Artxiboa Maiatza 2005
Burutazio batzuk blogen gainean
Larunbatean, Garak blogei buruzko orrialde bi argitaratu zituen Mugalari gehigarri kulturalean. Urtzi Urrutikoetxeak elkarrizketa egin zigun Xabier Mendigureni, Volgako Batelariei eta niri, blogak eta literaturak duten harremanean sakonduz.
Nire erantzunetako batzuk jarriko ditut gaur hemen. Ez ego kontuagatik, ezpada Mugalari (Berriaren Tartea bezala) ez delako interneten argitaratzen, eta harrigarria iruditzen zaidalako gaur egun oraindik horrela egotea, Euskal Herrian kulturari buruz argitaratzen den gehigarririk onena denean gainera.
Hemen, beraz, nire burutazio merkeak.
Idazlearentzat zer da bloga?
Niretzat literaturan aktibo mantentzeko modua da. Jakina, idazten duzun guztia ez dago asmo literarioekin idatzita, inondik ere ez. Nire kasuan, blogean argitaratzen dudanaren erdia edo gutxiago da mota horretako testua. Gainontzekoa, burutazioak, apunteak... Azken horiek ez ditut idazten idazle bezala, baizik eta pertsona arrunt bezala, gai jakin batzuei buruz edozeinek iritzia eman dezakeen moduan. Beraz, eta gai horiei buruzko iritzia (zuzena edo okerra) badudanez, argitaratu egiten ditut, jakinda atzean irakurlea dagoela eta egurra eman diezadakeela. Baina azken batean horixe da bloga, zerbait bada: idazlea eta irakurlea maila berean jartzen dituen tresna.
Exhibizioaz
Azken aldian asko aipatzen ari den kontua da. Dudarik gabe, exhibizioa badago, liburuetan baino gehiago gainera. Baina nik, nire kasuan, ez dut horren sentsaziorik, beharbada idazleak ohituta gaudelako biluzten edo, gutxienez, gure izaeraren zati bat erakusten. Idazlea bere liburuetatik ezagutu daiteke, are gehiago blogetatik. Baina ez dut uste tresna deserosoa denik exhibiziora hain ohituta dagoen batentzat.
Blogak zer du literaturatik?
Izan daiteke literatura, zergatik ez. Edo zergatik bai. Nire kasuan, blogean idazten dudanaren erdia edo gutxiago hartzen dut literaturatzat. Xabier Mendiguren egunero ari da idazten bere blogean, eta ni ia egunero. Ez dakit Xabierrek ze sentsazio izango duen, baina niri iruditzen zait egunero idazten baduzu nekez egingo duzula literatura blogean. Izan ere, erritmo horretan, egunero zerbait idaztearen erritmoan, bloga oso bat-bateko tresna da. Literatura ezkutuko zerbait da, isilpekoa eta patxadatsua. Blogek (berriz diot, erritmo honetan) ez dute patxada hori, eta isilpekotik gutxi dute. Orain, zure asmoa bada blogean literatura egitea, egin daiteke, eta tresna bikaina iruditzen zait literatura egiteko. Hori bai: blogean literatura egin nahi bada, literaturak eskatzen duen patxadarekin izan beharko litzateke hori, edo, bestela, zirriborroak ere argitara daitezke. Esperimentu bezala, polita izango litzateke idazle baten zirriborroak argitaratzen dituen bloga. Nik ezin izango nuke horrelako blog bat egin: hori bai iruditzen zaidala benetan exhibizioa, idazle bezala.
Idazkuntzan trebatzeko tresna da?
Esango nuke ezetz. Esango nuke, gainera, alderantziz dela: egunero idazten baduzu, eta egunero publiko egiten baduzu idazten duzun hori, iruditzen zait bilakaera txikia izango duzula idazteko moduan. Nire ustez, idazketan bilakaera bat izateko, behar-beharrezkoa da jardun literarioa patxadaz eta isilpean egitea, literaturak horrela eskatzen duela iruditzen zait eta. Arin eta jendaurrean eginez gero, esperimentaziorako eta, ondorioz, bilakaerarako aukera gutxiago ikusten dut.
Izan daiteke genero hibrido baten abiapuntua?
Esperimentatzeko dagoen gogoaren arabera, bloga edozer izan daiteke. Duen indarra eta ahalmena itzela da: zeu zara zeure buruaren editore, eta badakizu argitaratzen duzun edozer munduko bazter guztietara helduko dela. Eta garrantzitsuena: irakurlearekiko harremana berehalakoa eta erabatekoa dela. Beharbada Historian lehenengoz, irakurlea idazlearen maila berean dago. Baina galdetu duzunarekin jarraituz, momentuz badirudi generorik ez dela sortu blogetan: hurbilago gaude kazetaritzatik, kronikatik, testigantzatik, hausnarketatik... genero hibrido berri batetik baino.
Arriskuak
Jakin behar duzu noiz ari zaren egiten literatura, eta noiz ari zaren blogean idazten, asmo literariorik gabe. Zure asmoa blogean literatura egitea bada, eta egunero idatzi nahi baduzu, txarto pasatuko duzu, blogak ez dituelako idazlearen jardun tradizionalaren ezaugarriak. Horrek segurtasun eza ekar dezake. Baina jakinez gero blogintzan ari zarela, badakizu ze arma den esku artean duzuna, eta horretara moldatzen zara.
Bestetik, nire kasuan, hasieran sumatu nuen arriskua izan zen jendeak dena har zezakeela egia balitz bezala. Orduan, blogean fikzioa egitea zaila izan daiteke batzuetan, ze liburuetan oso argi dago idazlea dela istorio hori kontatzen ari dena, baina blogean ez: blogean Julen da, edo omen da, idazten ari dena. Hau da: pertsona da, ez idazlea, hori kontatzen duena. Eta blogean, jendea pertsona horrekin ohitzen da, ez idazlearekin.
Epikari buruzko teoria bat
Futbola ez zait gustatzen, batere. Ez da gauza berria, apur bat ezagutzen nauzuenontzat.
Atzo berandu heldu nintzen etxera, eta, afaltzen nengoela, futbola jarri nuen, fondorako soinuren bat izateko sikieran. Ez nekien ze partidu zen ere. Gero konturatu nintzen Milan eta Liverpool zirela, eta Txapeldunen Ligako finalean zeudela.
Artean, 3-0 Milan irabazten. Bigarren zatiaren hasiera zen, eta dena eginda zegoela zirudien.
Baita zera ere! Nire afariak iraun zuen bitartean, 20 bat minutuan, Liverpoolek hiru gol sartu zituen. Hirugarrena, gainera, agonikoa: Xabi Alonsok penalti bat jaurti, atezainak geratu baina baloia solte geratu eta, erretxazoan, gola sartu zuen tolosarrak.
Gero paso egin nuen partiduaz, eta beste gauza batzuk egitera joan nintzen. Ez nuen jakin nahi, gainera, zelan amaitu zen partidua. Epikatxoa sumatu nuen afaltzen eman nituen 20 minutuetan, eta berdin zitzaidan hortik aurrerako emaitza. Liverpoolek galduta ere, 20 minutu horietako jokoa epikaren barruan sar zitekeen, futbola eta epika lar lotuta ikusten ez baditut ere. Nire ustez, futbolak aukera gutxi ematen du epikarako, orain futbolzale trumilkada gainera etorriko bazait ere.
Xabier Mendigurenek lehengoan idatzitako Epika, gaur haren haritik dator gaurko testutxo hau, zelan ez. Bertan esaten zuenez, kirolen artean, berak ziklismoa eta boxeoa ikusten ditu epikatik hurbilen. Nik ere berdin ikusten dut: ziklismoa maite dut eta boxeoa kirol kuriosoa iruditzen zait. Biek erakartzen naute eta bietan ikusten dut epikotasuna. Gero eta gutxiago, hori ere egia da.
Mendigurenek beste gauza bat ere aipatzen zuen, eta horretara noa: "epika askoz ere démodé-ago dagoela esango nuke. Gaizki ikusia dagoelako baino gehiago, ia barregarri ere gertatzen delako, umekeria xinple eta inozo bat".
Arrazoia du umekeria xinple eta inozoa dela esatean, duda barik. Baina ez dut uste gaizki ikusia dagoenik ("epika" hitza hiru bider entzun dut gaur), are gutxiago démodé dagoenik. Alderantziz: iruditzen zait gero eta gehiago jotzen dela epikotasunera, erlijiora jo daitekeen modu antzekoan.
Iruditzen zait gizakiak gero eta gehiago sentitzen duela bere txikitasuna erabatekoa dela. Diruaren edo famaren prestigioa dutenak albo batera utzita, gainontzekoak oso txiki sentitzen dira. Langileak, zer esanik ez, ñimiño sentitzen dira protestarako edo eskubide minimoetarako betarik ematen ez dien sistema baten aurrean. Jendeak ikusten du gizartearen aurrean ez dela ezer, bere kabuz ez dela gai ezertxo ere aldatzeko. Berriz ere, baina termino gaurkotuetan, Durkheim eta Weberren eztabaida, gizartea eta gizakia, nork nor egiten duen.
Kirola da ihesbiderako balbula horietako bat, jakina. Txirrindularitzan ez da hainbeste gertatzen hori, baina futbolean bai: jende askok bere taldearen esku uzten du igande gaueko eta astelehen osoko umorea. Irabaziz gero, umore ona. Galduz gero, ostia txarra. Gizakiaren alienaziotik sortzen diren ihesbiderako balbula gehienak izaten dira umekeria xinple eta inozoak, horrelako egoeretan gizakiak aitzakia gutxi behar izaten duelako barruak askatzeko.
Gauzak horrela, kirolean ematen den edozein "iraultza" epikotzat hartzen da. Berdin da 3-0 galtzen joan ostean 3-4 irabaztea, berdin da konbate batean erdi grogi egon eta gero arerioa muturreko bakarrarekin lurrera botatzea, berdin da pajarak jota 7 minutu galtzea eta gero errekuperatzea. Azken batean, kirolean, atzetik aurrera egiten den mugimenduari deitzen zaio epika, eta jendeak hori ikusi nahi du, atzetik aurrera edo behetik gora egiten duen norbait aurkitzea, identifikazioa lortzeko, alienazioa apurtzeko, eurak ere zerbait direla amesteko, gizakiaren indarraz (fisikoa baina, batez ere, psikologikoa) jabetzeko.
Ziklismoan oso argi ikusten dira behetik gora egiten dutenen kasuak. Xabierrek aipatzen zuen moduan, "sakrifizioa, sufrimendua, laguntasuna, borroka, garaipena..." hortxe daude, eta jendeak hori nahi du. Hasieratik amaierara irabazleak direnak ez dira maitatuak (Indurain aparte utzita, baina nik ez nuen maite), ikusi bestela Armstrongekin gertatzen dena (kasualitatez, hori bai maite dut, egunen batean kontatu beharko dudan anekdota batengatik).
Azken batean, umekeriek mugitzen dute jendearen esperantza. Démodé dagoen beste kontu bat, esperantza.
Barrenkale Barrena (I)
Zerbait berria sumatzen da Barrenkale Barrena kalera heltzean. Zerbait berria edo zerbait zaharra, baina Barrenkalen baino biziagoa den zerbait, argitasuna edo esperantza klaseren bat. Barrenkaletik etorrita, beste usain bat hartzen zaio Bilbo zahar honi, hurbilago sentitzen da Ibaizabal, eta Erriberatik harago, zubia zeharkatu eta Mirasol Kondearen kalera pasatzeko gogoa pizten zaizu, eta handik San Frantziskora, baina ez gogoa duzulako Zazpi Kaleetatik alde egiteko, ezpada Bilbo gehiagoren egarri zarelako, suma daitekeelako ibaiaz bestaldean beste Bilbo bat, kaleaz bestaldean ere beste Bilbo bat utzi duzun moduan, Barrenkale ilunean. Esperantza klase bat, Arestik apur bat harantzagoko Esperantza kaleari buruz idatzi zuena bezain mehar, ilun eta laburra akaso, baina esperantza edozelan ere. Eta, egia esan, ez dakit zergatik. Izan ere, turistaren begietatik ikusita -jakinik turistak azala baino ez duela ikusten-, ez dago alde handirik Barrenkaletik hona. Beharbada, gauez zabaltzen diren tabernak egunez ere ikus daitezkeela, han ez bezala. Edo, Errondan eta Someran bezala, herri mugimenduen lokalak berriro hasi direla agertzen, eta horrek bizitza ematen du, herria eta mugimendua elkartzen direnean beti gertatzen den moduan. Edo, aspaldiko partez, menua ematen duten tabernak ere ikusten direlako, eta horrek esan nahi duelako gazteak eta langileak ere hurbil daudela, hori ere aspaldiko partez. Menuak muturreko kaleetan daude: Errondan eta Someran, batetik; Barrenkale Barrena, Pilota eta Andra Mari inguruan, bestetik. Erdiko kale guztiak (Artekale, Dendarikale eta Belostikale batez ere) Erriberako merkatuari begira daude: bertatik pasatzen dira etxekoandreak poltsekin, eta etxekoandreek ez dute menurik behar; bai, ordea, arropa, botikak edo merkatuan ez dagoen janariren bat. Eta degustazioak, zelan ez.
Horregatik, hainbeste paseatu ostean, ofizialki Someran hasi eta Barrenkale Barrenan amaitzen diren Zazpi Kaleak zeharkatu ditugu, eta berriz ere zerbait bizia sentitu dut hemen, esperantza klaseren bat, meharra eta laburra, baina esperantza.
Koherentzia, bost orritan azalduta
Koherentziaz eta koherentzia faltaz egin zidaten berba aurreko batean. Azaldu zidaten euskal literaturako ze idazle diren koherenteak eta zeintzuk inkoherenteak, eta adi jarraitu nuen lagunaren kalaka. Lagunak idazleen produkzioaren arabera neurtzen zuen koherentzia, eta ezin zuen ulertu idazleek poesiatik narratibara eta surrealismotik errealismo zikinera salto egitea, liburu batetik bestera. Buruarekin ezetz egiten zuen, ez dela naturala. Eta, batez ere, ez dela koherentea. Arrazoia ote zuen edo ez, zutabe honen luzera gaindituko lukeen kontua da. Baina aspaldiko anekdota batekin gogoratu nintzen, Nabokovek aipatutakoa artikulu batean.
Kontua da John Steinbeckek kritika gogorrak jaso zituela bere ipuin labur bategatik. Aldizkari literario batean argitaratu zioten: antza, aldizkarikoei ipuin txarra iruditu zitzaien hasieratik, eta bazekitenez Steinbeckek egurra jasoko zuela eta, ondorioz, aldizkari gehiago salduko zirela, argitaratu egin zuten. Jakin egin behar aldizkari literarioko kideek koherentziaz edo inkoherentziaz jokatu zuten, baina hori beste kontu bat da. Bada, kritika gehienek zioten ipuina inkoherentea eta ilogikoa zela. Steinbeck lur jota geratu zen, ez zuen ulertzen. Handik urte batzuetara, ulertu barik jarraitzen zuen: inork ez dit argitu zer den koherentzia eta zer logika literaturan.

Lur jota pasatutako egun haietan eskutitzak idatzi zizkien munduko artista askori, galdetuz zer den koherentzia. Idazleei, musikariei, pintoreei, eskultoreei idatzi zien. Erantzun zionetako bat Joan Miró pintorea izan zen. Mirók bost orriko eskutitza bidali zion: lehenengoan bere margo tipiko bat egin zion, zirkulu hori bat fondo urdinarekin. Bigarrenean umeen zirriborroak egin zituen. Hirugarrenean haizea marraztu zuen, ukitu inpresionistarekin. Laugarrenean Kristo bizantziar bat egin zuen. Bosgarren orrian, esaldi bat idatzi zuen: "Eta, hala ere, bizitzan koherentea naiz".
Urtzi Urrutikoetxea Bilbon
Asteazken honetan, 20:00etan, Urtzi Urrutikoetxea izango dugu Santutxun, Auzoak (Susa) ipuin-liburuari buruz berbetan.

Narratiba arloan lehenengoz murgiltzeko balio izan dion lan honetan, Urtzi Urrutikoetxeak Bilboko erretratua egin du, Bilboko udazkeneko egun bateko freskoa eskainita. Urtzi poeta lanean ezagutu izan dugu orain arte, 1997an Borroka galduetatik gatoz (Susa) entzutetsuarekin debuta egin ostean.
Bilbori buruzko lana, Bilbon, Bilboko idazle batekin. Zer gehiago eska daiteke?
Liburuari buruzko erreportaje zabala, Josu Martinezen blogean.
Beraz, gogoratu: egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.
Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21
Galdu barik heltzeko argibide txiki bat:
Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.
Pauma baten moduan puztuta
Gino Bartalik 1931n parte hartu zuen lehenengoz karrera batean, artean 17 urte zituela. Irabazi egin zuen.
Hori gazteen mailan izan zen. Bartalik hanka batekin irabazteko gaitasuna zeukan, baina garai zailak ziren, eta gazte hari dirua eskaintzen hasi zitzaizkion, ez irabaztearen truke. Berak onartu, jakina.
1935ean, profesionaletan debutatu eta gutxira, Milan-San Remo egun bateko karrera handian, tropeletik ihes egin zuen. Eta ihes egiteaz gain, alde handia atera zion tropelari. Gino Bartalik, ziklista ezezagun hark, aukera itzela zuen Milan-San Remo prestigiosoa irabazteko.
Karrera hura, Italiako gehienak bezala, La gazzetta dello sport egunkariak antolatzen zuen, eta egunkarikoak laster konturatu ziren hura ez zela ona eurentzat: ihes eginda zihoan ezezagun hark irabaziz gero, hurrengo egunean ez zuten hainbeste periodiko salduko. Beste kontu bat izango zen, adibidez, Alfredo Bindak irabaztea.
Beraz, Bartali errepidean zihoala, egunkarikoak hurbildu zitzaizkion kotxean eta elkarrizketa egin zioten hantxe bertan. Bartali tranpan jausi zen: "pauma baten moduan puztu nintzen", aitortu zuen gero. Elkarrizketa harekin, ametsak errealitatea baino azkarrago ibili zitzaion, eta erritmoa lasaitu egin zuen, bere burua irabazle ikusita. Tropelak laster irentsi zuen.

Ondo ikasi zuen lezioa. Handik aurrera ez zitzaion horrelakorik gertatu, eta urte hartan bertan Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen, baina hori beste egunen batean kontatuko dugu.
Barrenkale (eta IV)
Barrenkalen eguna ere existitzen da. Bizilagunek ondo dakite hori, eta gaueko bizilagunen txizak goizero zapaldu behar izaten duten dendariek ere bai. Barrenkale ez litzateke Barrenkale izango, goizetan ez balitz agertuko kristalezko edalontzi bat zure atariaren ondoan. Barrenkalera gauez joan behar da. Egunez ere bai, baina egunak ez dauka zentzurik hemen, aurretik gaua existitu dela onartu nahi ez badugu.
Barrenkale egunez tristea da. Niri pena ematen dit Barrenkalek egunez. Errondak, adibidez, ez dit penarik ematen, horrela gustatzen zait, bere iluntasunean, bere zikinean. Baina Barrenkale ilun tristea da: soilik gauez bizi direla dakiten kaleen ilun tristea dauka, eta egunez zabalik dauden denda zahar urriek ez diote pozik ematen kaleari. Egunez ez dakit zenbatzen zenbat taberna dagoen Barrenkalen, apenas ezagutzen dudan kalea, hainbeste aldatzen da.
Egunez, batez ere denda eder bi daude Barrenkalen. Horietako bat, izenik gabekoa, zoragarria da benetan. Antzinakoa da. Hori ere laster joango da airean. Jabeak hiltzean taberna bat jarriko dute bertan, eta izena jarriko diote Oasis edo Sancheski, ziurrenik Oasis, eta lehen bakailaoa eta indabak eta penkak eta -antzinago- angulak saltzen zituzten lekuan Vanessak ibiliko dira dantzan, memoriarik gabeko (zertarako memoria?) Vanessa oldeak, moldean egindako maniki okagarriak, replikanteak memoriaren gainean dantzan, axolagabe.
Eta ez gara gogoratuko, adibidez, 1983ko urioletan denda horretako janari-latek kale bi harago (Pilota kalean) bizi zen andre bat salbatu zutela. Atsoa isolaturik geratu zen lehenengo solairuko etxean, ura haraino helduta. Telefonoa ez zebilen, auzokideek lehenago egin zuten alde eta gauak luze jo zuen. Andrea sukarrak jota zegoen, edateko urik ere ez zeukan. Ez dakigu zenbat denbora iraungo zuen, balkoitik dendako antxoa latak sartu ez balira. Bizirik irauteko motiboa sartu zitzaion, eta bizirik iraun zuen. Handik urte batzuetara, hil egin zen, gauza zaharrek hiltzeko duten mania horrekin.
Etnozentrismo erlijiosoa
Atzo Rocíoko irudi batzuk ikusi nituen Telecincon. Irudi gogorrak: jendetza amabirjinaren inguruan, eta umeak airean, esku batetik bestera pasatzen, Blanca Paloma delako horren magalera eraman nahian. Umeak, jakina, negarrez eta izu aurpegiz, ulertu ezinda, oihu zoroen artean eta debozio-olatu amorratuaren erdian. Erlijioa zer den, ze gauza zoroa. Beldurgarria da, batez ere gurasoak direlako umea askatzen dutenak marea erraldoi horretan, fedearen edo sineskeriaren aitzakiapean.
Irudi horiek eman ostean, aurkezlea agertu zen. Irribarrez, esan zuen "hauxe da urtero Rocíon ikusten den irudietako bat", harro morroia, Espainiako ohiturak ze politak diren eta.
Herri ugaritan aukera ederra galdu dute: herriko jaietan elizako kanpandorretik ahuntza botatzen zuten haiek esan izan balute jolas hura erlijioagatik egiten zutela, agian oraindik ahuntzek hegaz egiten jarraituko lukete.
Michael Jacksonek antzekoa egin zuen duela urte pare bat, ume bat balkoitik zintzilikatzean. Atzoko irudiek hori gogorarazi zidaten. Baina atzoko basakeria horren kontra ez da inor agertuko: alderantziz, pozik agertuko dira espainiar gehienak, kulturalki zein anitzak diren aipatzean, erlijiosoki zein irekiak diren azaltzean, tradizioak zein bizi mantentzen dituzten goraipatzean.
Jakin nahi nuke ze aurpegi jarriko zuen aurkezleak, ohitura hori Afganistanen balitz, adibidez.
Poltsikoak euriz beteta
Jendea kexu da, aste honetako euri zaparradak direla eta.
Bart iluntzean, Andoni Aizpuru ikusi nuen eguraldiaren berri ematen. Esaera zahar bat ere eman zuen, maiatzeko euriaren gainean:
Maiatzeko euria,
urria baino hobia,
urte osoko ogia
Gaur ez gara bizi lurrari hain lotuta. Gaur ez zaigu iruditzen maiatzeko euria urrea baino hobea denik, ogia urte osoan dugulako etxepeko panaderian, zentimo batzuen truke. Euri zein sikate, ogia ziurtatuta dugu. Aspaldi altxatu genituen hankak lurretik, jada ez ditugu oinak zikintzen, eta umeei ez zaie azazkalen artean lurrik sartzen. Aspaldi urrundu gara lurretik. Esan zigutenetik ekaitzen kontrako lekurik seguruena kotxe barrua dela, hortxe bizi gara, kotxe barruan, lurretik metro erdira eroso jarrita, ziztuan.
Eta gogoratu naiz Botswanarekin. Afrikako hegoaldeko herrialde horretan, maiatzean eta beste edonoiz, euria urrea da, eta badakite. Euria bizi-iturria da, oinak lurrean dituztelako eta ez dutelako panaderiarik etxepean. Ez izateagatik, ez dute etxeperik ere. Nahikoa dute, etxea badute.
Botswanan izen polita jarri zioten euren monetari, eta oraindik ere izen bera dauka: pula deitzen da, "euri-ura" hango hizkuntzan. Euroa ehun euro-zentimo diren moduan, pula ere ehun unitatetan dago banatuta: thebe deitzen zaio unitate horietako bakoitzari: "euri-tanta", alegia.
Botswanan, norbaiti diru apur bat ematen diozunean, euri apur batez ari zara betetzen bere poltsikoak, urre apur batez.
Bartali eta 1937ko Tourra
Lehengo astean esan genuen bost urte zirela Gino Bartali hil zela. Bertan agindu nuen, halaber, saiatuko nintzela nolabaiteko maiztasunarekin Bartaliri buruzko pasarteak biltzen, eta erabaki dut ostegunetan izango dela hori, aukera eta denbora dudan heinean behintzat. Beti ezin izango da, baina tira.
Hasi, beraz, Bartalirekin hasiko naiz, baina Coppi ere ekarriko dut blog honetara. Eta horren ostean, nork daki. Akaso gogoa piztu eta ziklismoaren historia osoa idazten hasiko gara, behin berotuta. Baina ez gaitezen larregi berotu, lehendik ere lan gutxi ez daukagu eta.
Ez gara ordena kronologikoan joango, gauzak etorri ahala baizik. Beraz, gaur 1937ko Tourretik hasiko gara, euskaldunontzat esanguratsua da eta.
Izan ere, Tour hura Roger Lapébie baionarrak irabazi zuen. Euskal herritarren lehenengo Tourra Indurainena zela uste zuten askok, baina 53 urte lehenago etorri zen garaipen hori.
Ordurako Gino Bartali ziklista ezaguna zen: irabaziak zituen 1935eko Euskal Herriko Itzulia eta 1936 zein 1937ko Italiako Giroak.
Aurreko urtean bere anaia Giulio (oso ziklista ona) karrera batean hil zen, eta Gino, bi hilabetez bizikleta zintzilikatuta, ziklismoa uzteko puntuan egon zen. Zorionez, bueltatu egin zen, eta 1937ko Tour hura irabazteko moduan egon zen, baldin eta zoritxarra eta politika tartean nahastu ez balira.
Zazpigarren etapan, Aix les Bains eta Grenoble artekoan (Télégraphe, Galibier eta Lautaret mendateekin), Bartalik erasoa jo zuen. Artean hirugarrena zen sailkapen nagusian, baina etapa haren ostean lider jarri zen. Zelan gainera! Bigarrena (Vissers) 9:18ra zeukan, eta hirugarrena (Bautz) 9:55era. Argi zegoen bera zela indartsuena, eta inork gutxik jarriko zuen zalantzan Tour hura aise irabaziko zuela.
Hurrengo etapan, aldiz, komeriak: Grenoble-Briançon, tartean Laffrey eta Bayard mendateekin. Bartali izan zen Laffreytik pasatu zen lehenengo txirrindularia, eta bazirudien berriz ere aldea hartuko zuela gainontzekoekiko. Baina ez: aldats beheran, zubi batetik pasatzean, beste txirrindulari batek erorketa izan zuen eta Bartali ere berarekin joan zen, egurrezko pretila apurtu eta errekaraino, zenbait metroko erorketa larrian. Sekulako kolpea hartuta, nola edo hala atera zuten handik, baina Bartalik gauza bakarra zeukan buruan: etapa amaitzea.

Eta amaitu zuen, eta lidergoari eutsi zion. Hori bai: guztiz mailatuta, lur jota. Helmugara heltzean, Jaungoikoari eman zizkion eskerrak (ez zioten alferrik deitzen "Monje hegalaria"): "Beragatik izan ez balitz, honezkero hilda nengoke". Nori edo zeri esker ez dakigu, baina egia da: Bartali erorketa hartan hil ez bazen, eskerrak.
Eta promesa bat egin zuen: kolpe ikaragarri haren ostean, zaila egingo zitzaion Tourra irabaztea, baina berak amaitu nahi zuen: "Jaungoikoari eskaini nahi diot", adierazi zuen.
Bartalik zenbait etapa gehiago jarraitu ahal izan zuen, Parisera heltzeko ametsari eutsiz. Mussolinik ez zion utzi, ordea.
Aurreko urtean, 1936an, Mussoliniren debekuz, Italiak ez zuen Tourrean parte hartu (garai hartan, Tourra selekzioka korritzen zen): Italiak Etiopia inbaditu zuenean, Frantziak salatu egin zuen Italia, eta Mussolinik harreman guztiak apurtu zituen Frantziarekin. Ondorioz, Mussolinik ziklista italiarrei agindu zien ez parte hartzeko urte hartako Tourrean.
1937an, berriz, agindua bestelakoa izango zen: "irabazteko ez bada, Italiak ez du parte hartuko Tourrean", esan zuen Bartaliren erorketaren ostean. Toskanako txirrindulari handia saiatu zen aurrera egiten, baina diktadoreak geratzeko agindu zion, eta bueltatzeko etxera.
Bartali, burumakur, Italiara bueltatuta, errepideak bakoitza bere lekuan jarri zuen, eta Roger Lapébiek irabazi zuen 1937ko Tourra. Baina hori beste historia bat da, akaso beste noizbait kontatuko duguna.