Dabadaba Gune Flamenkoa
Kontzertuari buruz idazten saiatuko nintzela esan nionean, Eduardo Ranedok ihardetsi zidan: "no es fácil escribir sobre esto. Es como que te estampen contra la pared con algo tan de verdad que asusta. Rodeados de tontería, estas cosas son un bálsamo". Arrazoi osoa duenez, hobe beste hari batetik tira egitea.
Rock Radical Vasco (RRV) etiketa puri-purian zegoenean, Irungo Urdanibia plazan (Mosku gisa ere ezaguna) bazegoen (bada) Eskina izeneko taberna bat. Oker ez banago, garai hartan (80. hamarkadan) lau bazkidetako biren gurasoak Andaluziako Morón de la Fronterakoak ziren. Larunbateko ordu txikitan ixteko tenorea iristen zenean, bezeroak uxatu nahian flamenkoa jartzen zigun Tapik. Baina guri, batzuei behintzat, asko gustatzen bafleetatik ateratzen zena: Camarón, Veneno, etab. Kontrako ondorioak izaten zituen.
Hori izan zen lehen hurbilketa flamenkora. Gero Radio 3-eko Duendeando irratsaioa (Flamencos y pelícanos bezala ezagunagoa egiten zaidana). Asteburutan ematen dute, 18:00etan larunbat eta igandetan.
Kontzertu bat edo beste ikusi dut: Victoria Eugenia zaharrean José Mercé-ren emanaldi gogoangarri bat (butaka-patioa beren saltsan zeuden ijitoz beteta); Enrique Morente ere toki berean; Barakaldo Antzokian Miguel Poveda...
Donostian ez dago flamenkoa entzuteko aukera handirik. Esango nuke orain arte La Paquera de Jerez gunea zegoela (beti bertara joatekotan, baina inoiz ez naiz hurbildu) eta orain... Dabadaba.
Argazkia: Dabadaba.
Duela egun batzuk ikusi nuen sareetan Rancapino Chico eta Antonio Higuero iragartzen zutela maiatzaren 19rako. Eta pentsatu nuen aukera hau aprobetxatu beharra zegoela. Eta ez nintzen bakarra izan: 150 bat lagun bildu baikinen bertan.
Rancapino Chico gaztea da (28 urte) eta ezizen bera duen Rancapinoren semea da (biak Alonso Núñez). Ezagutzen ez nuen pertsona batek bikotearen aurkezpena egin ondoren, errepertorioa jorratzeko garaia iritsi zen. Elegante igo ziren taula gainera cantaorea eta gitarrista: trajea eta gorbata (egun hartan bertan erositakoa Higueroren arabera, baina batek daki).
Paloak atzemateko kultura nahikorik ez dut, baina artistak esandakoari erreparatuz gero buleriak, alegriak, tangoak, Paco Ceperok Rancapino aitari eginiko zambra, tanguitoak...
Jendea isilik eta entzuten, errespetuz, irrikaz, askotan beste kontzertu akustikotan gertatzen ez den bezala. Ia bi orduko emanaldia egin zuten, tartean hogei bat minutuko etenarekin (etena taula gainean, zeren eta beraiek abesten jarraitu omen zuten aldagelan).
Alex Dabadabak dioen bezala, tablao baten modukoa izan daiteke aretoa, musikariak oso gertu baitaude. Esango nuke oso gustura gelditu ginela bertara hurbildu ginenak eta seguru nago honek jarraipena izango duela datorren udazkenean, ekainean beste emanaldi bat iragarri dutela ahantzi gabe (Antonio Reyes eta Diego del Morao hilaren 25ean).
Bolera ohitik atera eta etxerako bidean, ikusle batek aitari telefonoz esaten zioen bezala: "hemos hecho flamenco y ahora vamos a hacer rock and roll, padre". Justu gau hartan Dabadabak egindako alderantzizkoa pentsatu nuen.
Peña Flamenca Dabadaba, apunte hau gaztelaniaz.
P.S.: hona hemen Rancapino Chicoren zuzeneko emanaldi bat. 20. minututik aurrera edo, gutxi gora behera.