Irungoa naiz
Javi Vizcaínok idatzitako lerro hauek eraman naute teklatu eta pantaila aurrean jartzera. Jende gehiago ageri da alardean izeneko webgunean emakumearen partehartzearen aldeko iritzia plazaratuz.
Izan ere gaur alarde-eguna baitugu Irunen. Alarde-eguna baina bi alarde: betiko alardea, gehiengoak babesten duena (tartean nire koadrilako lagun gehienak, senide gehienak); alarde mistoa, gizonezko eta emakumezko soldaduekin.
Duela sei bat urte ondorengo lerro hauek idatzi nituen betiko alardeari buruz irundarren foro batean. Gazteleraz zegoena euskaraz jarriko dut hemen:
"Kontua ez da jendea botatzea, ezta inori alardean ateratzeko aukera ukatzea. Kontua da emakumeak alardean parte hartzeko aukera izatea".
"Ni ere Irungoa naiz. Ez naiz inoiz atera ditxosozko alardean. Niretzat argi dago: alardea herriko jaia da eta, horregatik, edozeinek izan beharko luke parte hartzeko aukera (eta ez bakarrik espaloitik)".
"Arazo nagusia da nik alardea espaloitik ikusten dudala eta parte hartu nahi duten Irungo neskek ez dutela horretarako aukerarik. Nik askatasun osoz erabaki dezaket, beraiek ez. Hori bai, nire lagunek Bartzelonako adiskideak ekar ditzakete herrira eta hauek lasai asko atera daitezke alardean, hori ahalbidetzen duen pitilina dutelako".
Sei urte pasa dira hori idatzi nuenetik eta gauzak lasaiago daude herrian. Baina oraindik bide asko dago korritzeko.
Gora Sanmartzial!