Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Tradizioaren aldekoa

Tradizioaren aldekoa

Elena Laka 2008/01/10 21:55

Egun batzutan, neuri ere, gotzainek esaten dutenaren antzera, gustatuko litzaidake famili tradizional bateko emazte-ama tradizional, ulerkor eta maitagarri horietako bat izatea.

 

Egun horrek dira goizean goizetik umeak ezin karriatu zabizenak, eurak edo zeu oker jaiki zarelako, gosaldu, jantzi eta garbitu beharrean, denbora guztian zirikatzen eta demandan dabizenak. Eta zu nerbioak jota, ez zaretelako ikastolara garaiz iritxiko, ez zarelako lanera garaitz iritxiko, ez dakit nora joan beharra daukazulako eta berandu eta zoroaren pare ailegatuko zarelako.

 

Umeak ikastolan bota orduko, konturatzen zara mobila etxean ahaztu zaizula. Eguna kamuts dator. Uf, arnasa hartu eta lanera.

Bidean banaketako furgoneta bateko auto-gidariaren amaz oroitu ondoren, sartzen zara lanera eta eseri orduko arnasa hartzen duzu. Ia.

 

Deitu dute Erregistrotik, duela sei hilabete eman zizuten oharra oker eman zizutela esateko, eta orain, hortik aurrera zeuk egindako lan guztia pikutara doala. Eman ezan arpegia besteen erruengaitik, norberarenak nahiko izango ez balira bezala.

 

Joan epaitegira, itxoin, epaile harroskoa tokatu zaizu, autoritatea eta edukazio txarra gauza bera direla pentsatzen duen horietakoa. Galdu denbora, zain. Egiteko gauza mordoa, zain eta telefono barik!

 

Lasaitu beharra daukat, kafe bat hartzera noa. Bost minutu ebaki oso bero bat hartzeko, lasaitu egiten nau. Kafetegia, familia tradizionaletako etxekoandrez beteta. Patxadan daude, berriketan. Nik honez gero bull-dog musua daukat. Metxa ilehori batzuk egin beharko nituzke, egonean dauden emakumeek ile horia bere tokian daukate. Nire ile ilun hauek, beti tximoso.

 

Arratsalderako lortu dut apur bat baretzea. Betozkoa ostera, ezin kendu. Egun txarra gaurkoa, ezin inorekin ulertu, dena iruditzen zait gaizki. Bukatzeko desiatzen.

 

Zortziak laurden gutxitan etxeko atea zabaldu eta baba-usain ufadak inguratzen nau. Iñigo, biharko bazkaria gertatzen, azkar-azkar, bilera batera joan behar duelako. Penkak egosten dihardu afaltzeko, lurruna dago sukaldean. Paulo ikastolako lanetan. Ez dut txamarra kendu eta, “amaaaaaaaaaa, zer da ignorante?” Bainuan Oier beratzen, “amaaaaaaaaa, ekarri Merlinen muñekua”. Ah, iritxi naiz etxera.

 

Azelgen gaineko botere-traspasoa egin eta egoeraren ardura hartzen dut.

 

Hamarrak laurden gutxitarako bota diet bi orro umeei, lo egin ordez berriketan dabiltzalako ohean. Silloian jarri eta telebista gurtzen jartzen dut neuona nekatu bakarra.

 

Egun hauetan famili tradizional izan nahiko nuke. Hobeto esanda, gotzain tradizional izan nahiko nuke, eta arratsaldetako lana, siesta ondoren, neskameak zerbitzatutako txokolatea pastekin hartzea izan. Horrela bai tradizioaren aldekoa.

 

 

etiketak: ama, lasai, ume, gotzain, tradizio, nerbio
Elena
Elena dio:
2008/01/11 16:45

Ezta neuk ere, nabaria denez, nahiz eta horrek inperfekzioz josita ibiltzera garamatzan bai geu, bai geure ondoan dauden bikotekide ez-tradizionalak. Izan ere, ez-tradizionaltasunak gizonei eskubideak galtzea ekarri dizue.

 

xme
xme dio:
2008/01/11 16:36

oso ona artikulua.

honek ez dizu bizkar gainetik lanik kenduko baina, auto-estimurako behar baduzu, zorionak.

oier
oier dio:
2008/01/11 11:53

Ainhoari erakutsi diot zure testua eta hona zer erantzun didan: "Gustatu zait eta bai, identifikatuta sentitu naiz, baina, estres guzti hori izanda ere, nik ez dot nahi izan emazte-ama tradizional horietako bat... :-)"

Eutsi goiari!!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.