Emozionatzeko ez da urrutiegi apuntatu behar
Urteak neramatzan Anari kontzertuan ikusi barik, "Anari" (1997) lehenengo disko hura atera zuenetik: Kafe Antzokian eta Algortan ikusi nuen orduan, oso formatu txiki eta intimistetan, gitarra eta biolontxeloarekin.
Geroztik, azkoitiarraren ibilbidea etxeko musika-ekipotik jarraitu dut, eta, bere diskografiaren barruan, sekula ez dut hainbeste gozatu Zebra diskoarekin bezala. "Anari" (1997) hura sorpresa izan bazen, "Habiak" (2000) sekulako diskoa izan bazen, "Zebra" (2005) bonba bat da, Anariren diskorik onena nire ustez. Egia da hasieran zati bi ikusten nituela disko horretan: askoz ere gehiago disfrutatzen nuen hasierako abestiekin, erditik aurrerakoekin baino; denbora kontua izan zen: orain ezin dut "Zebra" diskoa ulertu azken abestirik gabe, bere osotasunean behar dut disko hori, eta emozionatu egiten nau hasieratik amaierara zebra osoak, Z-tik A-ra.
Ostiralean ikusi nuen Anari kontzertuan, 8 edo 9 urte pasatu eta gero. Elorrioko Arriola Antzokian izan zen: ez ahazteko moduko kontzertua. Ahotsa apur bat kraskatuta zuela hasi zen kantuan, eta kontzertua amaitzerako erabat zeukan ahotsa hautsita. Une batzuetan sufritzen ibiliko zela pentsatu nuen, eta ez dakit sufritu zuen edo ez, baina entzulearentzat zoragarria izan zen, kantaria amildegiaren ertzean ibili baitzen denbora guztian, arriskatzen, bere kantuen bertsioak egiten, hitzak agoniaraino luzatzen, oihu egiten eta esaten ari zen guztia bizitzen. Bai, dudarik gabe, asko arriskatu zuen kontzertu osoan. Eta ondo irten zitzaion, itzel. "Inoizko erotikoen", esan zidan Peru Magdalena lagunak, kontzertua amaitzean.
Hain zuzen ere, Txaman taldeko Peruk hasi zuen ikuskizuna: goitik behera zuriz jantzita, atzeko pantailan irudi bat zuela eta doinu goxoen artean inguratuta, testu begi-irekitzailea irakurri zuen, zirraragarria. Hamar bat minutu egon zen Peru eszenatokian, eta niri oso labur egin zitzaidan: astia eman zion arteaz, sorkuntzaz, bizitzaz eta Anariren ileaz hitz egiteko, eta, une batetik aurrera, testua gorputzarekin interpretatzen ere hasi zen, irakurtzen ari zena sentituz bezala. Peruk esandakoetatik, esaldi batekin geratu nintzen, eta entzun bezain laster konturatu nintzen huraxe izango zela kronika honen izenburua, esaldiak aurreratzen baitzuen zer izango zen kontzertua: "emozionatzeko ez da urrutiegi apuntatu behar. Emozionatzeko oso behera apuntatu behar da, oso barrura". Horrelako zerbait izan zen, baina politago esanda. Edozelan ere, niretzat nahikoa izan zen: Anariren azken diskoa entzuten dudan guztietan, beti pentsatzen dut oso-oso barrura apuntatu duela azkoitiarrak lan hori egitean. Ez oso urrutira, ezpada oso barrura (entzun diskoko hirugarren abestia, "Sustraiak" izenekoa, eta konturatuko zarete -...hegodun zuhaitza balitz, eta ez eman inori sustrairik... behin eman nituen eta-).
Eta halaxe izan zen: kontzertu sentitua, arriskutsua, barru-barrukoa, bestiala. Arriola aretoan 200 lagun inguru bildu ginen, kanpoan "eguraldi txarria", Anarik esan zuen moduan. Disko berriko kantu guztiak jo zituen, eta aurreko bi diskoetako beste 7 edo 8 abesti. Eszenatokian, Anariz gain (kontzertua teklatuan hasi zuen), Inoren Ero Ni taldeko kideak: Borja gitarran, Drake baxuan eta Mikel Abrego baterian. Gainera, beste mila instrumentu eta saltsatan (gitarra, teklatua, tronpeta, zerra eta beste tramankulu batzuk) identifikatu ez nuen mutil bat (Karlos Osinaga "Txap", agian?). Soinu aldetik arazo txiki batzuk egon ziren, eta kontzertuaren hasieran iruditu zitzaidan soinua apur bat saturatuta zegoela, baina huskeriak baino ez ziren izan. Apurka-apurka, gauzak finduz joan ziren, eta ez nintzen gehiago akordatu txikikeria horiekin.
Anarik berba gutxi egin zuen kontzertuan (taldekideak ere ez zituen aurkeztu): laugarren abestiaren ostean, kontzertuaren erdialdean, eta amaieran baino ez zuen berba egin, baina, horren ordainetan, kontzertuari erritmo bizi-bizia eman zion, ia tarterik ere utzi gabe abestien artean. Alde batetik, faltan bota nituen hitz batzuk, azalpenen bat, biluztasunen bat (diskoa biluztasun nahikoa bada ere), baina, bestetik, eskertzekoa izan zen musika eta talentu zurrunbilo hura. Izan ere, talde osoaren sendotasun elektrikoaren barruan zein bakarka eta zerraren soinupean kantari, Anari marabilla bat da. Anari, gitarra elektrikoa zintzilik duela, dagoen piztiarik erakargarriena da.
Eta martxoaren 30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Ez harritu han ikusten banauzue berriro, emozionatzeko prest, urrutiegi apuntatu beharrean barru-barrura apuntatzen duen Anariri begira.
Anari bere herrian ikusteko aukera izan nuen duela gutxi, mataderixen, eta ikusgarria izan zen igande arratsalde batean bertan bildu zuen jendetza, nola ez, bere herrian.
Ama zuen begira eta amaren laguna, Petri. "Esta canción para vosotras" esan zuenean, imajinatu nuen amak sentituko zuen harrotasuna, poza, emozioa, zeren, emozionatzeko ez da urrutira apuntatu behar, ez.
Benetan kuriosoak zerra eta ezagutzen ez nuen beste aparatu bat, magnetismoz edo soinu ateratzen zuen hura. Zer zen, alegia?