Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Etnozentrismo erlijiosoa

Etnozentrismo erlijiosoa

Julen Gabiria 2005/05/17 09:04

Atzo Rocíoko irudi batzuk ikusi nituen Telecincon. Irudi gogorrak: jendetza amabirjinaren inguruan, eta umeak airean, esku batetik bestera pasatzen, Blanca Paloma delako horren magalera eraman nahian. Umeak, jakina, negarrez eta izu aurpegiz, ulertu ezinda, oihu zoroen artean eta debozio-olatu amorratuaren erdian. Erlijioa zer den, ze gauza zoroa. Beldurgarria da, batez ere gurasoak direlako umea askatzen dutenak marea erraldoi horretan, fedearen edo sineskeriaren aitzakiapean.

Irudi horiek eman ostean, aurkezlea agertu zen. Irribarrez, esan zuen "hauxe da urtero Rocíon ikusten den irudietako bat", harro morroia, Espainiako ohiturak ze politak diren eta.

Herri ugaritan aukera ederra galdu dute: herriko jaietan elizako kanpandorretik ahuntza botatzen zuten haiek esan izan balute jolas hura erlijioagatik egiten zutela, agian oraindik ahuntzek hegaz egiten jarraituko lukete.

Michael Jacksonek antzekoa egin zuen duela urte pare bat, ume bat balkoitik zintzilikatzean. Atzoko irudiek hori gogorarazi zidaten. Baina atzoko basakeria horren kontra ez da inor agertuko: alderantziz, pozik agertuko dira espainiar gehienak, kulturalki zein anitzak diren aipatzean, erlijiosoki zein irekiak diren azaltzean, tradizioak zein bizi mantentzen dituzten goraipatzean.

Jakin nahi nuke ze aurpegi jarriko zuen aurkezleak, ohitura hori Afganistanen balitz, adibidez.

etiketak:
Patxi
Patxi dio:
2005/05/19 02:13

Bufff... Erantzun luzeegiak ordu hauetarako. Bihar edo irakurriko ditut, solaskideak labeldunak dira gainera.

Hala ere, atzo mezua irakurri nuenean burura etorri zitzaidan kontu batekin nator.

Kontra pixkabat egitera ere banator.

Gogor xamarra bada, umea eskuz esku ibiltzea, zergaitirik jakin gabe gaxuak, baina konparazion konparando, hemen gertu gertuan ikusten ditut nik gehiago kezkatzen nauten adibideak.

Asko sufritzen det nik, adibidez, eskoletako urte bukaerako antzerkietan, zenbait umek eszenatokian sufritzen duten kalbarioarekin. hasieratik bukaeraraino negarrez, oso urduri, eta sufritzen. Eta hala ere hortxe. Inork ez ditu barrura sartzen. Eta okerrena ez da hori izaten. Okerrena izaten da gero jeisterakoan, gurasoak lotsatuta, umea negarrez egon dalako, mesprezuz hitzegiten diotenean: "ai, ze sinplea zeran!" "ke txotxolo" eta antzekoak.

Danborradetan ume batzuk zenbat sufritzen duten ikusita ere, gogo txarra jartzen zait. Ez dute atera nahi danborradan, negarrez daude, eta hala ere, ala, buelta guztia. ordu t'erdia negarrez.

http://www.patxitrapero.com/negar.jpg

Eta esandakoa. Bukatutakoan, guraso batzuren muturrak eta desprezioak.

Gutxi dira, baina tira, neri tokatu izan zait parean halakorik.

Bururatzen zait orain, amabirjina ikutzeko pasatako kalbarioaren ondoren, guraso hoiek poz neurrigabez hartuko dituztela, eta tira, umeak sufritu bai, baina segida ondo gozoa izango dala seguru nago.

Beste kontu bat da, fedeari edo sinismenari, halako garrantzia ematea, eta beste kontu batzuk, oraindik arriskutsuagoak.

Ai dios. Erantzun luzea, nerea ere.

Jozulin
Jozulin dio:
2005/05/18 15:07

Galdera asko egiten dizkidazu, lagun. Laburbilduz esango dizut nik ez dudala esan eta ez dudala uste musulman guztiek emakumeak harrikatzen dituztenik (adibide bat zen). Hala ere, hori egiten duten, egingo luketen edo ados daudenekin ez dudala ezer jakin nahi argi baino argiago daukat, diren herrialdekoak direla. Hurbilagoko astakeriekin, hurbilagoak izanagatik ere, ezin ados egon. Dena den, sorginak erre, hemen, XVII. mendean erretzen zituzten eta emakumeak harrikatu gaur egun egiten ari dira, 2005ean, XXI.mendean. Eta hau, sentitzen dut, ezin da jarri kondoiaren erabilera eta homosexualen eskubideen maila berean. Jarraitzeko, nik esan dudana baino ez dut esan. Nik ez dut lotu “estatu musulman batean gertatzen dena islamismoarekin”, gertatu egiten dela baino ez dut esan. Estatu espainola ez da estatu katolikoa. Estatu batzuk badira estatu musulmanak. Estatu espainolak ez dauka zer esanik gure ostiraletako menuaz. Edozein estatuk (rastafari, judu, musulman edo animista) ez luke izan beharko ahalmenik esateko zer jan behar dugun edo zer ez dugun jan behar, txerria, haragia edo fritos sabor barbacoa. Eta estatu batek hori egiten badu eta sartzen bada zer edo noiz jaten dugun; edo larrutan noiz, nola eta norekin egiten dugun; edo Ba, nik ez dut onartzen holakorik. Korana eta Bibliaz esango dizut Korana ez dudala ez irakurri ez eta ikusi ere egin; are gehiago, esan diezazuket ez dudala irakurriko. Bibliatik, pasarte batzuk irakurrarazi zizkidaten aukeratu ezin nuenean eta ez dut gehiago irakurri. Gogorik ez. Hala ere, ezin dugu ezabatu honek guztiak (erlijio jakin baten “pean” haziak izateak) gugan utzi duen arrastoa. Azken hau argitzeko hona txiste bat: Joan zen bat Irlandara oporretan “gatazka”ren urterik odoltsuenetan eta halako batean gizon armatu batek egin zion gelditzeko. Galdetu zion:-Katoliko ala protestantea zara? Gure laguna pentsatzen hasi zen. Ez zekien armaduna katoliko ala protestantea zen, beraz, ez zekien zer komeni zitzaion erantzutea. Katolikoari protestante edo alderantziz erantzunez gero hilko zuen beldur zen. Gizon armatuak galdera errepikatu zuen eta gure turistak erantzun: -Ateoa naiz, esan zion. Gizon armatuak, ordea:-Baina ateo katoliko ala ateo protestante?

Jozulin
Jozulin dio:
2005/05/19 12:05

Neuk ere badut funtsean ados gaudelako sentsazioa. Ez garela ondo esplikatzen, alegia. Emakumeen bazterketa, bortxaketa eta beste astokeriez arrazoia duzu, jakina; hala ere, hemen ez dago horren alde dagoen ala horrelakorik publikoki sustatzen duen erakunderik ez erlijiorik. Ados, zenbait portaera eta jarrera izan daitezke matxismo zabarrenaren bultzatzaile baina hortik lege bihurtzera...

Gari
Gari dio:
2005/05/19 10:38

Agian eguerdian erantzun luzeago bat emango dut, nik Jozulinek esandakoa ulertu ez dudala edo berak nik esandakoa ulertu ez duenaren sentsazioa daukat eta; bestela erantzunen ordenari ez diot sentzurik ikusten. Aklarazio txiki bat bakarrik: sorginak hemen XVII. mendean erretzen zituzten, baina bortxatu, mehatxatu, azidoakin erre, jo, bizitza ezinezkoa egin, emakumeak baino gehiago direla(garela) pentsatu (imajinatu) eta gainera gizarteak eta judikaturak nolabaiteko babesa edo ulermena eskeini, gaur eta hemen egiten da. Bestela azto beraien ustezko bortxatzailearen aurrean inolako babes neurririk gabe deklaratu behar izan zuten 11-13 urte bitarteko 3 neskeei, laugarrenak antsiedade atake baten erruz ezin izan zuen deklaratu.

Gari
Gari dio:
2005/05/17 16:32

Gezurra dirudi nola aurkezten dizkiguten "mairuen" ohitura erlijiosoak, fundamentalistak direla egiaztatzeko, eta nola irudi ber-berak kristau latino europarren kasuan, tradizioa eta debozio logiko edo normala adierazteko baliatzen dituzten. Aste santutan eskuak odolez betetako mañoak guay dira, eta musulmanen karrasiak, extremismo erlijiosoaren adierazgarri. Kamerak eta begiak ekialde hurbilera begira ditugun egun hauetan, jende, kultura, ohitura eta gizarte haiek ulertzeko erabili beharrean, amildegia gero eta handiago egiten dugu.

Gari
Gari dio:
2005/05/18 13:06

Nik ez dut sekula esan emakume bat harrika hiltzea aldarrikatzen duen ezer babezten dudanik, justo horren aurka nindoan, musulman izateagatik emakumeak harrika hiltzen dituela edo hiltzearen alde dagoela esatearen kontra. Arabe izateagatik musulmana izan behar den ustearen kontra. Musulman izateko arabea izan behar den ustearen kontra. Sharia (ez dakit nola idazten den) estatu islamista batzuetan bakarrik erabiltzen da.Estatu arabe guztiak edo biztanlearen gehiengoa musulmana duten herri guztiak ez dira islamistak. Jendearen gehiengo katolikoa izanagatik, estatuak bere egunerokoa katolizismoari lotuta eta katolizismoaren legeei begira egin behar ez lukeen bezala. Arabe eta ateo bezalako gauza "arraroak" existitzen dira. Irak 90eko gerra ailegatu arte, Espainia baino laikoagoa zen, mahoma jaio zen egunaren urteurrenean, sinesdunek bizkarrak eta buruak odoleztatzeko labainekin ebakiak egiten bazituzten ere(bakoitzak berea). Beste batzuek sua egin eta gainetik salto egiten dugu. Zerk iradokitzen dizu, aitasantu eta enparauek aurkakoa esanagatik estatu espainolak (estatu katolikoa, ez dezagun ahantzi) abortoa, dibortzioa, homosexualen eskubideak, ostiraletan aragia jatea, eta kondoien erabilpena onartzen dituen bezala, erlijiosoki musulman, budista, rastafari edo dena delakoa den estatu batek ezin duela berdin jokatu eta legedi erlijiosoari zuk ematen diozu balore (edo balorerik eza) eman??!! Saharauiak emakumeak arrikatzen al dituzte? Korana (ez irakurri) ikusi al duzu? Bibliak esaten duenarekin konparatu? Lagun araberik bai(musulman edo ez)? eta lagun musulmanik (arabe izan edo ez)? Zergatik nahasten ditugu arabeak eta mairuak? eta mairu eta musulmanak? zergatik ematen diegu garrantzi gehiago musulmanen astakeriei, kristaueneri baino? Zeragtik lotu behar dugu musulmanak diren estatu betean gertatzen den guzia islamismoarekin? Frankok Gerra "gurutzada" izendatzeagatik eta bere helburua Komunista gaizto antikristauen aurka joatea zela esteagatik, lotuko al genuke Frankoren jarrera kristautasunarekin?

Jozulin
Jozulin dio:
2005/05/17 18:59

"...jende, kultura, ohitura eta gizarte haiek ulertzeko erabili beharrean, amildegia gero eta handiago egiten dugu." Nik neuk ez dut ulertu nahi emakume bat harrika hiltzea aldarrikatzen duen "ohitura", ez "kultura", ez ezer. Amildegi handia nahi dut. Eta "El Rocío"koak ulertzeko gogo handirik ere ez dut.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.