Epikari buruzko teoria bat
Futbola ez zait gustatzen, batere. Ez da gauza berria, apur bat ezagutzen nauzuenontzat.
Atzo berandu heldu nintzen etxera, eta, afaltzen nengoela, futbola jarri nuen, fondorako soinuren bat izateko sikieran. Ez nekien ze partidu zen ere. Gero konturatu nintzen Milan eta Liverpool zirela, eta Txapeldunen Ligako finalean zeudela.
Artean, 3-0 Milan irabazten. Bigarren zatiaren hasiera zen, eta dena eginda zegoela zirudien.
Baita zera ere! Nire afariak iraun zuen bitartean, 20 bat minutuan, Liverpoolek hiru gol sartu zituen. Hirugarrena, gainera, agonikoa: Xabi Alonsok penalti bat jaurti, atezainak geratu baina baloia solte geratu eta, erretxazoan, gola sartu zuen tolosarrak.
Gero paso egin nuen partiduaz, eta beste gauza batzuk egitera joan nintzen. Ez nuen jakin nahi, gainera, zelan amaitu zen partidua. Epikatxoa sumatu nuen afaltzen eman nituen 20 minutuetan, eta berdin zitzaidan hortik aurrerako emaitza. Liverpoolek galduta ere, 20 minutu horietako jokoa epikaren barruan sar zitekeen, futbola eta epika lar lotuta ikusten ez baditut ere. Nire ustez, futbolak aukera gutxi ematen du epikarako, orain futbolzale trumilkada gainera etorriko bazait ere.
Xabier Mendigurenek lehengoan idatzitako Epika, gaur haren haritik dator gaurko testutxo hau, zelan ez. Bertan esaten zuenez, kirolen artean, berak ziklismoa eta boxeoa ikusten ditu epikatik hurbilen. Nik ere berdin ikusten dut: ziklismoa maite dut eta boxeoa kirol kuriosoa iruditzen zait. Biek erakartzen naute eta bietan ikusten dut epikotasuna. Gero eta gutxiago, hori ere egia da.
Mendigurenek beste gauza bat ere aipatzen zuen, eta horretara noa: "epika askoz ere démodé-ago dagoela esango nuke. Gaizki ikusia dagoelako baino gehiago, ia barregarri ere gertatzen delako, umekeria xinple eta inozo bat".
Arrazoia du umekeria xinple eta inozoa dela esatean, duda barik. Baina ez dut uste gaizki ikusia dagoenik ("epika" hitza hiru bider entzun dut gaur), are gutxiago démodé dagoenik. Alderantziz: iruditzen zait gero eta gehiago jotzen dela epikotasunera, erlijiora jo daitekeen modu antzekoan.
Iruditzen zait gizakiak gero eta gehiago sentitzen duela bere txikitasuna erabatekoa dela. Diruaren edo famaren prestigioa dutenak albo batera utzita, gainontzekoak oso txiki sentitzen dira. Langileak, zer esanik ez, ñimiño sentitzen dira protestarako edo eskubide minimoetarako betarik ematen ez dien sistema baten aurrean. Jendeak ikusten du gizartearen aurrean ez dela ezer, bere kabuz ez dela gai ezertxo ere aldatzeko. Berriz ere, baina termino gaurkotuetan, Durkheim eta Weberren eztabaida, gizartea eta gizakia, nork nor egiten duen.
Kirola da ihesbiderako balbula horietako bat, jakina. Txirrindularitzan ez da hainbeste gertatzen hori, baina futbolean bai: jende askok bere taldearen esku uzten du igande gaueko eta astelehen osoko umorea. Irabaziz gero, umore ona. Galduz gero, ostia txarra. Gizakiaren alienaziotik sortzen diren ihesbiderako balbula gehienak izaten dira umekeria xinple eta inozoak, horrelako egoeretan gizakiak aitzakia gutxi behar izaten duelako barruak askatzeko.
Gauzak horrela, kirolean ematen den edozein "iraultza" epikotzat hartzen da. Berdin da 3-0 galtzen joan ostean 3-4 irabaztea, berdin da konbate batean erdi grogi egon eta gero arerioa muturreko bakarrarekin lurrera botatzea, berdin da pajarak jota 7 minutu galtzea eta gero errekuperatzea. Azken batean, kirolean, atzetik aurrera egiten den mugimenduari deitzen zaio epika, eta jendeak hori ikusi nahi du, atzetik aurrera edo behetik gora egiten duen norbait aurkitzea, identifikazioa lortzeko, alienazioa apurtzeko, eurak ere zerbait direla amesteko, gizakiaren indarraz (fisikoa baina, batez ere, psikologikoa) jabetzeko.
Ziklismoan oso argi ikusten dira behetik gora egiten dutenen kasuak. Xabierrek aipatzen zuen moduan, "sakrifizioa, sufrimendua, laguntasuna, borroka, garaipena..." hortxe daude, eta jendeak hori nahi du. Hasieratik amaierara irabazleak direnak ez dira maitatuak (Indurain aparte utzita, baina nik ez nuen maite), ikusi bestela Armstrongekin gertatzen dena (kasualitatez, hori bai maite dut, egunen batean kontatu beharko dudan anekdota batengatik).
Azken batean, umekeriek mugitzen dute jendearen esperantza. Démodé dagoen beste kontu bat, esperantza.
Ez dakit epika kirolean dagoen, baina egotekotan larunbatean Finestre mendateko errepide bazterrean sumatu nuen nik. Zoragarriak zuri beltzeko irudiak. Eta Savoldelli bultzatu zuen betaurrekodun gizontxoak ez dakit Bartali bera ez ote zen...