Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Javier eta hamar gehiago

Javier eta hamar gehiago

Mikel Iturria 2013/04/28 09:40
Gaur lau urte, 2009ko apirilaren 28an, hil egin zen Javier Ortiz. Gugan bego! Gezurra badirudi ere, Realari buruz hitz egingo dut

Lau urte joan dira di-da. Azkar pasatzen da denbora. Negargarria da bizitzen ari garena, baina gaur ez naiz negarrez etorriko (edo bai). Gaur Realari buruz hitz egin nahi dut. Eta ideia hau lotu Ortizekin berarekin. Diario de un resentido social abiatu eta gutxira aipatu baitzuen apunte batean realzalea zela. 2000ko uztailean izan zen hori. Eta orduan jakin nuen bera donostiarra zela.

Ostiral arratsaldean, Realaren museoan aurkeztu zuen Mi abuela y diez más liburua Ander Izagirrek. Xumea izan zen ekitaldia, goxoa, hurbila, irribarre batekin ikus-entzuten den horietakoa.

Ander Izagirrek Realarekin txikitatik izan duen harremana kontatzen du 90 minututan irakurtzen den liburuxkan (Jurdanek dioen bezala). Hau da, futbol partida batek irauten duen bitartean.

Izagirrek duen lehen oroitzapena pasa den mendeko 80. hamarkadaren hasierako Reala txapelduna da. 32 urte bete zuen ostiralean garaipen horrek. Gaur egungo Realera iritsi arte, beraz, partida mordoa ikusi ditu Anderrek. Batzuetan bakarrik, beste batzuetan lagunekin, askotan familia tarteko (amona Pepi maitagarriarekin).

Anderrek dio futbolzalea baino realzalea dela bera. Ni ere ez naiz ideia horretatik hain urrun, nahiz eta Anderrek (dioen) baino zerbait gehiago gustatu niri futbola.

Mikel Ayestaranek ere irakurri du liburua. Irakurri eta barruan daraman realzaleari buruz idazteko gogoa piztu zaio. Ayestaranek dio aita ez zuela futbolzalea. Nirea ere ez zen futbolzalea. Behin bakarrik eraman ninduen futbol zelai batera. Stadium Gal-era, hain zuzen ere. Real Unión-en lehen taldearekin jokatu zuen partida 15-16 urteko ume mokoa zen Roberto López Ufarte. Nik 5 bat urte izango nituen orduan. Esango nuke Unión Preferenten zegoela orduan.

Ume garaian ez nuen Realaren kamiseta bat izan, nik dakidala. Lehen elastikoa, Cruyff-en Bartzelona taldearena izan zen. 9 zenbakidun kamiseta bat.

Garaipenak lotu ninduen Realarekin, Ormaetxeak entrenatzen zuen talde harekin. 1981eko apirilaren 26an Gijonen lortutako txapelketa. 1982ko apirilaren 25ean irabazitako bigarrena, Donostian, Athletic-aren kontra. Baina laster ikasi nuen, gutxitan lotzen zirela Reala eta txapelduna hitzak.

Oker ez banago, Atotxara lehen aldiz joan nintzen Sanse eta Bilbao Athletic-en arteko norgehiagoka bat ikustera. Bizkaitarrekin batera Iru atezaina, Salinas anaiak. Hurrengo urtean 2. mailara igo ziren. Sansen Iturrino mutrikuarra zegoela daukat gogoan.

90. hamarkadaren hasieran utzi zidaten pase bat Realaren partida bat ikusteko. Oraindik gogoan dut nire harridura aurpegia gainerako ikusleen erreakzioen aurrean.

1992an edo 1993an egin nintzen bazkide, Anoetara etorri baino urtebete lehenago. Bazkide naizenetik, txapelketa bakarra irabazi du Realak: 2010eko ekainean Bigarren mailako txapeldun gisa igo baitzen lehen mailara. Partida eder batzuk ikusi ditut Anoetan, baina kaskarrak askoz ere gehiago izan dira. Eta partida kaskar horien aurrean, atsekabetzeko modukoa izan da askotan hainbat realzaleren jokabidea. Dena ez da iji-aja izan.

Futbolzale baino realzale nintzela konturatu nintzen, taldea Bigarren mailan egon zen denboraldietan ez niola kasu egiten Lehen Mailako ligari. Noizean behin Sanseren partidaren bat ikustea ere gustuko dut. Askoz ere gutxiago ikusten ditut jubenilak. Eta pendiente daukat goi mailako nesken taldearen partidaren bat ikustea.

Sanse aipatu dut. Sansek Real Union-en kontra jokatutako hainbat partida ikusi ditut. Eta bitxia egiten zitzaidan horietan ere nahiago nuela Sansek irabaztea, nahiz eta ni irundarra izan.

Duela bi urte, apirilaren 27an edo, Lasartek entrenatzen zuen Realak Bartzelona hartu zuen mendean. Garaipen horri esker salbatu zen Reala. Ozta-ozta.

Gaur, apirilak 28, Realak Valentziaren aurka jokatzen du Anoetan. Irabaziz gero, eskura izango luke talde txuri-urdinak datorren urtean Europako Txapeldunen Ligan aritzeko kanporaketetan parte hartzeko aukera ematen duen laugarren postua.

Biak, Valentzia zein Reala, ziren Ortizen taldeak. Espero dezagun honek Jamaikatik txuri-urdinen alde egitea.

Amen.

Javier y diez más, este apunte en castellano.

Ander
Ander dio:
2013/04/29 10:09
Ortizen gola!!! Eskerrik asko, Mikel. Asko gustatu zait Bigarren Mailako kontu hori: ez genion kasurik egiten Lehen Mailari! Jakina ezetz!
iturri
iturri dio:
2013/04/29 21:30
Ea datorren urtean Champions League jarraitzen hasten garen, Ander.
Xabier Etxaniz Rojo
Xabier Etxaniz Rojo dio:
2013/04/30 18:14
Ederra apuntea eta ziur naiz Anderren liburua ere ederra izango dela. Ni behintzat irrikan nago irakurtzeko. "Futbologia" izena daraman zutabe baten idazlea banaiz ere, bat nator zuekin, eta ni ere futbolzalea baino Realzalea naiz.
Bitxia da, Ander. Nik ere lotzen dut Zamoraren gola nire amonarekin. Egun hartan gurasoak Xixonen zeuden eta nik amonarekin entzun nuen gola. Garai hartan, zera uste nuen, gol bakoitzak puntu bat ematen zuela, eta ez nekien berdinketa behar genuela irabazteko, soilik gol bat sartu beharra zegoela... Amonak azaldu zidan nola funtzionatzen duen futbolak...
iturri
iturri dio:
2013/05/01 09:16
Aupa, Xabier. Bai, azkar irakurtzen da liburuxka, batez ere Realak lehen liga irabazi zuenean ume ginenok.

Ez nago ziur, baina uste dut etxeko sukaldean entzun nuela Zamoraren gola. Ez dakit nor zegoen gertu. Guraso biak, seguruenik. Hortik aurrera ezer gutxi gogoratzen dut.
Ander
Ander dio:
2013/05/02 09:32
Xabier, nik ere txikitako uste xelebre batzuk gogoratzen ditut: uste nuen sailkapenean postu bat galtzeko bi partida galdu behar zirela... eta horregatik bigarren Ligaren azken egunean, Atotxan, Realak ez zuela kezkatzeko arrazoirik... Ze ona, zuri azalpena amonak ematea...
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter