Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Koherentzia, bost orritan azalduta

Koherentzia, bost orritan azalduta

gabiria 2005/05/24 09:15

Koherentziaz eta koherentzia faltaz egin zidaten berba aurreko batean. Azaldu zidaten euskal literaturako ze idazle diren koherenteak eta zeintzuk inkoherenteak, eta adi jarraitu nuen lagunaren kalaka. Lagunak idazleen produkzioaren arabera neurtzen zuen koherentzia, eta ezin zuen ulertu idazleek poesiatik narratibara eta surrealismotik errealismo zikinera salto egitea, liburu batetik bestera. Buruarekin ezetz egiten zuen, ez dela naturala. Eta, batez ere, ez dela koherentea. Arrazoia ote zuen edo ez, zutabe honen luzera gaindituko lukeen kontua da. Baina aspaldiko anekdota batekin gogoratu nintzen, Nabokovek aipatutakoa artikulu batean.

Kontua da John Steinbeckek kritika gogorrak jaso zituela bere ipuin labur bategatik. Aldizkari literario batean argitaratu zioten: antza, aldizkarikoei ipuin txarra iruditu zitzaien hasieratik, eta bazekitenez Steinbeckek egurra jasoko zuela eta, ondorioz, aldizkari gehiago salduko zirela, argitaratu egin zuten. Jakin egin behar aldizkari literarioko kideek koherentziaz edo inkoherentziaz jokatu zuten, baina hori beste kontu bat da. Bada, kritika gehienek zioten ipuina inkoherentea eta ilogikoa zela. Steinbeck lur jota geratu zen, ez zuen ulertzen. Handik urte batzuetara, ulertu barik jarraitzen zuen: “inork ez dit argitu zer den koherentzia eta zer logika literaturan”.

Lur jota pasatutako egun haietan eskutitzak idatzi zizkien munduko artista askori, galdetuz zer den koherentzia. Idazleei, musikariei, pintoreei, eskultoreei idatzi zien. Erantzun zionetako bat Joan Miró pintorea izan zen. Mirók bost orriko eskutitza bidali zion: lehenengoan bere margo tipiko bat egin zion, zirkulu hori bat fondo urdinarekin. Bigarrenean umeen zirriborroak egin zituen. Hirugarrenean haizea marraztu zuen, ukitu inpresionistarekin. Laugarrenean Kristo bizantziar bat egin zuen. Bosgarren orrian, esaldi bat idatzi zuen: "Eta, hala ere, bizitzan koherentea naiz".

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.