ZeBehar du herriak
Mediku kaskarrek bezala soilik betiko errezetak ematen dituen jende gehiegi dago euskal aberian. Eta ni ez nago ados errezeta hauekin, ezta beste hauekin ere.
Tunelaren barruan murgildu gaituzten honetan, argi pizarra ematen duten proiektu batzuei egingo diegu kasu pixka bat. Polemika sanoa egon da azken egunetan 8. probintzian youtube edo euskaltube behar ote dugun kontuarekin. Biak behar ditugula uste dut nik, baina nirea iritzi arrunta da.
Haritzek abiatu zuen duela zenbait aste Euskaltube, youtube-ren euskal klona.
Pravda Txikiko nagusia ez dago klonen kontra, baina "zer irudituko litzaizueke hauek garatzen erabiltzen dugun denbora eta hosting-a zerbait berria, erabilgarria eta polita sortzen erabiliko bagenu?" bota zuen aurreko batean. Pentsakor geratu nintzen. Zer esan nahiko du Anak horrekin?
Atzo jakin nuen hitz horien zergatia. Bide horretatik jo baitu ZeBehar martxan jartzeko. Oinutsik faktoriaren lehen ekoizpena, "ideia sinplea da. Erabiltzaileak bere beharrak argitaratu eta beste erabiltzaileek lagundu diezaiokete erantzun lagungarriak bidaliz".
Behar asko ditugu-eta 8. probintzian bizi garenok. Zazpi probintzietan bizi direnekin batuz gero, hosting arazoak seguru.
Mila esker, Iturri eta goraintziak 8. probintziatik.