Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / San Frantzisko (IV)

San Frantzisko (IV)

gabiria 2006/03/10 08:23

Zazpi Kaleetan aurkitu ginen gero, arratsaldean eta albistea oraindik bolo-bolo zebilenean, eurak trago bat hartzen eta gu paseatzen. Berehala irten zen sutearen gaia, ezin zen bestela izan. Ferminek esan zuen etxeko zapatiletan irten zirela kalera, eta denok barreka jarri gintuen, zehaztu zuenean San Frantziskoko biztanle petoak horrelaxe ibiltzen direla hara eta hona, etxeko zapatiletan kaletik. Algara ederra izan zen, barre sano horietakoa. Baina segituan gogorarazi zigun albistearen pisua: "barreka ari gara, baina ez ahaztu lau hildako egon direla". Kopuruak gauza objektiboak badira ere, kopuruen neurriez ohartzea ez da erraza izaten sarritan: hildakoek izenak dituzten edo ez dituzten, horren arabera egon daiteke tragediaren samin beti subjektiboa, eta gu barreka ari ginen, Fermin etxeko zapatiletan irten zelako kalera, gero Zazpi Kaleetako etxe bateraino joateko babes bila, dena etxeko zapatiletan, eta barre algaraka gu.

Baina gero hormaren kontua aipatu zuen Ferminek, esan baitzuen bere gelako hormaren beste aldean ari zela sua dena kiskaltzen eta lau pertsona hiltzen, zentimetro batzuk harago besterik ez. Eta hori esan zuen, ez soilik hausnarketa egiteko heriotzaren hurbiltasunaz edo suertearen gerri meheaz (hogei bat zentimetro edo adreilu pare bat, beste modu batez esanda), ezpada hausnarketa zirraragarria egiteko hogei zentimetro horien neurri soziologiko edo psikologikoaz: "hau Oñatin gertatu izan balitz", esan zuen, "sekulako tragedia izango zatekeen. Baina Bilbon izan da, tartean horma bat egon da eta hildakoak hormaren beste aldean geratu dira. Eta inoiz baino gehiago konturatu naiz hirian bizi naizela". Ez zituen hitz horiek erabiliko noski, baina esaldi sakona eta mingotsa iruditu zitzaidan. Eta agian horrelako keinuak behar ditugu konturatzeko hirian gaudela: hildakoek izenik ez duten lekuan, eta gerri meheko horma batek erabakitzen duen lekuan nork hil behar duen eta nork ez.

etiketak: Bertan Bilbo
potzuzar
potzuzar dio:
2006/03/13 20:12

"keinuak behar ditugu konturatzeko hirian gaudela: hildakoek izenik ez duten lekuan, eta gerri meheko horma batek erabakitzen duen lekuan nork hil behar duen eta nork ez." Gauza bera esan zitekeen aurreko astean ...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.