Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Mariaren Bihotza plaza (III)

Mariaren Bihotza plaza (III)

gabiria 2006/03/17 09:28

Handia zen lehen autobusean ibiltzea, inguru hau debekatua iruditzen zitzaigunean bertatik oinez pasatzeko. Ibaiaren beste aldetik begiratzen genion auzoari. Hori baino lehenago, txikia nintzenean, nire lehenengo beltza ikusi nuen Bilboko Areatzako zubian. Eta handik urteetara jakin genuen zubiez bestaldeko auzo honetan pilatzen zirela baztertuak eta urrunekoak: orduan beltz gutxi eta ijito asko zegoen, txinatar eta hegoamerikarrak ere bi edo hiru baino ez.

Prostitutak bai, horiek bazeuden. Orduak putak esaten genuen, baina gero, Bilbori buruz ari ginenean eta Atxagari esker, errazago irteten zitzaigun "prostituta" hitza "puta" baino, eta hori esatearekin batera ia-ia kantuan hasten ginen Ruperren ahotsa jarriz, "beste zubi bat, prostitutak". Aspaldi utzia genion hiztegietan "puta" hitza bilatzeari: orain autobuseko leihatiletatik ikusten genituen, baina errealitateak zapuztu egin gintuen: kitzikagarriagoa zen hiztegien kontua, definizioaren hamar hitzek askoz ere giro erakargarriagoa ematen zigutelako, Mariaren Bihotza plazan autobusetik ikusten genuen munduak baino. Edozelan ere, aukerarik txikiena aprobetxatzen genuen autobus hura hartzeko, jakin arren ez zuela biderik laburrena egiten, eta acuariumeko leihoen kontra bezala itsasten ginen leihoetan, hango andre zaharrei begiratzeko, sinistu ezinda. Neska politagoak zeuden gorago, Gorte kalean, edozer baitzen politagoa atso haiek baino. Baina Gorteko nesken berri geroago izango genuen, eta han ere txakurrak ortozik.

Naja ere existitzen zen orduan. Jonkiak hantxe bizi ziren, ibaiaren alboko arkupeetan. Beste ertzetik ikusten zenituen txutatzen edo txortan, igandeetan izan ezik, merkatu txikia egiten zelako orduan. Gero alkateak hesia jarri zion Najari, paretik tranbia pasatu behar zelako eta ez delako txukuna kanpotarrek den-dena ikustea.

Orain, Mesedeetako zubiaren amaieran pintada bat dago: "A ultima vez que te vi, tinhas as patas abertas". Eta garai haiekin akordatu naiz, Bilbo Zaharretik pasatzen zen autobusarekin, eta geure buruekin, acuariumean bezala begira hiztegiko definiziotik haragoko putei.

etiketak: Bertan Bilbo
patxi  lurra
patxi lurra dio:
2006/04/20 20:23

"A ultima vez que te vi, tinhas as patas abertas" gogoangarriaren ondoan, publizitate zutabe bat dago.

Egunotan dagoan iragarkian (ez dakit zer produkturena), neska-mutil supergazte eta superguapoak agertzen dira, ondo pasatzen (edo). Nonork, "esnetxar" izugarriaz, ganean zera idatzi dau: "Qué vida más triste".

asier
asier dio:
2006/03/18 01:06

Ni neu autobuseanez, bizi nintzen tokian bizi izanda halakorik hartzeko aitzakiarik ez nuen-eta. berandu xamar, koadrilako lehen kotxea izan genuenean Cantalojas zubitik sartu eta Cortes kalea goitik behera, ateetako seguruak behera eraginda, pasatzeari "deputas" joatea deitzen genion: gure begien aurreko erretratoa, Julenek deskribatutako berbera eta hiztegiko definizio kitzikagarrietatik urrun (Zer premia gorrik behartzen zituen 60 urtetik gorako emakumeak bizimodu horretara eta zein bezero motak eta zenbaten truke erosten zituzten andra ajatuon laztanak?).

Udaltzain patruilak bezalaxe goitik beherakoa egin eta Barrenkale partera jotzen genuen beti, geure eremutzat geneuen hartara.

Beranduago, inoiz edo behin, egunez eta oinez ibili izan naiz bertan; bertan bizi eta bertan egunero dabilen jendea ere hantxe bertan dabilela sinetsita, nahiz eta gu bezalakoon aurpegietako kuriositateak han arrotz ginela salatu.

Eztarri Sakon
Eztarri Sakon dio:
2006/03/17 18:00

Bai, nik ere badut gogoan nola txikia nintzenean, amarekin edota amamarekin zazpi kaleetatik bueltaka, erribera aldera irtetzen ginela, eta begira gelditzen nintzaien, najan, arkupeetan zeuden yonkiei gerrikoekin besoak estutzen eta beldurra ematen zidan hark. Bestalde, herritik Bilbora etortzeko, lehen autobusak sarrera Atxuritik zeukan eta irteera zuk diozun lekutik, beraz, egia da espektakulua zela kale hareetatik autobusez pasatzea, guztiz babestuta sentitzen zinelako eta imaginatzen nuen "el tren del terror"-en bezala, espektakulua hastera zihoala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.