eta dokumentazio lizentziatura.
Beste aldetik, eginkizunak, lizentziatu edo diplomatuek bete behar dituztenak dira: - Informazio bibliografikoa emateko arduraduna izatea, jendeari argibideak ematea, mota guztietako informazioa aurkitzea, hau da, edozein liburutegitako erabiltzaileak (Ikerlariak, irakasleak, ikasleak, eta abarrek) eskatzen duen informazio teknikoa emateko arduraduna izango da, beraz, ezagupen teknikoak gainditzeaz gain hitz jarioa izan eta kulturaz ere ondo jantzita egon behar da.
- Fondo bibliografikoak erregistratu, katalogatu eta sailkatzea eginkizun nagusietako bat da, hots, liburutegiko betebeharrik teknikoenak dira, lizentziatuei dagozkienak azken finean.
Oposaketen azterketak eta merituen balorazioa ere (ikasketak, ikastaroak, argitalpenak, hizkuntzak, eta abar) prestatzen dira lizentziatuak gogoan edukita.
Iruzur honekin lehenbailehen bukatzeko liburutegien legea sortu behar da, non langileen eginkizunak kategoria profesionalekin egokitu beharko diren, modu honetara:
Liburuzaina: A taldea; liburuzain laguntzailea B taldea; laguntzaile administratiboa C taldea; gainerako langileak D, E taldea, eta lege hau indarrean ezarri arte udaletako alkate, kultura eta langile sailetako zinegotzi, idazkari eta batik bat, udal artxibo eta liburutegietako arduradunen kontzientziazioa eskatuko nuke.
Ikastegietan zer-nolako liburutegiak?
[PDF] Egilea: Xan GOENAGA
1998ko maiatzaren 28ko deialdian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bideratu Programa de actividades complementarias y extraescolares deituriko txostenak gure harridura eta kexua piztu ditu. Alabainan, eskola munduan ere, liburutegia bigarren mailako gauza bat bezala agertzen da eta horretan egin daitezkeen ekitaldiak ez dira ikas-prozezuaren barne kontsideratzen baizik eta, gainerateko aktibitate gisa, eskolatik kanpokoak. Halaber, liburutegiko arduradunaren hautaketa ez da toki horren kudeatzeko gaitasunetan finkatzen baizik eta pertsonaren gaitasun ezean que por no disponer de perfil linguistico acreditado o por otro motivos, ...
Podere Publikoek, gure lanbidearendako erakusten duten mesprezuak mintzen gaitu bainan oroz gainetik ageri-agerian uzten du Hezkuntza Sailaren politikarik eza, xederik eza, ikastegietan liburutegiak eta dokumentuekilako iharduerak behar bezala garatzeko ikas-prozezuan.
Gure samina gaindituz eta gure ikuspegi profesionala ekarriz, gure txostena eskaini nahi dugu ondoko orrialdeetan, ikasle eta irakasleen onerako gerta dadin, Administrazio eta Ikastegiko Zuzendariei lagungarri izan dakien, benetako liburutegia, informazio eta dokumentazio zerbitzua eskainiko dituen ikastegi proiektuak bideratzeko orduan!
Txosten honek Bigarren hizkuntzako ikastegiak baizik ez ditu aipatzen bainan erran gabe doa hemen aholkatzen eta aldarrikatzen diren norabideak eta eginbeharrak, egokituz, Lehen Hezkuntzako eskoletan ere aplika daitezkeela. 1. Nolako liburutegia
1.1 Ikastegian gune garantzitsua ukanen duen liburutegia
Gaur egun, ikastegi batean liburutegia badelarik, gela bat da, gehienetan zokoratua eta tokian tokiko ahalen arabera, guti edo aski, liburuz hornitua. Gela horren erabilera, borontate oneko irakasleen interesen araberakoa da.
Eraiki nahi dugun liburutegia Bigarren Hezkuntzako ikastegi orotan muntatu behar da eta ahal den guzietan ikastegiaren erdi gunean kokatu. Alabainan toki hori, ikastegiko partaide guzien zerbitzurako izanen da. Ikasle, irakasle baita administrazio langile ere, nor berak behar duen informazioa, egokia eta sailkatua atxemanen du bertan.
1.2 Hezkuntz egitasmoaren barne eta ardatz:
Irakaskuntzaren planteamendu pedagogikoa berritzen ari da, ikasleek ez dute soilik irakasleen jakintza iturritik edan behar, ikasketen edukina bezain garantzitsua da gaiaz jabetzeko erabili den moldea, beste era batez erranik: irakaslea lagun eta gidari, ikasleek berek urratu behar lukete jakintzaren jabetzeko bidea, nor berak bere jakintza eraiki behar luke.
Ildo horri jarraikiz, gaietan (Historia, Geografia, Zientzia, Hizkuntza...), premiatsua da ikasleak jakin dezan informazio edo dokumentu bat bilatzen, aurkitzen, hautatzen eta erabiltzen. Gaitasun horiek ez dira bistandakoak, lantze eta aritzearen bortxaz ardiesten dira, gaietako ordutegietan astero, talde txikika, ekitaldi batzu eginen dira horretarako antolatu eta behar bezala hornitu liburutegian.
1.3 Liburutegia baino Dokumentazio eta Informazio Zentroa (gune eta euskarri anitzekilakoa)
Goiko lerroaldietan aipatu liburutegia ikastegiko partaide ezberdinei irekia izanen zaie (ikasle, irakasle, administrazioko langile) eta zerregin frango bete beharko ditu. Horretarako gela handia erabiliko da, eta ahal den heinean, guneka antolatzeko eran, ekitaldi bakoitzak bere tokia ukan dezan.
Besteak beste ondoko hauek aipatuko ditugu:
- Apal batzu mailegatuko diren liburuekin (elaberri, olerki, antzerki, beste ...);
- Jakintza arloko liburuak (CDU edo Dewey saikapen hamartarrean sailkatuak) eta erabilienenak (hiztegi, entziklopedi, gramatika, eskuliburu...) beste gune batean, mahain batzuen inguruan, talde txikika, dokumentalista edota irakaslearekin bertan lan egiteko;
- Prentsa eta aldizkarien gunea;
- Toki goxo bat (sofa bat edo bi) bertan irakurtzeko;
- Ikastegi eta Hezkuntza saileko legediari buruzko gunea;
- Informazio panelak (horietan ikastegiari buruzko informazioa agertuko da, baita Eskualdeari buruzkoak: ekitaldi kulturalak, ikastaldiak eta beste) ;
- Artxibategia iragan urteetako dokumentuak kontserbatzen dituena, sailkatuak, eskaeraren arabera erraz eskuratzeko eran;
- Ordenagailuak erabiltzaileek liburutegiko fondoa kontsulta eta ikertzeko;
- Euskarri ezberdinetako dokumentuak: mapak, irudiak, diapositibak, kasetak, diskak, CD-ROMak... ;
- Interneten konektatzeko postu bat ikasleek eta irakasleek ikas dezaten informazioa bilatzen liburutegitik kanpoko datu baseetan.
Liburu biltegi, mediateka, informazio bulego, ikasgela, hori dena eta gehiago ere izango da Ikastegiko liburutegia, errealitate hau konduan harturik baita ere beste eskualdeetan nagusitzen ari den terminoa hautatuz, Informazio eta Dokumentazio Zentroa deitzea proposatuko genuke.
2. Nolako langilea
2.1 Kudeatzaile kalifikatua
Zentroak emanen dituen zerbitzuak ikusirik ez da dudarik horren arduradunari prestaketa edo moldaketa egokia eskaini beharko zaiola, harek, Zentroaren muntatzeko nahia eta kemena erakusteaz gain, zinezko gaitasunak beharko ditu kudeaketan eta animazioan. Liburu zaina baino, irakasle-dokumentalista bezala definituko da.
2.2 Pedagogoa eta animatzailea
Ikasle eta irakasleekin ariko baita gehienik, pedagogian ezagutza bereziak eskatuko zaizkio dokumentalistari baita mailaka, irakatsi gaietako programen edukinetaz jabetzea. Ihardunaldi pedagogikoak (Zentroaren erabilpena, dokumentuen bilaketa, dokumentuekin lan egitea, bildu informazioekin produkzio baten egitea ...) talde txikika eginen da gaieko irakaslearekin partzuergoan eta dokumentalistaren ardura pean.
Zentroak, ikasleen autonomia eta gaien arteko elkarlangintza baimenduko ditu egitasmo batzu bideratuz, ondoko urratsak jarraikiz:
- ikasle eta irakasleen artean gai baten hautaketa,
- euskarri ezberdinetan dokumentuen bilaketa,
- produktu baten gauzatzea eta honen aurkezpena klasean, ikastegian edo publiko zabalago baten aitzinean.
Dokumentalistak kulturgintza (irakurketa txapelketa, ipuin lehiaketa, prentsa astea, ...) bideratuko du ikastegi osoan baita tokiko posibilitateen arabera, inguruko beste partaideekin (Udal Liburutegia, eskualdeko elkarteak, enpresak, instituzioak...).
2.3 Bibliotekonomian teknikaria
Goian aipatu lan ugarien betetzeko, Zentroaren kudeaketa teknikoa, fondoaren berritzea eta aberastea baitezpadako ekintzak dira, gaitasun profesionalak edo formakuntza berezia eskatzen dituztenak. Hala nola dokumentalistaren zer eginetan sartuko dira besteak beste: dokumentuen katalogatzea, azterketa dokumentala, apaletan sailkapena, maileguen kudeaketa, informazioen aurkezpena eta banaketa. Lan guzi horiek, dokumentazio munduan egiten diren eredu beretan eginen dira (AFNOR, UNIMARC katalogatzeko, Dewey edo CDU sailkatzeko) ikasleek eskolan ikasitakoa kanpoan ere balia dezatela (Udal, Unibertsitate edo beste liburutegietan).
2.4 Teknologia berrietan aditua
Gaurko egunean, papera, dokumentua gordetzeko euskarri bat besterik ez baita beste anitzen artean, Zentroak bereganatu beharko ditu euskarri berriak (entzun-ikus sailekoak eta digitalak); irakasleak eta ikasleak trebatu beharko dira horien baliatzen eta bere burua formatuko duen heinean, dokumentalista izanen da hain zuzen baliabide horien erakuslea.
Bestalde, informazio arloan gertatzen diren aldaketak ikusirik, Zentroa ez daiteke luzaz bere fondo propioan muga, Interneten bitartez, mundu zabaleko informazio iturriei ireki behar die atea, halaber informazio harreman eskema berrian, informazio igorle ere bihur daiteke laster batean.
2.5 Hizkuntz eskakizuna ikastegiaren euskalduntze mailaren araberakoa, eta ahal bada aitzinatuagoa
Definitua den bezala, Zentroa ikastegiaren barne bizitzaren gune garantzitsuenetarik bat da, baita ere neurri batean, kanpoarekilako harremanetan, ikastegiaren promozionerako tresna. Horrela delarik, ez luke zentzurik hizkuntza arloan desfasean agertzea eta Zentroko langilea selekzionatzea haren hizkuntz gaitasun ezean. Euskaldun, euskaldundu, eta euskalduntzen ari diren Zentroetan bistandakoa da dokumentalistak euskalduna izan beharko duela eta sarraraziko dituen dokumentuak ahal bezain bat euskarazkoak izanen direla. Oraino erdaraz ari diren ikastegietan aldiz, erdaldun bat har daiteke bainan konpromisu batekin: ikastegiak euskalduntzeko bidea jarraituko duelarik, hura ez dela azkena izanen.
3. Mugaz haraindian, frantses ereduan eman diren urratsak
3.1 **Centre de Documentation et dInformation edo CDI deitutakoen historia laburra**
Mendearen erditsu arte, Bigarren Hezkuntzako ikastegietan, nola gerta, tokika eta gehienetan ikastegi handietan baizik bi dokumentazio zerbitzu baziren;
- bata ikasleen zerbitzurako: klaseko liburutegi txikiak (elaberriak eta beste Letrak klasean, liburu ezpezializatuak Zientzia eta Historia-Geografia klaseetan);
- bestea irakasleendako (gaietan oinarrizko dokumentazioa, eskuliburuak eta entzun-ikus dokumentuak biltzen zituena).
Bata zein bestearen ardura, borontate oneko irakasleek egiten zuten eta diru ahalen arabera berritzen eta aberasten.
1974ean Hezkuntza Ministeritzak deliberatu zuen Informazio eta Dokumentazio Zentroak izan behar zirela Bigarren Hezkuntzako ikastegi guzietan. Ikasle eta irakasleen dokumentu zerbitzuak eta liburutegiak batu ziren gune berean, dokumentuak ez ezik, informazioak ere atzematen ziren bertan. Zentro horien kudeatzeko, irakasle tituludunak kontratatu ziren eta dokumentalista postuetan eman, oinarrizko formakuntza ikastaroa jarraitu ondoren.
1989an dokumentazio CAPESa sortzen da. Irakaskuntzan aritzeko zertifikatu honek Dokumentazioa, Historia, Matematika, Biologia edo beste gaien heinean ematen du, ordutik hona CDIko postuen jabe izateko dokumentalistak CAPESdunak izan behar baitira. CDIa ikastegiaren barne da osoki eta dokumentalista irakaslegoan integratua.
3.2 Gaur egungo CDI eta dokumentalisten misioak
Bigarren Hezkuntzako ikastegi guziak behartuak dira CDI baten irekitzeaz eta diplomadun dokumentalista baten hartzeaz. Azken honi dokumentazioan irakasle titulua eta estatusa ezagutzen zaizkio. Honen lanak definituak dira lau ardatzetan:
- Irakasle gisa, ikasleei dokumentuen ikerketetan moldakuntza eskaini;
- Ikastegiaren ekimen pedagogikoan parte hartzea;
- Ikastegia lagundu kanpoko harremanetan;
- Informazio eta Dokumentazio, multimedia zentroaren kudeatzea.
3.3 Hizkuntza aldiz beti arazo
Hizkuntza mailan aldiz Frantses Errepublikak ezagutu gabe ditu oraino bere lurraldean dauzkan hizkuntz gutituak. CDIetan ez da nehongo obligazionerik dokumentuak tokiko hizkuntzaz edukitzeko, are gutiago dokumentalista eskualdeko hiztuna izaiteko.
4. Mugaz haraindian, euskal eskola eta eskola elebidunetan egiten dena
4.1 Seaska federakuntzako ikastegietan:
Lehen Mailako ikastolei jarraipena emanez, Seaskak eraiki II. Hezkuntzako Xalbador kolegioak badauka bere Informazio eta Dokumentazio Zentroa, eta frantses Estatuko Hezkuntza Nazionalak ordaintzen du dokumentalistaren postua denbora osoz. Beste bi ikastegietan aldiz: Bernat Etxepare lizeoa (DBHO, Batxilergoa) eta Larzabal kolegioa (DBH), Informazio eta Dokumentazio Zentroak eraiki gabe dira oraino eta dokumentazio bilketa eta zerbitzua, pedagogia taldeko langile batek bere gain hartzen du dedikazio mugatu batez. Ikastegi horien garapenean pentsatua da laster batean (datorren ikasturteko agian) Zentroaren muntatzea bietan eta dokumentalista bana hartzea dedikazio osoz.
Dokumentalista eta Zentro horien zerreginak eta betekizunak, 1. eta 2. punduetan aipatu ildoan kokatzen dira osoki. Hizkuntzari begira, (klasean bezala funtsean) nahiz eta dokumentu frango erdarazkoak diren, lehentasuna ematen zaio beti euskarazkoen biltzeari eta Zentroko ekitaldi guziak euskara hutsez egiten dira.
4.2 Beste ikastegietan
Sare publikoak eta sare pribatuak muntatu klase elebidunak (B eredukoak), ikastegi frantsesetan txertatuak dira, ikastegi horietako CDIetan, euskarazko dokumentuak sartzen dira tokiko dokumentalista eta zuzendaritzaren arabera. Euskarazko dokumentazio eskasaren parte batean betetzeko, duela hiru urte, Hezkuntza Nazionalak publikoko ikastegi bakoitzari diru kopuru bat eskaini zion; lekuko euskara erakasleak hutsunea bete dezan. Sare pribatukoek ere aurten zerbait ukan dute.
Bertzalde, dokumentalistaren hizkuntz gaitasun eskasez, CDIko ekintza nagusiak erdaraz egiten dira, euskara erakasleak bete behar dituela animazio hutsuneak baita laguntza ekarri dokumentazioaren osatzeko orduan.
4.3 Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua, Joana Albret Mintegia
Euskaraz funtzionatzeko Zentro batek, dokumentalista euskalduna eta ahal bezain bat euskarazko dokumentuak behar ditu. Frantses Estatuko Hezkuntza Nazionalak ez du ez bata ez bestea eskaintzen. Eskas horri erantzuteko sortu da IKAS Euskal Pedagogia Zerbitzua;honek, informazioa eta euskarazko dokumentuak eskaintzen dizkie irakasle eta CDIetako dokumentalistei. Euskarri ezberdineko laguntzaren biltzeaz eta eskaintzeaz gain, Ikasek euskal materialaren sortzea bere gain hartzen du ere.
Bestalde, zentroaren kudeatzeko tresna bereziak behar dira: dokumentuen katalogatzeko hiztegi berezitua, ikerketen egiteko thesaurusa, maileguen egiteko logiziela... Ezinbesteko tresna horien euskaratzen entseatzen dira Ikas eta Xalbador Kolegioa; bainan maila horretan, urrats garantzitsuak emanen dira Instituzioek dokumentazio eta bibliotekonomia gaia behar bezala jorratuko dutelarik, ahalbide egokienak eskainiz. Horien eskatzeko, aldarrikatzeko sortu da Joana Albret Mintegia. Eskakizun hutsean gelditu ordez, anartean, Mintegiak biltzen dituen zazpi probintzietako dokumentalistak lan praktikoari lotu dira: euskaraz katalogatzeko tresnak sortzen, beharrak agertzen, proposamenak egiten, besteen artean, txosten hau lekuko.
5. Konklusioa
Egitasmo horren betetzeko Podere Publikoek beren jarrera aldatu beharko lukete. Deseinatu gabeko liburutegia, gaur egungo irakaskuntzari egokitu ez diren pertsonentzat pentsatua, guztiz baztertu beharko lukete eta haren ordez, profesional batek kudeatuko duen ikasle eta irakasleendako benetako Informazio eta Dokumentazio Zentroa eskaini. Txosten horrekin konbentzitzen baditugu, gure helburua erdietsiko dugu.
Xan Goenaga Xalbador Kolegioko dokumentalista Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaidea