Alarguntasun-saria: kontatu ez zigutena
Idatzi nuen Espainiako Gizarte Segurantzaren legedian alarguntasun-sarian egindako aldaketen gainean. …eta kitto! aldizkarirako zutabe bat zen, eta espazio kontuengaitik, ezin izan nuen kasuistika guztia agertu.
Azaldu ez nuen kasu horietako bat, aste honetan bulegoan tokatu zaiguna, bizitza bezain erreala: gaixotasun bat diagnostikatu berri dioten pertsona bat (ez da gaixotasun profesional bat), bikotekidearekin ezkontzen da eta urte bete pasa baino lehen, hil egiten da gaixotasun horren ondorioz. Ezkontideak pentsioa kobratuko luke seme-alabarik balu, baina bikote honek ez dauka. Beraz, alarguntasun-saria kobratu ahal izateko, egiaztatu beharko dute ezkontzeke eta ezkonduta egon diren denbora bi urtekoa izan dela gutxienez.
Bi urteko bizikidetza bikote batentzat behar bada ez da horren denbora luzea, baina frogatzea batzuetan ez da hain erraza. Harremanak askotan ez dira egun jakin batean hasten, bizikidetzak sarritan ez dauka hasiera-egun finkorik. Gauetan geratzen zara, astebururen bat, kajoi bat okupatzen duzu, eta gero noiz izan den konturatu barik, bertan geratzen zara bizi izaten. Paperak beranduago: enpadronatu, bankuan kontu bat elkarrekin, ura eta argi-indarra noren izenean…
Lege honek kontzeptu berri bat ekarri dio alarguntasun-pentsioari: ez da nahikoa ezkonduta egotea eta Gizarte Segurantzan altan egotea, ezkondu aurretik bizikidetza ere frogatu behar da pentsioa kobratzeko eskubidea eduki ahal izateko.
Zer ote den publizitate-politika. Lege erreforma hau saldu zuten esanez egitatezko bikoteentzako eskubideak ekarriko zituela, alarguntasun-saria aitortuko zitzaielako hainbat kasutan. Gero gertatu da kasu horiek ez direla horren beste izan, eta ostera, ezkondutako bikoteei legearen erreformak murrizpenak ekarri dizkiela pentsioa kobratzeko orduan. Baina hori aho txikiarekin ere ez dugu entzun. Kasu errealek baino ez dakite horren berri.
Sinco
Aitortzen dut joan zen egunean Bilboko zentroko okulista trajedun haren kontsultan, entzun nionean Oierri “sinco” esaten zenbat urte zeukan galdetu ziotenean, lotsa apur bat sentitu nuela. Gauzek baina okerrera egin dezakete, eta okulistak, nonbait erantzuna entzuteke, berriro galdetu zionean “cuántos años tienes?” mutikoak “tiengo sinco años” erantzun zuen. Errematea.
Onartu behar da, Oier gaztelera ikasten dabil, eta nahiz eta ondo samar ulertu, hitz egiterakoan askotan sartzen du hanka, aditz irregularrekin, artikuluekin, generoarekin, sintaxiarekin.
- Tiengo sinco años
- Quero un pelota
- Ahí está cocodrilo uno
- Tú no das daño a mí.
Ikasiko du, ez daukat dudarik, hori da nahi duguna, geure umeek ahalik eta gauza gehien ikas ditzaten.
Baina onartzen dut gazteleraz hain gaizki hitz egiteak batzuetan “kaxero” itxura ematen diola, oraindik oroitzen baitugu Txomin del Regato hura.
Ze umea berbetan oso ondo moldatzen da, baina euskaraz.
Tokatu izan zait epaitegietan berbetan oso ondo moldatzen zen jendea, komunikaziorako erraztasuna zeukana, epaitegian erabat ezjakin itxura eman zuena: gazteleraz gaizki dakitenak. Batez ere jende edadetua, gipuzkoar zein bizkaitar, ez nahitaez herri hain txikietakoa. Gauzak primeran azaltzen dituzte, euskaraz, baina gaztelera gutxi dakite. Ulertu bai, berba gutxi. Eta orduan, epai-sistema guztia erdalduna denez, euskaldunak ezjakin arlotea ematen du, “kaxero” bat. Itzultzailearen laguntzarekin batzuetan, itzultzailea onartu barik bestetan, bere ezjakintasuna hain nabarmen izan ez dadin, ozta-ozta erantzuten dio galdetutakoari, berba solteekin, loturarik ez daukaten esaldiekin, genero eta artikulu aldetik eskasa den kastellanoa erabiliz. Menperatzen duten hizkuntzan galdetzen ez dietelako. Epaitegia, beste toki asko moduan, erdalduna delako.
Txalotu, aupatu, diruz laguntzen ditugu euskara ikasten dutenak, geure hizkuntzaren maila apaltzen dugu beraiendako. Eta ez dago gaizki. Baina badaude baita ere meritua miresten diegun euskaldun berri horiek euskaraz bezain trakets hitz egiten dutenak gazteleraz. Horiek euskara (ona) baino ez dakiten “kaxero”ak dira. Umeak eta zaharrak, gehienbat.
“Piska bat, es mucho”. Un poco, zenbat da?
Publikoa eta pribatua
Asteleheneko Goienkaria
“Sare publikako irakasleek pribatukoek baino gehiago irabazten dute eta lan gutxiago egiten dute.- Bi sareen arteko alde ekonomikoa urteko 3.000 eurotik gorakoa da. Lan gehiago egiten dute eta gutxiago kobratzen dute. Hori da kontzertatutako sare pribatuko irakasleei gertatzen zaiena sare publikako lankideen aldean. Konparazio iraingarria? Ez dute horrela ikusten sare publikoetako irakasleek, euren alde argudiatzen dituztelarik behin-betiko lanpostu bat lortu arte pairatzen dituzten mugikortasun urteak, eta gainditu behar izan duten oposizioa”. El Pais, 08-1-19.
Sare publiko eta pribatuko beste langile batzuren adibideak: eskuan duzun astekari hau egiten duten langileak ez dira sare publikokoak. Herrigintzatik sortu den enpresa baten baitan daude, informazioaren zerbitzu publikoa dute helburu. Eta ziur naiz sare pubikoko informazio-enpresako langileek baino soldata txikiagoa dutela. Hala ere, beraien lanari esker, bailarako herritarrok astelehenero astekari hau irakurtzen dugu, urtean 38 euro ordaintzearen truke. Ostiraletako aldizkaria, telebista eta irratia ere badauzkagu, horiek dohainik. Zerbitzuak merezi du laguntza publikoa, zeren mende berriaren hasiera honetan inork jada ezin du Debagoiena pentsatu Goienak ematen duen zerbitzua kontutan izateke.
Aurretik euskara elkarteak izan ziren, herritar talde baten ekimenari eta lanari esker garatutakoak. Elkarteok, baliabide propioak sortu behar izan badituzte ere, diru eta lokal publikoari esker egiten dute aurrera. Hemen ere, langileek sare publikokoak baino merkeago. Ematen duten zerbitzua, publikoa, euskalduntzekoa, aisialdikoa, komunikaziokoa. Egun ez da zalantzan ipintzen baliabide publikoekin lagundu behar zaienik, herritar guztien onurarako lanean dihardutenik.
Elkarteen aintzinetik, herrigintzak herritarrei euskara irakasteari ekin zion, euskaltegiak izan ziren. Erakunde publikoak bereganatu zuen gero lan hau, HABE eta udal euskaltegiak sortu zituen. Berriro ere, sare publikoko langileen lan orduak pribatukoena baino merkeago. Hogeitamar urte beranduago, Euskal Herri osoak, erakunde publiko zein pribatuk, hunkituta ekiten dio korrika egiteari, euskarari eta herrigintzatikoari laguntzeko.
Publikoa eta pribatua bi norantzetako bidea baita. Titulartasun publikoaren eta pribatuaren artean zedarri zeharkaezina finkatzea interes artifizialekoa da herritarrentzako zerbitzuaz dihardugunean, are gehiago herritik sortutako ekimenez ari garenean. Makurra deritzot zubi bariko lubakiak eraikitzeari, modu horretan helburua ez delako zerbitzu publikoaren alde egitea, norberaren interes partikularren alde, besterenen kontra egitea baino, denon kalterako.
Blogerako koda
Bergaran uztailaz geroztik San Martin eskola publikoa erreibindikazioka dabil, Aranzadi ikastolak erabiltzen duen eraikin bat berak erabili nahi duelako. Erreibindikazioa oldarkor planteatu zuten, kaleko agerraldiak eginez, udaletxeko plenoetara joanez eta ikastolak bere zabalkuntza hipotekatzen zuela esanez. Eztabaida piztu zen herrian, kalean, koadrilletan, Goienkariko eskutitzetan, eskola publiko-ikastola ereduak eztabaidatuz.
Nik orain arte ezin izan diot gaiari lasaitasunez heldu, nahiz eta hamaika aldiz egin dut ahalegin bat zerbait idazteko. Gertatutakoari buruz gezurrak entzun ditut, nik modu pertsonalean bizi izandakoari buruz, horregaitik orain, aukera izan dut patxadosoago zerbait esateko:
1. 2001etik 2005era Aranzadi ikastolako Zuzendaritza Batzordeko kide izan nintzen, azken bi urteak, lehendakari. Garai gogorrak tokatu zitzaizkigun, Victoriano Gallastegi alkateak Goardia Zibila ikastola hustera esaten zigunean bezalakoak, Egunkaria itxi zuten aste berean. Harrez gero ikastolarekin eta bere proiektuarekin oso inplikatuta sentitu nuen neure burua, patxadaz ezer idaztea galerazten zidana.
2. Zuzendaritza Batzordean ibili nintzen bitartean, eta gero ere, batzordeetan ibili naizenean, sekula ez diot ikastolako inori ezer entzun eskola publikoaren kontra. Ezta alde ere ez. Eskola publikoa beste erakunde bat zen, bere arazoak zituena. Geuk geureak, ez genuen inori begira jarduten.
3. Administrazio ezberdinekin izan genituen bilera guztietan (Udala eta Jaurlaritza) sekula ez zen ikastolaren etorkizuna eskola publikoaren menpe ipini, ezta alderantziz ere. Ikastolaren etorkizuna tratatzen genuen, ez beste inorena.
4. 2005eko udaberrian, Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkariarekin ikastolak erabiltzen duen udalaren eraikinean obrak egiteko zenbakiak eta posibilitateak serioski landu genituen bilera ezberdinetan. Ez zegoen, beraz, handik irteteko bat ere agindurik, proiekturik edo eskaerarik, gero kalean entzun dudan bezala.
5. Garai hartakoak burura ekartzea bereziki mingarria egiten zait, momentuan familian geneukan egoera oso txarra zelako, jakina denez. Min berezia ematen dit garai hari lotutakoei buruz eztabaidan hasteak.
Urak apur bat baretuta daudela, albiste hau aitzaki hartuta, bidea izan dut gaiaz berba egiteko Asteleheneko Goienkarian. Pentsatu nahi dut lasaitasunez izan dela.
Berritasunak alarguntasun-sarian
... eta kitto! aldizkarirako
Urtarrilaren 1ean, indarrean sartu da Gizarte Segurantzako gaietan neurri berriak ezartzen dituen Legea. Besteak beste aldaketak xedatu ditu aldi baterako eta behin betiko lanerako ezgaitasunean, jubilazioan, eta alarguntasun-saria jasotzeko baldintzetan.
Azken gai honi dagokionean, aldaketa nabarmenena da orain izatezko bikoteak alarguntasun-saria kobratu ahal izango dutela, nahiz eta ez denak eta ez kasu guztietan.
Izatezko bikoteei aitortzen zaien eskubide hau berria da, zeren Lege honen indarraldirarte, alarguntasun-saria jaso ahal izateko halabeharrez ezkonduta egon beharra zegoen. Ezkontza formalik gabe, saririk ez.
Egun ostera alarguntasun-pentsioa eskuratu ahal izango dute gutxienez bost urteko elkarbizitza iraunkor eta nabarmena froga dezaketen bikoteek (enpadronamendu-ziurtagiri bitartez), edota dagokion Erregistroan izatezko bikote moduan gutxienez bi urtez izena emanda daramaten bikoteek.
Ezkondutakoen kasuan alarguntasunezko saria kobratzeko eskubidea ia unibertsala delarik, izatezko bikoteen kasuan, eskubidea bizirik geratzen den bikotekidearen dirusarreren araberakoa da. Seme-alabarik izatekotan, bizirik geratzen denak azken urtean hildakoaren eta bere dirusarren baturaren %50 baino dirusarrera txikiagoak zituela frogatu beharko du pentsioa jaso ahal izateko. Seme-alabarik ezean, ehuneko hori %25ean finkatzen da. Hala ere, saria jaso ahal izango dute baita ere Lanbide arteko gutxieneko soldata baino 1,5 aldiz dirusarrera txikiagoak egiaztatzen dituzten bikotekide alargunek.
Harakina eta ministrokeriak
Zapatu goizetan, merkatuan, Gotzon harakinak beti dauka berbaren bat erosle guztientzako, neretako beti ona. Okela ona eta tratu ona.
Atzo goizean oilasko-izterrak eta untxia erosi nahi nituen. Untxia oso gutxik erosten dugu Bixain harategian. Kanpokoren batek (hau da, Galizia edo Extremadurako jatorria duten emakumeak, Bergaran gutxienez hogei urte daramatenak, eta oraindik azentoan jatorria nabarmen erakusten dutenak), eta nik eta besteren batek.
Untxia gustatzen zait. Xerrazalea ez izanda, untxiaren zaporea gustoko dut, eta umeek ere ederki jaten dute. Gainera txikitatik jaten dut. Gogoan daukat Errioxako amona Carmen Torrecillak gure etorrera ospatzeko untxi bat edo bi akabatzen zituela, gero saltsan jateko.
“Ez daukat ezebe”, Gotzonek, “dana salduta”. “Ministroak urten zebanetik esaten konejua jateko, sekula baino gehixago saldu dot. Joan zan astian, inoiz baino gehixago. Gaur be, dana bukatu da, ez dago ezebe”.
Marka hau, ministroaren komentario tontoengaitik, hemendik aurrera goizago joan beharko merkatura, untxia bukatu baino lehen erosi ahal izateko.
Tradizioaren aldekoa
Egun batzutan, neuri ere, gotzainek esaten dutenaren antzera, gustatuko litzaidake famili tradizional bateko emazte-ama tradizional, ulerkor eta maitagarri horietako bat izatea.
Egun horrek dira goizean goizetik umeak ezin karriatu zabizenak, eurak edo zeu oker jaiki zarelako, gosaldu, jantzi eta garbitu beharrean, denbora guztian zirikatzen eta demandan dabizenak. Eta zu nerbioak jota, ez zaretelako ikastolara garaiz iritxiko, ez zarelako lanera garaitz iritxiko, ez dakit nora joan beharra daukazulako eta berandu eta zoroaren pare ailegatuko zarelako.
Umeak ikastolan bota orduko, konturatzen zara mobila etxean ahaztu zaizula. Eguna kamuts dator. Uf, arnasa hartu eta lanera.
Bidean banaketako furgoneta bateko auto-gidariaren amaz oroitu ondoren, sartzen zara lanera eta eseri orduko arnasa hartzen duzu. Ia.
Deitu dute Erregistrotik, duela sei hilabete eman zizuten oharra oker eman zizutela esateko, eta orain, hortik aurrera zeuk egindako lan guztia pikutara doala. Eman ezan arpegia besteen erruengaitik, norberarenak nahiko izango ez balira bezala.
Joan epaitegira, itxoin, epaile harroskoa tokatu zaizu, autoritatea eta edukazio txarra gauza bera direla pentsatzen duen horietakoa. Galdu denbora, zain. Egiteko gauza mordoa, zain eta telefono barik!
Lasaitu beharra daukat, kafe bat hartzera noa. Bost minutu ebaki oso bero bat hartzeko, lasaitu egiten nau. Kafetegia, familia tradizionaletako etxekoandrez beteta. Patxadan daude, berriketan. Nik honez gero bull-dog musua daukat. Metxa ilehori batzuk egin beharko nituzke, egonean dauden emakumeek ile horia bere tokian daukate. Nire ile ilun hauek, beti tximoso.
Arratsalderako lortu dut apur bat baretzea. Betozkoa ostera, ezin kendu. Egun txarra gaurkoa, ezin inorekin ulertu, dena iruditzen zait gaizki. Bukatzeko desiatzen.
Zortziak laurden gutxitan etxeko atea zabaldu eta baba-usain ufadak inguratzen nau. Iñigo, biharko bazkaria gertatzen, azkar-azkar, bilera batera joan behar duelako. Penkak egosten dihardu afaltzeko, lurruna dago sukaldean. Paulo ikastolako lanetan. Ez dut txamarra kendu eta, “amaaaaaaaaaa, zer da ignorante?” Bainuan Oier beratzen, “amaaaaaaaaa, ekarri Merlinen muñekua”. Ah, iritxi naiz etxera.
Azelgen gaineko botere-traspasoa egin eta egoeraren ardura hartzen dut.
Hamarrak laurden gutxitarako bota diet bi orro umeei, lo egin ordez berriketan dabiltzalako ohean. Silloian jarri eta telebista gurtzen jartzen dut neuona nekatu bakarra.
Egun hauetan famili tradizional izan nahiko nuke. Hobeto esanda, gotzain tradizional izan nahiko nuke, eta arratsaldetako lana, siesta ondoren, neskameak zerbitzatutako txokolatea pastekin hartzea izan. Horrela bai tradizioaren aldekoa.
Zeure errua
"Ya le dije: no me provoques, que si te pego y te mato, y voy a la cárcel, será por tu culpa".
Jaietako barealdiaren ondoren, Errege-biharamona, epaitegian guardiako asistentziak egiten, eskua ukondorainoko lokatzetan sartzea bezala izan zen.
Goizean emakume bati esanda entzundako esaldi hori, burura etorri zitzaidan gaueko berrietan Igor Porturena entzun nuenean.
