Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Bartali eta 1937ko Tourra

Bartali eta 1937ko Tourra

gabiria 2005/05/12 11:31

Lehengo astean esan genuen bost urte zirela Gino Bartali hil zela. Bertan agindu nuen, halaber, saiatuko nintzela nolabaiteko maiztasunarekin Bartaliri buruzko pasarteak biltzen, eta erabaki dut ostegunetan izango dela hori, aukera eta denbora dudan heinean behintzat. Beti ezin izango da, baina tira.

Hasi, beraz, Bartalirekin hasiko naiz, baina Coppi ere ekarriko dut blog honetara. Eta horren ostean, nork daki. Akaso gogoa piztu eta ziklismoaren historia osoa idazten hasiko gara, behin berotuta. Baina ez gaitezen larregi berotu, lehendik ere lan gutxi ez daukagu eta.

Ez gara ordena kronologikoan joango, gauzak etorri ahala baizik. Beraz, gaur 1937ko Tourretik hasiko gara, euskaldunontzat esanguratsua da eta.

Izan ere, Tour hura Roger Lapébie baionarrak irabazi zuen. Euskal herritarren lehenengo Tourra Indurainena zela uste zuten askok, baina 53 urte lehenago etorri zen garaipen hori.

Ordurako Gino Bartali ziklista ezaguna zen: irabaziak zituen 1935eko Euskal Herriko Itzulia eta 1936 zein 1937ko Italiako Giroak.

Aurreko urtean bere anaia Giulio (oso ziklista ona) karrera batean hil zen, eta Gino, bi hilabetez bizikleta zintzilikatuta, ziklismoa uzteko puntuan egon zen. Zorionez, bueltatu egin zen, eta 1937ko Tour hura irabazteko moduan egon zen, baldin eta zoritxarra eta politika tartean nahastu ez balira.

Zazpigarren etapan, Aix les Bains eta Grenoble artekoan (Télégraphe, Galibier eta Lautaret mendateekin), Bartalik erasoa jo zuen. Artean hirugarrena zen sailkapen nagusian, baina etapa haren ostean lider jarri zen. Zelan gainera! Bigarrena (Vissers) 9:18ra zeukan, eta hirugarrena (Bautz) 9:55era. Argi zegoen bera zela indartsuena, eta inork gutxik jarriko zuen zalantzan Tour hura aise irabaziko zuela.

Hurrengo etapan, aldiz, komeriak: Grenoble-Briançon, tartean Laffrey eta Bayard mendateekin. Bartali izan zen Laffreytik pasatu zen lehenengo txirrindularia, eta bazirudien berriz ere aldea hartuko zuela gainontzekoekiko. Baina ez: aldats beheran, zubi batetik pasatzean, beste txirrindulari batek erorketa izan zuen eta Bartali ere berarekin joan zen, egurrezko pretila apurtu eta errekaraino, zenbait metroko erorketa larrian. Sekulako kolpea hartuta, nola edo hala atera zuten handik, baina Bartalik gauza bakarra zeukan buruan: etapa amaitzea.

Eta amaitu zuen, eta lidergoari eutsi zion. Hori bai: guztiz mailatuta, lur jota. Helmugara heltzean, Jaungoikoari eman zizkion eskerrak (ez zioten alferrik deitzen "Monje hegalaria"): "Beragatik izan ez balitz, honezkero hilda nengoke". Nori edo zeri esker ez dakigu, baina egia da: Bartali erorketa hartan hil ez bazen, eskerrak.

Eta promesa bat egin zuen: kolpe ikaragarri haren ostean, zaila egingo zitzaion Tourra irabaztea, baina berak amaitu nahi zuen: "Jaungoikoari eskaini nahi diot", adierazi zuen.

Bartalik zenbait etapa gehiago jarraitu ahal izan zuen, Parisera heltzeko ametsari eutsiz. Mussolinik ez zion utzi, ordea.

Aurreko urtean, 1936an, Mussoliniren debekuz, Italiak ez zuen Tourrean parte hartu (garai hartan, Tourra selekzioka korritzen zen): Italiak Etiopia inbaditu zuenean, Frantziak salatu egin zuen Italia, eta Mussolinik harreman guztiak apurtu zituen Frantziarekin. Ondorioz, Mussolinik ziklista italiarrei agindu zien ez parte hartzeko urte hartako Tourrean.

1937an, berriz, agindua bestelakoa izango zen: "irabazteko ez bada, Italiak ez du parte hartuko Tourrean", esan zuen Bartaliren erorketaren ostean. Toskanako txirrindulari handia saiatu zen aurrera egiten, baina diktadoreak geratzeko agindu zion, eta bueltatzeko etxera.

Bartali, burumakur, Italiara bueltatuta, errepideak bakoitza bere lekuan jarri zuen, eta Roger Lapébiek irabazi zuen 1937ko Tourra. Baina hori beste historia bat da, akaso beste noizbait kontatuko duguna.

etiketak: Ziklismoa
gurru
gurru dio:
2005/07/11 19:27

Bi gauza bakarrik, nire lehen on-line agerpen honetan. Lehena, Han goitik-en ere gauza bera irakurtzen nuenez, nire ulertuezina izango da seguruena. Baina berriz errepikatzen duzu, eta aipatu egin nahi nuen. Aix les Bains eta Grenoble arteko etapan Telegraphe, Galibier eta Lautaret mendateak zirela diozunean, behar bada Lautaret ez da aipagarri, Galibierren jeitsieran derrigor pasa behar baita handik (Galibierren Bourg d?Ossainseko igoerak eta baita Briançongoak ere Lautaret igotzera derrigortzen dute txirrindularia: Lautaret gainetik ateratzen da, atsedenik gabe, Galibierrera doan bidea). Hau bazterrak nahasteagatik zen, batik bat.

Bigarrena, eta hau ziurtasunik gabe diot, eskuan daturik gabe, Lapébie-ren euskalduntasunari buruzko gogoeta da. Beti jo izan da baionar gisara, baina gure lagun batek -kazetari ona bera- ikerketatxoa egin ostean, Baionako Lapébietar guztien etxera deitu eta Roger Lapébieren arrastoa atera nahian, Lapébie baionarra ez zela jakinarazi zigun. Esan bezala, ez dut datu ziurrik esku artean, baina tira, hor dago hori.

Julen
Julen dio:
2005/07/12 10:59

Eskerrik asko, Gurru.

Kontuan izango ditut zuk esandakoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.