Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Pauma baten moduan puztuta

Pauma baten moduan puztuta

gabiria 2005/05/19 09:41

Gino Bartalik 1931n parte hartu zuen lehenengoz karrera batean, artean 17 urte zituela. Irabazi egin zuen.

Hori gazteen mailan izan zen. Bartalik hanka batekin irabazteko gaitasuna zeukan, baina garai zailak ziren, eta gazte hari dirua eskaintzen hasi zitzaizkion, ez irabaztearen truke. Berak onartu, jakina.

1935ean, profesionaletan debutatu eta gutxira, Milan-San Remo egun bateko karrera handian, tropeletik ihes egin zuen. Eta ihes egiteaz gain, alde handia atera zion tropelari. Gino Bartalik, ziklista ezezagun hark, aukera itzela zuen Milan-San Remo prestigiosoa irabazteko.

Karrera hura, Italiako gehienak bezala, La gazzetta dello sport egunkariak antolatzen zuen, eta egunkarikoak laster konturatu ziren hura ez zela ona eurentzat: ihes eginda zihoan ezezagun hark irabaziz gero, hurrengo egunean ez zuten hainbeste periodiko salduko. Beste kontu bat izango zen, adibidez, Alfredo Bindak irabaztea.

Beraz, Bartali errepidean zihoala, egunkarikoak hurbildu zitzaizkion kotxean eta elkarrizketa egin zioten hantxe bertan. Bartali tranpan jausi zen: "pauma baten moduan puztu nintzen", aitortu zuen gero. Elkarrizketa harekin, ametsak errealitatea baino azkarrago ibili zitzaion, eta erritmoa lasaitu egin zuen, bere burua irabazle ikusita. Tropelak laster irentsi zuen.

Ondo ikasi zuen lezioa. Handik aurrera ez zitzaion horrelakorik gertatu, eta urte hartan bertan Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen, baina hori beste egunen batean kontatuko dugu.

etiketak: Ziklismoa
Xabito
Xabito dio:
2005/05/19 13:53

Konturatu zara, Julen, zelan gaur egun "periodiko" (edo dena delako) gehiago saltzeko txirrindularitzaren erroetara jotzen den? Aurten, Giroko antolatzaileei bururatu zaie lasterketari bizitasuna emateko asfaltatu bako kaminoa duen mendatea jartzea ideia ona dela, eta halaxe egin dute. Ez dakit nik ez ote dabiltzan Bartaliren garaian Giroak zuen xarma berreskuratu guran...

Ondo segi!

satortzulo
satortzulo dio:
2005/05/19 12:08

istori polita, orain irakurrita grazia egiten digu, baina bartaliri ez zion halakorik egingo bere garaian behin berriro errealitateak fikzioa gainditu egiten du, italiar filma bateko pasartea dirudi

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.